Arautegia

Inprimatu

AGINDUA, 2012ko abuztuaren 27koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko hautagaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Agindua
  • Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 177
  • Hurrenkera-zk.: 4082
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2012/08/27
  • Argitaratze-data: 2012/09/11

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko langile funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituenak, 17.1 artikuluan ezartzen duenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak berariazko araudi baten bidez zehaztuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda kudeatzeko jarraibideak, eta, horretarako, arau hori konfiguratzeko oinarrizko irizpideak ezartzen ditu artikulu horretan zehar.

Era berean, baliabideen kudeaketa eraginkorra eta erabilera optimoa bermatzeko, hezkuntza-sistemak eskatzen dituen premiak kontuan izanda eta horren kalitatearen mesedetan, lehenago aipatutako erabakiak ezartzen du jarraibideak aldeen artean negoziatuta eguneratuko direla, eta baldintza hori negoziazio sektorialaren bidez bete da.

Jarraibide horien xede orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle publikoen aldi baterako estalduren zerbitzu bat eskaintzea, kalitate- eta eraginkortasun-bermeekin, eta publizitatearen, berdintasunaren, merezimenduaren eta gaitasunaren printzipioei jarraituz, ikastetxeen eskariari erantzun emateko.

Gainera, agindu honen bidez, batetik, zerrendaren kudeaketan zer elementuk parte hartzen duten (esparru pertsonala, sartzeko baldintza orokorrak, baremazio-irizpideak, prestatzeko prozedurak eta baldintza orokorrak, funtzionamendua...) zehaztu nahi da, eta, bestetik, zerrenda horiek modu eraginkorrean, bateratuan eta eragingarrian kudeatzeko erraztasunak eman.

Halaber, kontuan hartu behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sisteman, oro har, eta ikastetxeetan, zehazki, irakasleek urtero bete beharreko postuen berezitasunak. Horregatik, urteko beharrak estaltzeko prozedurak bat etorri behar du ikasturte bakoitzaren hasieran postuak esleitzeko egiten den prozedurarekin; azken horrek, uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak adierazten duen eran, berariazko araudia dauka.

Beste alde batetik, Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzen zerrendak irakaskuntza horien egungo araudira egokitzen ditu agindu honek, azken urteotan izan dituzten aldaketa sakonek eragindako beharrei erantzute aldera. Aldaketa horien artean, adibidez, Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloak aldatu eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lanbide Irakaskuntza bihurtu dira, eta Diseinuko Goi Ikasketak ezarri.

Beste esparru batean, 2012ko otsailaren 7an, erlijioko irakasleen mahai sektorialak aho batez onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetako erlijioko ordezkapenetarako hautagaien zerrendak hautagaien zerrenda orokorrean sartzea.

Hori guztia kontuan hartuta, honako hau

Agindu honen xedea da agindu honen aplikazio-eremuan sartzen diren lanpostuetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileen hautapen-prozesuak arautzea, zerbitzu horiek emateko hautagai direnen zerrendak osatzea eta kudeatzea, eta pertsona hautatuak izendatzea edo kontratatzea.

  1. Jarraian azaltzen den 2. atalean aipatzen diren lanpostuak bete nahi dituzten hautagaien zerrendetan parte hartu nahi duten pertsonek osatzen dute agindu honen aplikazio-eremu subjektiboa:

    1. Bitarteko funtzionario izendatzeko edo lan-kontratu ez finkoa izateko hautagaiak.

    2. Erlijioko irakasle gisa zerbitzu emateko hautagaiak, aldi baterako lan-kontratuarekin.

  2. Agindu honen aplikazio-eremu objektiboa da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren mendeko irakasle-postuak aldi baterako estaltzea, artikulu honen 1. atalean aipatutako pertsonek bete behar dituztenean aldi baterako.

  3. Postu horiek agindu honetan ezarritako prozeduraren bidez estali aurretik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak espresuki kalifikatu ahal izango ditu zailtasun edo interes berezia duten irakasle-postu jakin batzuk. Edonola ere, kalifikazio hori jasoko dute Lanpostuen Zerrendan zailtasun berezikotzat jota daudenek, bai eta dagokion arau-xedapenaren bidez zailtasun edo interes berezikotzat jotakoek, irakasleen ordezkari diren sindikatuei kontsulta egin ostean.

  4. Agindu honetatik kanpo gelditzen da Hezkuntzako Ikuskarien Kidegoari gordetako postuen aldi baterako estaldura.

  1. Aurreko artikuluaren 1. atalaren a) idatzi-zatian aipatutako hautagaien zerrendak espezialitatearen arabera osatuko dira, honako talde hauetan banatuta:

    1. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza.

    2. Bigarren Hezkuntza, Hizkuntzen eta Arteen Irakaskuntzak, honako irakaskuntza hauek barne hartzen dituena:

      Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.

      Batxilergoa.

      Lanbide Heziketa.

      Hizkuntzen irakaskuntzak.

      Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak.

    3. Lanbide Heziketa (Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen kidegoaren espezialitateak).

    4. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak (Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lantegiko Irakasleen kidegoaren espezialitateak).

    5. Musikako irakaskuntzak, honako irakaskuntza hauek barne hartzen dituztenak:

      Espezialitate teorikoak.

      Instrumentu-espezialitateak.

    6. Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berrikuntzako (Berritzegune) zentroak eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuk.

      1. eranskinean jasotzen dira mailak eta horiei dagozkien espezialitateak.

  2. Aurreko artikuluaren 1. atalaren b) idatzi-zatian aipatutako hautagaien zerrendak irakaskuntza-mailaren arabera osatuko dira.

  3. Behin zerrenda bat osatutakoan, indarrean egongo da agindu honetan aurreikusitako arrazoiren bat dela eta iraungitzat jotzen den arte; halere, aldaketak egin ahal izango dira, edo beste hautagai batzuk sartu edo daudenak kanporatu, agindu honek xedatutakoari jarriki hala egin behar bada.

  1. Langileen Kudeaketako Zuzendariaren ebazpen bidez geratuko dira eratuta hautagaien zerrendak.

  2. Honela sartu ahal izango dira pertsona interesdunak hautagaien zerrendetan:

    1. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak deitutako zerrendak irekitzeko prozeduretan parte hartuz.

    2. Dagoeneko zerrendaren batean dauden pertsonei dagokienez, birbarematze-prozesuan beste espezialitate batera sartzeko aurreikusitako aukerak baliatuz.

    3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak irakasleen kidegoetan sartzeko deitzen dituen hautapen-prozeduretako oposizio-probak gaindituz.

  3. www.hezkuntza.net web-orrian argitaratuko dira une bakoitzean indarrean dauden hautagaien zerrendak, bai eta horietan parte hartzeko prozedurak eta horiek aldatzekoak eta birbarematzekoak ere.

Honako irizpide hauei jarraiki ordenatuko dira zerrendak haien artean:

Lehenbizi, espezialitateko zerrenda orokorra erabiliko da. Urteroko birbarematze-prozesutik datorren zerrenda da hori.

Bigarrenik, a) zerrenda bereizia erabiliko da, espezialitateko hautapen-prozesuetako probak gainditu dituzten pertsonekin osatutakoa.

Hirugarrenik, b) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateari, hizkuntza-eskakizunari eta prestakuntza pedagogikoari eta didaktikoari dagokionez eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta ikasturtean zehar irekitze berriak egon direlako eratu da.

Laugarrenik, c) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateari eta prestakuntza pedagogikoari eta didaktikoari dagokionez eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta aurreko ikasturteetan zehar irekitze berriak egon zirelako eta horiek zerrenda orokorrean sartu ez zirelako eratu zen.

Bosgarrenik, d) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateari eta prestakuntza pedagogikoari eta didaktikoari dagokionez eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta ikasturtean zehar irekitze berriak egon direlako eratu da.

Seigarrenik, e) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateari eta hizkuntza-eskakizunari dagokionez eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta aurreko ikasturteetan zehar irekitze berriak egon zirelako eta horiek zerrenda orokorrean sartu ez zirelako eratu zen.

Zazpigarrenik, f) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateari eta hizkuntza-eskakizunari dagokionez eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta ikasturtean zehar irekitze berriak egon direlako eratu da.

Zortzigarrenik, g) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateko eskakizunak soilik betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta aurreko ikasturteetan zehar irekitze berriak egon zirelako eta horiek zerrenda orokorrean sartu ez zirelako eratu zen.

Bederatzigarrenik, h) zerrenda bereizia erabiliko da; espezialitateko eskakizunak soilik betetzen dituzten pertsonaz osatuta dago, eta ikasturtean zehar irekitze berriak egon direlako eratu da.

Zerrendan, hautagai bakoitza identifikatzeko datuez eta horien puntuazioaz gainera, hautagaiek honako gai hauen inguruan egindako aukerak jasoko dira:

  1. Eman beharreko espezialitateak.

    Espezialitate jakin bat emateko, horri dagokion kualifikazioa eduki beharko da, 10. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

  2. Eman beharreko profila.

    Gaituta dauden hizkuntza-eskakizun bateko edo guztietako postuak hautatu ahal izango dituzte.

  3. Lurralde-eremua.

    Agindu honen IV. eranskinean aipatzen diren guneren bat edo guztiak hautatu ahal izango dituzte. Aukera hori lehentasunezkoa izango da lanpostuak aldi baterako estaltzeko aukera esleitzeko orduan.

    Halaber, lurralde historikoetako bat hautatu beharko dute derrigorrean, eta lanerako prest geratuko dira bertan. 32.7. artikuluan jasotako egoeran erabiliko da lurralde-aukera.

    Lurralde historikorik aukeratzen ez badute, lurralde historiko guztiak hautatu direla ulertuko da. Ez badute gunerik aukeratzen, aukeratutako lurralde historikoan edo lurralde historikoetan sartzen diren gune guztiak hautatzen dituztela ulertuko da.

    Erlijio-zerrendetarako, hautagaiek aukeratutako lurraldeak soilik izango dira kontuan.

  4. Lanaldi osoko edo murriztuko lanpostuak

    Lanaldiaren arabera hautatu ahal izango dituzte lanpostuak:

    Lanaldi osokoa soilik.

    Lanaldi murriztukoa soilik.

    Lanaldi osokoa zein murriztukoa.

    Lanaldirik aukeratzen ez badute, lanaldi osoko lanpostuak soilik eskuratu nahi dituztela ulertuko da.

    Hautagaiek lanaldi desberdinak aukeratu ahal izango dituzte zonalde edo lurralde batean edo bestean. Dena den, lurralde baterako egindako aukera lurralde horretako zonalde guztietan aplikatuko da.

  5. Irakaskuntza hirueledunak/HMH.

    Aukera hori hautatu ahal izateko, 73/2012 Dekretuak, maiatzaren 15ekoak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetan zein pribatuetan arloak edo irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan emateko bete beharreko hizkuntza-eskakizunak ezartzen dituenak, xedatutako eskakizunak bete beharko dituzte hautagaiek; edozein espezialitatetakoak izan daitezke.

  6. Zeinu-mintzaira.

    Aukera honetara bil daitezke «Zeinuen Hizkuntzazko Komunikazioko» hiru mailetakoren bat egiaztatzen dutenak edo «Zeinuen Hizkuntzako Interprete» gisa aitortuta daudenak.

Euskal Autonomia Erkidegoan irakaskuntzako lanpostu publikoak eskuratzeko bete beharreko eskakizun orokorrak bete beharko dituzte pertsona interesdunek.

  1. Espainola edo Europar Batasuneko estatu kideren batekoa izatea,edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera langileen joan-etorri askea aplikatzen zaion estatu batekoa izatea.

    Herritar espainolen eta Europar Batasuneko estatu kideetako herritarren ezkontideak eta ezkontideen ondorengoak ere sar daitezke, bai eta Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen ondorioz langileen zirkulazio librea aplikatzekoa den estatu kideetako herritarren ezkontideak eta ezkontideen ondorengoak ere, dagokion itunak horrela aurreikusten badu, horien nazionalitatea edozein dela ere; betiere, ezkontideak zuzenbidez bananduta ez badaude, eta ondorengoei dagokienez, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina gurasoen mende bizi badira.

  2. Nazionalitate espainola edo hizkuntza espainoleko herrialde bateko nazionalitatea ez duten hautagaiek gaztelaniaz badakitela egiaztatu behar dute Hizkuntza Eskola Ofizialek atzerritarrentzat emandako gaztelaniako maila aurreratuko ziurtagiria aterata, edo atzerriko hizkuntza gisa gaztelaniako diploma (goi-mailakoa), edo Filologia Hispanikoko, Erromanikoko edo Itzulpengintzako eta Interpretazioko lizentziatu-titulua (gaztelaniako espezialitatekoa) edukita. Ez dute baldintza hori bete beharko ziurtagiri akademiko baten bidez hautatutako espezialitatean eskatutako titulazioren bat lortzeko ikasketa guztiak Espainiako estatuan egin dituztela justifikatzen duten hautagaiek.

  3. Hemezortzi urteak beteta izatea eta erretirorako oro har ezarritako adina beteta ez izatea.

  4. Euskara dakitela egiaztatzea Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B2 edo C1 mailan.

    Maila horiek egiaztatzeko, 1 edo 2 hizkuntza-eskakizuna aurkeztu beharko da, martxoaren 9ko 47/1993 Dekretuak arautzen duena, edo legez profil horiekin parekatzen diren hizkuntza-ziurtagiri homologatuak aurkeztu, edo 47/2012 Dekretuak, apirilaren 3koak, euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzen eta euskarazko tituluekin eta ziurtagiriekin egiaztatzeko salbuespenak ezartzen dituenak, aipatzen duen egoera egiaztatu beharko da.

    Zerrenda berriak irekitzerakoan, eskakizun hori kendu ahal izango da, baldin eta espezialitate jakin batzuetan, aurreikuspenen arabera, ezin izango badira postuak eskakizun hori betetzen duten hautagaiekin bete.

  5. Ez izatea aukeratu diren espezialitateei dagozkien eginkizunak betetzea eragozten duen gaixotasunik edo mugapen fisiko edo psikikorik. Medikuaren ziurtagiri ofizialaren bidez egiaztatuko da, eta ordezkapen bat egiteko deitzen dioten lehenengo aldian aurkeztu beharko du hautagaiak.

    Hautagaien zerrenda kudeatzearekin lotutako edozein prozesutan ezgaitasun-egoera baliatzen duten pertsonek Foru Aldundien Gizarte Ongizateko sailen, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioaren edo, hala badagokio, dagokion autonomia-erkidegoaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute, izaera hori dutela eta hori dagozkion lan eta funtzioak betetzearekin bateragarria dela adieraziko duena.

  6. Diziplina-espediente baten bidez inongo herri-administraziotako zerbitzutik bereizi ez izana, eta zeregin publikoetan jarduteko desgaituta ez egotea.

    Nazionalitate espainola ez duten hautagaiek ere haien estatuan funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina-zehapenik edo zigorrik ez dutela egiaztatu beharko dute.

  1. Jarraian zehazten diren tituluak izatea honako zerrenda hauetako taldeetarako:

    1. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza: maisu/maistraren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslearen edo Lehen Hezkuntzako maisu/maistraren titulua, edo dagokion gradu-titulua.

    2. Bigarren Hezkuntza, Hizkuntza Eskola Ofizialetako Irakaskuntzak, Musika Irakaskuntza eta Arte Plastiko eta Diseinuko Irakaskuntza (Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleei gordetako irakasgaiak): doktore-, lizentziatu-, ingeniari- edo arkitekto-titulua, edo irakaskuntzaren ondorioetarako horien baliokide den gradu-titulua edo beste titulu baliokide batzuk.

    3. Lanbide Heziketa eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak (Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoari eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lantegiko maisu-maistren kidegoari gordetako irakasgaiak): diplomatuen, arkitekto teknikoen edo ingeniari teknikoen titulua, edo dagozkien gradu-tituluak, eta goi-mailako teknikariaren titulua, edo irakaskuntzaren ondorioetarako baliokide diren beste titulu batzuk.

  2. Dagokion espezialitatea emateko prestakuntza, 10. artikuluan xedatutakoari jarraiki.

  3. Maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren 100.2. artikuluan aipatzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izatea. Ondorio horietarako, prestakuntza pedagogiko eta didaktiko hori egiaztatzeko irakaskuntza bakoitzean ezartzen den erregulazioa izango da kontuan.

    Prestakuntza pedagogiko eta didaktiko horren baliokide modura onartuko da irakasle-lana; horretarako, egiaztatu beharko da 2008/2009 ikasturtearen amaiera baino lehenago irakaskuntza arautuko ikastetxe publikoetan edo pribatuetan lanean jardun dutela bi ikasturte osotan edo, hori egiaztatzen ez badute, 12 hilabete jarraitutan edo etenetan; horrez gain, egiaztatu beharko dute denbora horretan azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak arautzen dituen irakaskuntza-espezialitateetako mailan eta irakaskuntzetan jardun dutela.

    Bestalde, ez dute baldintza hori bete beharko honako titulu hauetakoren bat dutenek: maisu- edo maistra-titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakasle-titulua, Lehen Hezkuntzako maistra- edo maisu-titulua, Pedagogiako lizentziatura eta Psikopedagogiako lizentziatura eta pedagogia eta didaktikako prestakuntza jasotzen duen lizentziatura edo titulu baliokidea; titulu horiek guztiek 2009ko urriaren 1a baino lehenago lortutakoak izan beharko dute.

    Irakaskuntza bakoitzean ezarritako erregulazioaren arabera, baldintza hau eskatuko zaie agindu hau indarrean jarri ondoren gauzatzen diren zerrendak irekitzeko prozesuetan zerrenda batean sartzea eskatzen duten hautagaiei, eta agindu hau indarrean jarri ondoren egingo diren zerrenda birbarematzeko prozesuetan zerrenda berri batean sartzea eskatzen dutenei.

    Zerrenda berriak irekitzerakoan, eskakizun hori kendu ahal izango da, baldin eta espezialitate jakin batzuetan, aurreikuspenen arabera, ezin izango badira postuak eskakizun hori betetzen duten hautagaiekin bete.

Erlijio-irakaskuntzak emateko, unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioei dagokien hezkuntza-mailan eskatzen zaizkien titulazio-baldintzak edo baliokideak bete beharko dira, maiatzaren 3ko Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen denari jarraituz; gainera, Erlijio Aitortzako Agintaritzak proposatu behar ditu irakaskuntza hori emateko, eta Erlijio Aitortzaren egokitasun-aitorpena edo ziurtagiri baliokidea lortu behar dute, hori guztia administrazio eskudunak kontratatu aurretik.

Agindu honen III. eranskinean jasotako titulazioen bidez egiaztatzen da espezialitate bakoitza emateko prestakuntza.

Bi kidetasun-maila esleitu zaizkie titulazioei, eta horietako bakoitzak espezialitateak emateko lehentasun handiagoa edo txikiagoa du.

a) 1. kidetasuna: konkordantetzat jotako titulazioei ematen zaie, espezialitate baten edukiaren kideko direlako. Titulazio horiek dituzten hautagaiek ordezkapenak egiteko lehentasun handiagoa izango dute 2. kidetasuna duten titulazioen jabe direnek baino.

b) 2. kidetasuna: egokitzat jotako titulazioei ematen zaie, espezialitate baten edukiaren hurbilekotzat hartzen direlako. 1. kidetasuneko titulazioak dituzten hautagairik ez dagoenean soilik emango zaie aldi baterako lanpostuak estaltzeko aukera titulazio horiek dituztenei.

Zerrendetan sartu nahi duten hautagaiek aurreko ataletan zerrendatutako baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epean, eta zerrendan dauden artean eutsi beharko diete.

Ez dira kontuan hartuko hautatzen diren irakasgaiak edo espezialitateak emateko eskatutako titulazioen fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatzen ez diren eskaerak.

Euskarako titulazioa egiaztatzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean jasota ez badago, horren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.

Atzerriko tituluekin batera homologazio-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

Merezimenduetan eskuratutako puntuazioaren arabera, handienetik txikienera, ordenatuko dira pertsonak zerrendetan, agindu honen I. eranskinean jasotzen den baremoaren arabera, eta kidetasuna kontuan hartuta, zerrendak ohiz kanpoko moduan irekitzen ez badira behintzat; horrela bada, 17. artikuluan xedatutakoari jarraiki ordenatuko dira.

  1. Agindu honen I. eranskinean aipatutako merezimenduak soilik hartuko dira kontuan, betiere, behar bezala hobetu, alegatu eta egiaztatu badira modu eta epe egokian.

  2. Merezimenduak egiaztatzeko, agindu honen I. eranskinean aipatutako dokumentazio zehatza aurkeztu beharko da.

  3. Puntuazioen guztirakoan berdinketarik sortzen bada, honako baremo-faktore hauek hartuko dira kontuan bata bestearen atzetik:

    Herri-ikastetxeetan zerbitzu-denbora gehiago (egunetan adierazita).

    Ikastetxe pribatuetan zerbitzu-denbora gehiago (egunetan adierazita).

    Ikasketa-espedienteko batez besteko nota.

    Beste titulazio batzuk.

    Berdinketak jarraitzen badu, izen-abizenen ordena alfabetikoa erabiliko da; zozketa bat egingo da urtero zer letratatik hasiko den zehazteko.

  1. Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak egingo du hautagaien zerrenden deialdia, karrerako funtzionarioekin edo langile finkoekin behar diren lanpostu guztiak ez direla beteko aurreikusten denean.

  2. www.hezkuntza.net web-orrian eta irakaslegunea ingurunean argitaratuko dira deialdiak. Prentsan ere argitaratuko da iragarki bat, eta sektoreko langileen sindikatuetako ordezkariei ere jakinaraziko zaie.

  3. Deialdiak aurreikusten badu zerrendan sartzeko ez dela hizkuntza-eskakizunaren edo prestakuntza pedagogikoaren eta didaktikoaren eskakizuna bete beharko, hala jakinaraziko du espresuki.

  4. Behin deitutako prozedura amaitutakoan, aurreikusten bada hurrengo deialdi arruntera bitarteko beharrak ez direla bete ahal izango amaitutako prozeduraren emaitzarekin, prozedura horri amaiera ematen dio ebazpenak xedatu ahal izango du zerrendak irekita mantenduko direla egoki irizten den denboraz. Horrela bada, sartzeko ordenaren arabera onartuko dira eskabideak.

  1. Pertsona eskatzaileak eskari bakar bat egingo du, deialdiak adierazitako moduan. Paperean edo formatu elektronikoan aurkezteko aukera eman ahal izango du deialdiak, edo formatu elektronikoak soilik aurkez daitekeela adierazi; azken egoera horretan, horretarako bitartekoak jarri beharko dira pertsona interesdunen eskura.

  2. Deialdiak adierazten badu nahi izanez gero eskaria paperean aurkez daitekeela, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza batera igorri beharko da, ordezkaritza desberdinetako zerbitzuak barne hartzen baditu ere, eta eskabidearen hartzaile den ordezkaritzan aurkeztu ahal izango da, 30/1992 Legearen, azaroaren 26koaren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 38.4. artikuluan eta 72/2008 Dekretuan, 72/2008 Dekretuan, apirilaren 29koan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan, aipatzen diren bulegoetan. Eskabidea Correosen bulegoan aurkeztuko bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da ziurtatua izan aurretik bulegoak data eta zigilua jartzeko.

  3. Deialdiak ezartzen badu eskabidea derrigorrean formatu elektronikoan aurkeztu behar dela, pertsona interesdunei jakinaraziko die non aurki ditzaketen hori behar bezala betetzeko eta aurkezteko bitarteko materialak eta aholkularitza.

  4. Eskabidean adierazi beharko da ezarritako eskakizun guztiak betetzen direla, eta deialdiari jarraiki derrigorrean bete beharreko datu guztiak jasoko ditu; beste batzuen artean:

    1. Norbera identifikatzeko datuak.

    2. Sexua.

    3. Helbidea.

    4. Zer irakaskuntza eta espezialitate eman nahi diren.

    5. Eman beharreko hizkuntza-eskakizuna.

    6. Irakaskuntza hirueledun/HMHen aukera.

    7. Zer motatako lanaldian lan egin nahi den.

    8. Zer lurralde-eremutan lan egin nahi den (lurralde historikoa/k eta zonaldea/k).

    9. Zeinu-mintzaira, hala badagokio.

    10. Alegatutako merezimenduak, agindu honen I. eranskinean jasotako baremoan adierazitakoen artetik.

  5. Eskabidearekin batera aurkeztuko da deialdiak espresuki adierazitako eskakizun orokorrak eta espezifikoak betetzen direla egiaztatzeko dokumentuak, bai eta baremorako alegatutako merezimenduak egiaztatzekoak ere.

    Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 6. artikuluan adierazitako moduan, deialdiak adierazi beharko du ez dagoela herri-administrazioen esku dauden datuak eta dokumentuak aurkeztu beharrik, ez eta dekretu horrek aipatzen duen datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bidez kontsulta daitezkeen datuak eta dokumenturik ere.

    Horretarako, deialdiak jakinarazi beharko die pertsona interesdunei zein diren egiaztatu beharrik ez dagoen datuak eta dokumentuak. Horien artean aurkitzen dira, adibidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko zentroetan izandako hezkuntza-esperientzia eta interesdunak euskara dakiela egiaztatzen duen agiria, hori sail horren esku badago.

  1. Behin eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, deialdia egin duen organoak ebazpen bat emango du onartutako hautagaien zerrenda behin-behinean onartzeko, eta zer eskabide baztertu diren eta zergatik baztertu diren adieraziko du.

    Behin-behinean onartuta dauden zerrendak adieraziko du baremoa aplikatuz zer puntuazio lortu duten guztira hautagaiek, eta zer puntuazio atal bakoitzean.

  2. www.hezkuntza.net web-orrian eta irakaslegunea ingurunean argitaratuko da ebazpen hori. Horren kontrako erreklamazioa aurkeztu ahal izango da akatsak edo ez-betetzeak konpontzeko, edo interesduna lortutako puntuazioarekin ados ez dagoelako, baina fase horretan inola ere ezin izango da eskabidean egindako aukerarik aldatu, ez eta merezimendu-alegazioa aldatu edo eskabidearekin batera aurkeztu behar zen dokumenturik aurkeztu ere.

  3. Deialdia egin duen organoak zerrendak behin betiko onartzen dituen ebazpenean ebatziko ditu erreklamazioak; ebazpen hori behin-behineko ebazpenarentzat adierazitako modu berean argitaratuko da.

    Zerrendak behin betiko onartzen dituen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari hilabete bateko epean hura argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Ohiz kanpoko behar larria badago, irakasleen aldi baterako beharrei modu arin eta eraginkorrean erantzute aldera, Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak zerrenda ohiz kanpoko moduan irekitzea erabaki dezake.

Zerrenda horrela ireki behar bada, dagokion moduan emango da horren berri www.hezkuntza.net web-orrian, irakaslegunea ingurunean eta prentsan, eta jarraian azaltzen diren baldintzak ezarriko:

Pertsona interesdunek 15. artikuluan jasotako egiaztagiri guztiak aurkeztu beharko dituzte eskabidearekin batera, gerora barematzeko.

Irekitze-prozesu berezi honen bidez zerrendan sartzen diren izangaiak lanerako prest daudela ulertuko da.

Zerrenda hau osatzen duten hautagaiak alfabetikoki ordenatuko dira, abizenen eta izenaren arabera. Urtero zozketa bat egiten da zer letratatik hasiko den zehazteko, eta Langileriaren Kudeaketa Zuzendariaren ebazpen bidez jakinarazten da hori. Ordena alfabetiko hori erabiliko da dagokion ikasturtean hautagaiak kudeatzeko prozesuan, bai eta ikasturtean zehar dei daitekeen beste edozein hautapen-prozesutan ere. Berdinketarik sortzen bada, nortasun-agiri nazionalaren zenbakia hartuko da kontuan, zenbaki txikienetik handienera, horiek ebazteko.

Zerrenda irekitzera doala jakinaraziko zaie sektoreko langileen ordezkari sindikalei.

2012. urtean eta ondorengoetan deitutako hautapen-prozesuak gainditu dituzten pertsonak, ez badira prozesu horietan hautatuak izan, espezialitateko zerrenda baten sar daitezke, espezialitate horretako probak gainditu badituzte; betiere, lehendik espezialitateko zerrendan ez bazeuden. Espezialitate horretan 1. kidetasuna dutela ulertuko da.

Ondorio horietarako, behin dagokion sartze-prozeduratik datozen praktikaldiko funtzionarioen izendapen argitaratu denean, Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak deialdi espezifiko bat egingo du pertsona horiek sartzeko aukera balia dezaten; praktikaldiko izendapena eskuratu dutenak ez badituzte karrerako funtzionario izendatzen praktikaldiko balioespen negatiboa ez den beste arrazoiren batengatik, horiek ere sartu ahal izango dira gerora.

www.hezkuntza.net web-orrian eta irakaslegunea ingurunean argitaratuko da deialdi hori.

Pertsona horiek behar diren ziurtagiriak aurkeztu beharko dituzte zerrendan sartzeko eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko, eta honako hauek aukeratu beharko dituzte horretarako ezarriko den epean: zonaldeak eta lurraldea, lanaldi-mota, eman nahi duten hizkuntza-eskakizuna eta hirueletasuna.

Aukera horretaz baliatzen direnek zerrenda ordenatu bat sortuko dute hautaketa-prozeduran lortutako amaierako puntuazioaren arabera.

Zerrendak indarrean sartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta dagokion ikasturtea amaitu arte egongo da indarrean.

Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak deialdi espezifikoak egin ahal izango ditu Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berrikuntzako (Berritzegune) zentroetako eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuetako lanpostuak estaltzeko. Deialdian ezarriko da zer eskakizun bete behar diren postu bakoitza eskuratzeko, dagokion Lanpostuen Zerrendan xedatutakoari jarraiki.

Deialdi horietan parte hartzen duten hautagaiek, eskakizun guztiak betetzen badituzte eta ez bazaie aldi baterako lanpostu bat esleitu, deitutako postuetan aldi baterako beharrak asetzeko zerrenda espezifiko batean sartuko dira, deialdiak horretarako ezarriko dituen baldintzetan eta denboran zehar.

Urtero, ikasturte bakoitza amaitu baino lehen, zerrendetako hautagaien merezimenduak birbarematuko dira ofizioz, agindu honetan xedatutako irizpideei jarraiki.

www.hezkuntza.net web-orrian, irakaslegunea ingurunean eta prentsan iragarriko da prozesu hori.Epe bat jarriko da hautagai bakoitzaren birbarematzeko emaitzei buruzko informazioa eskuratzeko eta erreklamazioak aurkezteko. Epe horretan, pertsona interesdunek aukerak aldatu ahal izango dituzte, merezimendu berriak alegatu eta lehen aurkeztu gabeko dokumentu berriak aurkeztu.

Urteko birbaremazio-prozesuetan egin beharreko aukera-aldaketak eta eskabideak horretarako ezarritako epean egingo dira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak urtero horretarako gaituko duen aplikazio informatikoaren bidez.

Sail honek baliabide telematikoen erabilera gaitu ahal izango du modu esklusiboan, eta kasu horretan nahikoa eta beharrezko baliabide material eta giza baliabide jarriko ditu hautagaien esku. Prozedura horiek ondo gauzatzeko, hautagaiek aplikazio informatikoetan sartu beharko dute, hautagaiaren erabiltzailea eta pasahitza erabiliz. Pasahitzik ez badute, berri bat eskuratu ahal izango dute www.irakasle.net-en, «pasahitza berreskuratu» aukeraren bidez.

Dokumentazio berria Hezkuntzako lurralde-ordezkaritza batera soilik zuzendutako eskabide baten bidez aurkeztuko da, prozesuaren iragarkian ezarritako epearen barruan, eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzeko agiriak eta baremorako alegatutako merezimenduen ziurtagiriak ere aurkeztuko dira horrekin batera.

  1. Behin aldaketak eta eskabide berriak aurkezteko epea amaitutakoan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hautagaien zerrenda berriak argitaratuko ditu behin-behinean, agindu honetan ezarritako irizpideen arabera antolatuta. Zerrenda orokorra eta zerrenda bereiziak, horrelakorik egonez gero, argitaratuko dira www.hezkuntza.net web-orrian eta irakaslegunea ingurunean.

  2. Halaber, beste zerrenda bereizi bat ere argitaratuko da, behin betiko zerrendetatik kanporatu dituzten hautagaiena. Zerrendak garbitzeko prozeduraren emaitzak ere jasoko ditu zerrenda horrek.

  3. Erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira zerrenda horien kontra, horretarako ezarriko den epean.

  4. Behin erreklamazioak ebatzitakoan, Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak ebazpen bat emango du birbarematze prozesuaren ondoren geratzen diren zerrendak behin betiko onartzeko. Behin-behineko ebazpena bezala argitaratuko da.

  5. Zerrendak behin betiko onartzen dituen ebazpenaren kontra, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari hilabete bateko epean hura argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Hizkuntza-eskakizuna eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa birbarematze-prozesua amaitu eta gero egiaztatu ahal izango da, eta ikasturte-hasierako esleipen-prozesua hasi bitarte eguneratu ahal izango dute zerrenda nagusiko hautagaiek, 2011ko uztailaren 15eko Aginduak, prozesu hori arautzen duenak, xedatutakoaren arabera. Zerrenda osagarrietako hautagaiek hurrengo birbarematze-prozesura arte itxaron beharko dute hizkuntza-eskakizuna eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa alegatzeko.

  1. Urteroko birbarematze-prozesuan, hautapen-prozesuen ondorioz zerrenda bereizian dauden pertsonak zerrenda orokorrean sartuko dira. Zein espezialitatetan gainditu zituzten probak, espezialitate horretan 1. kidetasuna dutela ulertuko da.

    Era berean, zerrenda bereizietan zeuden eta zerrenda orokorrean sartzeko eskakizun guztiak betetzen dituzten pertsonak ere zerrenda orokorrean sartuko dira.

    Azkenik, zerrenda bereizietan dauden eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzen ez duten pertsonak ere zerrenda orokorrean sartuko dira, betiere, lan egin badute eta prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa egiaztatu badute.

    Zerrenda orokorrean sartutako pertsonak haien merezimenduak barematzean eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

  2. Zerrenda bereizietan dauden eta zerrenda orokorrean sartzen ez diren pertsonek dagokion zerrenda bereizian egoten jarraituko dute, eta haien merezimenduen barematzean eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira.

  1. Birbarematze-prozesu bakoitzean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hautagaien zerrendak garbituko ditu, eta honako pertsona hauek kenduko ditu horietatik:

    1. Hizkuntza-eskakizunik edo prestakuntza pedagogikorik eta didaktikorik egiaztatu ez duten pertsonak, hiru ikasturte jarraitutan, garbitzeari dagokion ikasturtea barne, lanik egin ez badute.

    2. Aurreko bost ikasturteetan, garbitzeari dagokion ikasturtea barne, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren zerbitzura lanik egin ez duten pertsonak.

  2. Egingo den denbora-zenbaketan ez dira zenbatuko amatasunagatik edo aitatasunagatik uko egindako, seme edo alaba bat zaintzeko jarduera-eten iragankorreko edo atzerrian GKE baterako zerbitzuak ematen aritzeko aldiak, edo karrerako funtzionarioentzat zerbitzu bereziak aitortzea dakarten egoerak.

Erlijio-zerrendan egoten jarraitu nahi duten hautagaiek dagokien eliza-arduradunaren ziurtagiria aurkeztu beharko dute urteko birbarematze-prozesuan; eskola emateko proposatu behar ditu horrek, eta horretarako prestatuta daudela eta egokiak direla ziurtatu.

Zerrendan erlijio-espezialitatean sartu diren hautagaiek espezialitate horretan jarraituko dute soilik, agindu honetan ezarritako sartzeko sistemen bidez beste espezialitate batean jarduteko gaitzen diren arte.

zerrendetako egoerak

Agindu honetan araututako hautagaien zerrendetan dauden pertsonak honako egoera hauetako batean egongo dira: lanean, lanerako prest edo aldi baterako bajan.

Pertsona bat lanean badago, egoera hori aplikatuko zaio dagoen zerrenda guztietan, eta, beraz, ez diote lan-eskaintzarik igorriko horietatik, 19. artikuluan aurreikusitako egoera gertatzen ez bada behintzat.

Lanerako prest egoeran daude, eta, beraz, lan-eskaintzak jaso ahal izango dituzte, hautagaien zerrendan dauden eta agindu honen aplikazio-eremuan zerbitzu ematen ez dauden hautagaiak, aldi baterako baja-egoeran ez daudenak.

  1. Aldi baterako baja egoerara pasako dira honako egoera hauetako batean daudela egiaztatzen duten pertsonak:

    1. Gaixotasun arruntetik edo lanekoa ez den istriputik datorren aldi baterako ezintasuna.

    2. Lan-istriputik eta lanbide-gaixotasunetik datorren aldi baterako ezintasuna.

    3. Haurdunaldian arriskuan izatea edo arriskuko haurdunaldia izatea; behar den moduan egiaztatu beharko da.

    4. Amatasuna, adopzioa eta harrera: ama bada, haurdunaldiko zazpigarren hilaren eta erditu ondorengo hemezortzigarren astearen artean. Aldi hori hogeigarren astera artekoa izan daiteke, semeak edo alabak ezgaitasunik izanez gero, eta erditze multipleetan seme edo alaba bakoitzarengatik, bigarrenetik aurrera.

      Aurrekoa horrela izanik ere, erditu ondoren amarentzat nahitaezko atsedenerako diren hurrengo asteak kenduta, bi gurasoak lanean ari badira, bikotekidea aldi baterako bajako egoerara pasa daiteke amak hari dagokionetik lagatako aldian. Baja-aldiak une berean izanez gero, horien baturak ezingo ditu gainditu aurreikusitako hemezortzi asteak edo erditze multipleari dagozkionak.

      Jaioberria jaio denetik gehienez 30 eguneko epean ospitaleratu egiten badute, gehitutako aldian amatasunagatiko aldi baterako baja onartuko da, haurra ospitaleratuta dagoen artean, 13 astez gehienez.

      Ama hilez gero, aita aldi baterako bajara pasa ahal izango da lehen esandako aldian edo horretatik geratzen den aldian zehar.

      Adingabeen adopzioetan edo familia-harreretan, bai adopzio aurreko egoeran bai iraunkorrean, emakume hautagaia aldi baterako bajako egoerara pasa daiteke hemezortzi aste jarraitutarako; adingabea ezgaitua bada beste bi astez luza daiteke, eta beste bi aste gehiago seme edo alabako, adopzio edo harrera multiplea bada.

      Aldi hori, interesdunak hautatuta, harreraren erabaki administratibo edo judizialetik aurrera zein adopzioa eratzen duen ebazpen judizialetik aurrera zenbatuko da. Aitak eta amak lan egiten badute, bi interesdunek aukeratu bezala banatuko da baimena, eta aldi berean edo segidan har dezakete, beti aldi jarraituetan.

      Haurra atzerrian adoptatuz gero, gurasoek adoptatu nahi duten haurraren jaioterrira joan behar badute aurrez, adopzioa eratzen duen ebazpena eman baino lau aste lehenago ere hasi ahal izango da aldi baterako baja.

    5. Aitatasuna: seme edo alaba bat jaio, adoptatu edo hartu, harrerako erabaki administratibo edo judiziala hartu edo adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala eman ondorengo 4 asteetan. Arrazoi horrek eragindako aldi baterako bajako aldia aldatu nahi bada gerora, horretarako ezartzen diren legezko xedapen orokorrak bete beharko dira.

    1. Odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko ahaideen gaixotasun larria edo heriotza; aldi baterako baja 3 lanegunekoa izango da gehienez odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko senide bat hilez gero, edo, elkarrekin bizi baziren, baita urrutiagoko mailako odol- edo ezkontza-ahaidetasunekoa hilez gero ere, eta 5 lanegunekoa ezkontideak, mutil-lagunak, neska-lagunak, semeak edo alabak gaixotasun larri justifikatua badu edo hil egin bada. Odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko 2. mailara arteko ahaideen gaixotasun larri justifikatuagatik, edo, elkarrekin bizi badira, baita urrutiagoko mailara arteko ahaideen gaixotasunagatik ere; 2 lanegun gehienez.

      Nolanahi ere, medikuaren ziurtagiri baten bidez egiaztatu beharko da gaixotasuna larria dela. Bi eguneko epe hori hiru egunetara luzatuko da gaixotasun larria edo heriotza bizilekutik 150 km baino gehiagora gertatzen bada.

    2. Norbera ezkontzea edo izatezko bikotea eratzea, maiatzaren 7ko 2/2003 Legeak, izatezko bikoteak arautzen dituenak, jasotako baldintzetan; horretarako, EAEko Izatezko Bikoteen erroldak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko da, baldin eta ezkondu edo erregistroan inskribatu aurreko edo ondorengo hogei egun naturaletan gertatzen bada aldi baterako baja.

    3. Askatasuna kentzea, kondena-epaia ematen ez den arte.

      1. Hezkuntza Sailak, IVAPek edo MEk edo beste autonomia-erkidegoetako hezkuntza-administrazioek antolatutako ikastaroetan parte hartzea.

        1. Ikasketa-beka baten edo hezkuntza-sistemarekin zuzenean lotutako beka baten onuradun izatea.

        2. Ikasketa ofizialetan eta/edo praktiketan aritzea. Ikasketa ofizialak badira, ikasturte osoan zehar aplika daiteke aldi baterako baja eta matrikularen bidez egiaztatu beharko da. Praktikak badira, praktikek dirauten bitartean aplikatuko da aldi baterako bajako egoera, eta ziurtagirian zehaztu beharko da horien iraupena.

        1. Edozein motatako lan-kontratua izatea, herri-administrazio batek izendatu izatea edo Gizarte Segurantzan autonomo gisa altan egotea. Halakoetan, merezimenduen baremoaren 3. artikuluan eskatzen diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

        2. Atzerrian GKE bati zerbitzu ematen egotea.

        3. Karrerako funtzionarioei zerbitzu bereziak aitortzea dakarren egoeraren batean egotea.

        4. Genero-indarkeriaren, terrorismoaren, jazarpenaren edo beste indarkeria-mota baten biktima izatea; egiaztatu egin beharko da.

        5. Ahalmeneko protokoloa behin-behineko kalifikazioarekin ebaztea.

  2. Aldi baterako bajako egoeran egoteko, hori eragin duen arrazoia egiaztatu behar da hamar eguneko epean, eta ezingo da egoera bakoitzerako ezarritako aldia gainditu.

  3. Aldi baterako baja eragin duen arrazoia amaitzen bada, edo, borondatezko egoera bat bada, amaitu baino lehen, hautagaiak egiaztatzeko moduan jakinarazi beharko dio dagokien lurralde-ordezkaritzetako bati (zer zerrendetan dagoen, horiei dagozkien lurralde-eremuetakoei), aldi baterako baja eragin zuen arrazoia amaitu dela, eta behar den bezala egiaztatu beharko du, edo haren borondatez lanerako prest egoerara pasatzea eska dezake bestela. Egoera amaitzen denetik hamar eguneko epean ez badu hori jakinarazten, zerrendetatik kanporatuko da.

    Aldi baterako bajako arrazoia amaitutakoan, hautagaia lanerako prest egoerara pasako da, beste egoeraren batean geratzea ez badagokio behintzat.

  4. Aldi baterako bajako egoeran duden pertsonek ez dute lan-eskaintzarik jasoko aldi horretan zehar, 37. artikuluan aurreikusitako egoeretan salbu.

  5. Hautagai bat aldi baterako bajan badago, egoera hori aplikatuko da dagoen zerrenda guztietan.

Jarduera-eten iragankorreko egoerara pasako dira seme-alabak zaintzeko hori eskatzen duten pertsonak, horiek hiru urte bete arte gehienez.

Behin bakarrik eska daiteke. Ezin izango da aldi horretan ordaindutako beste edozein jarduera gauzatu edo langabeziagatik edonolako prestaziorik edo laguntzarik jaso.

Hori eskatzen duen pertsonak hautagaien zerrendan egoten jarraituko du, eta haren erreferentziazko lanpostura edo lanerako prest egoerara itzuli beharko du nahitaez haren semeak edo alabak hiru urte betetakoan; lehenago ere itzuli ahal izango da.

  1. Lurralde-ordezkaritza bati jakinarazten badiote lanpostu bat aldi baterako estaltzeko beharra dagoela, une horretan honako baldintza guztiak betetzen dituen pertsonari eskainiko zaio hori:

    1. Lanpostuari dagokion mailako eta espezialitateko eta zonaldeko/lurraldeko zerrenda batean egotea.

    2. Lana gauzatzeko behar diren aukerak hautatuta agertzea zerrendan.

    3. Lanerako prest egoeran egotea, edo 37. artikuluan jasotako egoera espezifikoetako batean.

    4. Posizio hoberenean egotea agindu honek zerrenda orokorra eta zerrenda bereiziak eta horietako pertsonak ordenatzeko ezartzen dituen irizpideei jarraiki.

  2. Irakasleen ohiko lanaldi osoaren heren bat baino irakastordu gutxiago dituzten lanpostuak ikastetxeak osatuko ditu muga horretaraino, eta horixe joko da eskain daitekeen minimotzat.

  3. Nahitaezkotasun-data iraungita duten 2. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hori egiaztatuta duten eta eman nahi den hizkuntza-eskakizunean hori hautatuta duten pertsonei eskainiko zaizkie.

    Nahitaezkotasun-data iraungita duten 1. hizkuntza-eskakizuneko lanpostuak hori egiaztatuta duten eta eman nahi den hizkuntza-eskakizunean hori hautatuta duten pertsonei eskainiko zaizkie.

    Nahitaezkotasun-data geroratuta duten lanpostuak zerrendako pertsona guztiei eskainiko zaizkie.

  4. Eskakizun guztiak betetzen dituen eskatzailerik ez badago soilik egingo zaie nahitaezkotasun geroratuko hizkuntza-eskakizuneko postuak aldi baterako estaltzeko lehenengo deia zerrendan euskara-eskakizuna egiaztatu gabe sartu diren pertsonei.

  5. Eskakizun guztiak betetzen dituen eskatzailerik ez badago soilik egingo zaie aldi baterako lanpostuak estaltzeko lehenengo deia zerrendan prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa dutela egiaztatu gabe sartu diren pertsonei.

  6. Espezialitate jakin bateko eta nahitaezkotasun geroratuko lanpostuak betetzeko baldintza guztiak betetzen dituen nahikoa pertsona ez dagoela eta, hizkuntza-eskakizunaren edo prestakuntza pedagogiko eta didaktikoaren baldintza betetzen ez duten langileengana jo behar bada, eskatutako prestakuntza pedagogiko eta didaktikoa egiaztatzen dutenek izango dute lehentasuna.

  7. Zonalde jakin bateko beharra ezin bada bete zerrendan dauden pertsonekin, lurraldean lanerako prest dauden pertsonen zerrendara joko da, eta 5. artikuluan ezarritako zerrenden lehentasuna kontuan hartuko da.

  1. Natura-zientzietako lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak, Bigarren Hezkuntzako Fisika eta Kimika eta Biologia eta Geologia espezialitateetako zerrendetako pertsonei ere eskainiko zaizkie berdin-berdin, agindu honetan araututako baremoak ezarritako ordenaren arabera.

  2. Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia espezialitateko lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak, Bigarren Hezkuntzako Geografia eta Historia espezialitateko zerrendetako pertsonekin beteko dira.

  3. Hezkuntza Plastikoa eta Bisuala espezialitateko lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoak, Bigarren Hezkuntzako Marrazketa espezialitateko zerrendetako pertsonekin beteko dira.

  4. Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoko espezialitateetako lanpostuak, Zereginen Ikaskuntza Geletakoak, Lanbide Heziketako mailako zerrendetako pertsonek beteko dituzte, postuaren profilari dagokion espezialitatekoek. Hautagaiak erabakiko du postua hartu nahi duen edo ez.

  5. Pedagogia Terapeutikoa eta Entzumena eta Hizkuntza espezialitateko lanpostuak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak edo Helduen Hezkuntzakoak, bai eta Zereginen Ikaskuntza Geletakoak ere, Haur eta Lehen Hezkuntzako zerrendetan espezialitate horretan izena emanda dauden pertsonekin beteko dira.

  6. Helduen Hezkuntzako Maisu Maistren Kidegoko lanpostuak Haur eta Lehen Hezkuntzako zerrendetan dauden pertsonekin beteko dira honela: Ingeleseko postuak Ingelesa espezialitatekoek; Frantseseko postuak Frantsesa espezialitatekoek; Matematikako, Gizarte Zientzietako eta Hasierako Irakaskuntzetako postuak Lehen Hezkuntza espezialitatekoek.

  7. Hirugarren Xedapen Gehigarrian aipatzen den zerrenda sortu arte, Hizkuntza Laguntzako Irakasleak espezialitateko lanpostuak, Bigarren Hezkuntzakoak, berdin-berdin eskainiko zaizkie Bigarren Hezkuntzan honako espezialitate hauetako zerrendetan dauden pertsonei: Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Euskal Literatura, Geografia eta Historia, Latina, Grekoa, Ingelesa, Frantsesa, Alemana eta Filosofia. Agindu honetan araututako baremoaren arabera ordenatuko dira. Zerrenda sortu arte bakoitzak erabakiko du postu hori bete nahi duen edo ez.

  8. Hirugarren Xedapen Gehigarrian aipatzen den zerrenda sortu arte, Hizkuntza Laguntzako Irakasleak espezialitateko lanpostuak, Haur eta Lehen Hezkuntzakoak, 2. hizkuntza-eskakizuna (2HE) edo baliokidea egiaztatu duten Lehen Hezkuntza espezialitatekoei eskainiko zaizkie. Zerrenda sortu arte bakoitzak erabakiko du postu hori bete nahi duen edo ez.

  9. Hirugarren Xedapen Gehigarrian aipatzen den zerrenda sortu arte, Kultura Klasikoko lanpostuak Bigarren Hezkuntzako Latina eta Grekoa espezialitateetako zerrendetako pertsonei ere eskainiko zaizkie berdin-berdin, agindu honetan araututako baremoak ezarritako ordenaren arabera. Zerrenda sortu arte bakoitzak erabakiko du postu hori bete nahi duen edo ez.

Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berrikuntzako (Berritzegune) zentroetako eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuetako aldi baterako lanpostuak horiek betetzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonei eskainiko zaizkie, honako ordena honi jarraiki:

Lehenbizi, dagokion postuan aldi baterako beharra asetzeko zerrenda espezifikoan daudenei, 19. artikuluaren arabera eratutakoari. Pertsona horiek beste irakaskuntza-postu batzuetan lanean badaude, daukaten izendapenari uko egin ahal izango diote dagokion zerrendatik atera gabe.

Jarraian, lehenago antzeko posturen batean lan egin dutenei, dagokion zerrendan duten ordenaren arabera. Langile horiek deitzeko, lurraldeko aukerak besterik ez dira kontuan izango. Bakoitzak erabakiko du esleipena nahi duen edo ez.

Azkenik, zerrenda orokorretako hautagaiei, dagokien zerrendan duten hurrenkeraren arabera. Langile horiek deitzeko, lurraldeko aukerak besterik ez dira kontuan izango. Bakoitzak erabakiko du esleipena nahi duen edo ez.

Zailtasun edo interes bereziko postutzat jotakoak aldi baterako horiek estaltzeko eskakizunak betetzen dituzten pertsonei eskainiko zaizkie, egoera bakoitzari dagokion espezialitateko zerrendetakoak barne. Bakoitzak erabakiko du esleipena nahi duen edo ez.

  1. Pertsona batek ordezkapen bat egin badu, eta 10 irakastegun iragan baino lehen irakasle bera ordezkatu beharra sortzen bada eta ikastetxeak horrela jakinarazten badio dagokion lurralde-ordezkaritzari, arestiko ordezkapena egiten aritu zen hautagaiak egingo du ordezkapen hori, egiteko moduan badago.

  2. Pertsona bat lanaldi osoko ordezkapen bat egiten ari bada, eta postuaren titularra lanaldi murriztuarekin itzultzen bada lanera, ordezkapena egiten ari zen pertsonak jarraitu beharko du ordezkapena egiten lanaldi murriztuko aukera hautatu bazuen; bestela, berak erabakiko du lanaldi murriztuarekin jarraitu nahi duen edo ez.

  3. Pertsona bat lanaldi murriztuko postu bat estaltzen ari bada, eta hori lanaldi osoko postu bihurtzen bada edozein arrazoi dela eta, lanaldi partzialean izendatuta zegoen pertsonak jarraituko du lanaldi osoko postuarekin, lanaldi osorako puntuazio hobea duten pertsonak badaude ere, lanaldi osoko aukera hautatu bazuen; bestela, berak erabakiko du postuarekin jarraitu edo ez.

  4. Hautagai bat lanaldi murriztuko ordezkapena egiten ari bada, eta ikastetxe berean lanaldi murriztuko beste ordezkapen bat egiteko premia sortzen bada eta ikastetxeak dagokion lurralde-ordezkaritzari horrela jakinarazi badio, hautagai horrek lehentasuna izango du ordezkapen hori egiteko, puntuazio handiagoa duten hautagairik badago ere, zerrendan 1. kidetasunarekin baldin badago, eta ordutegi-bateragarritasuna badu.

  1. Lan-istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden hautagaiei, eta amatasun-egoeran daudenei, haurdunaldian arriskua dutenei eta arriskuko haurdunaldia dutenei, edo adopzioagatik edo harreragatik aldi baterako bajako egoeran daudenei, egoera horretan egongo ez balira bezala deituko zaie, eta eskainiko zaien ordezkapenaren iraunaldia emandako zerbitzuko alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeari eta udako ordainketak jasotzeko zenbaketa egiteari dagokionez bakarrik. Baremorako kontuan hartutako zerbitzu-aldi horrek ez du eraginik izango antzinatasuna izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

    Ikasturte-hasierako esleipenean ere lanpostua hauta dezakete, eta ordezkapen-aldia zerbitzu-alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeko soilik.

  2. Semeak edo alabak 3 urte bete arte zaintzeagatik jarduera-eten iragankorra eskatu duten hautagaiei, edo karrerako funtzionarioei zerbitzu bereziak aitortzea dakarren egoeraren batean daudenei, egoera horretan egongo ez balira bezala deituko zaie, eta eskainiko zaien ordezkapenaren iraunaldia emandako zerbitzuko alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeari dagokionez bakarrik. Baremorako kontuan hartutako zerbitzu-aldi horrek ez du eraginik izango antzinatasuna izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.

    Ikasturte-hasierako esleipenean ere lanpostua hauta dezakete, eta ordezkapen-aldia zerbitzu-alditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeko soilik.

  3. Ikasturte-hasierako esleipenean hautatutako lanpostua ikasturte osorako bada, artikulu honen 1. eta 2. ataletan jasotako egoeretan dauden hautagaiak esleitutako lanpostuan has daitezke egoera hori eragin duen gertaera amaitutakoan.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, aurrez alde sindikalarekin negoziatuta, zerrenden funtzionamendu orokorraren alderdi jakin batzuk alda ditzake, kudeaketa hori gerora bitarteko informatikoekin egin ahal izate aldera.

Prozedura informatiko horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak borondatez eskatu dutenen artean eskubide gehien duen hautagaiari eskainiko dizkio lanpostuak, baldintza guztiak betetzen baditu eta lanerako prest badago.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskaini dituen lanpostu guztiak betetzen ez badira, administrazioak ofizioz esleituko ditu bete beharreko postuak baldintzak betetzen dituzten eta lanerako prest dauden langileen artean, dagokien zerrendan duten posizio erlatiboaren kontrako hurrenkeran.

Eskainitako lanpostu hutsak esleitutakoan, egindako esleipenak argitaratuko ditu sailak eta izendapena egiaztatzen duen jakinarazpen telematikoa igorriko die hautagaiari eta dagokion ikastetxeari.

UKO EGITEA, IZEDATZEA EDO KONTRATATZEA ETA postua UZTEA

Agindu honen esparruan lanpostu bat estaltzeko aukera eskaini bazaio pertsona bati, izendapena edo kontratazioa onartu eta zerbitzu emateko betebeharra du horrek; salbuespen gisa, hurrengo artikuluan jasotzen dira modu arrazoituan uko egitea eragin dezaketen egoerak.

  1. Egindako eskaintzari uko egiteko arrazoi gisa onartuko dira honako hauek, betiere, eskaintza egiten den unean espresuki jakinarazten badira:

    1. Zerrendetan aldi baterako bajan egoteko kontuan hartutako egoeretako batean egotea. Hori alegatzen duen pertsona aldi baterako bajako egoerara pasako da zerrenda guztietan behar den denboraz, betiere, uko egin eta hiru eguneko epean egoera hori eragin duen arrazoia egiaztatzen badu; bestela, zerrendetatik kanporatuko dute.

    2. Borondatezko esleipeneko postu gisa sailkatutako lanpostu bat izatea.

  2. Honako arrazoi hauek ere onartuko dira:

    1. Hautagaiak uko egitea, ezaugarri jakin batzuk dituzten postuak betetzeko gai ez dela uste duelako, agindu honetan ezarritako protokoloari jarraiki. Behin postua esleitutakoan, 15 egun naturaleko epean uko egin ahal izango zaio, eta, hortik aurrera, pertsona horri ez diote berriz deituko antzeko ezaugarriak dituzten postuetarako.

    2. Hautagaiak uko egitea, eskaini zaion lanpostuaren zereginak betetzea eragozten dion minusbaliotasun fisikoren bat duelako. Behar bezala egiaztatu beharko da egoera hori.

  3. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2011ko uztailaren 15ean emandako aginduan adierazten diren epe eta baldintzak bete beharko dira ikasturte-hasierako esleipen-prozeduran uko egiteko arrazoiak alegatzeko; izan ere, agindu horren bidez arautzen da ikasturte-hasierako esleipen-prozesua, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten lagunei eta irakasleen ordezko izateko hautagaien zerrendako kideei dagokienez.

  1. Behin eskaintza onartutakoan, pertsona hori izendatu edo kontratatuko da, dagokion ondorio-datarekin, eta izendatutako pertsona lanean egoerara pasako da ondorio guztietarako. 37. artikuluan araututako egoeretan, eskaintza onartzeak artikuluan ezartzen diren ondorio guztiak ekarriko ditu.

  2. Irakasle-lanpostuak betetzeko izendapenak horiek egin diren ikasturtea amaitu artekoak izango dira gehienez, egun horren aurretik izendapena eragin zuen arrazoia desagertzen ez bada eta, nolanahi ere, hori sortu zuten premiazko edo beharrezko arrazoiak desagertzen ez badira.

  3. Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berrikuntzako (Berritzegune) zentroetako eta irakaskuntza-laguntzako beste zerbitzu batzuetako lanpostuak badira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hurrengo ikasturterako ere luza dezake hautagaiaren izendapena, betiere, hala adierazi bazuen postu horiek aldi baterako estaltzeko deialdi espezifikoak.

  4. Erlijioko irakasleen aldi baterako ordezkapenetarako lan-kontratuak horien titularra itzuli arte luzatuko dira. Gainerako egoeretan, dagokion ikasturtea amaitu bitartekoak izango dira gehienez, edo, hala badagokio, ezartzen den prozeduraren bidez arauz estaltzen diren arte. Hori guztia indarrean den lan-araudian kontratua amaitzeko arrazoi gisa ezarritakoaren kaltetan izan gabe.

  5. Izendatutako edo kontratatutako pertsonek bete duten postuari eta lanaldiari dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.

  1. Zerbitzu emateari utziz gero, hautagaia lanerako prest egoeran jarriko da berehala dagoen zerrenda guztietan, eta izendatu edo kontratatu zutenean zuen puntuazio bera izango du, urteko birbarematze-prozesu bat egin ez bada behintzat; egin bada, zerrendak aztertu eta prozesu horretan ateratako emaitzak aplikatuko dira.

  2. Hautagaiak ordezkapena amaitutakoan, dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzari jakinarazi beharko dio. Idatziz jakinarazi beharko dio derrigorrean, beste bide batzuetatik ere jakinarazten badio ere.

iraungitzea eta zerrendetatik kanporatzea

  1. Hautagaien zerrendak hautagairik ez dagoelako iraungiko dira, edo arau bat aplikatzeak dakartzan ondorioengatik.

  2. Agindu honetan adierazten den eran, zerrendak iraungitzen badira, Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak espresuki aitortu beharko du hori ebazpen baten bidez, eta www.hezkuntza.net web-orrian eta irakaslegunea ingurunean argitaratuko da ebazpen hori.

  1. Zerrendatik kanporatzeko arrazoi izango dira honako hauek:

    1. Hautagaiak zerrenda batean egoteari uko egitea haren borondatez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak onartzen duen unetik.

    2. Euskal Autonomia Erkidegoko irakasle-kidego batean karrerako funtzionario izendatua izatea, kidego horri dagozkion espezialitateetarako; beste kidego batzuetako zerrendetan jarrai dezake halere.

    3. Nahitaezko erretiroko adinera iritsi izatea. Arrazoi hori ez da aplikatuko hautagaiak adin hori betetzen duen ikasturterako birbarematze-prozesuan aktibo egotea eskatu badu eta, gainera, adin hori betetzen duen egunetik aurrera izendapen jarraituak baditu. 70 urte betetzen dituen hautagaiak inola ere ezin izango du aktibo egoten jarraitu.

    4. Agindu honetan xedatutakoari jarraiki zerbitzu emateko deitu badiote hautagai bati, eskaintzari uko egin izatea, 40. artikuluari jarraiki uko egiteko onartzen diren egoeretako batean ez badago behintzat.

    5. Uko egiteko arrazoiak ez alegatzea eta egiaztatzea agindu honetan ezarritako epe eta baldintzetan, edo, hala badagokio, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren uztailaren 15eko aginduan, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautzen duenean, aurreikusitako epe eta baldintzetan.

    6. Esleitutako lanpostua ez betetzea, edo zerbitzu emateari uztea behar bezala arrazoitutako arrazoirik gabe.

    7. Diziplina-espediente bati jarraiki, zehapena jaso izana, hutsegite larri edo oso larri bategatik.

    8. Eginkizun arruntak gauzatzeko gaitasun-falta nabaria izatea, 45. artikuluan ezarritako protokoloaren ebazpenean behin betikotzat jotakoa.

    9. Agindu honek zerrendak garbitzeko aurreikusten dituen egoeretako batean egotea.

  2. Kanporatutako pertsonak zerrendetan sartu ahal izango dira berriz agindu honetan zerrendak irekitzeko aurreikusten diren prozeduretako batean parte hartuz, horietan parte hartzeko eskakizunak betetzen badituzte, edo aurreko ataleko h) idatzi-zatian azaldutako egoeran ez badaude.

    Hala eta guztiz ere, d), e) eta f) idatzi-zatietan aipatutako arrazoiengatik kanporatu dituzten pertsonek ezin izango dute zerrendetan sartu kanporatuak izan diren ikasturtean, ez eta hurrengoan ere.

    d), e) eta f) idatzi-zatietan aipatutako egoeretan, lurralde-ordezkaritzak jakinarazpen bat igorriko dio pertsona interesdunari, eta bertan jasoko da lanpostua eskaini ziotela horri uko egin ziola eta, beraz, zerrendatik kanporatu dutela.

  1. 2/1993 Legearen, otsailaren 19koaren, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzkoaren, 25. artikuluak, haren 3. atalean aurreikusten du langile funtzionarioak gerora sortutako arrazoiengatik lanpostutik kentzeko prozedura; pertsona horrek postuari dagozkion eginkizunak eraginkortasunez egitea eragozten duen gaitasun-faltarekin lotuta daude, batez ere, arrazoi horiek.

    Lege horri jarraiki, bitarteko funtzionarioei edo ordezko bitarteko funtzionarioei dagokienez, haien izendapenaren berezitasunen arabera, jarduera-protokolo hau ezarri behar da, eta, horretarako, dagokion espedientea hasi beharko da nahitaez, bai eta, hala badagokio, langileen ordezkari den organoari txostena igorri ere, adierazten den moduan.

  2. Behin aurretiazko jarduerak egindakoan, langilea haren eginkizun arruntak egiteko gai ez dela uste bada, Langileriaren Kudeaketa Zuzendariak prozedura bat hasiko du ebazpen baten bidez, eta Hezkuntza Ikuskaritzako kide bat izendatuko du horren instrukzioa egiteko; gainera, espresuki adieraziko du zer ondorio sor daitezken.

  3. Prozedura horren xede den alderdiak hari komeni zaizkion frogak aurkezteko eskubidea duela bermatu beharko da, bai eta 30/1992 Legearen, herri-administrazioaren araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzkoaren, 84. artikuluan aurreikusten duen entzunaldi-izapidea egitekoa ere. Halaber, Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzak alegazio-izapidea emango dio alderi sozialari.

  4. Protokoloa hasi baino lehenagoko edo hasitakoan egindako jardueretan, egoerak hala aholkatzen badu, Hezkuntzako Ikuskaritzak hautagaia kautelaz eginkizun-gabetzea proposa dezake protokoloa amaitu arte. Eginkizunez gabetuta dagoen bitartean (inoiz ez sei hiletik gora), hautagaiak oinarrizko ordainsariak osorik jasotzen jarraituko du. Behin-behineko etendura irmo egiten denean, funtzionarioak etenduran zehar jasotakoa itzuli beharko du. Behin-behineko etendura hori zehapen irmo bihurtzen ez bada, administrazioak funtzionarioari zor dion aldea eman beharko dio, hau da, benetan jasotakoaren eta eskubide guztien jabe izanda jaso behar izango zuen kopuruaren arteko aldea, alegia. Edonola ere, apirilaren 12ko 7/2007 Legearen, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoaren, 98. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

  5. Instrukzioak behar diren jarduerak gauzatuko ditu prozedura ebazteko oinarri izango diren datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko, eta beharrezko irizten dituen txostenak eskatuko ditu; adibidez, komenigarri irizten badu, dagokion pertsonaren mediku-azterketa bat eska dezake, eta Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzako mediku-zerbitzuaren bidez izapidetu beharko da hori.

  6. Instrukzioa egingo duen pertsonak Langileriaren Kudeaketa Zuzendariari aurkeztuko dio proposamena, eta hark amaituko du prozedura ebazpen baten bidez. Langile bat haren eginkizun arrutak gauzatzeko gai ez dela egiaztatzen bada, zerrendetatik kanporatu ahal izango da, edo aldi baterako bajako egoeran jarri, denbora tarte baten ostean haren eginkizunetara itzuliko dela aurreikusten bada.

  7. Aldi baterako baja ematen badiote, adierazi beharko da zein diren egoera hori eragin duten baldintzak edo arrazoiak, zenbat denboraz iraungo duen egoera horrek eta zer jarraipen edo ondorengo azterketa egingo den gerora eginkizunetara itzuli behar den edo behin betiko kanporatu behar den erabakitzeko.

  8. Langilea kanporatu egin behar dela ezartzen badu Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzaren ebazpenak, izendapena edo indarrean dagoen kontratua ezeztatzea ekarriko du horrek.

  9. Jarduera-protokoloaren oinarri izango dira, otsailaren 19ko 2/1993 Legeaz, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleek kidegoei buruzkoaz, gainera, apirilaren 12ko 7/2007 Legea, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzkoa, 6/1989 Legea, Euskal Funtzio Publikoarena, eta diziplina-erregimenaren arloan aplikatzeko diren gainerako arau guztiak.

  1. Ikastetxeetako langileria osatzerakoan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak lanpostu jakin batean eman beharreko curriculum-eduki espezifikoari buruzko informazioa eman ahal izango du, eta gerta daiteke postu hori betetzeko langile-profil berezi bat eduki behar izatea.

  2. Postu horiek eskaintzen direnean, hezkuntza-administrazioak curriculum-eduki horren inguruan eskuragarri dagoen informazio guztia emango du.

    Lanbide Heziketako lanpostuak badira, horiek osatzen dituzten lanbide-moduluen eta heziketa-zikloen izena ere adieraziko du. Eskaintzen den lanpostuaren profila osatzen duten lanbide-moduluekin lotutako gaitasunei buruzko informazioa ere emango die hautagaiei.

    Lanpostua esleitu ondoren, ikastetxeak ezin izango du lanpostuaren berariazko profil hori aldatu, eta hasieran zehaztutakoari eutsiko zaio.

  3. Ikastetxeko zuzendaritzaren iritziz hautagaiak lanpostua betetzeko gaitasunik ez badu, honela jokatuko da:

    1. Ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Ikuskaritzari eskatuko dio azter dezala hautagaiak berariazko irakaskuntza-gaitasun hori duen ala ez. Ikuskariak, halaber, ikastetxeaz kanpoko aditu baten iritzia eska dezake.

    2. Prozedura horren xede den alderdiak hari komeni zaizkion frogak aurkezteko eskubidea duela bermatu beharko da, bai eta 30/1992 Legearen, herri-administrazioaren araubide juridikoari eta administrazio-prozedura erkideari buruzkoaren, 84. artikuluan aurreikusten duen entzunaldi-izapidea egitekoa ere. Halaber, Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzak alegazio-izapidea emango dio alderi sozialari.

    3. Hezkuntza Ikuskaritzak Langileriaren Kudeaketa Zuzendaritzari aurkeztuko dio haren proposamena, eta eskabideak oinarririk ez duen edo hautagaia postutik kendu beharra dagoen adieraziko du.

  4. Lanpostua esleitu zaion hautagaiak ikastetxean agertu, eta eman zaion zeregina betetzeko gai ez dela adierazten badu, uko egiteko eskaria egin diezaioke Hezkuntzako Ikuskaritzari. Aurreko atalean xedatutakoari jarraiki izapidetuko da eskari hori.

  5. Hautagaia postutik kenduz gero, ez diote berriz deituko antzeko ezaugarriak dituen postu bat betetzeko; halere, beste profil espezifiko bat duten postuak estaltzeko dei diezaiokete gerora.

Lehenengoa. Ikasturte hasieran postuak esleitzea.

Ikasturte hasieran zerrendako lagunei lanpostuak esleitzeko, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2011ko uztailaren 15ean emandako aginduan aurreikusitakoa beteko da; agindu horren bidez, ikasturte-hasierako esleipen-prozesua arautu zuen, irakasleen kidegoetan sartzeko edo kidego horietara heltzeko prozesuetako praktikaldia egin behar duten lagunentzat eta irakasleen ordezkogaien zerrendako kideentzat.

Bigarrena. Zerrendetan sartzeko eta horietan mantentzeko baldintzak aldatzea.

Ordezkapenak egiteko hautagaien zerrendan dauden pertsonak, agindu hau indarrean jartzean, zerrenda horretan geldituko dira, eta urteko birbarematze-prozesuen ondoren egingo diren zerrendetan ere bai, agindu honek zerrendetan sartzeko baldintzetan egiten dituen aldaketak gorabehera, laugarren xedapen gehigarrian agindutakorako izan ezik. Edonola ere, agindu honen I. eranskinean jasotako baremoa aplikatuko zaie.

Edozein egoera dela-eta, espezialitatea galtzen dutenak, agindu honetan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen badituzte soilik itzuli ahal izango dira espezialitate horretara.

Hirugarrena. Hizkuntza Laguntzako eta Kultura Klasikoko irakasleen zerrendak sortzea.

Agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera deituko den birbarematze-prozesuan, honako zerrenda hauek sortuko dira:

  1. Bigarren Hezkuntzako Hizkuntza Laguntzako Irakasleak (HLI); Bigarren Hezkuntzan honako espezialitate hauetako zerrendetan dauden pertsonak bilduko ditu: Gaztelania eta Literatura, Euskara eta Euskal Literatura, Geografia eta Historia, Latina, Grekoa, Ingelesa, Frantsesa, Alemana eta Filosofia.

  1. Haur eta Lehen Hezkuntzako Hizkuntza Laguntza Irakasleak (HLI); bertan, Lehen Hezkuntzako espezialitateko zerrendako hautagaiak sartuko dira, 2. hizkuntza-eskakizuna (2. HE) edo baliokidea egiaztatu dutenak.

  2. Bigarren Hezkuntzako Kultura Klasikoa, Bigarren Hezkuntzako Latineko eta Grekoko espezialitateetako zerrendetako hautagaiak biltzen dituena.

    Zerrenda horietako hautagaiek ez badute zerrenda horietan jarraitu nahi, hori adierazi beharko dute aipatutako birbarematze-prozesuan, aukerak aldatzeko ezartzen den epean.

    Laugarrena. Arte Plastikoetako eta Diseinuko zerrendak berrantolatzea.

    Hona hemen Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzen egitura berria:

    1. Bigarren Hezkuntza, Hizkuntzen eta Arteen Irakaskuntzak.

    1. Honako zerrenda hauek kentzen dira:

      786 - Zeramika-apainketaren teknikak

      787 - Proiektuen tailerra

      788 - Eraikuntza-tailerrak

      790 - Tailerra

      1786- Kimika aplikatua

    2. Honako zerrenda hauek sortzen dira, III. eranskinean azaltzen diren titulazio-baldintzekin:

      1607 - Marrazketa artistikoa eta kolorea

      1608 - Marrazketa teknikoa

      1621 - Ikus-entzunezko baliabideak

      1623 - Industria-antolakuntza eta -legeria

      1625 - Bolumena

    3. Espezialitate zaharretako zerrendak berrietakoetara egokitzen dira, III. eranskinean azaltzen diren titulazio-baldintzekin:

      (Ikus .PDF)

      Zerrenda berrietan espezialitate zaharretako zerrendetako hautagaiak sartzeko, beharrezkoa izango da agindu honetan baldintza modura ezartzen den titulazioa izatea edo agindu hau indarrean sartu baino lehenago nor bere espezialitatean lanean aritu izana.

    4. Honako zerrenda hauetako baldintzak aldatzen dira, III. eranskinean adierazitakoaren arabera:

      1702 Artearen historia

      1729 Argazkigintza

      Zerrenda berrietan hautagaiak mantentzeko, beharrezkoa izango da agindu honetan baldintza modura ezartzen den titulazioa izatea edo agindu hau indarrean sartu baino lehenago nor bere espezialitatean lanean aritu izana.

    1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzak (Arte Plastikoetako eta Diseinuko Lantegiko Irakasleen kidegoaren espezialitateak).

      Honako zerrenda hauek sortzen dira, III. eranskinean azaltzen diren titulazio-baldintzekin:

      1658 Argazkigintza eta erreprodukzio-prozesuak

      1659 Modelismoa eta maketagintza

Lehenengoa. Arau hau argitaratu ondorengo lehenengo barematze-prozesua.

Agindu hau argitaratu ondorengo lehenengo birbarematze-prozesutik aurrera aplikatuko dira merezimenduak barematzeko irizpide berriak, agindu honen I. eranskinean jasotakoak.

Bigarrena. Hautagaiek zonaldeak aukeratzea.

Agindu honen 6.c) artikuluan ezarritakoari jarraiki, hautagaiek zonalde batzuk aukeratu ahal izango dituzte aldi baterako ordezkapenak egiteko; aukera horrek, ordea, zerrenda informatikoki kudeatzeko aplikazioak, agindu honen 38. artikuluan aipatzen direnak, ezartzen direnetik aurrera soilik izango ditu ondorioak.

Hala ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak atzeratu egin ahal izango ditu aukera horiek harik eta hautagaien zerrenda birbarematzeko hurrengo prozesua egin arte.

Hirugarrena. Irakasleak erlijioko zerrendetan sartzea.

Agindu hau indarrean sartzen denean dauden erlijioko zerrendetan sartutako hautagaiak agindu honek arautzen dituen zerrendetan ere sartuko dira.

2012ko irailaren 1etik aurrera sartuko dira, eta horretarako, birbarematu egingo dira agindu hau argitaratu ondoren egingo den prozesuan.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langileriaren Kudeaketa zuzendariak 2004ko maiatzaren 26an emandako ebazpena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan ordezkapenak egiteko hautagaien zerrenda kudeatzeko jarraibideak onartu zituena, indargabetzen du Agindu honek.

Lehenengoa. Oposizioko nota.

Uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituenak, 17.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz, LOEren hamazazpigarren xedapen iragankorrean zehaztutako lan-eskaintza publikoen deialdiak amaitu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak kontuan hartuko du baita ere Lan Eskaintza Publikoen inguruan gerora egingo diren hautapen-prozesuetan lortutako nota, baremoko gainerako elementuen artean. Elementu hori baremoan sartzekotan, halakorik egiten bada, Batzorde Paritarioarekin adostu beharko da aurrez.

Bigarrena. Titulazio berriak sartzea.

Agindu honen bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari gaitasuna ematen zaio, premia badago eta dagokion ebazpenaren bidez, ordezkaritza sindikalarekin dagokion negoziazioa egin ondoren, ikasturtean zehar eta bereziki birbarematze-prozesu bakoitza hasi aurretik, taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitzen duten titulazio berriak sartzeko, edo lehendik daudenak aldatzeko, akatsak aurkitzen badira edo dagokion txostenaren ondoren.

Horretarako, batzorde bat eratuko da, egin litezkeen aldaketak ebaluatu, eta proposamenak egiteko. Batzorde hori osatuko dute Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariak, Langileriaren Kudeaketa zuzendariak eta Ikuskari nagusiak, edo horien karguak eskuordetzan hartzen dituztenek.

Hirugarrena. Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko abuztuaren 27a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Gaiarekin lotutako edukiak


Arauaren historia (41)

Arauaren historia

Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.