
- I. Aurkezpena
- II. Sarrera
- III. Ebaluazio-metodologia
- IV. Lehentasunezko esparruak
- V. Ondorioak
- VI. Eranskina
- VII. Dokumentu osoaren deskarga
EAEko bizi-itxaropena —bai gizonezkoena, bai emakumezkoena— munduko handienetako bat da, eta, are garrantzitsuagoa, bi sexuen ezintasunik gabeko bizi-itxaropena handitu egin da. Dena den, gure gizartean oraindik ere badaude desberdintasun sozioekonomiko eta kulturalak; haiek gaixotasuna dakarte berekin, eta geroago diagnostikatzen da premia handiena duten taldeetan.
Azken urteotan, gutxitu egin da erretzaile-kopurua; batez ere, adin ertaineko eta maila sozioekonomiko ertain-altuko gizonetan. Nolanahi ere, emakume erretzaile gutxiago dagoen arren, haiek ez dira ari erretzeari uzten gizonen proportzio berean. Bestalde, norberarena ez den tabako-kea askoz gutxiago arnasten da orain.
Duela hamar urte baino alkohol gutxiago kontsumitzen da, eta gauza bera gertatzen da legez kanpoko drogekin. Kontsumo esperimentala edo hasierakoa handitu egin da: duela hamar urte baino jende gehiago dago alkohola edo drogak probatu dituena.
Bularreko minbiziak eragindako heriotzen tasa txikitu egin da baheketa-programari esker, aukera ematen baitu diagnostiko goiztiarra egiteko eta gero eta tratamendu eraginkorragoak izateko. Badirudi tabakoaren kontsumoa murriztea eta lanean eta ingurumenean eragile kantzerigeno gutxiago izatea erabakigarriak izan direla gizonen biriketako minbizia gutxitzeko. Emakumeetan, tabakoaren ohiko kontsumoari ekin baitzioten duela hamarkada batzuk, biriketako minbizia % 164 gehitu da. Kolon-ondesteko minbizia gehitzen ari da. Hori dela eta, 50 urtetik 69 urtera bitarteko biztanleen baheketa, 2009an abian jarria, erabakigarria izango da minbizi-mota hori diagnostikatzeko eta hark eragindako heriotzen tasa murrizteko.
Gaixotasun kardiobaskularrak gehituz joan dira, biztanleria luzaroago bizitzearen ondorioz. Egoera horren faktore erabakigarriak dira ohitura ez-osasungarriak (sedentarismoa, elikadura txarra, drogak eta zenbait toxiko, hala nola tabakoa) eta desberdintasun sozioekonomikoen ereduak. Profesionalek arrisku-faktoreak —hala nola arteria-hipertentsioa— kontrolatzen eta osasun-hezkuntzan denbora gehiago ematearen eraginez, gutxitu egin da gaitz horiei lotutako heriotza-tasa.
Buruko gaitzei dagokienez, emakumeetan antsietatea eta depresioa dira nagusi eskala sozialean behera eginez gero.
Bi sexuetan eta talde sozioekonomiko guztietan, obesitatea gehitu egin da, eta gaitz batzuk —esaterako, diabetesa eta gaixotasun kardiobaskularrak— eragitea eta gailentzea ekarriko duten arazo nagusietako bat da.
Gaixotasun infekziosoak gutxitu egin dira; hein handi batean, txerto-estaldura bikain bat dugulako. Hiesa ere murriztu egin da; ez, ordea, GIBak kutsatutako pertsonen kopurua, handitzen ari baita, gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoetan, batez ere.
Gazteak hiltzeko lehen arrazoia istripuak dira, eta izugarri gutxitu dira (% 60) lanekoak eta, bereziki, zirkulaziokoak.
Nahiz eta osasungintzan aurrerapenak egin eta askotariko prebentzio- eta sustapen-ekintzak gauzatu, erronka berriak ditugu: zahartzea, patologia kronikoak gehitzea eta osasun-sistemako desberdintasun sozialak handitzea. Bizitza osasungarria izateko ohiturak sustatzea, politika guztiak osasungintzara bideratzea eta kronikotasuna kudeatzea izango dira hamarkada honetako desafioak.
VII. Dokumentu osoaren deskarga