|
Lehenengo eta behin, Euskadi oso erakargarria da turismoari begira, bertako geografia liluragarria delako, alde handiz beteta dagoelako, labar harkaiztsuetaraino iristen diren mendi zuhaiztsu ugari dituelako eta egunean zehar kolorez aldatzen diren lautadak dituelako. Paisaiak 252 kilometroko kostaldea du, eta, bertan, ikuspegi zoragarriak daude ikusgai, bai eta denborak aurrera egiten omen ez duen arrantza-herriak, igeriketarako edo ur-kiroletarako egokiak diren hondartza garbi bezain amaigabeak eta itsasadar misteriotsuak ere. Leku paregabeak dira txangozaleen ibilaldietarako eta txirrindularitzarako. Euskadik zortzi erreserba natural ditu, eta, bertan, baso sorginduak eta urjauzi zoragarriak daude. Dena dela, hori guztiori Euskadik zentzumen guztiekin atsedenaz eta aisialdiaz gozatzen duten turista lasaiei eskaintzen dienaren zati handia baino ez da. Azpiegiturak ezin hobeak dira. Hotel-sarea erosoa bezain ugaria da, eta landetxeen eskaintza oso zabala da, naturako paisaiez, baso hostotsuez edo itsasoaz gozatzeko.
Euskadira etortzeak badu abantailarik, azalera txikia duenez eta bertako geografia zeharkatzea erraza denez, gauza bat baino gehiago egin daitezkeelako aldi berean. Errepide-sare osoaren bitartez, hiru euskal hiriburuak autopista bidez daude lotuta, eta aireportuak eraginkorrak bezain estetikoak dira; esate baterako, Bilbokoa.
Hala ere, aisialdiak ere zeresan handia du Euskadik turisten esku jartzen dituen jarduera ugarien artean: surfinga, golfa, estropadak, esku-pilota edo Lasarteko Hipodromoko zaldi-lasterketak.
Eskaintza berezia da benetan, eta beste eszenatoki kultural batzuk ditu osagarri; esate baterako, udako nazioarteko jazzaldiak, kontzertu sinfonikoak, antzerkia, Gasteizko Artium museoa, Donostiako San Telmo museoa edo Bilboko Arte Eder museoa eta Guggenheim museoa. Euren itzalpean, aisialdirako eta kulturarako metropoli berria eraiki da Bilbon, eta, bertan, planetako arkitekto ospetsuenek euren sinadura utzi dute diseinatutako eremuetan; esate baterako, Argentinako Cesar Pelli hirigilea eta Irakeko Zaha Hadid arkitektoa, Abandoibarrako eta Zorrotzaurreko eremuetan. Nerbioi ibaiaren ondoan dauden 600.000tik gora metro koadroetan, burdingintzan oinarritutako iraganaren oroimena eta Txillidaren, Daliren, Bourgeoisen, Lüpertzen, Tuckerren, Rückriemen, Garrazaren eta Zugastiren lanak uztartzen dira. Era berean, eraikin esanguratsuak ere badaude; esaterako, Robert Sternen Zubiarte, Arata Isozaki arkitekto japoniarrak diseinatutako Uribitarteko Dorreak, Santiago Calatravaren Zubizuri zubia, Euskalduna Jauregiaren sinboloa den itsasontzi alderantzikatuaren gila okrea, Norman Fosterren metroa edo Rafael Moneok Deustuko Unibertsitateko fondoak gordetzeko egingo duen beirazko liburutegia.
Hala ere, Euskadin badago bisitariak erakartzen dituen alderdi turistikorik, maitasunez eta aparteko fintasunez egindako sukaldaritzaren ahogozoa, alegia. Izan ere, euskal hiritarren izaeraren osagai garrantzitsuetakoa da. Euskadin, mila elkarte gastronomiko eta txoko daude gutxi gorabehera, eta kideak noizean behin elkartzen dira bertan, jaki gozoak prestatzeko eta sukaldeko irudimena arte bihurtzeko. Euskal sukaldaritza kulturaren osagaia da, eta, bertan, Arzak, Berasategi eta Subijana mundu zabalean ospe handi-handia duten sukaldariek eta sukaldaritzako eskolek hankaz gora jarri dute sukaldaritza ona zer den ulertzeko modua. Euskadin bertan, inon baino goi-sukaldaritzako (haute cuisineko) jatetxe gehiago daude metro koadroko. Horrez gain, ohiko errezetak erabiltzen dituzten beste erretegi txiki batzuk ere badaude, eta etxeko jatekoa eskaintzen dute ingurune zoragarri bezain paregabeetan. Gainerako plazerak euskal hiritarren izaera abegitsuan eta irekian dautza.
|