Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

246. Zariketeko San Pedro baseliza (Zarikete, Zalla)

7B. ETAPA: BILBAO • BALMASEDA

Erdi Aroko herrixka txiki bat

Zariketeko San Pedro ermita Kadaguako ibilguaren ondoan zegoen herrixka txiki baten parte izango zen ziurrenik. Arkeologiak aditzera eman du oro har eta bereziki mendi inguruetan Erdi Aroko lehen asentamenduak familia gutxik populatzen zituzten gune txikiak izan zirela. Goi-Erdi Aroko herrixka horiek, beraz, etxebizitza gutxi batzuek osatzen zituzten, larre, labore-lur eta basoz inguratuta zeudenak, eta aldi berean ukuiluak, errementeria txikiak, korraleak eta abar zituztenak. VIII. mendetik aurrera, mendebaldeko Europan horrelako herrixketan landa-eliza txikiak eraikitzen hasi ziren, eta litekeena da Kantauriko Euskal Herrian ere hala izatea (biztanleek berek eraikita).

Ermitaren lehen aipamen dokumentala XVI. mendekoa da (1587), Cariquetiko San Pedro Elizarekin muga egiten zuen lursail baten salmentari buruzko dokumentu batean. Ermita, beraz, Erdi Aroko Zarikete (Cariqueti) herrixkako landa-eliza izan zitekeen. Horrez gain, barruan egindako esku-hartze arkeologikoek agerian utzi zituzten XI. eta XII. mendeetako jatorrizko eliza baten hondakinak, bai eta hari lotutako hilobiak ere (lauzazko hilobi bat, adibidez), garai hartan San Pedro elizak parrokia-funtzioa zuela argitzen digutenak. Izan ere, komentuez gain, non pertsona jakin batzuk ere lurpera zitezkeen, herrixka eta herrietako biztanleak parrokietan lurperatzen ziren.

Ermitak haranaren baitan kokapen estrategikoa izan zuen Erdi Aroko bidearen eta geroagoko Errege Bidearen oinetan. Igarobidea izanik, hasiera-hasieratik pertsonak, salgaiak eta ideiak bertatik igaro ziren, izan ere, hasieran Done Jakue bidearen zati eta gero Errege Bidearen zati izan zen Kadagua ibaia komunikabidea zen, Mena eta Nerbioi haranak lotzen zituena.

Zariketeko San Pedro ermita

Gaur egunera iritsi den eraikina XVI. mendekoa da. Tenplua argamasaz trabatutako harlangaitzez egina dago eta eraikinaren lau aldeetan harlanduzko ilarak ageri dira izkinetan. Nabe bakarra, burualde angeluzuzena eta bi isurkiko estalkia ditu. Eraikin trinkoa da eta bao-irekigune txikiak ditu hormetan, gehienak gezileiho txikiak. Sarrera nagusia hegoaldera begira dago eta arkupe bat du; barruan atea dago, arku beheratuz osatua. Antzina sarrera mendebaldera begira zegoen, Erdi Aroko galtzadaren oinean, baina Errege Bidearen trazadura aldatzeak egungo kokapenera lekualdatzea eragin zuen.

Barruan, hormak karez luzituta daude eta harlandua imitatzen duen apaindura dute. Egurrezko estalkia bere edertasunagatik oso interesgarria da, eta harrizko harroin oktogonalak dituzten hiru zutikoz osatutako bi ilarek eusten diote. Zutiko horiek, halaber, pendoloidun eta grapa metalikodun habeen euskarri dira. Presbiterioan hiru erretaula ikus daitezke: bi barrokoak dira, erdikoa (San Pedroren eskultura du) eta eskuinekoa, eta hirugarrena klasizista estilokoa da, aurrekoak baino zaharragoa.

Ermitaren oinaldean, perpendikularki atxikita, bi solairuko eta bi isurkiko teilatua duen eraikin zibil bat dago: beatoaren etxea da, eta lehen aipamen dokumentala XVIII. mendekoa du (1703).

Partekatu

unesco