Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2014ko apirilaren 16koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bitartez bigarrenez aldatzen baita beste agindu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan izan daitezkeen aldi baterako irakasle-beharrizanak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia onartzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 75
- Hurrenkera-zk.: 1825
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2014/04/16
- Argitaratze-data: 2014/04/22
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Funtzio publikoa
Testu legala
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Hezkuntzako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an eman zuen aginduaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko herri-ikastetxeetan egon daitezkeen aldi baterako irakasleen beharrak estaltzeko izangaien zerrenda kudeatzeko araudia. Xedapen hori, egin-eginean ere, hau betetzeko eman zen: uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzeko denak, 17.1 artikuluan arautzen duena.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak 2013ko apirilaren 18an eman zuen Aginduaren bidez, aldatu egin zen 2012ko abuztuaren 27ko Agindu hori. Hala ere, bigarren aldaketa bat egiteko premia ikusi da, lehen aldaketa horrek zituen helburu berak betetzeko, hau da, zerrenden kudeaketa eraginkor, bateratu eta operatiboagoa egiteko, aintzat hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko hezkuntza-sistemako irakasleek urtez urte bete behar dituzten postu guztiak betetzeko behar diren berezitasunak.
Helburu hori gogoan, aldaketa teknikoak egin dira, artikulu batzuen testua argitu, zuzendu edo, hala egokitu denean, aldatu, eta kontuan izan behar diren berezitasun batzuk zehaztu. Horrez gainera, azken xedapenetako bigarrena aldatzen da, tituluen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasle izateko gaikuntza ematen duen masterraren espezialitateen ugaritasunari erantzuteko, gero eta handiagoa baita aniztasun hori deitzen diren prozesuetan. Eta xedapen iragankor bat sartzen da, kontuan hartu beharreko talde jakin baten egoera izaera iragankorrez jasotze aldera.
Hori horrela, agindu honek arautzen du beharrezkoa izango dela espezialitatea egiaztatzea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasle izateko gaikuntza ematen duten tituluetan, master tituluetan barne, eta arautzen du, era berean, zer gertatuko den, baldin eta espezialitate hori bat ez badator, baliokide moduan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskinean adierazten den espezialitateren batekin. Zailtasun edo interes berezikotzat jotako postuak izangaiekin betetzeari dagokionez, postu horiek halakotzat jotzeko bide bakarra zehazten da; zerrenda bereizitakoak izaki, hizkuntza-eskakizunik egiaztatu ez duten izangaiek zerrenda orokorrean sartzeko bete beharko dituzten baldintzak zehazten dira; aitatasunaren kasua sartzen da aipatu Aginduaren 37. artikuluan; diziplina-espedienteen ondorioz zerrendetatik kanporatuak izateko egoerak aldatzen dira; zuzendu egiten da lanpostua hartzeari edo zerbitzua abandonatzeari buruzko xedapenen testua; argitu eta zehaztu egiten dira merezimenduen baremazioari buruzko zenbait alderdi, eta aldatu egiten da beste artikulu bat, bitarteko irakasleek euren ohiko eginkizunak betetzen jarraitzeko gaitasun-gabezia zehazteko protokoloari buruzkoa hain zuzen, protokolo horren amaierak izango dituen ondorioak zehazteko.
Horrez gainera, ikusita izangaiek graduko titulazio berriak eta master titulazioko espezialitate berriak aurkezten dituztela, eskumen batzuk esleitu zaizkio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari horretarako eratuko den batzorde batek aldez aurretik proposamena egin behar badu ere, hots, beste autonomia-erkidego batzuetako gradu titulazioek III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen tauletan ageri direnekin izango duten korrespondentzia zehazteko eskumena, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasle izateko gaikuntza ematen duen master tituluko espezialitate berriak jasotzeko eskumena ere, orobat beste autonomia-erkidego batzuetako unibertsitateetako master tituluetako espezialitateek III. eranskinean adierazten diren master espezialitateen taulan ageri direnekin izango duten korrespondentzia zehazteko eskumena.
Azkenik, xedapen iragankor bat sartu da izangai batzuentzat; hain zuzen ere, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakasleentzako espezializazio-ikastaroak (Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak edo Hezkuntzaren alorrean eskumena duen ministerioak homologatuak) hasi zituztenentzat Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak indarra hartu baino lehen. 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak aldatu egin zituen Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zerrendetan sartzeko baldintzak, eta, Aginduak indarra hartuz geroztik, Aginduaren III. eranskinean ezarritako titulazioetarik bat egiaztatuta behar zen, nahitaez, zerrenda horietan sartzeko. Horrenbestez, itxi egin zen zerrendetara iristeko modu bat, espezializazio-ikastaroen bidezkoa alegia.
Xedapen iragankor horren bidez, aukera ematen zaie izangaiei, zer espezializazio-ikastaro egin zuten, bada espezialitate horretako ordezkapen-zerrendan sartzeko. Aukera hori izango dute aldaketa-agindu hau indarrean sartu ondoren ordezkapenetarako izangaien zerrendak berriro barematzeko deitzen den lehen prozeduran. Horren bidez, beraz, onarpena ematen zaio egoera horri, hots, zerrendetara sartzeko baldintzak aldatu baino lehen espezializazio-ikastaroak egiten hasi izanari, zer espezializazio-ikastarori ekiten zitzaion, bada horri zegokion espezialitateko ordezkapen-zerrendan sartzeko asmoarekin (espezializazio-ikastaroak kontuan hartzen baitziren 2012ko abuztuaren 27ko Agindua indarrean jarri aurretik). Hori horrela, azaroaren 4ko 1594/2011 Errege Dekretuko bigarren xedapen iragankorreko 3. puntuak karrerako funtzionarioentzat ezarri zuenaren ildoari jarraitzen zaio.
Horren guztiaren ondorioz, honako hau
Lehenengoa. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 2. artikuluari Aplikazio-eremu 3. paragrafoa aldatzea.
Aginduaren 2. artikuluari Aplikazio-eremu 3. paragrafoa aldatu zaio. Aurrerantzean honela egongo da idatzita:
Zailtasun edo interes berezikotzat jotako irakasle-postuak ere bete edo estaliko dira, Agindu honetan ezarritako baldintzen arabera. Kalifikazio hori jasoko dute Lanpostuen Zerrendan zailtasun berezikotzat jota daudenek.
Bigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 10. artikulua Espezialitatea emateko prestakuntza aldatzea.
Aginduaren 10. artikuluari Espezialitatea emateko prestakuntza bosgarren lerrokada bat erantsiko zaio, testu honekin:
Prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa edukitzea eskatzen duten irakaskuntza-mailetan, Agindu honen III. eranskinean jasotako espezialitateetako bati ere egokitzen ez zaion espezialitateren bateko Irakasleen Prestakuntzako master-tituluak berdin-berdin onartuko dira, baldin eta, Agindu honen ondorioetarako, jada aurreikusitako espezialitateren baten baliokidetzat jo badaitezke; horretarako, nahitaezkoa izango da espezialitateren batekin zerikusia duten 24 ECTS kreditu eginak izatea, gutxienez. Egoera horiek ematen direnean, loturako espezialitateari dagokion master tituluaren kidetasun-maila bera izango dute. Ez badira aurreikusitako espezialitateren batekin lotutako 24 ECTS kreditu horiek egin, 2. kidetasun-maila esleituko zaie titulu horiei.
Hirugarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 11. artikulua Baldintzak egiaztatzea aldatzea.
Aginduaren 11. artikuluari Baldintzak egiaztatzea hirugarren lerrokada bat erantsiko zaio, testu honekin:
Kasu bakoitzean eskatutako espezialitatea edo curriculum-lerroa adierazi beharko dute aurkeztutako titulazioek; bestela, titulua eman duen zentroaren ziurtagiri osagarria aurkeztu beharko da, egindako espezialitate edo curriculum-lerroa adierazita, edo, halakorik ezean, ziurtagiri akademiko pertsonala, egindako ikasgaiak adierazita. Irakasleen Prestakuntzako master tituluren bat aurkeztu, eta titulu horrek egiaztatzen duen espezialitatea ez baldin bada bat etortzen Agindu honen III. eranskinean aurreikusitako espezialitateetakoren batekin, ziurtagiri akademiko pertsonala aurkeztu beharko da master tituluarekin batera, hori izango baita bidea erabakitzeko loturarik ba ote duen jada aurreikusita dagoen espezialitateren batekin, aurreko artikuluan adierazitakoaren arabera.
Laugarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 24. artikuluari «Pertsonak zerrenda orokorrean sartzea» 1. paragrafoaren hirugarren lerrokada aldatzea.
Beste idazkera bat eman zaio 24. artikuluari «Pertsonak zerrenda orokorrean sartzea» 1. paragrafoaren hirugarren lerrokadan, eta hau izango da haren testua hemendik aurrera:
Azkenik, zerrenda bereizietan zeuden eta hizkuntza-eskakizunik egiaztatzen ez duten izangaiak zerrenda orokorrean sartuko dira, baldin eta zerbitzuak eman badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendeko ikastetxe publikoetan, zerrenda bereiziari dagokion espezialitatean, eta, espezialitateak hala eskatzen duen kasuetan, prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa dutela egiaztatu badute.
Bosgarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 37. artikuluari Aldi baterako bajako edo jardunaldi-eten iragankorreko egoera jakin batzuetan deitzea 1. paragrafoaren lehenengo lerrokada aldatzea.
Beste idazkera bat eman zaio 37. artikuluari «Aldi baterako bajako edo jardunaldi-eten iragankorreko egoera jakin batzuetan deitzea» 1. paragrafoaren lehenengo lerrokadan, eta hau izango da haren testua hemendik aurrera:
Lan-istripuagatik edo lanbide-gaixotasunagatik aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden hautagaiei, eta amatasun edo aitatasun-egoeran daudenei, haurdunaldian arriskua dutenei eta arriskuko haurdunaldia dutenei, edo adopzioagatik edo harreragatik aldi baterako bajako egoeran daudenei, behar bezala justifikatuz gero, egoera horretan egongo ez balira bezala deituko zaie, eta eskainiko zaien ordezkapenaren iraunaldia emandako zerbitzalditzat zenbatuko zaie, baina zerrendak birbarematzeari eta udako ordainketak jasotzeko zenbaketa egiteari dagokionez bakarrik. Baremorako kontuan hartutako zerbitzaldi horrek ez du eraginik izango antzinatasuna izeneko ordainsari osagarrian, ez eta Gizarte Segurantzaren ondorioetarako ere, ez delako benetako zerbitzurik eman.
Seigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 44. artikuluari Hautagaiak zerrendetatik kanporatzeko arrazoiak eta horrek dituen ondorioak 1. paragrafoaren f) eta g) letrak aldatu eta kanporatzeko arrazoi berri bat eranstea.
Beste idazkera bat eman zaio 44. artikuluari Hautagaiak zerrendetatik kanporatzeko arrazoiak eta horrek dituen ondorioak 1. paragrafoaren f) eta g) letretan eta kanporatzeko arrazoi berri bat erantsi zaio, hori dela eta, hau izango da paragrafo haren testua, f) letratik aurrera:
Esleitutako lanpostuaz ez jabetzea, zerbitzuak emateari uztea edo borondatez uko egitea izendapenari edo kontratuari, Agindu honetako 34. artikuluan xedatutakoa salbu. Idatziz formalizatu beharko du borondatezko uko egitea interesdunak.
Zerbitzutik bereizia izateko zehapen irmoa jaso izana diziplina-espediente baten ondorioz, edo diziplinazko kaleratzea hartu izana.
Eginkizun-gabetzearen zehapen irmoa jaso izana diziplina-espediente baten ondorioz, 2. paragrafoan ezarritako baldintzekin eta ondorioekin.
Eginkizun arruntak gauzatzeko gaitasun-falta nabaria izatea, 45. artikuluan ezarritako protokoloaren ebazpenean behin betikotzat jotakoa.
Agindu honek zerrendak garbitzeko aurreikusten dituen egoeretako batean egotea.
Zazpigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 44. artikuluari Hautagaiak zerrendetatik kanporatzeko arrazoiak eta horrek dituen ondorioa 2. paragrafoaren lehenengo eta bigarren lerrokadak aldatu eta hirugarren lerrokada bat eranstea.
Beste idazkera bat eman zaio 44. artikuluari 2. paragrafoaren lehenengo eta bigarren lerrokadetan, eta hirugarren lerrokada bat erantsi zaio, eta hau izango da haren testua hemendik aurrera:
Kanporatuak zerrendetan sartu ahal izango dira berriz. Horretarako bidea izango da agindu honetan zerrendak irekitzeko aurreikusten diren prozeduretako batean parte hartzea, zerrendan parte hartzeko eskakizunak betetzen badituzte eta aurreko ataleko g) eta i) idatzi-zatian azaldutako egoeretan ez badaude.
Hala eta guztiz ere, d), e) eta f) letretan aipatutako arrazoiak direla eta zerrendetatik kanporatu dituzten pertsonek, zer ikasturtetan kanporatu dituzten, ezin izango dute parte hartu ez ikasturte horretan ez hurrengoan deitutako zerrenda-irekitzeetan.
Diziplina-espedientearen bidez eginkizun-gabetzearen zehapena jaso dutenak zerrendetatik kanpo geldituko dira, aldi baterako, aipatu eginkizun-gabetzeak dirauen bitartean, eta, hori amaitutakoan, automatikoki sartuko dira berriz ere zerrendetan.
Zortzigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 44. artikuluari Hautagaiak zerrendetatik kanporatzeko arrazoiak eta horrek dituen ondorioak 3 paragrafoa aldatzea.
Beste idazkera bat eman zaio 44. artikuluari 3. paragrafoan, eta hau izango da haren testua hemendik aurrera:
3. d), e) eta f) letretan aipatutako egoeretan, lurralde-ordezkaritzak jakinarazpen bat igorriko dio interesdunari, eta bertan jasoko da lanpostua eskaini ziotela, horri uko egin ziola eta, beraz, zerrendatik kanporatu dutela. Zerrendatik atera aurretik, entzunaldiaren izapidea eskainiko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Gainerako kasuetan, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen baten bidez gauzatuko da zerrendatik kanporatzea, bai banaka bai zerrendak barematzeko urteroko prozeduraren barruan.
Bederatzigarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren 45. artikuluari Bitarteko irakasleak euren ohiko eginkizunak betetzen jarraitzeko gai ez direla zehazteko jarduera-protokoloa 2., 4., 6. eta 7. paragrafoak aldatzea eta 8. eta 9. paragrafoak kentzea.
Aginduaren 45 artikuluari 2., 4., 6. eta 7. paragrafoak aldatu zaizkio, eta 8. eta 9. paragrafoak kendu. Aurrerantzean, honela egongo dira idatzita 2., 4., 6. eta 7. paragrafoak:
Ikastetxeko zuzendaritzaren iritsiz, pertsona bat ez bada ohiko eginkizunak betetzeko gai, tokian tokiko Lurralde Ordezkaritzari jakinaraziko dio. Lurralde ordezkariak aldez aurreko jarduketa egokiak egiteko agindua emango du, eta horien artean sartuko da Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzako zerbitzu medikuaren eta/edo Hezkuntzako Ikuskaritzaren txostena, kasuaren arabera. Halaber, Langileak Kudeatzeko zuzendariak ere eman ahal izango du nahi dituen jarduerak gauzatzeko agindua.
Behin aurretiazko jarduerak egindakoan, langilea bere eginkizun arruntak egiteko gai ez dela uste bada, Langileak Kudeatzeko zuzendariari helaraziko zaio espedientea eta honek prozedura bat hasiko du ebazpen baten bidez, eta Hezkuntza Ikuskaritzako kide bat izendatuko du horren instrukzioa egiteko; gainera, espresuki adieraziko du zer ondorio sor daitekeen espedientearen amaieran.
Aldez aurreko jarduketetan edo protokoloa hasitakoan, egoerak hala aholkatzen badu, Hezkuntzako Ikuskaritzak edo instrukzioaz arduratzen denak hauxe proposa dezakete: funtzionarioa edo kontratatua aldi baterako eginkizun-gabetzea, prozedura amaitu arte. Langileak Kudeatzeko zuzendariaren arrazoizko ebazpen baten bidez erabakiko da aldi baterako eginkizun-gabetzea.
Eginkizunez gabetuta dagoen bitartean (inoiz ez sei hiletik gora), funtzionarioak edo kontratatuak dagozkion oinarrizko ordainsariak osorik jasotzen jarraituko du. Prozedura amaitzen bada izendapena errebokatzearekin edo indarreko kontratua suntsiaraztearekin eta izangaia zerrendetatik baztertzearekin, funtzionarioak edo kontratatuak nahitaez itzuli beharko du aldi baterako eginkizun-gabetzeak iraun duen denboran jasotakoa. Prozedura ez bada horrela amaitzen, Administrazioak diferentzia itzuliko du, hau da, benetan jasotakoaren eta eskubide guztien jabe izanda jaso beharko litzatekeenaren arteko aldea. Edonola ere, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuari buruzko apirilaren 12ko 7/2007 Legeak 98. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Instrukzio-egileak Langileak Kudeatzeko Zuzendariari aurkeztuko dio proposamena, eta hark amaituko du prozedura ebazpen baten bidez.
Prozeduran egiaztatzen bada ohiko eginkizunak betetzeko gaitasun-gabezia nabarmena gertatzen dela, hauxe erabakiko du aipatu ebazpenak: izendapena errebokatzea edo indarreko kontratua suntsiaraztea eta eragindako pertsona zerrendetatik baztertzea. Bestela, egindako jarduketen largespena edo artxiboa jasoko da ebazpenean.
Gaitasunik eza eta, ondorioz, zerrendatik baztertzea berriz ere azter daitezke, baldin eta Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuaren edo Hezkuntzako Ikuskaritzaren txostenak zein egokitzen de hala proposatzen badu, eta Langileak Kudeatzeko zuzendariak, txostena ikusita, hala jasotzen badu beren-beregi bere ebazpenean. Hori gertatuz gero, aipatu txostenek diotena ikusita, hauek utziko dira jasota: berrikuspen hori eragingo luketen baldintzak edo arrazoiak, zer iraunaldi izango lukeen eta zer jarraipen edo ondorengo azterketa egingo den gerora, berriro zerrendetan sartzea ekar baitezake.
Hamargarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren I. eranskinari Merezimenduen Baremoa, 2. puntuan Prestakuntza Akademikoa, «Oharrak» atalaren testua aldatzea.
Beste idazkera bat eman zaio Aginduaren I. eranskinari Merezimenduen Baremo, 2. puntuan Prestakuntza Akademikoa, «Oharrak» atalaren testuan, eta hau izango da haren testua hemendik aurrera:
Oharrak
Batez besteko nota zenbakitan agertzen ez bada, baliokidetasun hauek hartuko dira kontuan:
Ohorezko matrikula 10
Bikain 9.5
Oso ongi 8
Ongi 6.5
Nahikoa, Gainditua, Baliokidetua, Gai 5.5
Ikasketa-espedienteko batez besteko nota 0 eta 4 arteko zenbaki-eskalan soilik adierazita badago, batez besteko notaren eta taula honen arabera esleituko zaio puntuazioa:
3tik 4ra puntu 1
2tik 2,99ra 0,75 puntu
1,50etik 1,99ra 0,50 puntu
1etik 1,49ra 0,25 puntu
Espedientean hizkitan eta zenbakitan agertzen bada batez besteko nota, azken hori hartuko da kontuan.
Ikasketa-ziurtagirian batez besteko nota agertzen ez bada, edo ikasketa-ziurtagiri pertsonala igortzen ez bada, eta horren ordez tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria aurkezten bada, izangaiaren batez besteko nota gainditua dela ulertuko da, eta 0,25eko puntuazioa emango zaio.
2.2. eta 2.3. ataletan ez da kontuan hartuko maila bakoitzean sartzeko oro har eskatzen den titulazioa, xedapen hauen arabera:
Haur eta Lehen Hezkuntzako maila: maisu/maistraren, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslearen edo Lehen Hezkuntzako maisu/maistraren titulua, edo dagokion gradu-titulua.
Bigarren Hezkuntzako maila: doktorearen, lizentziadunaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua edo dagokion gradu-titulua.
Lanbide Heziketako maila: diplomadunaren, arkitekto teknikoaren edo ingeniari teknikoaren titulua edo dagokion gradu-titulua.
Arte plastikoen eta diseinuko irakaskuntzen maila (arte plastiko eta diseinuko irakasleen kidegoko irakasleei erreserbatutako irakasgaiak): doktorearen, lizentziadunaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua edo dagokion gradu-titulua.
Musikaren irakaskuntzako maila: doktorearen, lizentziadunaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua edo dagokion gradu-titulua.
Hizkuntza eskola ofizialen irakaskuntzako maila: doktorearen, lizentziadunaren, arkitektoaren edo ingeniariaren titulua edo dagokion gradu-titulua.
Baremaziotik baztertzen bada adierazitako tituluetakoren bat, hark dituen gainerako tituluak barematuko dira, izangaia dagoen zerrendako mailaren arabera.
Izangaia zer zerrendatan dagoen, zerrenda horren mailarako goian adierazi tituluetarik bat ere ez badu, eta bai, ordea, zerrenda horretan sartzeko aukera ematen duen maila apalagoko bestelako tituluren bat, azken hori ez zaio barematuko, eta izangai horrek dituen gainerako tituluak zenbatuko dira.
2.4 atalean ez da kontuan hartuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzetako irakasleen Prestakuntzako unibertsitate-masterra.
Hamaikagarrena. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak 2012ko abuztuaren 27an emandako Aginduaren azken xedapenetako bigarrena aldatzea.
Aldatu egiten da azken xedapenetako bigarrena, eta hau izango da haren testua:
Bigarrena. Titulazio eta baliokidetza berriak sartzea.
Agindu honen bidez, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari gaikuntza ematen zaio, premia badago eta dagokion ebazpenaren bidez, ordezkaritza sindikalarekin dagokion negoziazioa egin ondoren, ikasturtean zehar eta bereziki birbarematze-prozesu bakoitza hasi aurretik, titulazio edo espezialitate berriak sar ditzan; hain zuzen ere, III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen taulan jasotako espezialitateren bat emateko gaitzen duten titulazio berriak edo Irakasleen Prestakuntzako master-tituluaren espezialitate berriak. Era berean, lehendik daudenak aldatzeko eskumena ematen zaio, akatsak aurkitzen badira edo dagokion txostenaren ondoren.
Ildo horretatik, Zuzendaritza berari ematen zaio eskumena baliokidetzak finka ditzan hauek kontuan hartuta: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko unibertsitateen gradu-titulazioen edo Irakasleen Prestakuntzako master-tituluen espezialitateak, eta, bestetik, III. eranskineko titulazioen eta espezialitateen taulan agertzen direnak; horretarako, aztertu beharreko titulazioen ikasketa-planei begiratuko zaie, baita agindu honen 10. artikuluaren bosgarren lerrokadan Irakasleen Prestakuntzako master-tituluen espezialitateei buruz esaten denari ere. Berriro barematzeko prozesu bakoitzari ekin baino lehen argitaratuko da finkatutako baliokidetzen zerrenda; argitaratu ere, www.hezkuntza.net web orrian eta irakaslegunea ingurunean. Baliokidetza horiek Agindu honetan araututako ondorioetarako baino ez dira.
Batzorde bat eratuko da horretarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari batek, Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzako teknikari batek, Unibertsitate Zuzendaritzako teknikari batek eta Hezkuntza Ikuskaritzako ikuskari batek osatua. Batzorde horrek aztertuko ditu sartze berriak, aldaketak eta baliokidetzak, eta dagozkion proposamenak egingo dizkio Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzari. Kasu bakoitzean zer gai aztertu behar den, aholkulari espezialistak izenda daitezke.
2012ko abuztuaren 27ko Aginduan araututako zerrenda orokorren barruan izaki irailaren 11ko EHAAn argitaratu zen Agindu hori, eta 2013ko apirilaren 18ko Aginduak aldatu zuen, apirilaren 22ko EHAAn argitaratu baitzuten azken hori, 2014-2015 ikasturterako zerrenden birbaremazio-prozesuan parte hartzen duten izangaiek, baldin eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzetako espezializazio-ikastaroren bat aipatu 2012ko abuztuaren 27ko Aginduak indarra hartu baino lehen hasia gainditu badute, birbaremazio-prozesu horretan eska eta eskura dezakete gainditutako ikastaroari dagokion espezialitatean sartzea; betiere, ikastaro hori Sail honek edo Hezkuntzaren alorrean eskumena duen ministerioak homologatuta badago, eta eskatzaileak bere esku baldin badu maisu/maistraren titulua, Oinarrizko Hezkuntza Orokorreko irakaslearen diploma edo dagokion gradu-titulua.
Hurrengo birbaremazio-prozesuei dagokienez, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako mailetako espezialitateetan sartu nahi izanez gero, hauek bete beharko dira, betiere: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2012ko abuztuaren 27ko Aginduaren III. eranskinean oro har eskatzen diren titulazio-baldintzak.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 16a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.