Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zer egiten dugu?

Arreta integrala

Zure Taldekoak Gara ekimenak arreta osoa eskaintzen die Sexu-abusu eta -jazarpeneko edota sexuan oinarritutako jazarpeneko egoerei aurre egin behar izan dieten pertsonei.
Prozesu horretan guztian, jarduera-protokoloa aktibatzen denetik laguntza amaitutzat ematen den arte, honako maximo hauek oso kontuan hartzen ditugu:

  • Zuk erabakitzen duzu: ez zaitugu inoiz behartuko zuk nahi ez duzun zerbait egitera edo guri kontatzera. Guk aholkatuko zaitugu eta hainbat aukera emango dizkizugu, baina prozesu osoan zehar zuk erabakiko duzu zer egin nahi duzun eta zer ez.
  • Konfiantzazko espazio bat eskaintzea: konfiantzazko eta segurtasuneko ingurunea sortzen saiatuko gara, non eroso sentituko zaren eta elkarrekiko konfiantzazko harremana eraiki ahal izango dugun.
  • Horrelako egoerei aurre egiten dien pertsona zaintzea: zure testigantza sinetsiko dugu, ez dugu zalantzan jarriko kontatzen diguzuna, ez zaitugu epaituko. Ez dizugu inoiz errua botako, errua ez baita zurea.
  • Entzun, ez interpretatu: Entzute aktibotik lan egiten dugu, hitz egiten utziz.
  • Lagundu eta bideratu: prozesu osoan zehar zurekin egongo gara, baina kontuan izango ditugu gure mugak; beraz, beharrezkoa eta zuretzat onuragarria bada, zure kasua beste profesional batzuetara bideratuko dugu (psikologoak, abokatuak, etab.).

Laguntza teknikoa

Zure udalerriko, ikastetxeko, taldeko, klubeko edo erakundeko kirol-eremuan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bultzatu nahi baduzu, nesken, nerabeen edota emakumeen aurkako indarkeria matxistari aurrea hartu edo aurre egin nahi badiozu, jar zaitez gurekin harremanetan.

Zerbitzu honen bidez, tresna praktikoak ematen zaizkie kirol-erakundeei, administrazio publikoei eta ikastetxeei berdintasunaren eta kirolaren arloan, kirolean sexu-abusua, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko, detektatzeko eta ezabatzeko. Zerbitzua prestakuntza-tailerren, hitzaldien, eta egoera zehatzetarako aholkularitzaren bidez gauzatzen da.

Bigarren zerbitzu horri dagozkion jarduerak bi talde handitan bereiz daitezke: batetik, kirol-erakundeei eta administrazio publikoei (federazioak) aholkularitza pertsonalizatua ematea. Eta, bestetik, prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak, doan, erakunde eta ikastetxeentzat.