Lehendakaritza

Azken eguneratzea: 2007/12/22
Tratatu hori 2009ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, baldin eta ordurako EBeko kide diren herrialde guztiek berretsi badute
'Lisboako Tratatua' sinatuta

2007ko abenduaren 13an, Europar Batasuna osatzen duten 27 Estatuetako ordezkariek 'Lisboako Tratatua' sinatu zuten Portugalgo hiriburuan bertan; Tratatu horren bidez, 'Europar Batasunaren Ituna' eta 'Europako Erkidegoa eratzeko Ituna' aldatu ziren eta azken honi izen berria eman zitzaion: 'Europar Batasunaren funtzionamendurako Tratatua'.

Lisboako Tratatua —egun Batasuneko herrialde bakoitzak bere konstituzio-arauen arabera berresteko prozesuan dagoena— 2009ko urtarrilaren 1ean jarriko da indarrean, baldin eta berrespen-tresna guztiak aurkeztu badira; bestela, Tratatua sinatu duen azken Estatuak formalitate hori bete ostean berrespen-tresna aurkeztu eta hurrengo hileko lehenengo egunean jarriko da indarrean.

Lisboako Tratatuak itxi egin zuen Europarentzat Konstituzio bat eratzen duen Tratatua (2004) berresteko asmoz hasi zen prozesuaren porrotaren ondoriozko ziurgabetasun-aldia. Izan ere, Frantzian eta Herbehereetan Europako Konstituzio Tratatua (2005) berresteari buruz egin ziren erreferendumetako emaitza txarrak ikusita hausnarketa prozesu berria hasi zen; prozesu honetan Gobernuen Arteko Biltzarra (GAB) deitu zen —Kontseilu Europarrak erabakita— zein aldaketa egin behar ziren erabaki eta, horrela, Europako integrazio prozesuan aurrera egiten jarraitu ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak (2007ko azaroaren 27ko bileran) erabaki zuen Estatuko Gobernuari eskatuko ziola Lisboako Tratatuan bi adierazpen sartzeko, bata “euskal zerga sistemari” buruzkoa eta bestea “subsidiariotasun printzipioaren kontrolari eta parlamentu autonomikoei” buruzkoa. Baina Estatuko Gobernuak ez du Jaurlaritzaren eskaera onartu.

Euskarari dagokionez, Lisboako Tratatuan aurreikuspenez jasotzen da tratatuak Estatuetako hizkuntza koofizialetara ere itzuli ahal izango direla.

 

Esteka:

Tratatuen bertsio konsolidatuak euskaraz

 

(Iturria: Eusko Jaurlaritza - Europako Gaiak)