
129. zk., 2025eko uztailaren 9a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (283 KB - 31 orri.)
- EPUB (135 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
3065
AGINDUA, 2025eko uztailaren 1ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira merkataritza-ekintzailetzarako 2025eko laguntza-programen deialdiaren oinarriak (MerkaEkin).
Merkataritza Jarduerari buruzko Legean, erabaki zen merkataritza-arloko eskumen batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarenak izango zirela (7/1994 Legea, maiatzaren 27koa). Merkataritza 2030-Merkataritzaren Euskal Estrategiak, bada, lantegi horretan nondik nora jardun behar duen erakusten dio, eskumen horiek nola garatu eta exekutatu, helburuak, estrategiak eta jarduketak definituz.
Estrategiaren helburua da merkataritza-egoera berri batera egokitutako merkataritza-politika berrituak abian jartzea eta modu mailakatuan garatzea. Ezaugarri hauek ditu merkataritza-egoera berri horrek: eraldaketa teknologiko sakona; hiri-agenda berria; merkataritzaren eta zerbitzuen arteko mugak lausotzea; eta etengabe aldatzen eta hazten ari den lehia-eskakizun enpresariala, askotariko kontsumitzaileentzako zerbitzuak eskaintzeko baldintza gisa; izan ere, kontsumitzaileek balio berriak, premia berriak eta erosten dutenari eta erosteko moduari sakonki eragiten dioten ohitura berriak dituzte.
Euskal Autonomia Erkidegoan merkataritza-ekintzailetza bultzatzea eta babestea lehentasun estrategikoa da, hala dago adierazita, formalki, «Enpresa-garapena: Ekintzailetza, dimentsionamendua eta transmisioa» delako ekimenean. Ekimenak, enpresa-ekimen berriak bultzatuz eta babestuz, sektorea gaztetzen lagundu nahi du. Baina martxan diren enpresei ere lagundu nahi die hazten, negozio-lerro berrien bila abia daitezen edo lehenagotik jorratzen dituztenetan urrunago joan daitezen.
2024-2028 Gobernu Programa bost ardatzen artean egituratzen da, eta horietatik II. ardatza «Hazkunderako eta ongizaterako eredua» da. Ardatz horren inguruan egituratzen dira, hain zuzen, kalitateko enplegua eta Merkataritza sustatzeko jardun-arloak. Programan jasotzen den bezala, hurbileko merkataritza aberastasuna garatzeko eta banatzeko motorra da, eta funtsezko eginkizuna betetzen du Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean. Bilakaera teknologikoa eta digitala etenik gabea den honetan, gertutasunak eta arreta pertsonalizatuak are eta balio handiagoa dute, eta, besteak beste, horixe eskaintzen dute herriko dendek. Baina egokitu beharra dago, profesionalizatu, gaitasun berriak ikasi, eta ziurtatu etorriko direla belaunaldi berriak, guk uzten dugun lekua hartzera.
Horregatik, iruditzen zaigu beharrezkoa dela programa bat garatzea merkataritza-ekintzailetza indartzeko, ondo egokituta merkataritzaren ezaugarri berezietara, eta merkataritza-enpresari ekintzailetzaren bidean lagunduko diona, bidearen fase guztietan.
Ideia sortzeaz batera abiatzen da ekintzailetza-bidea; ideia hori egoki balioetsi eta garatu ondoren, eta sustatzaileak behar duen aholkularitza, prestakuntza eta laguntza jasota, denda bat abiaraztea etor daiteke. Gero, denbora bat beharko du indarra hartzen, harik eta enpresa-ehunean itsasten den arte, eta, agian, hazten jarraituko du, merkatu berrietara zabalduz edo gauza berriak eskainiz.
Aurreko guztiagatik, gure iritzia da lagundu egin behar dugula merkataritza-enpresen ekintzailetzan eta merkataritzarekin zerikusia duten zerbitzu jakin batzuen ekintzailetzan, eta, hain zuzen ere, horretara datoz agindu honek dakartzan bi programak: aholkularitza tekniko espezializatua emateko laguntza-programa bat, «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza»; eta inbertsio eta gastuetarako laguntza ekonomikoen programa bat, «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak». Programa horien bidez, bete-beteko laguntza emango dugu, merkataritza-ekintzailetzaren urratsez urrats.
Hori guztia, horri buruzko araudian xedatutakoa kontuan hartuta, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea kontuan hartuta, eta bat etorriz Merkataritza 2030 Estrategiarekin, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendarekin, eta Sailak eta Jaurlaritzak agenda horrekin duten konpromisoa indartuz, bereziki Garapen Jasangarrirako ondorengo Helburuei dagokienez: GJH5: Genero-berdintasuna; GJH8: Hazkunde inklusibo eta jasangarria sustatzea, bai eta guztientzako enplegua eta lan duina ere; GJH9: Industria, berrikuntza eta azpiegitura; GJH11: Hiri eta komunitate jasangarriak; GJH12: Kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak; GJH13: Klimaren aldeko ekintza, bereziki ekonomia zirkularraren sustapena; eta GJH17: Helburuak lortzeko aliantzak; abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuaren V. titulua (Garraioaren arloko jasangarritasun ekonomikoko neurriei buruzkoa, ikasketa-beka eta -laguntzei buruzkoa, bai eta aurrezteko, efizientzia energetikorako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurriei buruzkoa ere); eta Segurtasun Energetiko Gehiago deritzon plana (SE+), Ministro Kontseiluak 2022ko urriaren 11n onartua, Ukrainako gerrak eragindako prezio-krisiaren aurrean herritarren babesa areagotzeko.
Laguntzak emateko, segidako lehiaketaren araubidea erabiliko da, hala jartzen baitu Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean, 19.3 artikuluan. Dirulaguntzak emateko, gauza bat bakarrik eskatuko da: deialdi honetako oinarrietan aurrez ezarritako baldintzak betetzea, baina ez dira ez konparatuko, ez batera aintzat hartuko (ez da horrelako baloraziorik egingo). Kasu horretan, eskaerak modu ordenatuan ebatziko dira, espedienteak erabat osatuta geratzen diren unearen arabera.
Azkenik, laguntza-programa honek badu nahikoa aurrekontu-kreditu Euskal Autonomia Erkidegoko 2025erako Aurrekontu Orokorretan aurreikusita.
Era berean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren 2024-2027 aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori, hain zuzen ere, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2024ko martxoaren 8ko Aginduaren bidez argitaratu eta onartu zen (Gobernu Programaren 1. ardatzaren barruan, 17. jarduketa-eremuan, 101. konpromisoan, «Merkataritzaren eta ostalaritzaren lehiakortasuna hobetzea» izenburupean). Plan estrategiko horrek jasotzen duen bezala, ekintzailetza bultzatu nahi da, Euskadiko txikizkako merkataritzari bi bideotan lagunduz: aholkularitzaren arloan, eta ekintzailetzako eta barne-ekintzailetzako proiektu bideragarri eta sendoak abian jartzen.
Horrenbestez, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Merkataritza-ekintzailetzarako laguntza-deialdiaren oinarriak onartzea, 2025erako. Agindu honetako I. eranskinean datoz jasota.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Deialdi honi arau hauetan ezarritakoa aplikatuko zaio: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimi laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamendua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko uztailaren 1a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.
ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. oinarria.– Laguntza-deialdiaren xedea eta egitura.
1.– Badira laguntza batzuk txikizkako merkataritza-ekintzaileentzat eta kaleko merkataritza-jarduerarekin lotutako zerbitzu jakin batzuetarako (aurrerantzean, merkataritza-sektorea), aholkularitza edo dirulaguntza behar dutenerako beren merkataritza-negozioetarako; bada, agindu honen xedea da laguntza horietarako 2025eko deialdiaren oinarriak eta deialdia bera onartzea.
2.– Agindua bi laguntza-programatan antolatuta dago:
a) Merkataritza-ekintzailetzan espezializatutako aholkularitzarako dirulaguntzen programa, «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza».
b) Merkataritza-ekintzailetzarako dirulaguntzen programa, «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak».
3.– Programa bakoitzak laguntza-lerro hauek dauzka:
a) 1. lerroa: Abiatu. Dirulaguntza-lerroa, merkataritzako negozioa martxan jartzeko.
b) 2. lerroa: Sendotu. Dirulaguntza-lerroa, merkataritzako negozioa sendotzeko.
c) 3. lerroa: Hazi. Dirulaguntza lerroa, negozioari hazten laguntzeko, merkatu berrietara iritsiz edo eskaintza dibertsifikatuz.
2. oinarria.– Helburua.
Agindu honen xedea da Euskadiko merkataritza-sektorean ekintzailetza-proiektu bideragarri eta sendo berriak bultzatzea.
3. oinarria.– Laguntzen modalitatea.
Agindu honetako laguntzak dirulaguntzak izango dira, eta ordainetan ez da ezer eskatuko zuzenean.
4. oinarria.– Terminoak eta definizioak.
1.– Merkataritza-jarduera: Har dezagun Merkataritza Jardueraren Legea (7/1994 Legea, maiatzaren 27koa), eta ikus dezagun, 2. artikuluan, zer den merkataritza-jarduera: merkatuaren esku jartzea xede horretarako eskuratutako salgaiak edo produktuak, beren horretan eta eraldaketa-prozesu handirik gabe; baita ekoizleek, artisauek edo industrialek azken kontsumorako ondasunak zuzenean saltzea ere, baldin eta ondasun horiek ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko prozesuetan sartuko ez diren ondasunak badira; bai eta zerbitzuak ematea ere, horiek azkenean merkatuari eskaintzen zaizkionean, betiere laguntzaren xede den establezimenduan egindako jardueraren osagarri den establezimendu komertzial baten bitartez, edo zerbitzu fisikoko establezimendu baten bitartez edo online motako merkataritzaren bitartez.
2.– Mikroenpresa edo enpresa txikia: Mikroenpresa, enpresa ertain eta txikien definizioari buruz, ikus dezagun zer jartzen duen -horixe aplikatu behar baita- Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan, edo gomendio hori ordezten edo aldatzen duten xedapenetan:
● Mikroenpresa: soldatapeko hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 2 milioi eurotik gorakoa.
● Enpresa txikia: soldatapeko berrogeita hamar langile baino gutxiago izatea, eta urteko negozio-bolumena edo balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.
3.– Negozio-plana: Dokumentu bat da, negozio-aukera bat aztertzen duena. Aztertzen du ea bideragarria den teknikoki, ekonomikoki eta finantzen aldetik, hartara merkataritzako enpresa-proiektu bideragarri bihurtzearren. Merkataritza-enpresaren alderdi garrantzitsuenak garatzen ditu, eta aukera ematen du lehia-abantailak identifikatzeko, finantza-proiekzioak egiteko eta arriskuak eta konponbideak identifikatzeko.
4.– Sendotze-plana. Dokumentu honetan -dokumentu bat baita-, merkataritza zer egoeratan dagoen ikusi, eta premien diagnosia egiten da banan bana; gabeziei antzematen zaie; indartu edo hobetu beharreko kudeaketa-arloak definitu; egonkortasun operatiboa, finantzarioa eta komertziala bermatu; eta ekintza-plan zehatz eta gauzagarria garatzen du, sendo sustraitzeko.
5.– Hazkunde-plana: Aztertuko du ea merkataritza-enpresak zer aukerak dituen gehiago hazteko eta, horrela, merkatu berrietara iristeko edo eskaintza dibertsifikatzeko. Puntu hauek denak jasoko ditu: hazkundearen helburuak; beharrezko funtsak; inbertsiotik datorkeen itzulera; hazkunde-proiektuaren xedeak; eta jarraitu beharreko estrategiak.
5. oinarria.– Onuradunak. Denek bete beharreko baldintzak.
1.– Ekintzaileak izan daitezke agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun; izan daitezke pertsona fisikoak, talde sustatzaileak, autonomoak, sozietate zibilak, ondasun-erkidegoak eta mikroenpresak eta enpresa txikiak, baldin eta haien jarduera ekonomikoa Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren (aurrerantzean, JEZ) epigrafeetako batean kokaturik badago edo kokatzekoa bada (8. oinarrian daude jasota), eta Euskal Autonomia Erkidegoan (aurrerantzean, EAE) gauzatu behar bada edo gauzatzekoa bada.
2.– Talde sustatzaile bat denean, hau da, nortasun juridikorik gabeko pertsona fisikoen talde bat denean, berariaz adierazi beharko da, bai eskabidean bai laguntza emateko ebazpenean, zein diren taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ere. Zenbateko hori ere onuraduntzat hartuko da. Elkartea ezin izango da desegin Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren eskubideak preskribatzeko legez aurreikusitako epea igaro arte.
Eskatzailea ordezkaritzat hartuko da, eta laguntzaren zenbateko osoaren hartzaile bakarra izango da.
3.– Eskabidea aurkezteko unean ekintzaile horiek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Pertsona fisikoek eta autonomoek 18 urtetik gorakoak izan beharko dute, eta EAEn erroldatuta egon beharko dute.
b) Autonomoek, sozietate zibilek eta ondasun-erkidegoek eta mikroenpresek eta enpresa txikiek EAEn gutxienez saltegi bat eduki behar dute.
Mikroenpresak eta enpresa txikiak, berriz, 4.2. oinarrian jasotako definizioaren araberakoak izan beharko dira. Enpresa batek, kontuak ixteko egunean, 4.2 oinarrian definituriko urteko mugak modu batera edo bestera gainditu dituela egiaztatzen badu, egoera horrek enpresa ertain edo txikiaren edo mikroenpresaren izaera eskuratzea edo galtzea eragingo dio, baldin eta ondoz ondoko bi ekitalditan gertatzen bada hori.
c) Laguntza emateko ebazpena eman baino lehen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea eta itzuli beharreko dirulaguntzak itzulita edukitzea, harik eta, gutxienez, laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatu arte, hala xedaturik baitago Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan (Agindua, 2023ko otsailaren 13koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura ematen diren laguntzen eta dirulaguntzen esparruan bai zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bai dirulaguntzak itzultzeari buruzkoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).
d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen zehapen penal edo administratiborik, eta ez izatea horretarako desgaitzen duen lege-debekurik (sexu-diskriminazioagatik sortutakoak barne, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuari edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoari jarraikiz).
e) Pertsona edo entitate onuraduna ez egotea berreskuratze-agindu baten mende, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne-merkatuarekin bateraezina dela.
f) Konpromisoa hartzea jarduerak gainfinantzaketarik ez izateko, dirulaguntza jasoz gero.
g) Enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartzea, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.
h) Ez edukitzea Trans-en benetako berdintasun eraginkorra lortzea eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzea eragozten duen ezer. Otsailaren 28ko 4/2023 Legeko 82. artikuluan daude jasota eragozpen horiek.
i) Ez egotea Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikuluko 1., 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako gainerako egoeretako batean ere, dirulaguntzen onuradun izateko. Ondasun-erkidego, sozietate zibil eta talde ekintzaileetan, haietan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, onuradun gisa entitateari dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena.
4.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.
6. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programarako berariazko betekizunak.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programaren onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte, eskatzen duten lerroaren arabera:
a) 1. lerroa: Abiatu.
1.a Esku artean negozio-ideia bat izan behar dute, EAEn garatzekoa izan behar du, eta 8. oinarrian jasotako jardueraren bateko sailekoa izan behar du.
2.a Ezin dute alta emanda egon JEZaren epigrafe batean ere.
b) 2. lerroa: Sendotu.
1.a Eskabidea egiten duen egunean JEZn alta emanda egon beharko du, 8. oinarrian aurreikusitako jardueretako batean.
2.a Eskabidea zer jardueratarako egin den, jarduera horretan egon behar du alta eginda, eta 2 eta 5 urte arteko antzinatasuna izan behar du.
c) 3. lerroa: Hazi.
1.a Hazteko ideia bat izan behar dute esku artean, EAEn garatzeko izan behar du, eta 8. oinarrian jasotako jardueraren baten sailekoa izan behar du.
2.a Eskabidea egiten duen egunean JEZn benetan alta emanda egon behar du, gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin.
2.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.
7. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programaren berariazko betekizunak.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programan aurreikusitako inbertsio eta gastuetarako laguntzen onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskatzen duten lerroaren arabera:
a) 1. lerroa: ABIATU. Zer baldintzak bete behar diren bai I. atalean (Inbertsioak) bai II. atalean (Gastuak).
1.a Negozio-planean garatuko den jarduera JEZn alta emanda eduki behar du, bideragarritasun positiboarekin, baina gehienez ere eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik.
2.a Eskabidea aurkezten duen egunean, bere lerroari dagokion aholkularitza-bidea amaiturik eduki behar du, baina gehienez ere 2 urte lehenagotik; negozio-plan bat eduki behar du; eta plan horrek, gainera, eta 13.1.a) oinarrian aurreikusitako gutxieneko edukia bete behar du.
Agindu hau EHAAn argitaratu baino lehenago egindakoa baldin badu negozio-plana, aurreko paragrafoan aurreikusitakoaz gain, plan hori organo kudeatzaileak baliozkotu beharko du. Baliozkotze hori egingo da... baldin eta planak 13.1.a) oinarrian jasota dagoen gutxieneko edukia badauka; antzinatasuna ez baldin bada, amaitu zenetik, 2 urte baino gehiagokoa; aholkularitza-enpresak betetzen baditu 14.1 oinarrian ezarritako baldintzak; eta aholkularitza-zerbitzuak gutxienez 35 orduz iraun badu; 15.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.
b) 2. lerroa: Sendotu. I. atalean (Inbertsioak) sartzeko baldintzak.
1.a Eskabidea egiten duen egunean JEZn alta emanda egon beharko du, 8. oinarrian aurreikusitako jardueretako batean.
2.a Eskabidea zer jardueratarako egin den, jarduera horretan egon behar du alta eginda, eta 2 eta 5 urte arteko antzinatasuna izan behar du.
3.a Eskabidea aurkezten duen egunean, bere lerroari dagokion aholkularitza-bidea amaiturik eduki behar du, baina gehienez ere 2 urte lehenagotik; Sendotze plan bat eduki behar du; eta plan horrek, gainera, 13.1.b) oinarrian aurreikusitako gutxieneko edukia bete behar du.
Agindu hau EHAAn argitaratu baino lehenago egindakoa baldin badu sendotze-plana, aurreko paragrafoan aurreikusitakoaz gain, plan hori organo kudeatzaileak baliozkotu beharko du. Baliozkotze hori egingo da... baldin eta planak 13.1.b) oinarrian jasota dagoen gutxieneko edukia badauka; aholkularitza-enpresak betetzen baditu 14.1 oinarrian ezarritako baldintzak; eta aholkularitza-zerbitzuak gutxienez 35 orduz iraun badu; 15.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.
c) 3. lerroa: Hazi. I. atalean (Inbertsioak) sartzeko baldintzak.
1.a Hazteko ideia bat izan behar dute esku artean, EAEn garatzeko izan behar du, eta 8. oinarrian jasotako jardueraren baten sailekoa izan behar du.
2.a JEZn benetan alta emanda egotea eskaera egiten den egunean, gutxienez 3 urteko antzinatasunarekin.
3.a Hazkunde-planean garatuko den jarduera JEZn alta emanda eduki behar du, gehienez ere eskaera aurkeztu baino urtebete lehenagotik.
4.a Eskabidea aurkezten duen egunean, bere lerroari dagokion aholkularitza-bidea amaiturik eduki behar du, hazkunde-plan bat eduki behar du, eta plan horrek, gainera, 13.1.c) oinarrian jasotako gutxieneko edukia bete behar du, amaitzen denetik gehienez ere 2 urteko antzinatasunarekin.
Agindu hau EHAAn argitaratu baino lehenago egindakoa baldin badu hazkunde-plana, aurreko paragrafoan aurreikusitakoaz gain, organo kudeatzaileak baliozkotu beharko du. Baliozkotze hori egingo da... baldin eta planak 13.1.c) oinarrian jasota dagoen gutxieneko edukia badauka; aholkularitza-enpresak betetzen baditu 14.1 oinarrian ezarritako baldintzak; eta aholkularitza-zerbitzuak gutxienez 35 orduz iraun badu; 15.3 oinarrian adierazitakoaren arabera.
2.– Laguntza ekonomikoen onuradun izateko baldintzak eskabidea aurkezten denetik laguntza likidatu arte bete beharko dira.
8. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeak.
5. oinarrian aipatutako pertsonek edo entitateek jaso ahal izango dituzte agindu honen xede diren laguntzak, baldin eta garatzen duten jarduera JEZren lehen ataleko multzo edo talde hauetan kokatuta badago edo egotekoa bada:
a) 64. multzoa. Elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza, saltoki iraunkorretan (talde hauek izan ezik: 646.3, 646.4, 646.5, 646.6 eta 647.5).
b) 65. multzoa. Elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza, saltoki iraunkorretan (talde hauek izan ezik: 654 eta 655).
c) 662. taldea. Txikizkako merkataritza mistoa edo integratua.
d) 691. taldea. Konponketa-lan hauek: etxerako artikulu elektrikoak, ibilgailu automobilak eta beste kontsumo-ondasun batzuk.
e) 97. multzoa. Zerbitzu pertsonalak (974 eta 979 taldeak izan ezik).
9. oinarria.– Laguntzen bateragarritasuna, eta zer den minimi izatea.
1.– Agindu honen itzalpean lortutako dirulaguntzak bateragarriak dira helburu bererako beste administrazio edo entitate publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da sekula izan, bakarka edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa, hala erabakita baitago DAELeko 16.3 artikuluan. Beste laguntza publiko batzuen eta programa hauen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, Programa hauetan araututako laguntzen zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Administrazioei edo erakunde batzuei xede eta helburu bererako eskatu dizkieten, edo haiengandik jaso dituzten, laguntzak aitortu beharko dituzte erakunde onuradunek.
4.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak «minimi» laguntzak dira. Hala dago adierazita Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduan, han baitago zehazturik Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuko 107. eta 108. artikuluak nola aplikatu behar diren minimi laguntzetan. Hortaz, erregelamendu horretan ezarritako arauak errespetatuko dituzte, hots, besteak beste, onuradunek, minimi laguntzetan, gehienez ere 300.000 euro jaso ditzaketela 3 urteko edozein alditan. Laguntza hauek nahi dituzten pertsonek eta erakundeek, hortaz, eskabide-orrian, adierazita utzi beharko dute aurreko hiru urteetan beste zer minimi laguntza jaso dituzten.
10. oinarria.– Kontratazioa.
1.– DAELeko 31,1. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, onuradunak kontratatu egiten duela ulertzen da hirugarrenekin hitzartzen badu dirulaguntzaren xedea den jarduera guztia edo zati bat egitea. Kontzeptu honetatik kanpo geratzen da onuradunak dirulaguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.
Hori horrela, hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
Inola ere ezingo dira dirulaguntzaren kostua handiagotzen duten jarduerak kontratatu, jardueraren edukiari balio erantsirik gehitzen ez badiote eta ez badira merkatuko baldintza normaletan egiten.
Nolanahi ere, DAELeko 31. artikuluan aginduta datozen mugak eta betebeharrak aplikatuko dira.
2.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzen duen Legeko 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa -obra-kontratuez ari gara- 40.000 eurokoa edo handiagoa baldin bada, edo -hornigai- edo zerbitzu-kontratuetan orain-, 15.000 eurokoa edo handiagoa baldin bada, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
3.– Dirulaguntzaren eskabidean azaldu beharko dira aurkeztu diren eskaintzak. Eskaintza horien artean bat aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta, eskaintzarik merkeena hautatzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da zergatia memoria batean. Hori egiteko eredua helbide honetan dago eskuragarri: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoa: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701.
II. KAPITULUA
LAGUNTZA-PROGRAMA
«MERKATARITZA-EKINTZAILE AHOLKULARITZA»
11. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» laguntza-programaren bidez, merkataritzako ekintzailetza-proiektuetan aholkularitza espezializatuaren gastuak ordaintzen lagundu nahi da, baina proiektua Euskadin kokatuta baldin badago edo egotekoa bada.
2.– Aholkularitza-programa honek hiru lerro bereizi ditu, merkataritza-ekintzailetzako prozesuaren faseen arabera:
a) 1. lerroa: Abiatu. Merkataritzako negozioko-proiektu bat abian jartzeko aholkularitzarako laguntza.
b) 2. lerroa: Sendotu. Enpresak, gabezia batzuk sumatu ondoren, merkataritza-negozioaren gako batzuk sendotu, eta enpresa modura indarra hartu nahi badu, lerro honen bidez lagunduko diogu horretarako aholkularitza ordaintzen.
c) 3. lerroa: Hazi. Hazi nahi duen enpresari aholkularitza emateko laguntza, bai lehendik dagoen enpresaren negozio-eredua dibertsifikatzeko, bai merkataritza-establezimendu berriak sortzeko.
12. oinarria.– Baliabide ekonomikoak. Laguntzak emateko modalitatea.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» ekintzailetza-programaren zuzkidura ekonomikoa 1.150.000 eurokoa da. Diru hori EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako atondutako aurrekontu-kredituetatik etorriko da, honela: 805.000 euro, 2025eko ekitaldiko ordainketa-kreditutik; eta 345.000 euro, 2026ko ekitaldiko konpromiso-kreditutik.
2.– Ondo aurkeztu diren eskaera guztien artean dirulaguntzak banatzeko, segidako lehiaketa erabiliko da. DAELeko 19.3 artikuluan dator zehazturik nola.
Banan bana eta hurrenkera egokian ebatziko dira, alegia, eskabidea noiz egin duten gorabeheran (oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin egin ere), harik eta deialdiaren epea amaitu arte edo deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko konparaziorik egitea.
3.– Oinarri honetan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, uko egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, ebazpen bidez. Agortuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (aurrerantzean, EHAA) argitaratuz jakinaraziko da, Merkataritzako zuzendariaren ebazpen baten bidez.
Aurkeztutako eskabideak ebatzi ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren (2025eko irailaren 30ean amaitzen da), oraindik ez baldin badira agortu II. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programa honetarako aurreikusitako baliabide ekonomikoak, soberako saldoa, beharrezkoa bada, III. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programako eskaerei erantzuteko erabili ahal izango da.
13. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen jarduketak.
1.– Honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko jardueratzat:
a) 1. lerroa: Abiatu. Zeregin hauetarako aholkularitza ordaintzen laguntzeko: merkataritza-negozio bat abian jartzeko, negozio-plan bat egiteko, haren garapenean bidelagun izateko eta haren jarraipena egiteko.
Negozio-planak gutxienez eduki hauek jaso beharko ditu: merkataritzako negozio-proiektuaren deskribapena; egungo egoeraren diagnostikoa (eskaintzaren azterketa, finantza-egoera, merkatua eta lehia, AMIA analisia, besteak beste); bideragarritasunaren analisia; ikuspegia, misioa eta helburuak; antolamendu-egitura; errentagarritasunaren eta oreka-puntuaren analisia; arriskuen analisia; behar diren baliabideak (kapitala, inbertsioak, gastuak eta langileak, besteak beste); ezarpena (kokapena, marka, hornitzaileak, besteak beste); gaikuntza (behar diren gaitasunak eta ezagutzak, behar den prestakuntza); aurrekontua eta finantzaketa-beharrak; finantza-proiekzioak; ekintza-plana eta ezarpen-kronograma; jarraipen-proposamena; aurrerapena eta azken ebaluazioa.
b) 2. lerroa: Sendotu. Merkataritza-negozioa sendotzeko aldian, aholkularitza ordaintzen lagunduko da: sendotze-plana egiteko, haren garapenean bidelagun izateko eta haren jarraipena egiteko.
Sendotze-planak, gutxienez, eduki hauek jaso beharko ditu: merkataritza-negozioaren deskribapena; egungo egoeraren diagnostikoa (finantza-egoera, merkatua eta lehia, AMIA analisia eta antzemandako hutsak, besteak beste); indartu beharreko esparruak; ikuspegia, misioa eta helburuak; arriskuen analisia; behar diren baliabideak (kapitala, inbertsioak, gastuak eta langileak, besteak beste); aurrekontua eta finantzaketa-beharrak; finantza-proiekzioak; ekintza-plana eta ezarpen-kronograma; jarraipen-proposamena; aurrerapena eta azken ebaluazioa.
c) 3. lerroa: Hazi. Negozioa hazteko aldian, aholkularitza ordaintzen lagunduko da: hazteko plana egiteko, haren garapenean bidelagun izateko eta haren jarraipena egiteko.
Hazteko planak, gutxienez, eduki hauek jaso beharko ditu: negozioaren deskribapena; egungo egoeraren diagnostikoa (finantza-egoera, merkatua, lehia eta AMIA analisia, besteak beste); ikuspegia, misioa eta helburuak; hazteko aukeren analisia; hazteko zer estrategia aukeratu diren; arriskuen analisia; behar diren baliabideak (kapitala, inbertsioak, gastuak eta langileak, besteak beste); aurrekontua eta finantzaketa-beharrak; finantza-proiekzioak; ekintza-plana eta ezarpen-kronograma; jarraipen-proposamena; aurrerapena eta azken ebaluazioa.
2.– Aurreko atalean aipatu ditugun jarduketak diruz lagundu ahal izateko, merkataritza-negozioak, JEZren epigrafeen artetik, 8. oinarrian jasota datozenak bete beharko ditu. Era berean, negozio hori EAEn landu beharko da edo lantzekoa izan beharko da.
14. oinarria.– Erakunde aholkulariak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak, 13. oinarrian zehaztu ditugun horiek, baldintza hauek betetzen dituzten euskal enpresek eta ganbarek egingo dituzte (aurrerantzean, erakunde aholkulariak):
a) Ekintzailetzaren arloan gutxienez 30 proiektu egin izana, gaitasun tekniko nahikoa egiaztatzearren.
b) Ez izatea sektore publikoren bateko erakundea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapenaren arabera.
c) Ez edukitzea loturarik pertsona edo erakunde onuradunarekiko, non eta eskaria ez den berariaz egiten, baina hori Merkataritzako zuzendariak baloratu eta baimendu beharko du. Dena delako pertsona fisikoak edo juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak DAELeko 31.8 artikuluan datozen gorabeheretakoren bat betetzen badu, joko da baduela harekiko lotura.
Baldintza horiek betetzen direla ziurtatzeko, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du, aholkularitza-enpresak emanda. Bada horretarako eredu bat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701. Eredu hori erabili beharko du.
2.– Laguntzaren onuradunak hautatuko du aholkularitza-enpresa.
15. oinarria.– Diruz lagungarri diren gastuak.
1.– Proiektu bakoitzaren barruan, baldintza hauek betetzen dituzten aholkularitza-gastuak joko dira diruz laguntzeko moduko: laguntza zer jardueratarako eman den, horretara lotu behar dira, zalantzarik gabe; jarduera hori burutzeko beharrezkoak izan behar dira; exekuzio-aldian egin dira; justifikazio-aldia amaitu aurretik ordaindu dira, benetan; 500 eurotik gorakoak dira; eta merkatuko prezioak betetzen dituzte.
2.– Honako hauek ez dira joko diruz lagun daitezkeen gastutzat:
a) Fakturan ordainarazi den Balio Erantsiaren gaineko Zerga, ez eta beste edozein zerga ere.
b) Langileek enpresan dauzkaten lanorduei dagozkien gastuak.
c) Bidaiei, dietei eta mantenuari dagozkien gastuak.
d) Administrazio-gestoriako zerbitzu arruntak eta zerga-, lan-, finantza- eta kontularitza-aholkularitzako zerbitzu arruntak.
3.– Aholkularitza-zerbitzua 35 orduko izan behar da gutxienez.
4.– Aholkularitza-ordu bakoitza 100 euro baino gehiago ordaindu bada, dirulaguntza muga horretaraino bakarrik iritsiko da.
16. oinarria.– Laguntzak zenbatekoak diren.
Onartutako gastu garbiaren % 80 lagunduko da diruz; baina gehienez 5.000 euro. Gastu onartuak dira, hain zuzen ere, agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenak.
17. oinarria.– Gauzatzeko epea.
Gauzatzeko denbora dago agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik, 2026ko apirilaren 30era arte, bi egunak barne.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA-PROGRAMA
«MERKATARITZA-EKINTZAILE DIRULAGUNTZAK»
18. oinarria.– Xedea eta helburua.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» laguntza-programaren bidez, merkataritzako ekintzailetza-proiektuetan inbertsioak eta gastuak ordaintzen lagundu nahi da, baina proiektua Euskadin kokatuta baldin badago edo egotekoa bada.
2.– Programa honek hiru lerro bereizi ditu, merkataritzako ekintzailetza-prozesuak dituen faseen arabera:
a) 1. lerroa: Abiatu. Merkataritzako negozio-proiektu bat abian jartzeko inbertsioa eta gastuak ordaintzen laguntzeko.
b) 2. lerroa: Sendotu. Merkataritzako negozioan hutsunerik igarri bada eta, gako batzuk sendotuz, negozioa bera indartu egin nahi bada, lerro honen bitartez lagunduko da inbertsioa ordaintzen.
c) 3. lerroa: Hazi. Hazi nahi duen enpresari inbertsioa ordaintzen laguntzeko, bai lehendik dagoen enpresaren negozio-eredua dibertsifikatuz, bai merkataritza-establezimendu berriak sortuz.
3.– Programa honetan sartzeko, eskatzaileek, lehenago, II. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» laguntza-programako lerro bereko aholkularitza amaituta eduki beharko dute eskabidea egin aurreko 2 urteetan.
19. oinarria.– Baliabide ekonomikoak. Laguntzak emateko modalitatea.
1.– «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» ekintzailetza-programak zuzkidura ekonomiko hau izango du:
– III. kapitulu honetako I. atalean inbertsioetarako jasota dagoen dirulaguntzetan 970.000 euro balia daitezke: 679.000 euro, 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio; eta, 291.000 euro, berriz, programan aurreikusitako 2026ko konpromiso-kredituari.
– III. kapitulu honetako II. atalean gastuetarako jasota dagoen dirulaguntzetan 300.000 euro balia daitezke: 210.000 euro, 2025eko ordainketa-kredituari dagozkio; eta, 90.000 euro, berriz, programan aurreikusitako 2026ko konpromiso-kredituari.
Zuzkidura hori EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako jasotako aurrekontu-kredituetatik etorriko da.
2.– Ondo aurkeztu diren eskaera guztien artean dirulaguntzak banatzeko, segidako lehiaketa erabiliko da. DAELeko 19.3 artikuluan dator zehazturik nola.
Banan bana eta hurrenkera egokian ebatziko dira, alegia, eskabidea noiz egin duten gorabeheran (oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin), harik eta deialdiaren epea amaitu arte edo deialdian esleitutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Ez da beharrezkoa izango eskabideen arteko konparaziorik egitea.
3.– Oinarri honetan ezarritako aurrekontu-zuzkidura agortzen bada, uko egingo zaio laguntza berriak emateari, eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, ebazpen bidez. Zuzkidura agortuz gero, EHAAn Merkataritzako zuzendariaren ebazpen bat argitaratuz jakinaraziko da.
4.– Aurkeztutako eskabideak ebatzi ondoren, eta eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren (2025eko irailaren 30ean amaitzen da) oraindik ez baldin badira agortu III. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» laguntza-programa honetarako aurreikusitako baliabide ekonomikoak, soberako saldoa, beharrezkoa bada, II. kapituluko «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programako eskaerei erantzuteko erabili ahal izango da.
20. oinarria.– Diruz lagungarri diren jarduketak.
1.– Honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko jardueratzat:
a) Merkataritzako negozioa abian jartzen laguntzeko inbertsioak (1. lerroa edo Abiatu), sendotzen laguntzeko (2. iIdoa edo Sendotu), edo hazten laguntzeko (3. lerroa edo Hazi), denak ere kapitulu honetako I. atalekoak.
b) Merkataritza-negozioa abian jartzeko egindako gastuak (1. lerroa edo Abiatu), kapitulu honetako II. atalean jasota daudenak.
2.– Laguntza zer lerrotan eskatu den, lerro horretako planean berariaz jasota egon beharko du jarduerak, bestela, ezingo da diruz lagundu.
3.– Diruz lagundu daitekeen jarduketa merkataritza-arloan garatu behar da; 8. oinarrian dago zehazturik JEZren zer epigraferen arabera; eta EAEn egin beharko da edo egitekoa izan behar da.
21. oinarria.– Gauzatzeko epea.
Gauzatzeko denbora dago agindu hau EHAAn argitaratzen den egunetik, 2026ko apirilaren 30era arte, bi egunak barne.
I. ATALA. INBERTSIOAK
«MERKATARITZA-EKINTZAILE DIRULAGUNTZAK»
22. oinarria.– Diruz lagundu daitezkeen inbertsioak.
1.– Inbertsioa diruz laguntzeko modukotzat jo dezagun, baldintza hauek bete behar ditu: laguntza zer jardueratarako eman den, harekin loturik egon behar du, zalantzarik gabe; jarduera gauzatzeko beharrezkoa izan behar du; proiektu onuradun bakoitzerako onartu den egikaritze-aldian egin behar da; eta justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordainduta egon behar du. Inbertsioek merkatuko prezioen mende egon beharko dute.
2.– Inbertsioak diruz lagundu ahal izateko, bakoitzak 500 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditu beharko du (BEZik gabe), eta guztien batura 5.000 eurora iritsi beharko da gutxienez (BEZik gabe).
3.– Dena delako planean berariaz jasota daudenak izango dira inbertsio diruz lagungarriak; hauek, besteak beste:
a) Merkataritza-lokalean, instalazio teknikoetan eta biltegietan egiten diren inbertsioak:
1.a Eraberritze- eta egokitze-lanak.
2.a Tresneria eta sistema funtzionalak instalatzea: Negozioaren funtzionamendu operatiborako beharrezkoak diren ekipoak eta sistemak instalatzea, egokitzea eta martxan jartzea (elektrizitatea, iturgintza, sare informatikoak, klimatizazioa).
3.a Irisgarritasuna: Irisgarritasun-araudia betetzen dela ziurtatzeko egokitzapenak.
4.a Jasangarritasuna: Energia-efizientzia, energia berriztagarrien erabilera edo hondakinen kudeaketa jasangarria hobetzea.
b) Altzarietan egindako inbertsioak.
c) Makineria espezializatuan egindako inbertsioak: Ekoizpenerako edo zerbitzurako behar diren makinak.
d) Teknologian egiten diren inbertsioak:
1.a Ekipo informatikoak: Ordenagailuak edo inprimagailuak, edo negozioak behar bezala funtzionatzeko behar den edozein ekipo.
2.a Softwarea eta kudeaketa-sistemak: Negozioa kudeatzeko eta optimizatzeko software berezia (Enpresa Baliabideen Plangintza -ERP-, Bezeroarekiko Harremanen Kudeaketa-Negozioa kudeatzeko eta optimizatzeko software berezia -CRM-, fakturazioa kudeatzeko programak, inbentarioen kudeaketa, bezeroen kudeaketa, salmentak, kontabilitatea).
3.a Merkataritza elektronikoa eta online plataformak: Web-orriak sortzea eta garatzea, edo online dendak, aplikazio mugikorrak eta e-commerce plataformak sortzea eta garatzea, betiere indarrean dagoen araudiaren arabera.
4.a Komunikazio-ekipoak: Telefono-terminalak, ordenagailuak edo tabletak, baldin eta zerikusi zuzena badute programa honen bidez diruz lagundutako konponbide teknologiko batekin.
5.a Salmenta-puntuaren sistema: Salmenta-puntuen terminalak (SPT), kutxa erregistratzaileak, kobrantza-sistemak, ordainketen kudeaketa, barra-kodeen irakurgailua eta prezioak elektronikoki etiketatzeko sistemak.
6.a Erosketa-esperientzia hobetzeko ekipo digitalak.
7.a Automatizazio- eta kontrol-sistema adimentsuak: Saltegia adimenez kudeatzeko sistemak, automatismoak eta hurbileko aktibatzaileak.
e) Ibilgailuak erosteko inbertsioak: ibilgailu mistoak eta banaketa-bizikletak eta -trizikloak (elektrikoak barne), denak ere produktuak garraiatzeko eta produktuok bezeroen edo beste salmenta-puntu batzuen artean banatzeko.
f) Eskualdatze-eskubideak: Enpresa eskualdatzeko baldin bada, negozioa eskualdatzetik eratorritako gastuak.
4.– Inbertsioak enpresaren aktibora batu beharko dira, diruz lagunduko den enpresaren merkataritza-azpiegituran fisikoki kokatuta egon beharko dute, diruz lagundutako jarduerara bideratu beharko dira eta, txertatzen direnetik, gutxienez hiru (3) urtez egon beharko dute establezimenduan.
23. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren inbertsioak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez dira diruz lagunduko honako inbertsio hauek:
a) Merkataritza-lokalean egiten diren inbertsio hauek:
1.a Funtzionalak ez diren eraberritzeak, edo negozioaren hasierako irudia nabarmen aldatzen ez dutenak.
2.a Beharrezkoak ez diren ekipo edo sistema funtzionalak instalatzea.
b) Lokalak, lursailak, biltegiak eta antzekoak eskuratzeko eta eraikinak jasotzeko inbertsioak.
c) Makineria eskuratzeko inbertsioak:
1.a Ezer ekoizteko ez diren jardueretarako makinak: Ez dira erabiltzen ez ondasunak ez zerbitzuak ekoizteko; adibidez, denbora-pasarako ekipoak.
2.a Negoziorako behar ez diren makinak: Merkataritzan jarduteko funtsezkoak ez diren edo fabrikaziorako edo zerbitzua emateko erabiltzen ez diren ekipoak.
d) Jarduerarekin zuzenean lotuta ez dagoen teknologiatan egindako inbertsioak:
1.a Ekipo teknologikoak: Ordenagailuak, telefono mugikorrak, tabletak edo antzekoak erostea, ez baldin badira lanean erabiltzeko, edo programa honen bidez diruz lagundutako soluzio teknologiko batera loturik ez badaude zuzenean.
2.a Softwarea: Enpresa-jarduera kudeatzeko eta optimizatzeko beharrezkoak ez diren softwarea edo sistemak, hala nola denbora-pasarako programak, erabilera pertsonalerako softwarea edo merkataritza-lanarekin lotuta ez dauden aplikazioak.
3.a Online plataformak garatzea: Web-orriak, online dendak edo aplikazio mugikorrak sortzea, norberaren gauzetarako bada, edo merkataritzarako ez bada; edo e-commerce proiektuak, oinarria ez baldin badaukate, benetan, enpresa-arloan jarduteko.
e) Erabilera pertsonalerako ibilgailuetan egindako inbertsioak.
f) Gerora saldu egingo bide diren altzariak eta erakusketa- eta proba-artikuluak, ez eta aldi baterako erakusketak jartzea ere.
g) Laguntza honen onuradunak berak fabrikatu edo garatutako elementuak edo ekipamenduak.
h) Tributuak eta bestelako ordainketa fiskalak: Zergak, tasak, kontribuzioak eta zerga-agintariei ordaindu beharreko beste tributu batzuk.
2.– Inola ere ez dira diruz lagunduko negozioaren jarduera komertzial eta operatiboarekin zuzenean lotuta ez dauden inbertsioak, funtzionamenduan eragin nabarmenik ez dutenak, eta gehiegizkotzat, luxuzkotzat edo apaingarri soiltzat jotzen direnak.
3.– Loturapeko beste erakunde batzuekin kontratatzen diren inbertsioak ezin dira diruz lagundu, non eta eskaria ez den berariaz egiten. Merkataritzako zuzendariak baloratu eta baimendu beharko du. Dena delako pertsona fisikoak edo juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak DAELeko 31.8 artikuluan datozen gorabeheretakoren bat betetzen badu, joko da baduela harekiko lotura.
24. oinarria.– Laguntzak zenbatekoak diren.
Onartutako inbertsioen % 80 lagunduko da diruz, baina gehienez ere 25.000 euro. Inbertsio onartutzat hartuko dira agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituztenak.
II. ATALA. GASTUAK
«MERKATARITZA-EKINTZAILE DIRULAGUNTZAK»
25. oinarria.– Diruz lagungarri diren gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat hartuko dira laguntzaren xede den jarduerarekin zalantzarik gabe zerikusia duten, gauzatzeko beharrezkoak diren, proiektu onuradun bakoitzerako onartutako egikaritze-aldian egin diren eta justifikazio-aldia amaitu aurretik benetan ordainduta dauden horiek. Gastuek merkatuko prezioen araberakoak izan beharko dute.
2.– Gastuak diruz lagundu ahal izateko, bakoitzak 100 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditu beharko du (BEZik gabe), eta guztien batura 1.500 eurora iritsi beharko da gutxienez (BEZik gabe).
3.– Dena delako planean berariaz jasota daudenak izango dira gastu diruz lagungarriak; hauek, besteak beste:
a) Eraketa-gastuak:
1.a Enpresaren erregistroa eta administrazio-izapideak: Enpresaren legezko inskripzioa, notarioen ordainsariak, eta enpresaren egitura juridikoa ezartzeko beste administrazio-gastu batzuk (notariotza, merkataritza-erregistroa, administrazio-tasak).
2.a Lizentziak eta baimenak eskuratzea: Negozioa irekitzeko lizentziak eta baimenak lortzea.
3.a Ordutegi profesionalak: Zerga-, lan-, kontabilitate- eta lege-aholkularitzako zerbitzuak.
b) Saltegiko gastuak:
1.a Saltegia alokatzea: Negozioak kokaleku fisikoa behar baldin badu, bebarruak alokatzeko gastuak, salbuespen hauek salbu: kokaleku hori familia-etxearen zati izatea edo beste enpresaren batekin erabiltzen den lekuren bat; lokalaren errentatzailearekin odol- edo ezkontza-ahaidetasuna egotea (bigarren mailarainokoa); edo errentatzaile hori erakunde onuradunaren bazkide edo partaide izatea.
2.a Proiektu teknikoak: Negozioa egokitzeko eta martxan jartzeko beharrezkoak diren proiektu teknikoak, baina profesionalek eginak.
3.a Irisgarritasuna: establezimenduaren irisgarritasunari buruzko txostena, araudira egokitzearren (aukerakoa da).
c) Marketin- eta sustapen-gastuak:
1.a Marketina eta publizitatea (online eta off line): Publizitate-kanpainak, kanpaina digitalak, etab.
2.a Diseinua eta branding-a: Markak erregistratzeko, logotipoak edo irudi korporatiboa diseinatzeko eta sustapen-materiala sortzeko gastuak (liburuxkak, aurkezpen-txartelak, etab.).
d) Prestakuntza espezializaturako gastuak: Ekintzaileak eta langileak gaitzea edo prestatzea merkataritza-jarduerarekin zuzenean lotutako arlo garrantzitsuetan.
e) Negozioa garatzeko azterketa estrategikoak.
e) Ibilgailuak alokatzeko gastuak: ibilgailu mistoak eta banaketa-bizikletak eta -trizikloak (elektrikoak barne), denak ere produktuak garraiatzeko eta produktuok bezeroen edo beste salmenta-puntu batzuen artean banatzeko.
g) Finantza-errentamendua (leasing) eta errentamendu operatiboa (renting): Agindu honen arabera diruz lagundu daitekeen ibilgetua leasing edo renting bidez alokatu behar bada, kuotak lagundu ahal izango dira diruz, interesik eta exekuzio-aldiko gasturik gabe.
26. oinarria.– Diruz lagundu ezin diren gastuak.
1.– Agindu honetan aurreikusitako ondorioetarako, ez dira diruz lagunduko gastu hauek:
a) Finantza-gastuok:
1.a Mailegu edo kreditu-lerroetatik datozen interesak eta gastuak.
2.a Edozein eragiketatako banku-gastuak.
3.a Negozioaren finantza-kudeaketatik eratorritako gastuak.
4.a Finantza-berregituraketa egiteko kostuak edo banku-erakundeekin edo mailegu-emaileekin negoziatzeko gastuak.
b) Tributuak, administrazio-gastuak eta formalizazio-gastuak:
1.a Zergak, tasak, kontribuzioak eta bestelako tributuak.
2.a Administrazio-baimenak.
3.a 25.3.a) 2. oinarriaren arabera diruz lagundu ezin diren lizentziak eta baimenak.
4.a Abal eta fidantzen kostua.
5.a Administrazio-kudeaketa edo -izapideei lotutako gastuak.
c) Soldata-gastuak: Soldatak, ordainsariak, sariak, ordainak, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta langile edo negozio-jabearentzako edozein konpentsazio ekonomiko ordaintzearekin lotutako gastuak.
d) Gastu pertsonalak:
1.a Elikadura-gastuak.
2.a Garraio pertsonalerako gastuak.
3.a Aisialdi-gastuak.
e) Ekipamendu eta osagarrietarako gastuak:
1.a Bulegoko materiala.
2.a Apaingarriak.
3.a Laneko arropak eta babes-ekipamenduak.
f) Mantenurako eta funtzionamendurako gastuak:
1.a Oinarrizko hornigaien fakturak (ura, elektrizitatea, Internet, telefonoa, etab.).
2.a Negoziorako beharrezkoak ez diren higiezinen alokairu-gastuak.
3.a Garbiketa-lanak, mantenu-lanak edo konponketak egiteko eta aktiboen osagaiak aldatzeko gastuak eta antzekoak.
4.a Aseguruak.
5.a Softwarea mantentzeko edo eguneratzeko gastuak edo tresna informatikoak erabiltzeko lizentziak.
g) Prozedura judizialetatik eratorritako isunak, zehapenak eta kostuak.
h) Ospakizun edo ekitaldietako gastuak.
i) Obretarako materialak eta elementuak eskuratzeko gastuak.
2.– Inola ere ez dira diruz lagunduko negozioaren jarduera komertzial eta operatiboarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak, funtzionamenduan eragin nabarmenik ez dutenak, eta gehiegizkotzat, luxuzkotzat edo apaingarri soiltzat jotzen direnak.
3.– Loturapeko beste erakunde batzuekin kontratatzen diren gastuak ezin dira diruz lagundu, non eta eskaria ez den berariaz egiten. Merkataritzako zuzendariak baloratu eta baimendu beharko du. Dena delako pertsona fisikoak edo juridikoak edo nortasunik gabeko taldeak DAELeko 31.8 artikuluan datozen gorabeheretakoren bat betetzen badu, joko da baduela harekiko lotura.
27. oinarria.– Laguntzak zenbatekoak diren.
Onartutako gastu garbiaren % 80 lagunduko da diruz; baina gehienez 7.500 euro. Gastu onartuak dira, hain zuzen ere, agindu honetan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztenak.
IV. KAPITULUA
PROZEDURA
28. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak jasotzeko eskabideak Merkataritza Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira (Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila).
2.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2025eko irailaren 30ean bukatuko da, edo, bestela, horretarako ezarritako kreditua agortzen den unean.
3.– EAEko Administrazio Publikoko egoitza elektronikotik eskuratu, aurkeztu eta bete beharko da eskabidea, bat etorriz Herritarrei arreta integral eta multikanala emateko eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izateko ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan jasotakoarekin (https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701).
Eskabidea egin ondorengo izapideak (espedientera sarbidea izatea, jakinarazpenak, errekerimenduak, dokumentazioa aurkeztea eta prozeduran inplikatutako gainerako izapideak) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bidez soilik egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).
4.– Pertsona fisikoek aurrez aurreko bidea ere erabil dezakete eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko, baina horrek ez du inor behartzen gerora ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera; edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.
Aurrez aurreko bidea aukeratzen dutenek hemen aurkez dezakete eskabidea: Zuzenean-Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuan (herritarrei arreta integral eta multikanala ematekoa eta zerbitzu publikoak bitarteko elektronikoz irispidean izatekoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako egoitza edo establezimenduetan (aurrerantzean, APAPE).
5.– Eskabidea ondo beteta dagoela jotzeko, eskabide-inprimakia osorik bete behar da, eta, horrez gain, 29tik 31ra bitarteko oinarrietan agintzen den dokumentazioa ere aurkeztu behar da.
Eskabidearekin batera, erakunde eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren edo erakundearen sinadura elektroniko aitortuaz gain, harekin batera aurkeztu beharreko dokumentu guztiak eta Administrazioak APAPEn xedatutakoaren arabera eska ditzakeenak ere aurkeztu beharko dira.
6.– Eskabide bakar bat onartuko da programa bakoitzeko. Pertsona edo entitate batek eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, aurkeztu duen azkenekoa baino ez da hartuko kontuan.
Aurretik jada erregistratutako baina oraindik ebazteke dagoen eskabide bat duen pertsona edo entitate batek beste eskabide bat aurkezteak automatikoki ekarriko du eskabide horretan atzera egitea eta hari dagokionez prozedura amaitzea. Horretarako, atzera egiteko ebazpena emango da, legeari jarraikiz betiere.
Programa berean laguntza bat jaso duenak beste eskabide bat aurkezten badu aurreko laguntzari uko egin gabe, eskaera berria ukatu egingo da. Enpresa eratu gabe badago, pertsona fisiko ekintzaileak egingo du eskaera, 5. oinarriaren arabera. Eskabidean proposatutako merkataritza-negozioaren proiektua ekintzaile bat baino gehiagoren artean garatuta dagoenean, talde sustatzaile horretako kideek ezin izango dute, bakoitzak bere aldetik, beste eskabiderik aurkeztu proiektu bererako.
7.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan onartutako identifikazio eta sinadura elektronikorako bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak
8.– Ordezkari bidez jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman dakioke, interesdunaren izenean jardun dezan bitarteko elektronikoen bidez, agindu honi buruzko prozedura guztietan. Horretarako, honako bitarteko hauek erabiliko dira:
a) Ahalordetzeen Erregistro Elektronikoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan kokatua (https://www.euskadi.eus/ordezkariak/).
b) «Borondatezko legezko ordezkaritza egilesteko inprimaki normalizatua» (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eguneratua eta behar bezala formalizatua. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko da.
Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo, bestela, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duen legezko beste edozein dokumentu.
9.– Laguntza-eskabidea, eskatutako dokumentazioarekin batera, aukeratzen den EAEko edozein hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango da. Era berean, laguntza-eskaeraren ondoriozko proiektuetan, eta prozedura osoan, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
10.– Espedientearen tramitazioaren edozein unetan begiratu ahal izango da eskabidean jasotako datuen egiazkotasuna. Jardun diharduen administrazioak edozein unetan eska dezake aurkez dakiola eskakizunetako edozein betetzen dela egiaztatzeko dokumentazioa.
Erantzukizunpeko adierazpenean agertzen den daturen bat faltsua izanez gero, eskatzaileak zehapen administratiboa edo penala jasoko du, dagokion araubidearen arabera.
11.– Eskabideak aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarriak definitzen dituzten baldintzak.
12.– Ez dira onartuko 2. apartatuan ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak.
13.– Helbide elektroniko honetan daude tramitazioari buruzko jarraibideak, eskabide-inprimakiak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701
29. oinarria.– Eskabidearekin batera zer dokumentu orokor aurkeztu behar diren.
1.– Orokorrean, eskabide-inprimakiarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, NANa; edo, pertsona juridikoa, ondasun-erkidegoa edo sozietate zibila bada, erakunde eskatzailearen IFZ.
b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, enpresaren eratze-eskrituren eta ondoren egindako aldaketen dokumentazio osoa. Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak: eratze-kontratua.
c) Enpresa eratuta ez badago, EAEko errolda-ziurtagiria.
d) Pertsona edo entitate eskatzailearen ordezkaritza-ahalordea, halakorik bada. Eskabidea izenpetzen duenaren ahalordearen egiaztapen balioduna. Ahalordea egiaztatzeko, zuzenbidean baliozkoa den eta ahalordea badela fidagarritasunez erakusten duen edozein bitarteko erabiliko da, Agindu honetako 28.8 oinarriaren arabera.
e) Laguntzaren xede den enpresaren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergako alten eta, hala badagokio, bajen ziurtagiri historiko eguneratua. Ezin izango dira 3 hilabete baino gehiago igaro eskabidea egiteko, ziurtagiria eman zenetik. Ziurtagiri horretan adierazi beharko da noiz eman zen alta eta baja JEZn, bai eta eskabidean aipatutako kokapena zein den ere.
f) Pertsona eta entitate eskatzaileek dirulaguntza emateko proposamena egin aurretik egiaztatuko beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela. Dagokion laguntzaren edo dirulaguntzaren azken ordainketa egiaztatzen den arte, gutxienez, bete beharko dituzte betebehar horiek.
Betebehar horiek betetzen direla egiaztatzeko, administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztuko dira, zerga-organo edo Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organo eskudunek emanak, hurrenez hurren.
g) 10.3 oinarrian adierazten den bezala, aurkeztu diren aukera guztien artetik, eskatzaileak proposatutakoa ez baldin bada ekonomikoki onuragarriena, edo ezinezkoa baldin bada hiru eskaintza aurkeztea (hori aipatzen baita), aukeraketa memoria batean justifikatu beharko da berariaz. Horretarako eredua Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701
2.– Merkataritza Zuzendaritzak dirulaguntza emateko eta likidatzeko ebazpena eman aurretik egiaztatuko du, elkarreragingarritasun-zerbitzuen bitartez, a), c), e) eta f) apartatuetako betekizunak betetzen diren. Hala ere, pertsona edo entitate eskatzaileak, bai eta ondasun-erkidegoetako eta sozietate zibiletako partaideek ere, berariaz egin ahal izango diote uko egiaztapen horri, eta, kasu horretan, eskakizunak betetzen dituztela egiaztatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko dute beren kontura.
3.– Entitate eskatzailea ondasun-erkidego edo sozietate zibila bada, erkidego edo sozietate horretan parte hartzen duten pertsona fisiko edo juridiko guzti-guztiek egiaztatu edo ziurtatuko dute betetzen dituztela agindu honetan eskatzen diren betekizunak eta baldintzak.
30. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programaren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa.
Dokumentazio orokorrarekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programarako (agindu honetako II. kapituluan dago aurreikusita):
a) Hautatutako aholkularitza-enpresak emandako erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatuz gutxienez 30 ekintzailetza-proiektutan parte hartu duela; ez dela ezein sektore publikotako erakunde; eta ez dagoela pertsona edo erakunde onuradunari lotuta. Horretarako eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701
b) Aholkularitza-enpresak egindako aurrekontua, aholkularitza zein lerrotan garatuko den azalduz (Abiatu, Sendotu edo Hazi), zenbat ordu beharko dituen, eta ordu bakoitzak zenbat balio duen.
c) Abiatu 1. lerroko eskatzailea izanez gero, agiri hauek ere erantsi beharko dira:
1.a Garatu nahi den merkataritza-negozioaren proiektua azaltzeko memoria. Puntu hauek denak aztertzeko bidea emango du: abiapuntuko egoera, hautemandako beharrak, aholkularitzarekin lortu beharreko helburua eta espero diren emaitzak.
2.a Proposatutako merkataritzako negozio-proiektua ekintzaile bat baino gehiagoren artean garatuta badago, aurkeztu beharko da talde sustatzaileak zer akordio hartu duen laguntza eskatzeko, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan eskuragarri egongo den ereduaren arabera: https:// www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701.
d) Sendotu 2. lerroko eskatzailea izanez gero, agiri hau ere erantsi beharko da:
Puntu hauek azaltzen dituen memoria: enpresaren aurrekariak, enpresaren egungo egoera, hobetzeko beharrak eta hautemandako gabeziak, aholkularitzarekin lortu beharreko helburua eta espero diren emaitzak.
e) Hazi 3. lerroko eskatzailea izanez gero, agiri hau ere erantsi beharko da:
Puntu hauek azaltzen dituen memoria: enpresaren aurrekariak, enpresaren egungo egoera, lortu nahi den hazkundea (saltoki berriak irekitzea, dibertsifikazioa eta abar) aholkularitzarekin lortu beharreko helburua eta espero diren emaitzak.
31. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programaren eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa.
Dokumentazio orokorrarekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programarako (agindu honetako III. kapituluan dago aurreikusita):
a) Hautatutako aholkularitza-enpresak emandako erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatuz gutxienez 30 ekintzailetza-proiektutan parte hartu duela; ez dela ezein sektore publikotako erakunde; ez dagoela pertsona edo erakunde onuradunari lotuta; eta guztira zenbat aholkularitza-ordu eman diren azalduz. Horretarako eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701
b) Egindako aholkularitzari dagozkion planak (negozio-plana, sendotze-plana edo hazkunde-plana).
c) Aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak, argi eta garbi zehazten dituztenak dirulaguntzaren xede diren inbertsioak edo gastuak.
32. oinarria.– Zuzentzea.
Aurkeztutako eskabideak ez baditu betetzen eskatutako betekizunak, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, akatsa zuzen dezan edo eskatzen zaizkion nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, APAPEko 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Horrez gain, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela, betiere APAPEko 21. artikuluan eta DAELeko 20.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan eman beharko den ebazpenaren ondoren.
Eskabidea, legez, bide elektronikotik aurkeztu beharra daukanak aurrez aurre aurkeztu nahi badu, erakunde interesdunari adieraziko zaio elektronikoki aurkeztu behar duela. Ondorio horietarako, eskabidea bide hori erabiliz aurkezten den eguna hartuko da aurkezpen-datatzat.
33. oinarria.– Prozeduraren kudeaketa.
1.– Merkataritza Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak kudeatzeko lanak egitea, eta Merkataritzako zuzendaria izango da organo arduraduna.
2.– Eskabideak aztertzeko, ezarritako betekizunak betetzen diren egiaztatuko da, eta eskabide bakoitza behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazio eta/edo informazio osagarria eskatu ahal izango zaio entitate eskatzaileari.
3.– Dirulaguntza-eskaerak aztertzeko, erreferentzia gisa hartuko dira eskaerari txertatutako azken dokumentuaren erregistro elektronikoaren data eta ordua. Zuzenketa egin behar bada, eskabidea balio osoz osatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu den eguna eta ordua hartuko dira erreferentziatzat, eta, kasu guztietan ere, deialdirako kreditu erabilgarriaren mugara arte eta kreditu xedatuaren arabera.
4.– Merkataritzako zuzendariak ebazpen-proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Bertan, dirulaguntza norentzat proposatzen den (zer eskatzailerentzat) eta dirulaguntza horren zenbatekoa adierazi beharko dira. Proposamen hori behin betikoa izango da, DAELeko 21. artikuluaren 3. apartatuan xedatutakoaren arabera.
Dirulaguntzak emateko espedientean organo kudeatzailearen txostena egongo da, eta txosten horretan jasota geratuko da organo kudeatzailearen esku dagoen informazioaren arabera onuradunek betekizun guztiak betetzen dituztela dirulaguntzak jasotzeko.
5.– Behin betiko ebazpenaren proposamenak ez die inolako eskubiderik ekartzen onuradun izateko proposatuta daudenei.
34. oinarria.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari dagokio eskabide bakoitzaren ebazpena ematea, Merkataritzako zuzendariak proposamena eta txostena egin ondoren. Txosten horretan jasota geratuko da, bere esku dagoen informazioaren arabera, onuradun izateko proposatu den pertsona edo entitateak betekizun guztiak betetzen dituela laguntza jasotzeko.
2.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, laguntza-eskabidea osatu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta jakinarazpenik egin ez bazaio pertsona edo entitate interesdunari, eskabidea administrazio-isiltasunez ezetsi egin dela ondorioztatuko da, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, oinarri honen 6. apartatuan adierazitako gora jotzeko administrazio-errekurtsoa jartzeko ondorioetarako.
3.– Laguntza ematea erabakitzen bada, laguntza emateko ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, finantzatu beharreko jarduketa, onartutako gastua, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimi laguntzei aplikatzeari buruzko Batzordearen abenduaren 13ko 2023/2831 (EB) Erregelamenduari lotzen zaiola. Eskatutako laguntza ematen ez badu, hauek adieraziko ditu: eskatzailearen identitatea edo izen soziala, ukatzeko zergatiak eta jar daitezkeen errekurtsoak.
4.– Ebazpenaren jakinarazpena egiteko, interesdunak aukeratu duen bitartekoa erabiliko da. Jakinarazpen hori elektronikoa izango da Administrazioarekin harremana hala izateko betebeharra dagoen kasuetan. Nolanahi ere, jakinarazpena eskuragarri egongo da EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalean.
Osagarri gisa eta soilik informazio-ondoreekin, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egindako jakinarazpenaren abisuak bidaliko dizkie interesdunei, eskabide-inprimakian adierazitako telefono mugikorretara SMSak edo helbide elektronikoetara mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere egindako jakinarazpenaren ondoriorik izango.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, beraren aurka, pertsona edo entitate eskatzaileak gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, APAPEko 122. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
6.– Laguntza emateko ebazpenak -eta, gero, aldaketarik egiten bada, baita aldaketak ere- banan bana pertsona eta erakunde onuradunei jakinaraziko zaizkie, baina, gainera, emandako laguntzen berri denok izan dezagun, pertsona eta erakunde onuradunen zerrenda eta emandako zenbatekoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko dira.
35. oinarria.– Pertsona onuradunen betebeharrak.
1.– Agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradunek (pertsonak izan edo erakundeak izan) nahitaez bete beharko dituzte Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak, hau da, besteak beste:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean, pertsona edo entitate onuradunak dirulaguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
b) Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
c) Jarduera egin izana justifikatzea, bai eta dirulaguntza emateko betekizunak eta baldintzak bete izana ere.
d) Dirulaguntza zein xedetarako eman den, hartarako erabiltzea. Onuradunen ekintzek oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa bete beharko dute.
e) Dirulaguntza proiektu jakin bat burutzeko eman zaie, baina ezin badute proiektu hori egin, ziur dakitenean ezingo dutela egin, espedienteari uko egiten diotela jakinarazi behar dute, eta jasotako guztia itzuli, borondatez.
f) Onuradunak dirulaguntzaren xede izan diren ondasunen xedeari eutsi beharko dio, eta emakida-eskabidean aurreikusitako helburuari aplikatu beharko dizkio, gutxienez hiru urtez, proiektua gauzatzen denetik zenbatzen hasita, edo, bestela, proiektuaren bizitza baliagarria amaitu arte, bizitza hori laburragoa bada.
Horrek ez du eragotziko epe horretan zaharkituta geratu diren edo matxuratuta dauden instalazioak edo ekipoak ordeztea, baina ordezko gisa ekartzen direnak helburu berberetarako izan behar dira. Hori guztia, DAELeko 30.4 eta 30.5 artikuluetan xedatutakoaren arabera. Baldintza hori betetzen dela egiaztatzeko, Merkataritza Zuzendaritzaren irizpideari jarraituko zaio.
g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzei dagokienez.
h) Administrazioetan edo erakunde publikoetan beste laguntzarik eskatu badute helburu edo xede berbererako, edo halakorik batere iritsi bazaie, jakinarazi egin behar dute laguntza hau banatzen duen erakundean, jakin bezain azkar, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.
i) Aurreko hiru urteetan jasotako minimi laguntza guztiak aitortzea erakunde laguntza-emailean.
j) Baldin eta dirulaguntza emateko kontuan izandako baldintza objektibo edo subjektiboak aldatu egiten badira, horren berri ematea Merkataritza Zuzendaritzari, jakin bezain laster eta, betiere, jasotako funts publikoen erabilera justifikatu aurretik.
k) Eskatzen zaien informazio osagarri guztia eman beharko diote Merkataritza Zuzendaritzari, hark egoki irizten dituen egiaztapen guztiak egin ditzan diruz lagundutako proiektuen garapenaren eta gauzatze-lanen inguruan.
l) Jasotako funtsak aplikatu direla egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez 5 urteko denbora-tartean, saldoa ordaintzen denetik aurrera.
m) Kontrol-organo eskudunek egindako egiaztapen-jarduketen ondorioz bidegabeki jasotako funtsak itzultzea, DAELeko III. tituluan ezarritakoaren arabera.
n) Begiratzea (betetzea) zer jartzen duen Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bateginean xedatutakoa (martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan xedatutakoa, eta bere gain hartzea testu bategin horrek administrazioarekin kontratuak egiten dituzten entitateei ezartzen dizkien betebeharrak.
ń) Inplikatutako administrazio publikoen artean datuak lagatzea onartzea, Europa mailako araudi aplikagarrian xedatutakoa betetzeko eta bat etorriz Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin.
o) Ez egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 116. artikuluan ezarritako egoeraren batean.
p) Garraioaren arloko iraunkortasun ekonomikoko neurriei buruzko abuztuaren 1eko 14/2022 Errege Lege Dekretuan xedatutakoa betetzea, ikasteko beken eta laguntzen arloan, bai eta energia aurrezteko, efizientziarako eta gas naturalaren mendekotasun energetikoa murrizteko neurrien arloan ere.
q) Enpresa-deslokalizaziorik ez egitea, halakotzat hartuta DAELeko 49. artikuluan araututakoa.
r) Diruz lagundutako jardueraren finantzaketaren izaera publikoari publikotasun egokia ematea, DAELeko 27 artikuluan xedatuaren arabera.
2.– Agindu hau betetzeko garatzen diren proiektu guztietan, ondo ikusteko moduan eta jendearentzat eskuragarri egongo den leku batean jarri beharko dira informazio-kartel, plaka, argitalpen inprimatu eta elektroniko, ikus-entzunezko material, webgune, prentsan txertatutako argitalpen eta iragarki, ziurtagiri eta abar guztiak, eta testua EAEko bi hizkuntza ofizialetan idatzita egon beharko da.
3.– Aurreko apartatuan aipatutako bereizgarri instituzionalak dirulaguntzaren xede diren proiektuak egiteko, informatzeko eta zabaltzeko erabiltzen diren materialetan bakarrik erabili ahal izango dira, eta ez dirulaguntzaren xede ez diren beste publizitate-helburu batzuetarako.
36. oinarria.– Laguntzen ordainketa.
1.– Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez ordainduko dira dirulaguntzak, Merkataritzako zuzendariak proposatuta. Bi ordainketa egingo dira, honela:
a) Lehenengo ordainketa, hau da, emandako laguntzaren ehuneko 70, agindu honetako 35.1.a) oinarrian ezarritako epea igaro ostean, non eta onuradunak laguntzari berariaz uko egiten ez dion epe horretan.
b) Gainerako zenbatekoa agindu honen 37. oinarrian xedatutakoaren arabera gastuen justifikazioa likidatu ondoren ordainduko da.
2.– Ordainketak egin aurretik, egiaztatu egin beharko da pertsona edo entitate onuradunak egunean ordainduta dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzeari buruzko Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan ezarritakoaren arabera.
3.– Laguntzaren ordainketa jaso ahal izateko, pertsona edo erakunde onuradunak Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan inskribatuta egon beharko du (Ogasun eta Finantza Saila), bestela, alta egin beharko du; bestalde, laguntza jasotzeko emanda dauzkan banku-datuak ez baldin badira bere kontuko datuak, zuzendu egin beharko ditu, telematikoki, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ alta-modificacion-datos-terceros/web01-tramite/es/. Hirugarrenen Erregistroan alta emate hori edo datuen zuzenketa hori eskatzaileak berak egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez; edo ordezkari batek bestela, baina ordezkariak Ahalordeen Erregistro Elektronikoan alta emanda egon behar du (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/). Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri.
Erregistro horretan inskribatuta dagoen banku-kontuan ordainduko da dirulaguntza.
37. oinarria.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Justifikazio-epea 2026ko ekainaren 30ean amaituko da.
Epe hori igaro eta justifikazio-agiririk aurkeztu ez bada, hamabost eguneko epe luzaezina emango zaio erakunde onuradunari, agiriak aurkez ditzan. Ezarritako epean justifikaziorik aurkeztu ezean, baldintza hori bete gabe geratuko da, eta, ondorioz, ordaindutako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli egin beharko dira (dirulaguntzen arloan eskatzen diren interesak).
2.– Egoitza elektronikoan dago justifikazioa. Hara sartu eta han bete behar da: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/, hargatik eragotzi gabe 28.4 oinarrian pertsona fisikoentzat ezarritakoa.
3.– Finantzatutako proiektuak egin direla justifikatzeko agiriak justifikazioko kontuaren modalitatearen arabera egingo dira, gastuen egiaztagiriak eta ordainagiriak aurkeztuta, bai eta agindu honetan jasotako dokumentazioa ere.
4.– Emandako dirulaguntza likidatzeko, honako hauek egiaztatuko dira: dirulaguntzaren justifikazio egokia, laguntzaren xede diren proiektuak behar bezala gauzatu direla eta emakidaren helburua bete dela.
5.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada zuzendu daitezkeen akatsak daudela dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztu dituen justifikazio-agirietan, erakunde onuradunari inguruabar hori jakinaraziko zaio, eta hamar eguneko epea emango zaio akatsak zuzentzeko.
6.– Dirulaguntzaren justifikazioan aurkeztutako gastu guztiak onartzen ez badira eta horrek dirulaguntza gutxitzea badakar, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, erakunde kudeatzaileak hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango dio erakunde interesdunari, aurkeztutako dokumentazioa zuzen dezan, hala badagokio.
7.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu ondoren, Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena hartuko du, Merkataritzako zuzendariak zer ebaztea proposatzen duen ikusita.
38. oinarria.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra.
1.– Laguntzen justifikazioak dokumentazio hau jaso beharko du, beti:
a) Orokorrean, justifikazio-inprimakiarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
1.a Egindako inbertsio eta gastuen fakturak. Fakturazio-betebeharrak arautzen dituen erregelamenduaren arabera egin beharko dira, eta dirulaguntzaren onuradunaren izenean. Era berean, diruz lagun daitezkeen aktiboen deskribapenak argi eta garbi identifikatuta egon behar du, eta ez da kontzeptu kodeturik onartuko.
500 euro edo gehiagoko fakturak (BEZik gabe) onartuko dira, bakar-bakarrik, «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programan jasotako gastuetarako, eta «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programako I. ataleko inbertsioetarako; eta, 100 euro edo gehiagokoak, berriz, «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programako II. atalean jasotako gastuetarako.
2.a Fakturak ordaindu izanaren egiaztagiria.
1.000 euroko edo gehiagoko ordainketen justifikazioa banku-transferentzien, banku-ziurtagirien edo ordainketa-laburpenen bidez egiaztatu beharko da, zerga-iruzurra prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurriei buruzko uztailaren 9ko 11/2021 Legearen arabera. Ordainketetan ez da onartuko ez eskudirurik ez hartu-agiririk.
Ordainagiri bakoitza dagokion fakturari erantsiko zaio.
3.a Argazki edo agiri bidez erakutsi beharko du bete duela dena delako jarduketak Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso duela erakusteko publizitate- eta informazio-betebeharra, 35.1.r) oinarrian ezarritakoaren arabera.
2.– Beharrezkotzat joz gero, justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, egindako gastua edo inbertsioa justifikatzeko.
39. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» programaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa.
1.– Dokumentazio orokorrarekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Aholkularitza» aholkularitza-programa justifikatzeko (agindu honetako II. kapituluan dago aurreikusita):
1.a Diruz lagunduko den Abiatu, Sendotu edo Hazi laguntza-lerroari dagokion plana, 13. oinarrian jasotako gutxieneko edukiarekin.
2.a Aholkularitza-enpresak emandako ziurtagiria, garbi erakusten duena, batetik, burutu duela aholkularitza-lana dena delako lerroan (Abiatu, Sendotu edo Hazi), eta, bestetik, zenbat aholkularitza-ordu eman dituen. Ziurtagiri hori egiteko eredua EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan egongo da eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701
3.a 38.1.a).1 oinarrian aipatutako fakturan, oinarri horretan eskatzen diren datuez gainera, beste gauza bat ere zehaztu beharko da, beren-beregi, hots, zenbat ordu eman diren, eta ordu bakoitzak zenbat balio izan duen.
2.– Beharrezkotzat joz gero, justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, egindako gastua edo inbertsioa justifikatzeko.
40. oinarria.– «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programaren justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazio espezifikoa.
1.– Dokumentazio orokorrarekin batera, beste agiri hauek ere aurkeztu beharko dira «Merkataritza-Ekintzaile Dirulaguntzak» programa justifikatzeko (agindu honetako III. kapituluan dago aurreikusita):
1.a Diruz lagundutako inbertsioak edo gastuak benetan egin direla argi erakusten duten argazkiak edo egiaztagiriak (lehenago eta ondoren).
2.a Abiatu 1. lerrotik jaso bada laguntza, diruz lagundu den jarduera JEZn alta emanda dagoela erakusten duen agiria.
3.a Hazi 3. lerrotik jaso bada laguntza, JEZn alta emanda dagoela erakusten duen agiria, garbi utziz zer-nolako hazkundea izan duzun.
2.– Beharrezkotzat joz gero, justifikazio-agiri osagarriak eskatu ahal izango dira, egindako gastua edo inbertsioa justifikatzeko.
41. oinarria.– Dirulaguntza aldatzea.
1.– Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako baldintzak aldatu egiten badira –dirulaguntzaren xedea beteta dagoela jo delarik behar du izan– edo beste entitate publiko zein pribatu batzuetatik beste dirulaguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, ebazpena bera aldatu egin daiteke, edo laguntzak emateko baldintzak egokitu, bai ofizioz bai interesdunak eskaturik, betiere Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeko 9.4.k) artikuluak zabaltzen duen bidetik, eta lege horretako 16.4 eta 25. artikuluetan zehazturik dagoen bezala
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertarako erabili diren justifikatu baino lehen jakinaraztea interesdunak, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa gehitu beharrik ez izatea.
c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak gauzatzeko, aldi berean, beste ekarpen batzuk ere lortzen badira, dirulaguntza aldatu egin behar ote den ebatzi baino lehen, hamabost eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio onuradunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan.
Dirulaguntza honen babesean emandako ekarpen ekonomikoen zenbatekoak, helburu bera duten beste diru-sarrera edo baliabide batzuekin batera, ezin izango du inola ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19.3 artikuluak dioenez.
Kasu horretan, soberakinari dagokion kopurua kendu beharko zaio Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak emandako laguntzari, dagokion administrazio-espedientea hasi eta nahitaezko entzunaldi-izapidea egin ostean, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko Legearen 25.2 artikuluaren arabera, lege horren beraren 40. artikuluko prozedurari dagokionez, baldin eta hura osorik edo haren zati bat itzuli behar bada.
3.– Emandako dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu bada, dagokion itzultzeko prozedura, dirulaguntzetan aplika daitezkeen berandutze-interesak barne, abiaraziko da.
42. oinarria.– Ez-betetzeak eta emandako dirulaguntzak itzultzea.
1.– Agindu honetan eskatzen diren betebeharrak ez badira betetzen, edo DAELen edo beste arau aplikagarrietan aurreikusitako urraketarik gertatzen bada, horra hor zer den ez-betetzea.
2.– Onar daiteke diruz lagundutako jarduketa gauzatzeko orduan gauza batzuk ez betetzea, baldin eta garbi erakusten bada helburuak eta konpromisoak betetzeko jarrera dagoela inolako zaintzarik gabe. Horrenbestez:
a) Zati bat ez betetzea da, hain zuzen ere, inbertsioaren edo finantza daitekeen gastuaren ehuneko 60 baino gutxiago uztea bete gabe.
Zati bat uzten bada bete gabe, bigarren ordainketa hein berean mehetuko da, eta, gainera, gerta daiteke aurreko ordainketan jasotako diruaren zati bat itzuli behar izatea, gehi dirulaguntzetan aplikatzen diren berandutze-interesak. Interesak izango dira, hain zuzen ere, inbertsioa edo gastuaren zer zati utzi den egin gabe edo justifikatu gabe, zati hori bera ehunekotan.
b) Ezer ez betetzea da, berriz, inbertsioaren edo finantza daitekeen gastuaren ehuneko 60 baino gehiago uztea bete gabe.
Ezer ez betetzeak berekin dakar emandako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta ordainduta dagoen zatia itzuli behar izatea, gehi dirulaguntzetan erantsi behar izaten diren berandutze-interesak. Ehuneko horiek kalkulatzeko, egin gabeko inbertsiotzat edo gastutzat hartuko dira: agiri bidez egiaztatuta ez dagoena, finantzagarriak ez diren kontzeptuak egiaztatzen dituena, eta fakturatu edo ordaindu ez dena.
Kasu horietan, bidezkoa izango da dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea, azkenean emandako zenbatekoa benetan justifikatutako zenbatekoaren proportzioan murriztuz aurrekontu osoarekiko.
3.– Itzulketa-prozedurari dagokionez, DAELeko 40. artikulutik 43.era ezarrita dagoen bezala jokatuko da:
a) Itzulketa-prozedura Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen erabaki baten bidez hasiko da.
Prozedura hori abiarazten bada, besterik gabe bertan etenda geratuko da falta diren dirulaguntza-zatien ordainketa.
b) Itzulketa-prozedura hasteko ebazpenean jasoko dira prozedura bera hasteko arrazoiak, eta 15 eguneko epea emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo, horretarako epea igarota alegaziorik jaso ez bada, amaiera emango zaio prozedurari, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
d) Itzulketa-jardunbideari buruzko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da, hasteko erabakiaren egunetik hasita.
e) Itzultzeko prozeduraren ebazpenak amaiera emango dio administrazio-bideari.
f) Ebazpenean jasotzen bada zerbait ez dela bete, adieraziko da Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola dagozkion diru-kopuruak eta laguntza ordaindu zenetik sortutako berandutze-interesak (dirulaguntzen arloan eransten direnak), ebazpena jakinarazi eta gehienez ere bi hilabeteko epean. Epe hori borondatezko epetzat hartuko da.
g) Itzulketa ez baldin bada egiten borondatezko epean, premiamendu-bidez kobratuko da, indarrean dagoen araudiaren arabera.
43. oinarria.– Uko egitea.
1.– Eskatzaileak eskabide horretan atzera egiteko aukera izango du. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, bete-betean onartuko du atzera-egitea- eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.
2.– Era berean, onuradunak uko egin ahalko die onartutako laguntzei, eta hala egin ahalko du laguntza onartu ondoren. Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, ebazpen baten bidez, berariaz onartuko du ukoa, eta bukatutzat joko du horretarako prozedura.
Behin ukoa onartuta, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, dirurik jada eskuraturik baldin badu, itzuli egin beharko du, 42. oinarrian jartzen duen bezala.
3.– Ukoa ez da onartuko entitate interesdunari jadanik jakinarazi bazaio deialdiaren esparruan ez-betetze edo zehapen-prozedura bat abiarazi dela. Prozedura horrek ebazpena eman arte jarraituko du
44. oinarria.– Datuen babesari buruzko informazioa.
Datu pertsonalak honako hauetan ezarritakoaren arabera tratatuko dira: batetik, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta, bestetik, (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.
Datu pertsonalak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzaren ardurapeko «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira. Jarduera horren helburua da «Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak iragarritako merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea».
Eskuratzen diren datuak beharrezkoak dira Merkataritza Zuzendaritzari emandako botere publikoak gauzatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta arlo horretan eskumena duten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek aukera dute datuak irispidean izateko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak baliatzeko, tratamenduaren arduradunaren aurrean, datuen babesaren arloko eskubideak baliatzeko prozeduraren bidez. Prozedura hori www.euskadi.eus/zerbitzuak/1250701 helbidean argitaratu da.
RSS