Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

135. zk., 2020ko uztailaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
2713

AGINDUA, 2020ko uztailaren 7koa, Hezkuntzako sailburuarena, 2020ko oporraldian euskara indartzera bideratutako hezkuntza-jardueretan Hezkuntza Sailarekin lankidetzan aritu nahi duten erakundeentzako laguntzen deialdia egiten duena. (IE2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren arreta).

Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planaren (Heziberri 2020 Plana) L2 ildo estrategikoaren arabera justifikatzen da agindu hau. Ildo horrek hezkuntza inklusiboa eta aniztasunaren arreta ditu helburu.

COVID-19 pandemiaren ondorioz, irakaskuntza ez-presentziala baliatu da EAEko ikasleekin, eta ikasle gehienak irailera arte ez dira klaseetara itzuliko.

Testuinguru horretan, euskarazko hizkuntza-komunikaziorako konpetentziaren garapenari eragin ahal izan zaio, batez ere, familia-hizkuntza eta ingurune soziosanitarioa gaztelania edo beste hizkuntza bat duten ikasleen kasuan. Kontuan izan behar da ikastetxea dela aukera bakarra ikasle horien kasuan euskararekin harremanetan egoteko, ikasteko hizkuntzaren bidez.

Bestalde, 2019-2020 ikasturtean izandako inguruabarrek 2020-2021 ikasturtean eragina izan dezakete. Hezkuntza-mailaren eta ezarritako programazioarekin modu ez-presentzialean jarraitzeko egon diren aukeren arabera, ikasturtearen azken hiruhilekoan hainbat egoera sortu dira, eta horiei ezin zaie proposamen bakar baten bidez heldu. Beraz, izaera osagarriarekin, lehentasunezkotzat jotzen da udako oporretarako jarduerak diseinatzea, batez ere maila sozioekonomiko apaleko eremu gaztelaniadunetan egiteko.

Horretarako, 50 orduko ikastaro baterako oinarriak prestatzeko eskatu zaio Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari. Ikastaro horretan, Europako esparruko A2 mailako oinarrizko elementuak jasoko dira, erakundeek kontuan hartu beharko dituztenak proposamenetan oinarritzat hartzeko, helburu dela aipatutako mailarekin lotutako egiturak, hiztegia eta esamoldeak sistematikoki lantzea.

Kontuan izan behar da, ekimen hau planteatzeko unean, osasun-larrialdiko egoeraren ondorioz, administrazio-prozedurak etenda egon direla, eta, gainera, ez zegoela aurreikusita udako jarduerak egitea. Horrek guztiak zaildu egin du ezarri ohi diren epeetara egokitutako deialdi bat egitearen bideragarritasuna. Horregatik, deialdi hau ez da Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren proposamenean jasotzen, bat-batean sortu den aipatutako egoeraren ondorio baita.

Testuinguru horretan, interesa duten erakundeei dei egiten zaie 2020ko udan euskarazko hizkuntza-gaitasuna indartzera bideratutako proiektuak aurkez ditzaten.

Deialdi hau administrazio publikoen dirulaguntzen jarduera arautzen duten publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera ebatziko da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean ezarritako baldintzetan, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan (dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen Errege Dekretua) ezarritako oinarrizko araudiaren arabera, eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat etorriz. Aginduan, proiektu horiek aurkezteko mekanismoak eta epeak finkatzen dira, baita horien artean hautatzeko prozesuak ere, eta jendaurrean jartzen dira hautaketa horren irizpideak eta arduradunak.

Horrenbestez, kontuan hartuta, bai Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, bai, halaber, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia –zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua–, eta aurrekontu-zuzkidura nahikoa dagoenez Euskal Autonomia Erkidegoko 2020ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 27ko 13/2019 Legean baimendutako kredituen arabera, eta aintzakotzat izanik aplikatzekoak diren gainerako xedapenak, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da Hamaika Esku programako ikastetxe publikoetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek 2020ko oporraldian euskarazko hizkuntza-konpetentzia (A2 maila) indartzea helburu duten hezkuntza-jarduerak garatzeko erakundeek aurkezten dituzten proiektuak diruz laguntzea, ikasle gehien biltzen diren udalerrietan, hau da, Gasteizen eta Oionen (Araba), Bilbon, Barakaldon eta Sestaon (Bizkaia), eta Donostian eta Irunen (Gipuzkoa). Horrek aukera ematen du aurreikusitako parte-hartzaile kopuruarekin taldeak osatzeko, hau da, talde bakoitzean 14rekin.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak

1.– Onuradunentzat doakoa den deialdi honetara berrehun eta berrogei mila (240.000) euro bideratuko dira, kopuruak lurraldeka honela banakatuta:

(Ikus .PDF)

2.– Talde bakoitzeko diru-hornidurak barne hartuko ditu langile-gastuak, material suntsikorra eta kudeaketa- eta antolaketa-gastuak (aseguruak, hezitzaileen prestakuntza eta hamaiketakoa).

3.– Hiru lurraldeetako edozeinetan dagokion kontsignazio ekonomikoa agortuko ez balitz ezarritako gutxieneko baremoa (13 puntu) gainditu duten eskaera guztiei erantzun ondoren, puntuazio hoberena lortzen duten proiektuei dagozkien laguntzak finantzatzera bideratu ahal izango da soberakina.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Erakundeek euskarazko hizkuntza-gaitasuna indartzeko testuinguruan egiten dituzten guztiak izango dira, HABEren A2 mailako oinarrizko erreferentziak kontuan hartuta. Jarduerak espazio ludiko batean egingo dira, eta kirolak, dantza, jolasak, antzerkia, literatura-solasaldiak, irratiko eta bideo-grabazioko lantegiak, etab. bildu ahal izango dituzte.

2.– Proposamena Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleei zuzenduta dago, Hamaika Esku programa garatzen duten aipatutako udalerrietako ikastetxeetan eskolatuta badaude.

3.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak bi alditan egingo dira (1. txanda: abuztuaren 1etik 15era; eta 2. txanda: abuztuaren 15etik 30era). Guztira, 50 ordu dira (10 egunetan banatuta), 09:00etatik 14:00etarako ordutegian.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta eta alta emanda badaude, 2020ko oporraldian euskara indartzeko hezkuntza-jarduerak egiten Hezkuntza Sailarekin elkarlanean aritu nahi duten erakundeek.

2.– Ezin izango dira onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietan deskribatutako egoeraren batean dauden erakundeak.

3.– Egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzen ondoriozko itzulketak ordaindu ere. Baldintza horri dirulaguntza kitatu arte eutsi behar zaio.

4.– Dirulaguntza nahiz bestelako laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean ez egotea, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

5.– Erakunde onuradunei dirulaguntzak eta bestelako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo bestelako esparruan hasi eta oraindik tramitatzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura.

5. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko da erakunde eskatzailea legez eratuta dagoen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dagoen.

2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuz gero, eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Organo kudeatzaileak egiaztatuko du hori, dirulaguntza emateko eta ordainketak egiteko unean, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak, eskabidea egitean, berariaz ukatu ahal izango du baimena, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du eskabidea egin eta aurkezteko unean. Gainera, Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan jaso beharko da hori.

3.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza eskatzen duen erakundeak berariaz baimena eman diezaion organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak eskuratu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua aplikatuz, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, honako hauek egiaztatuko dira:

a) Helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak, bestelako laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.

b) Eskabidean eta hari erantsitako dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla.

c) Dirulaguntza edo bestelako laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, eta horretarako legezko debekurik ez izatea, berariaz kontuan hartuta sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. ataletan ezarritako inolako debekutan sartuta ez egotea.

e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo bestelako laguntzen esparruan, inolako itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta ez egotea. Baldintza horri dirulaguntza kitatu arte eutsi behar zaio.

5.– Aurrez deskribatutako baldintzak eskabidea egiteko unean egiaztatu beharko dira, eta, hori behar bezala egiten ez bada, 8. artikuluan aurreikusitako zuzenketa-tramitean.

6. artikulua.– Tramitazio elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabilita eskatu, kontsultatu eta egingo dituzte prozedura honetako tramite guztiak, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean araututakoaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako eranskinak bide elektronikoz tramitatzeko zehaztasunak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/uda_euskaraz/web01-tramite/eu

3.– Eskabidearen ondorengo tramiteak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

4.– Beste pertsona bati ordezkaritza ematen bazaio bitarteko elektronikoen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren aurrean jardun dezan, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://euskadi.eus/

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epea.

1.– Eskabideak, 2020ko oporraldian euskara indartzeko jardueren proiektuarekin batera, bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan, astebeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/uda_euskaraz/web01-tramite/eu

3.– Eskabidearekin batera (I. eranskina), proiektuaren diru-sarreren eta gastuen aurrekontua jasoko duen proiektu bat aurkeztu beharko da. Aurrekontuan, langile-gastuak eta bestelako funtzionamendu-gastuak zehaztuko dira.

4.– Proiektuak gehienez hamar orrialde izango ditu. Esku-hartzearen lurralde-esparrua adierazi beharko du (lurralde historikoa, udalerriak eta, era berean, ikastetxeak eta ikasle hartzaileak), baita honako atal hauek ere:

a) Proposamenaren helburuak.

b) Asteko programazioaren diseinua: jardueren deskribapena, metodologia, arduradunak, gauzatzeko egutegia, zein ordutegitan egingo diren eta lorpen-adierazleak.

c) Proiektua gauzatzeko, erakundearen eskura jarritako baliabideak: ekonomikoak eta materialak. Proiektua garatzeko baliabide pertsonalak, haien titulazioa eta hizkuntza-eskakizuna zehaztuta.

d) Osasun-agintaritza eskudunen prebentzio- eta higiene-gomendioak betetzearen bermeak ematea, egon daitezkeen COVID-19 kasuak maneiatzeko prozedura bat prest izatea eta Enpleguko eta Gizarte politiketako sailburuaren 2020ko ekainaren 10eko Aginduan ezarritakoa betetzea. Agindu horren bidez, haurren eta gazteen hezkuntza-aisialdiko jarduerei berriro ekitea erregulatzen da.

5.– Eskabidea (I. eranskina) Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/uda_euskaraz/web01-tramite/eu

6.– Erakundeek eskabidea aurkeztuko dute, horrekin doan dokumentazioarekin batera, eta, bertan egiaztatu beharko dute beren xedea bat datorrela finantzatutako helburuekin, eta adierazi beharko dute jarduera garatuko duten langileen hizkuntza-gaitasuna (EGA edo baliokidea).

7.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak zehazten dituzten baldintzak.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa ez dagoela osorik beteta, edo harekin batera ez badago nahitaezko dokumentazioa, bost eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio erakunde interesdunari. Epe horretan zuzenketa egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, horretarako ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean kontsultatu ahal izango dira jakinarazpenak.

3.– Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak elektronikoki sinatzen duenean hura jaso izana.

4.– Jakinarazpena bidali eta bost egun naturaleko epean edukira sartu ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da. Hala, tramitea egintzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo pertsona hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

5.– Aurrekoa gorabehera, organo kudeatzaileak pertsona interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMS edo posta elektroniko bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

9. artikulua.– Datu pertsonalak.

Agindu honetan aipatzen diren prozeduretan aurkezten diren eskabideetan eta dokumentazioan jasotako datu pertsonalak Hezkuntza Berriztatzearen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu, datuak tratatzeko «arduradun» den heinean. Datu pertsonalen tratamendu horren helburua izango da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea. Haien interes publikoan eta haietan parte hartzeko eskaeran oinarritutako xedea.

Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, baita datuok tratatzeko mugak jarri edo aurka egiteko eskubideak ere. Horretarako, idatzizko jakinarazpena bidali beharko diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari (helbidea: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz).

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan jasotako laguntzak.

11. artikulua.– Balorazio Batzordea:

1.– Balorazio Batzordeak eskabide bakoitza aztertuko du, deialdi honen II. eranskinean ezarritako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu.

2.– Honako kide hauek izango ditu Balorazio Batzordea:

a) Batzordeburua: Ikastetxeetako eta plangintzako zuzendaria edo hark eskuordetutako pertsona.

b) Batzordekideak:

I.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Euskara Zerbitzuko arduraduna.

II.– Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.

III.–Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatutako Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.

3.– Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo du eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dio. Proposamen horretan, hautatutako proiektuen zerrenda jasoko da, bakoitzari eman beharreko diru-zuzkiduraren proposamenarekin batera. Era berean, baztertutako eskabideen zerrenda jasoko da, arrazoiak adierazita.

4.– Deialdiaren xede diren prozeduretako bakoitzean aurkeztutako eskabideak baloratu ondoren, Batzordeak Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari ebazpen-proposamena igorriko dio. Proposamen horretan, honako hauek adieraziko dira: zein dirulaguntza ematea eta, hala badagokio, ukatzea proposatzen den, eta erakunde onuradunen izen soziala, finantzatutako jarduera-programak eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatzea eta baztertzea proposatzen den kasuetan, eskatzaileen izen soziala eta ukatzeko edo baztertzeko arrazoiak adieraziko dira.

12. artikulua.– Adjudikatzeko eta baloratzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako hezkuntza-jardueren proiektuak baloratzeko, Balorazio Batzordeak kontuan hartuko du II. eranskinean ezarritako baremoa.

2.– Guztizko kopuruan 13tik beherako puntuazioa duten eskabideak baztertu egingo dira.

3.– 12.2 artikuluan eskatutako gutxieneko puntuazioa lortzen duten proiektuek jasoko dute dirulaguntza. Puntuazio hori gainditzen duten proiektuek zenbatekoaren % 100era arteko dirulaguntza jaso ahal izango dute.

4.– Lurralde historiko bakoitzean, aitortu beharreko dirulaguntzen guztizkoa 2. artikuluan jasotako zenbatekoak baino handiagoa bada, dagokion ehunekoa aplikatuko zaio proiektu bakoitzaren aurrekontuari, proiektu horrek lortutako puntuazioaren arabera.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari dagokio, Balorazio Batzordeak proposatuta, agindu honen 2.2 artikuluan aipatzen diren deialdiko prozedurak ebaztea. Kasuan kasuko ebazpenak zehaztuko du eskatutako dirulaguntzak eman diren edo, hala badagokio, ukatu diren, eta erakunde onuradunen nortasuna, finantzatutako jarduera-programak eta dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko dira. Ukatutako eskaeren kasuan, eskatzaileen izen soziala eta ukatzeko arrazoiak adieraziko dira.

2.– Ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira erakunde onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak, denek horren berri izan dezaten. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean kontsultatu beharko dira jakinarazpenak.

3.– Jakinarazpena egintzat joko da interesdunak elektronikoki sinatzen duenean hura jaso izana. Jakinarazpena egin eta bi egun naturaleko epean edukira sartu ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da. Hala, tramitea egintzat joko da eta prozedurak aurrera jarraituko du, salbu eta ofizioz edo erakunde hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

4.– Aurrekoa gorabehera, organo kudeatzaileak erakunde interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMS edo posta elektroniko bidez, eskaera-inprimakian jasotako telefono mugikorretara eta posta elektronikoko kontuetara. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-ondoriorik izango.

5.– Ebazpen horien aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan gaitutako bitarteko elektronikoen bidez, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Erakunde onuradunari dirulaguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen edo bestelako laguntzen esparruan hasi eta oraindik tramitatzen ari den edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura. Era berean, itzulketa-prozedura baten ondorioz dirulaguntzaren bat itzultzeke dutenei ezin izango zaie inolako dirulaguntzarik adjudikatu edo ordaindu.

7.– Ebazpena emateko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta prozeduraren ebazpena argitaratu ez bada, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango dute pertsona interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a artikuluaren ondorioetarako.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan erregulatutako laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta 46. artikuluan jasotakoak, finantzaketa publikoa dela behar bezala jakinarazteko neurriak hartzeari buruzko betebeharra barne, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 3. eta 4. atalen arabera.

2.– Bateragarritasun-deklarazioa aurkeztea, I. eta III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

3.– Dirulaguntza erabiltzea eman den xede zehatzerako.

4.– Hezkuntza-jarduerak ikastetxeetan egitea.

5.– Diruz lagundutako jardueraren ondorioz sor daitezkeen arriskuez arduratzea eta, hala badagokio, aseguru egokia hitzartzea.

6.– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, jasotako funtsak itzultzea.

15. artikulua.– Ordaintzeko era.

1.– Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, aurreikuspen hauen arabera:

a) Lehenengo ordainketa aurreratua, dirulaguntzaren % 30ekoa, emandako laguntza onartu eta berehala egingo dena, materialean eta hamaiketakoan egiten den gastuan laguntzeko.

b) Gainerakoa, dirulaguntza osoaren % 70, 16. artikuluan jasotako laguntzen justifikazioari buruzko dokumentazioa aurkeztu ondoren ordainduko da.

2.– Administrazioak dirulaguntzak eta bestelako laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuradunak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroko datu-basean agertu beharko du. Kanal elektronikoa erabiliz, alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak emandako hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml

16. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.

1.– 2020ko irailaren 15erako, erakunde onuradunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dute memoria, bitarteko elektronikoen bidez. Memorian, benetan egindako gastuaren egiaztagiriak barne hartu beharko dira.

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2020/uda_euskaraz/web01-tramite/eu

17. artikulua.– Laguntzen baldintzak aldatzea.

Laguntzak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren helburua betetzat jotzen bada. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako laguntzen zenbatekoak doitzeko, laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuta. Baldintzak aldatuz gero emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharko balitz, 20. artikuluan erregulatutako itzulketa-prozedura hasiko da.

18. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko prozedura.

1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako laguntza publikoak baliatzeagatik ezarritako arau-hausteen erregimena bete beharko dute, eta, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikulua aplikatuz, emandako eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, baita aplikatzekoak diren legezko interesak ere, berandutze-interesa barne, honako kasu hauetan:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. atalean edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91.etik 93.era bitarteko artikuluetan jasotako itzulketa-kausaren baten pean erortzea.

b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu eta eman zen helburu espezifikorako.

c) Dirulaguntzaren xede zen jarduera ez egitea.

d) Interesatu zitzaizkion xede jakinetarako aplikatu izana ez justifikatzea.

e) Oro har, ez betetzea azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan, agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betebeharrak.

2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira legezko ondorio guztietarako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko uztailaren 7a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
EUSKARAZKO HIZKUNTZA-KONPETENTZIA GARATZEKO ERAKUNDEEI ZUZENDUTAKO LAGUNTZEN ESKAERA
(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
ESKABIDEAK BALORATZEKO BAREMOA
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA
BESTE FINANTZAKETA-ITURRI BATZUK
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala