Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

26. zk., 2022ko otsailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
624

AGINDUA, 2022ko urtarrilaren 25ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita EAEko 2022ko ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimenduen titularrei zuzendutako laguntza-programa, eta haren deialdia egiten baita.

COVID-19aren omikron aldaera indarrez sartu da Europa osoan, eta EAE ez da salbuespena izan. Aldaera berriak kutsatzeko gaitasun handia izan du, baita herrialde eta lurralde babestuenetan eta txertaketa-indize handikoenetan ere.

Egoera horren ondorioz, COVID-19aren pandemiak EAEn eragindako larrialdi sanitarioko egoera ezarri zen lehendakariaren abenduaren 2ko 44/2021 Dekretuaren bidez, egoera horri aurre egiteko. Horren bidez, pandemiaren aurkako borrokan parte hartzen duten baliabide publiko guztiak egokitzea eta neurriak hartzea ahalbidetzen da.

Lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuak, larrialdi sanitarioko egoeraren ezarpenaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituenak, ostalaritzako eta gaueko aisialdiko jardueretan eragina duten neurri espezifiko batzuk ezarri ditu 2022ko urtarrilaren 28a arte.

Neurri horiek guztiek gaueko aisialdiaren, ostalaritzaren eta jatetxeen sektoreen jarduera mugatzea dakarte. Mugatze horrek eragina izango du sektore horien jarduera ekonomikorako bereziki egokia den garaian eta, beraz, establezimendu askok arazoak izango dituzte 2021. urteko emaitza ekonomikoa koadratzeko, eta urte berri baten hasiera –beti konplikatua izaten dena– baldintzatzen du, are gehiago urte berrian itxaropen handiak jarriak zituen sektorean.

Horregatik guztiagatik, eta hartutako neurriek inpaktu ekonomikoa eragingo dutela jakinda, eta ostalaritzaren eta gaueko aisialdiaren sektorearen susperraldia ez eteteko, egoki irizten zaio enpresa eta autonomo horiei bideratutako ezohiko laguntza-programa berri bat prestatzeari, egoera berriaren ondorio ekonomikoak arindu ahal izateko.

Horrenbestez, laguntza jarduerari eta enpleguari eusten laguntzeko oinarrizko helburuarekin sortu eta antolatu da, eta, horrekin, COVID-19ak eragindako krisi sanitarioaren egoera kudeatzeko ezarritako neurrien eraginpean geratu diren jardueren titularrek izandako galera ekonomikoak arintzeko ez ezik, jarduera horrekin lotutako lanpostuei eusten laguntzeko ere.

Beraz, planteamendu berri honetan, hauxe da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak duen helburuetako bat: enpleguari euts dakion sustatzea eta horretan laguntzea, eta, horretarako, egokitzat hartzen du kontzeptu berri bat sartzea laguntzen kalkuluan. Kontzeptu hori «batez besteko plantilla» da. Horretarako, beharrezkotzat hartzen du «alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» eskatzea.

Hala eta guztiz ere, hartutako neurriek eta murrizketek, bereziki ordutegien eta edukieren inguruko mugaketek eta zutik kontsumitzeko debekuak ez die berdin eragiten ostalaritzaren, gaueko aisialdiaren eta jatetxeen azpisektoreetako enpresa eta autonomo guztiei; hortaz, laguntza doitu egin behar da eta eragin handiena pairatu duten establezimenduetara bideratu behar da zehazki.

Horrela, deskribatutako helburuak lortzeko eta, aldi berean, izapidetze arina ahalbidetzeko, honako irizpide hauek hartu dira laguntzaren zenbatekoari dagokionez:

– Alde batetik, establezimenduak otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuan (Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duena) ezarritako taldeen arabera sailkatzea.

– Langileen kopurua batezbesteko haztatuaren ehunekotik eratortzea, hauek kontuan hartuta: Kotizazio Kontuaren Kode (KKK) baten Lan Bizitzari buruzko txostena, RETA txostena eta, hala badagokio, langile autonomoen datuak (laguntzaileak barne) eta alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena (BP).

– Hainbat EJSN kodetan eta zehazten diren Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren epigrafetan sartuta egotea.

Arrazoi horiek direla eta, justifikatuta dago laguntzak zuzenean ematea, aurreikusitako laguntzen esleipenean berdintasun- eta objektibotasun-printzipioei kalterik egin gabe.

Neurria zuzeneko laguntza bat ematean datza, konkurrentzia ez lehiakorraren bidez, COVID-19aren omikron aldaerak eragindako krisiaren ondoriozko interes publiko, sozial eta ekonomikoko salbuespenezko arrazoiak egotean oinarrituta.

Hiru laguntza-lerro desberdin planteatzen dira, jarduera-taldeen eta irekitzeko ordutegien arabera:

– Lehenengoa, II. taldean sailkatutako establezimenduentzat, kontzertu-aretoentzat eta I. eta III. taldeetan sartzen ez diren eta 01:00etan itxi beharreko ostalaritzako establezimenduentzat.

– Bigarrena, III. taldeko establezimenduentzat, 02:30ean itxi beharreko pub eta taberna berezientzat.

– Hirugarrena, IV. taldeko establezimenduentzat, 04:30ean itxi beharreko dantzarako eta dibertsiorako establezimenduentzat.

Hori dela-eta, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15. artikuluaren, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.2 artikuluaren arabera (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua), Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari ematen dizkioten eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

1.– Laguntzen agindu honen xedea da oinarriak ezartzea EAEko ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimenduetako jardueraren titular diren norberaren konturako langileak edo langile autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak babesteko eta horiei zuzenean laguntza ekonomikoa emateko, guztia ere COVID-19aren hedapena geldiaraztera bideratuta hartutako neurrien inpaktua minimizatzeko eta jarduerari ahalik eta lasterren berrekitea ahalbidetzeko.

2.– Helburu horrekin bat etorriz, laguntza-lerro hau EAEko ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimenduetan egiten den jardueraren titular diren norberaren konturako langileek edo langile autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek izandako zuzeneko galera ekonomikoko egoera arintzeko da; izan ere, horiek guztiek, COVID-19aren pandemiak eragindako egoera zailean, ikusi dute beren jarduerak mugatu egin direla lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretua (prebentzio-neurri espezifikoak zehazten dituena, larrialdi sanitarioko egoeraren deklarazioaren esparruan, egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz eta SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapena geldiarazteko) onartu izanaren ondorioz.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 22.266.000 eurorenak dira guztira, eta 2022ko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Eman beharreko laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko zenbateko hori edo gehikuntza baten ondoriozkoa, baldin eta aurrekontuak aldatzen badira indarreko legeen arabera onartuta. Aldaketarik eginez gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.

3. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen pertsona eta erakunde onuradunak, establezimenduak eta jarduera ekonomikoak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte beren konturako langileek edo langile autonomoek, ondasun-erkidegoek, sozietate zibilek, nortasun juridikorik gabeko unitate ekonomiko edo ondare banandu bat osatzen duten pertsona fisiko edo juridikoen elkarteek eta artikulu honetako 3. apartatuan zerrendatutako ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimenduren batean gauzatzen den jardueraren titular diren mikroenpresek eta enpresa txiki eta ertainek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan badago haien egoitza fiskala eta soziala, baita establezimendua ere, eta jarduera hori 4. apartatuan zerrendatutako tipologian sartzen bada eta lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuaren bidez hartutako prebentzio-neurri espezifikoen bidez hartutako neurrien eraginpean geratu bada.

2.– Aurreko apartatuan adierazitako enpresek Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako betekizunak bete beharko dituzte. Erregelamendu horren bidez egiaztatzen da laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarriak direla barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

3.– Deialdi honen ondorioetarako, eta jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen otsailaren 5eko 17/2019 Dekretuaren 32.2 artikuluan ixteko ordutegiari buruz ezarritako sailkapenaren arabera, honako hauek hartzen dira ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimendutzat:

– II. taldeko establezimenduak, 01:00etan itxi behar direnak:

• Kontzertu-aretoak.

• I. edo III. taldeetan sartzen ez diren ostalaritzako establezimenduak.

– III. taldeko establezimenduak, 02:30ean itxi behar direnak:

• Pubak eta taberna bereziak.

– IV. taldeko establezimenduak, 04:30ean itxi behar direnak:

• Dantzarako eta dibertsiorako establezimenduak.

II., III. edo IV. taldeko kategoriakoak direla eta ixteko ordua dagokion udalak emandako jarduera- eta/edo irekiera-lizentziaren bidez ziurtatuko dira, eta eskabideari atxiki beharko zaio.

4.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak apirilaren 13ko 475/2007 Errege Dekretuan (2009ko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala, EJSN-2009) ezarritako sailkapenean sartuta egon beharko du, eta ondorengo baliokidetasun-taulan azaltzen diren ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetakoren batean alta emanda:

(Ikus .PDF)

5.– Nolanahi ere, kanpoan geratuko dira sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, edo beste erakunde batzuk, baldin eta administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek kapitalean edo gobernu-organoetan gehiengo partaidetza badute.

6.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Egoitza soziala eta fiskala EAEn egotea eta establezimendua ere bertan egotea.

b) Establezimendu motari eta egindako jarduerari buruzko ondorengo hiru baldintza hauek aldi berean betetzea: ixteko ordutegiaren araberako taldeetako bati dagokion jarduera- eta/edo irekitze-lizentzia edukitzea, diruz lagundu daitezkeen EJSNetako batean sartuta egotea eta EJZren epigrafe baliokidean alta emanda egotea 2021eko abenduaren 1ean.

c) Ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimendu batean egiten den jardueraren titular izatea, artikulu honetako 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitakoaren arabera, eta jarduera lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuaren bidez hartutako prebentzio-neurri espezifikoen eraginpean egotea.

d) Norberaren konturako langileen edo langile autonomoen kasuan, Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea 2021eko abenduaren 1ean.

e) Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea, agindu honetako 12.2 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

f) Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Baldin eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren (azaroaren 17ko 38/2003) 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro baino lehen desegiten bada elkartea, itzuli egin beharko du emandako dirulaguntza.

Horretarako, enpresa horiek erakunde onuraduneko kide bakoitzaren partaidetza-ehunekoa adieraziko dute aurkeztutako eskabidean.

7.– Aurreko apartatuko a), b), c) eta d) letretan jasotako betekizunei nahitaez eutsi beharko zaie, gutxienez, laguntza eskatzeko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrerako sei hilabeteetan.

8.– Aurreko apartatuetan eskatzen diren baldintzez gain, pertsona eta erakunde onuradunek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

b) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.

c) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, eta ez egotea horretarako ezgaitzen dituen debeku baten pean (sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak barne), Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeari (otsailaren 18ko 4/2005) edo Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako Lege Organikoari (martxoaren 30eko 3/2007) jarraikiz.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzen bidez gauzatuko dira.

2.– Pertsona edo erakunde onuradunari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa establezimendu motaren eta establezimendu horretan 2021eko abenduaren 1ean alta-egoeran zeuden langileen kopuruaren arabera ezartzen da.

3.– Langileen zenbaketa egiteko, honako txosten hauek hartuko dira kontuan, 2 bloketan elkartuta:

– 1. blokea:

• Kotizazio Kontuaren Kode (KKK) baten Lan Bizitzari buruzko txostena.

• Langile Autonomoen Erregimen Berezian alta ematea (RETA).

• Langile autonomoaren (edota laguntzailearen) eta erakunde eskatzailearen arteko lan-harremana egiaztatzen duen dokumentua.

– 2. blokea:

• Alta-egoeran dauden langileen Batez besteko Plantillaren txostena, 2021eko azken hiruhilekoari dagokiona (BP).

Kasu guztietan ere, langile guztien zenbaketan erakunde eskatzailearekin lan-harremana edo -lotura (eskatutako datan egiaztatua) duten autonomoak (autonomo laguntzaileak barne) ez ezik, jardunean ari diren, enplegu-erregulazioko espediente-egoeran dauden, lan-harremana etenda daukaten eta jarduera utzita dauden soldatapekoak ere sartuko dira. Langile berak establezimendu bakarrean egon ahalko du atxikita.

4.– Langile kopurua kalkulatzeko, establezimendu mota hartuko da kontuan, betiere agindu honetako 3.3 artikuluan aurreikusitako sailkapenaren arabera; era berean, aurreko apartatuan adierazitako txostenak ere kontuan hartuko dira, honako ehuneko hauek aplikatuta:

(Ikus .PDF)

Lortzen den emaitzari biribiltzeko formula normalizatua aplikatuko zaio zenbaki osoak izan arte.

5.– I. eranskinean laguntzaren zenbatekoak biltzen dira establezimendu motaren eta langile kopuruaren zenbaketaren arabera.

II. KAPITULUA
PROZEDURA

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, goizeko bederatzietan, eta 15 egun baliodun geroago amaituko.

2.– Eskabide bat aurkeztuko da establezimendu bakoitzeko; nolanahi ere, establezimendu batek hainbat establezimendu izan ditzake laguntza hauek eskatzeko.

6. artikulua.– Prozedura elektronikoa eta ordezkaritza.

1.– Agindu honen ondoriozko eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoz bakarrik egingo dira.

2.– Eskaera-orria eskuratzeko eta betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikora jo beharko da: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1211401

3.– Egoitza elektroniko horretan egongo dira eskuragai elektronikoki nola izapidetu behar den argitzeko zehaztapenak, baita eskaera-orria ere. Laguntzari buruzko informazio gehiago eskuratzeko: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1211401

4.– Elektronikoki izapidetutako eskabideen kasuan, eskatutako dokumentazio guztia jasotzean, erregistro elektronikoaren data hartuko da aurkezpen-datatzat. Horietan guztietan, deialdi honetan eskatutakoaren arabera eskabidea osorik formalizatu duen uneari dagokion data hartuko da kontuan.

5.– Pertsona edo erakunde interesdunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez bakarrik (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/) eskuratuko du espedientea, dokumentazioa aurkeztuko du eta zuzenketak egingo ditu; era berean, aplikazio horren bitartez egingo ditu jakinarazpenak eta prozedura honetako gainerako izapideak ere, hirugarrenaren datuei alta emateko edo aldatzeko izapidea izan ezik, izapide hori agindu honetako 12.2 artikuluan ezarritakoaren arabera beteko baita.

6.– Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.

7.– Ordezkaritza beste pertsona bati eman ahal izango zaio, haren izenean elektronikoki jardun dezan agindu honi dagozkion jarduketa guztietan, eta, horretarako, aukera hauetako bat erabiliko da:

– Ahalordeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dagoena (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/), edo

– «borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), behar bezala formalizatua, eskabidearekin batera aurkeztu beharko da. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute.

Ordezkariak (fisikoa edo juridikoa) identifikazio elektronikorako onartutako bitarteko bat izan beharko du egoitza elektronikoan.

Helbide honetan eskuratu daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartzen diren identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

8.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskaeratik eratorritako jarduketetan eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.

9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarriak.

7. artikulua.– Eskabidearen edukia eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Eredu normalizatuan dagoen eskaera-orria (ikus II. eranskina) osorik bete behar da. Eskaera-orri horretan pertsona edo erakunde eskatzailearen datu orokorrak biltzen dira, baita bertan azaltzen den informazioari buruzko egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere. Hauek dira eskatzen diren datu orokorrak:

a) Pertsona edo erakunde eskatzaileari buruzko datuak, langile autonomoa, mikroenpresa, enpresa txikia edo ertaina, edo nortasun juridikorik gabeko taldea den zehaztuta; kasu horretan, kide bakoitzaren datu pertsonalak banakatu beharko dira. Datuen artean, berariaz adierazi beharko da laguntza eskatzen den establezimenduaren kokapena eta izena, eta zehaztu beharko da ekonomia-jardueren gaineko zergaren zer epigrafetan dagoen alta emanda establezimendu hori.

b) Pertsona edo erakunde onuradun izateko deialdi honetan ezarritako eskakizunak betetzea.

c) Pertsonak edo erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

d) Pertsona edo erakundea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

e) Mikroenpresatzat edo enpresa txiki edo ertaintzat hartzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzea:

1) Lana ematea 250 pertsonari baino gutxiagori, eta, aurreko ekitaldiko abenduaren 31n, gehienez ere 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena edukitzea, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra edukitzea.

2) 250 langile edo gehiago dituen eta 50 milioi euro baino gehiagoko negozio-bolumena duen enpresa batek ez izatea kapitalaren % 25eko edo gehiagoko partaidetzarik.

f) Agindu honen 4. artikuluaren 3. apartatuan jasotako txostenaren arabera, 2021eko abenduaren 1ean zegoen plantilla guztiari buruzko datuak, kasu guztietan autonomoak (baita laguntzaileak ere) eta soldatapekoak kontuan hartuta, eta informazio hori gizonen eta emakumeen kopuruaren arabera banakatuta; horrez gain, laguntza eskatzearen xede den establezimenduan lan egiten duen pertsona bakoitzaren gizarte-segurantzaren zenbakia adieraziko da.

g) Laguntza eskatzearen xede den establezimendua ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimendutzat hartutakoen artean egotea, agindu honetako 3.3 artikuluan xedatutakoaren arabera eta harekin bat etorriz.

h) Laguntza eskatzearen xede den establezimendua EAEn egotea eta 2021eko abenduaren 1ean jardunean egotea eta haren jarduerak lehendakariaren abenduaren 28ko 51/2021 Dekretuaren bidez hartutako prebentzio-neurri espezifikoen eraginpean egotea.

i) Ez izatea sozietate publiko bat edo zuzenbide publikoko erakunde bat, eta, erakunde horretan administrazio publikoek edo haien mendeko erakundeek ez dutela gehiengo partaidetzarik haren kapitalean edo gobernu-organoetan.

j) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion epai irmo bidezko zehapen administratibo edo penalik, ezta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

k) Ez izatea inolako itzultze- edo zehatze-prozedurarik abian, ez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak ez haren erakunde autonomoek emandakorik, izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasitakorik.

l) Ez duela dirulaguntza eta laguntza publikoak jasotzeko debekurik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 24.2 artikuluak dioenari jarraikiz.

2.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

– Jarduera- eta/edo irekitze-lizentzia.

– Kotizazio Kontuaren Kode (KKK) baten Lan Bizitzari buruzko txostena.

– Alta-egoeran dauden langileen Batez besteko Plantillaren txostena, 2021eko azken hiruhilekoari dagokiona.

– Hala badagokio, langile autonomoek –autonomo laguntzaileak barne– 2021eko abenduaren 1ean erakunde eskatzailearekin zuten lan-harremana edo lan-lotura egiaztatzen duten agiriak.

– Hala badagokio, borondatezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua.

– Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia, edo ahalorde-emailea erakunde ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko zeinahi dokumentu erantsi beharko dute.

– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituen elkartearen ordezkari bat izendatu dela egiaztatzen duen agiria.

8. artikulua.– Betekizunak bete ote diren egiaztatzea.

1.– Zerga-betebeharrei buruzko betekizunak eta gizarte-segurantzarekiko betebeharrei, egoitza sozial eta fiskalari, ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafeetan alta emanda egoteari eta Langile Autonomoen Erregimen Berezian (RETA) alta emanda egoteari buruzkoak automatikoki egiaztatuko ditu Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak datu-bitartekaritzako plataformetan edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuetan kontsultatuz.

Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko lanak sinplifikatzeko, onuradun bakoitzak jaso behar duen zenbatekoak deialdian 3.000 euroko zenbatekoa gainditzen duten eskabideak egiaztatuko dira.

Hala ere, pertsona edo erakunde eskatzaileak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

2.– Dena den, prozeduraren bi unetan egiaztatuko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete ote diren: laguntzak emateko ebazpena eman aurretik eta laguntza ordaindu aurretik.

3.– 2021eko abenduaren 1ean alta-egoeran zeuden establezimenduko langileen kopuruari buruzko datua RETA kontsultatuz egiaztatuko da eta pertsona edo erakunde eskatzaileak txosten hauek aurkeztu beharko ditu:

– Kotizazio Kontuaren Kode (KKK) baten Lan Bizitzari buruzko txostena.

– Alta-egoeran dauden langileen Batez besteko Plantillaren txostena, 2021eko azken hiruhilekoari dagokiona.

– Hala badagokio, langile autonomoek –autonomo laguntzaileak barne– 2021eko abenduaren 1ean erakunde eskatzailearekin zuten lan-harremana edo lan-lotura egiaztatzen duten agiriak.

4.– EJSNri buruzko datua Kotizazio Kontuaren Kode (KKK) baten Lan Bizitzari buruzko txostenarekin eta RETAn emandako altarekin egiaztatuko da.

5.– Ostalaritzako eta gaueko aisialdiko establezimendu mota dagokion udalak emandako jarduera- eta/edo irekiera-lizentziarekin egiaztatuko da.

6.– Dena den, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak egokitzat hartzen dituen betekizunak bete ote diren egiaztatu eta ziurtatu ahal izango du, eta pertsona edo erakunde interesdunek eskatzen zaien informazio osagarri oro aurkeztu beharko dute.

9. artikulua.– Eskabidea zuzentzea.

Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu edo eskabidearekin batera ez badira nahitaezko agiriak entregatzen, pertsona edo erakunde eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo eskatzen diren agiriak aurkezteko; eta adieraziko zaio, garaiz eta egoki egiten ez badu, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak) 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzako langileei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea. Eskabide horiek egoki ulertu eta ebaluatzeko, beharrezkotzat jotzen duten dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango diote pertsona edo erakunde eskatzaileari edozein unetan.

2.– Dirulaguntzen eskabideei erantzungo zaie, baldin eta zuzenketa eskatu behar ez bada, aurkezpenaren eguna eta ordua erreferentziatzat hartuta. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea balio osoz osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, kasu guztietan ere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta kreditu xedatuaren arabera.

3.– Eskabideak onuradun izateko eskatzen diren baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen direla kontuan hartuta onartuko dira, eta ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko alderaketarik egitea, ezta eskabideen arteko lehentasun-hurrenkera ezartzea ere.

4.– 2. artikuluan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, utzi egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira. Hori horrela, ebazpena eman duen organoak kreditua agortu dela jakinaraziko du, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den ebazpen baten bidez.

Hasierako zuzkidura areagotzen bada, berriro ekingo zaio laguntzak emateari, eta hasierako zuzkidura agortu delako laguntzarik gabe geratu direnek izango dute lehentasuna, dagokien ordenaren eta sistematika beraren arabera.

11. artikulua.– Prozeduraren iraupena, ebazpena eta jakinarazpena.

1.– Laguntza-eskabide bakoitzak prozedura bat bideratuko du, eta banakako ebazpen batekin amaituko da. Prozeduraren gehieneko epea sei hilabetekoa izango da eskabidea oso-osorik aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Sei hilabeteko epe hori igarota, ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, pertsona edo erakunde eskatzaileak bere eskabidea ezetsi egin dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

3.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak bata bestearen segidan ebatziko ditu eskabideak, eskabidea oso-osorik formalizatu den unea kontuan hartuta, eta laguntza emateko, ukatzeko, atzera botatzeko edo artxibatzeko ebazpena emango du.

4.– Ebazpenak modu indibidualizatuan jakinaraziko dira bitarteko elektronikoen bitartez, egintza eman eta 10 eguneko epean, egoitza elektronikoan jakinarazpena eskuragarri jarriz. Nolanahi ere, diruz lagundutako pertsona edo erakundeen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

5.– Turismo eta Ostalaritza Sailak abisuak bidaliko dizkie pertsona edo erakunde interesdunei, egindako jakinarazpena egoitza elektronikoan eskuragarri dutela jakinarazteko. Abisu horiek helarazteko, SMS mezuak edo posta elektronikoko mezuak bidaliko ditu eskaera-orrian adierazitako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute, inola ere, jakinarazpen-ondorerik izango, eta abisu hori egin ez izanak ez du eragotziko jakinarazpena guztiz baliozkotzat jotzea.

6.– Jakinarazpena interesduna edo haren ordezkaria jakinarazpenaren edukian sartuz egingo da. Jakinarazpen-sistema elektronikoak aukera emango du egiaztatzeko noiz eta zein ordutan jarri den pertsona edo erakunde interesdunaren eskura jakinarazitako egintzaren edukia. Jakinarazpena egindakotzat joko da interesduna jakinarazpenaren edukira sartzen denean. Jakinarazpena ez onartutzat joko da jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik hamar egun natural igaro badira eta interesduna ez bada edukian sartu; kasu horretan, izapidea egindakotzat hartuko da eta prozedurarekin jarraituko da, salbu eta ofizioz edo interesdunak eskatuta, sartzeko ezintasun teknikoa edo benetako ezintasuna izan dela egiaztatzen bada.

7.– Prozeduraren ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 122. artikuluan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Onuradunei ordainketa bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza, laguntza ematea erabaki eta eskatzaileak onartu ondoren. Dirulaguntza onartutzat joko da, baldin eta jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean pertsona edo erakunde interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

2.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarren Erregistroan erregistratuta egon beharko du, eta alta eman beharko du edo banku-datuak aldatu beharko ditu, baldin eta datu horiek ez badaude aipatutako erregistroan jasota. Horretarako, pertsona edo erakunde eskatzaileak, eskabidea egitean, alta eman beharko du edo, hala badagokio, aurretik gehitutako informazioa aldatu beharko du telematikoki, https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml helbidean jasotako jarraibideen arabera.

Nolanahi ere, Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa eskatzaileak berak edo haren ordezkari batek egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, baldin eta ordezkari hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/) eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta emanda badago.

13. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1, 18.3 eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Onuradun izateko deialdi honetako 3. artikuluan eskatzen diren baldintza subjektibo eta objektiboei gutxienez sei hilabetez eustea eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

b) Diruz lagundutako jardueran gutxienez sei hilabetez aritzea jarraian, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.

Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak pertsona edo erakunde onuradunak jarduerari eusten dion egiaztatuko du, dagokion foru-ogasunari aitortutako ekonomia-jardueren datuak egiaztatzeko datu-bitartekaritzarako plataformak kontsultatuta. Hala ere, pertsona edo erakunde onuradunak berariaz egin ahal izango dio aurka egiaztapen horri, eta, kasu horretan, dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

c) Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, pertsona edo erakunde onuradunari laguntza eman zaiola jakinarazi eta hamar egun naturaleko epean onuradunak ez badio uko egiten dirulaguntzari berariaz eta idatziz, ulertuko da onartu egin duela.

d) Deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzak direla-eta, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren eginkizunetan dihardutela eskatzen duten informazioa ematea.

e) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean (4/2005, otsailaren 18koan) eta Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako Lege Organikoan (3/2007, martxoaren 22koan) xedatutakoa betetzea, eta bere gain hartzea 4/2005 Legeak Administrazioaren laguntzak kontratatzen, adosten edo jasotzen dituzten erakundeei ezartzen dizkien betebeharrak.

14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintzetan egindako aldaketa orok dirulaguntza hori emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta hirugarrenei kalterik egiten ez bazaie.

2.– Horretarako, dagokion aldaketa-espedientea izapidetuko da https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/ egoitza elektronikoaren bidez.

3.– Baldintzak aldatzearen ondorioz, emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli behar bada, dirulaguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio eta pertsona edo erakunde interesdunari entzungo zaio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak dirulaguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorraren arabera. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten izaki laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ditu.

15. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babespean lortutako laguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio publiko batzuetatik edo erakunde pribatuetatik jasotako beste edozein dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin.

2.– Estatu-laguntzen araudia betetzeari dagokionez, laguntza hau Estatu-laguntza motako Neurrien Aldi Baterako Esparruarekin bat etorriz eratu da, egungo COVID-19aren agerraldian ekonomia babesteko (2020-03-20ko DO C 91I, 1.or.), Batzordearen C (2020) 2215 Jakinarazpenek (2020-04-04ko DO C 112I, 1. or.), C(2020) 3156 (2020ko 05-13ko DO C 164, 3. or.), C(2020) 4509 (2020-07-02ko DO C 218, 3. or.), C(2020) 7127 (2020-10-13ko DO C 340I, 1. or.), C(2021) 564 (2021-02-1eko DO C 34, 6. or.), eta C (2021) 473 (2021-11-24ko DO C 473 ) aldatua; eta Europako Batzordeak apirilaren 2ko SA.56851 (2020/N) Erabakian onartutako enpresei eta autonomoei laguntzeko neurriei buruzko denbora-esparru nazionala (dirulaguntza zuzenak, itzul daitezkeen aurrerakinak, zerga-arloko abantailak, mailegu-bermeak eta interes-tasekin lotutako hobariak), COVID-19aren gaur egungo agerraldiaren testuinguruan ekonomia babesteko helburuarekin, baita hark erabaki hauetan onartutako ondorengo aldaketak ere: SA.57019 (2020/N), 2020ko apirilaren 24koa; SA.59196 (2020/N), 2020ko abenduaren 11koa, eta SA.59723 (2020/N), 2021eko otsailaren 19koa.

16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

Dirulaguntza eman duen organoak, laginketa-tekniken bidez, egokitzat jotzen dituen frogagiriak egiaztatuko ditu, laguntza-emakida eragin zuen xederako behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko. Horretarako, nahitaezko agiriak bidaltzeko eskatuko dio pertsona edo erakunde onuradunari.

17. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Pertsona edo erakunde onuraduna azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan eta azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean badago, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren –non erakunde edo pertsona interesdunari entzungo zaion– adieraziko du, ebazpen bidez, erabat edo zati batean galdu duela dirulaguntza eskuratzeko eskubidea, eta, hala badagokio, aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzul diezazkiola jasotako zenbatekoak, osorik edo zati batean, gauzapen-mailarekiko proportzioan, baita berandutze-interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen Legegintzako Dekretuak (1/1997, azaroaren 11koak) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta, diru-itzulketa partzialari dagokionez, 38/2003 Legeak, 37. artikuluan zehazten duenaren arabera. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira, dagozkien legezko ondorioetarako.

2.– Ez-betetzearen espediente hori egoitza elektroniko honen bidez izapidetuko da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

18. artikulua.– Datu pertsonalak.

Pertsona eta erakunde eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jarduketan sartu eta tratatuko dira. Honako hauetan ezarritakoaren arabera egingo da datu pertsonalen tratamendua: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Laguntzen programa honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio. Horrek ez du alde batera utziko hauetan xedatutakoa: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (testu bategin hori azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari hilabeteko epean, edo, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2022ko urtarrilaren 25a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala