Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

67. zk., 2023ko apirilaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
1673

AGINDUA, 2023ko martxoaren 28koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, turismo-arloko ekintzailetza laguntzeko eta turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko 2023ko ekitaldirako laguntzak arautu eta horien deialdia egiten duena.

Turismoa garrantzi handiko sektore ekonomikoa da Euskadin. Nabarmen laguntzen dio gure herriaren aberastasun ekonomiko eta kulturalari; barne produktu gordinaren (BPGd) % 6,4 izan zen 2019 urtean, eta gaitasun handia du enplegua, hazkundea eta garapen ekonomikoa sortzeko.

Azken hamarkadan, turismoak hazkunde etengabea, egonkorra eta iraunkorra izan du EAEn, eta 3,8 milioi bisitari izan zituen 2019. urtean. Alabaina, COVID-19aren pandemiak eta haren ondoriozko krisi sanitarioak bortizki geldiarazi zuen turismoaren hazkundea 2020an. Eta sektore hori izan da, hain justu, kaltetuenetako bat. Hala ere, 2021eko eta 2022ko ekitaldietan, Euskadiko turismoa suspertu egin zen, 2019ko datuak ere gainditzeraino, 4,2 milioi bisitarirekin.

Hala ere, testuinguru global aldakorrak Europa osoari eragiten dion krisialdi energetikoan deribatu du, 2022ko lehen hiletan Europan piztu zen gatazka belikoaren ondorioz, alegia, Errusiak Ukrainia inbaditzearen ondorioz –oraindik ere irauten du–. Horrek guztiak prezioak handitzea ekarri du Europar Batasunean. Zerbitzu eta produktu guztiei eragiten dien inflazio handiak, zalantzarik gabe, inpaktua izango du turismoaren sektorean. Hala, prezioen gorakadari eusteko estatu eta erakunde arautzaileak hartzen ari diren neurriek baliteke kontsumoa txikitzea ekartzea, baita ondasun eta zerbitzu turistikoena ere.

Testuinguru konplexu horrek kaltetzen jarraitzen du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren politika publiko eta ildo estrategiko guztien plangintza programatikoa. Zalantzazko egoera aldakor honetan prest egon behar gara sortzen zaizkigun erronken arabera erantzuteko eta ekiteko.

Beraz, Sailaren hamabigarren legealdirako lan-planteamendua izango da bi fasetan jardutea, zeinen intentsitatea eta epeak osasun-krisiaren eta horren ondorio ekonomikoen araberakoak izango baitira. Lehen fasea, erresistentziakoa, ahalik eta enplegu eta establezimendu gehienei eusteko izango da; bigarrena, ordea, ekonomia suspertzeko eta leheneratzeko izango da eta, aurretik azaldutako baldintzak gorabehera, baliteke 2023ko ekitaldi honetan finkatzea.

Horrenbestez, turismo-arloko ekintzailetza eta turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko programak osatuko ditu zenbait administraziok martxan jarritako neurri ekonomikoen multzoa, zehazki, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sektorea eusten eta mantentzen laguntzekoak; horregatik, horiekin guztiekin bateragarria da. Programa honen helburua da ekonomia suspertzea eta jarduera turistikoa bultzatzea. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak legegintzaldi honetarako garatutako bi faseko estrategiaren barruan dago, eta 2020-2024 aldirako Gobernu Programaren barruan dago, zehazki:

– 1. ardatz estrategikoan (oparotasuna). Enplegua eta susperraldi ekonomikoa, EAEko XII. legegintzaldiko Gobernu Programa;

– horren barruan, 7. jarduketa-arloan (Turismo jasangarria eta bikaintasunekoa);

– eta 42. konpromisoan (Euskadi-Basque Country, bikaintasunezko helmuga turistikoa).

Laguntza-programa honen bidez, tokiko komunitateei balioa ekarriko dien turismo-negozio berriak sortzea sustatu nahi da. Susperraldi ekonomikoko fasean, turismoak EAEko gizartean ongizatea sortzen lagundu behar du, baita bertako kulturari eusten ere, beste sektore batzuekin sinergiak sortuz eta, bereziki, merkataritzarekin, artisautzarekin eta bestelako jomuga turistikoetatik bereizteko aukera ematen digutenekin. Hala, enpresa-aukera erakargarriak sortuko dira, jasangarriak, errentagarriak eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituztenak bertako herritarrentzat.

Era berean, berrikuntza, teknologia eta sormen-prozesuak bultzatuko dira negozio-ereduetan, enpresen lehiakortasunari eusteko eta haien eskaintza hobetzeko eta optimizatzeko.

Azkenik, gizarte- eta ingurumen-erantzukizunaren alde apustu egiten duten turismo-enpresei eman nahi zaie lehentasuna, bermatzeko turismoaren hazkundea bateragarria izango dela bertako biztanleen bizitza-kalitatea gordetzearekin eta aberastasuna sortzen jarraitzeko gaitasunarekin.

Bestalde, eta Saileko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren helburu estrategikoekin bat etorriz, laguntza-programa horren helburua da emakumeen jarduera- eta okupazio-tasa handitzea turismo-jardueran, hain zuzen genero-arrakala hauteman den eremuetan, arrakala hori desagerrarazteko.

Programaren helburu espezifikoak kontuan harturik, hauek dira Agindu honen helburuak:

1.– Negozio lehiakorren eta enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzen dutenen kopurua handitzea.

2.– Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) eta bestelako soluzio teknologikoak erabiltzen dituzten enpresen kopurua handitzea, enpresek bezeroekin duten elkarreragina eta turismo-negozioen eraginkortasuna hobetzeko.

3.– Eskaintzen dituzten zerbitzuen kalitatea hobetzen duten enpresen kopurua handitzea.

4.– Turismo segurua, ingurumenaren aldetik jasangarria eta irisgarria eskaintzen duten enpresen kopurua areagotzea.

Prozeduraren ikuspuntutik eta administrazio-izapideak errazteko, agindu honetan erabaki da espedienteen izapidetze elektronikoa egingo dela. Programa honen aurretik antolatu direnetan enpresa onuradunekin izandako kudeaketa-esperientzia aztertuta, ikusi da prozedura hori aurrerapen bat dela lortu nahi den enpresen eta erakundeen lehiakortasunaren hobekuntzaren ildotik, eta horrek ez duela eragiten inolako diskriminazio edo kalterik.

Laguntza- programa honek behar besteko aurrekontu-kreditua du Euskal Autonomia Erkidegoaren 2023ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2023ko otsailaren 21eko Aginduan jasota dago. Agindu horren bidez onartu da Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa, zeina argitaratu baita sailaren webgunearen «planak eta proiektuak» atalean (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismo-merkataritza-kontsumo-saila/).

Horrenbestez, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak dituen eskumenak baliatuta (honako arau hauek eman dizkiote eskumenak: Turismoari buruzko uztailaren 28ko 13/2016 Legearen 5.2 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren irailaren 6ko 18/2020 Dekretuaren 15.1.a) artikulua; Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua– testu bateginaren 51.2 artikulua), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da turismo-jarduera egokitzeko, suspertzeko eta sustatzeko laguntza-programaren deialdia egitea.

Helburu horrekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoan toki-garapenari lagunduko dioten turismo-negozio berriak sortzen lagunduko da, baita turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzera bideratutako jarduketak ere, guztia ere berrikuntza teknologikoaren babesarekin; halaber, haien kalitatea hobetu nahi da, eta turismo seguru, jasangarriko eta irisgarriko eredu baterantz bideratu, baldin eta diruz laguntzeko honako lerro hauetan sartzen badira:

– Ekintzailetza, negozio turistiko berriak sortzeko.

– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak EAEren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta, guztira, 1.285.000 euro dira. Honela banatzen dira bi lerroetan:

– Ekintzailetza, negozio turistiko berriak sortzeko: 500.000 euro.

– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea: 785.000 euro.

2.– Bi lerroetako bakoitzari dagozkion laguntzak eman ondoren, lerro horietako bat finantzatzeko kreditua agortu ez bada, soberako zenbatekoa bestearen kreditua handitzeko erabili ahal izango da.

3. artikulua.– Definizioak.

Agindu honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:

1.– Enpresa. Bere forma juridikoa edozein izanik ere, jarduera ekonomiko bat garatzen duen pertsona batek edo gehiagok sortutako edo eratutako erakundea; hau da, merkatu jakin batean ondasunak jartzen dituena edo zerbitzuak eskaintzen dituena.

2.– Ostatu-enpresa turistikoak. Ustiapen-xedearen arabera, honela sailkatzen direnak: ostatu-establezimenduak (hotelak, apartamentu turistikoak, kanpinak, turismo-aterpetxeak, nekazaritza-turismoak eta landetxeak); erabilera turistikoko etxebizitzak; eta erabilera turistikoko etxebizitza partikularretako logelak.

3.– Sukaldaritzaren arloko enpresak. Jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta tankera horretako establezimendu finkoak, publikoari oro har irekiak, otorduak eta edariak eskaintzen dituztenak modu ohikoan eta profesionalean, dela tokian bertan kontsumitzeko, dela handik kanpora janaria eramateko eta etxean banatzeko zerbitzuak eskainiz.

4.– Kongresuen antolatzaile profesionalak (KAP). Biltzarrak, azokak, konbentzioak eta antzeko ekitaldiak egiteko aholkularitza-, plangintza-, antolaketa-, zuzendaritza- eta kontrol-zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresa edo pertsona espezializatuak, edo dena delako kongresuak profesionalki eskatzen duen zernahi beste jardueratan aritzen direnak; izan litezke zuzenean eginak edo azpikontratatuak.

5.– Turismo-garraioko enpresak. Pertsonak lekualdatzeko azpiegitura eta ekipamendu-ondasunak edukita, jarduera nagusi gisa EAE barruan interesekoak diren baliabide edota toki desberdinetan ibilbide gidatuak egitea duten enpresak. Jarduera nagusitzat hartuko da erregulartasunez eskaintzen dena eta enpresa-jardueran negozio-bolumen handiena sortzen duena.

6.– Turismo aktiboko enpresak. Modu jarraituan eta profesionalean eskaintzen dituzte, prezio baten truk, aisia-, kirol- eta abentura-jarduera turistikoak, lehiaz kanpoko testuinguru batean garatuak. Jarduera horiek egiten diren inguruan bertan (airean, lur gainean edo uretan) naturak eskaintzen dituen baliabideak erabiltzen dira nagusiki, eta jarduera horiek berezko dute halako arrisku bat, edo nolabaiteko trebetasuna eskatzen dute. Kanpoan geratzen dira kirol-federazioak, -klubak eta -elkarteak, nahiz eta halako jarduerak gauzatu.

7.– Bitartekaritzako turismo-enpresak. Turismoaren arloko aholkularitza-, bitartekaritza- eta antolaketa-zerbitzuak profesionaltasunez eta ohikotasunez ematen dituztenak dira, betiere erregelamenduz ezarritako betekizunak betez. Beren baliabide propioak erabil ditzakete jarduera horiek egiteko. Honako hauek hartzen dira bitartekaritzako turismo-enpresatzat: bidaia-agentziak; enpresa elkartuen turismo-eskaintzen merkaturatze komuna egitea helburu duten turismo-enpresen elkarteak; erreserben zentralak, bitartekari turistikoak eta operadore turistikoak.

8.– Turismo-gidariak. EAEko interes kulturaleko ondasun eta gainerako baliabide turistikoen ondare historiko, natural eta gastronomikoari buruz, jarduketa eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileentzat informazio- eta interpretazio-lana egiten duten pertsonak (fisikoak zein juridikoak). Zerbitzu horiek ohikotasunez, profesionaltasunez eta prezio bidez ematen dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan eta atzerriko beste edozein hizkuntzatan.

9.– Autokarabanak hartzeko eremu bereziak. Behar bezala zedarritu, hornitu eta egokitutako lur-eremuak, publikoari irekita daudenak eta prezio bidez aldi batean erabil daitezkeenak. Eremu horiek autokarabanentzat eta antzeko ibilgailuentzat bakarrik dira; beraz, ezin izango da instalatu haietan kanpin-dendarik, karabanarik edo aterpe mugikor edo finkorik. Ez da halakotzat hartzen autokarabanak eta karabanak errepide, autobide, hiri-bide eta aparkalekuetan gelditzea edo aparkatzea.

10.– Zerbitzu turistikoak. Turismo-erabiltzaileen eskariari erantzuteko egiten diren jarduerak, zerbitzu hori emateko erabiltzen diren instalazioak eta ondasun higiezinak barne. Ondorio horietarako, honako hauek hartzen dira zerbitzu turistikotzat: ostatu-zerbitzuak, bitartekaritzak, informazio turistikoa eta turismoarekin lotutako beste edozein zerbitzu.

11.– Turismo-produktua. Turismoa erabiltzeko eta turismoaz gozatzeko egituratutako baliabide edo zerbitzu nagusi edo osagarri oro, erabiltzaileak jarduera bat edo gehiago egin ahal baditu.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetan bildutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek (aurrerantzean, pertsonak) ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) jarduteko eskatzen diren legezko baldintzak betetzen badituzte. Ondoren zerrendaturiko tipologiaren batean biltzen badira turismo-jarduera horiek:

a) ostatu-enpresa turistikoak,

b) bitartekaritzako turismo-enpresak,

c) sukaldaritza-enpresak,

d) garraio turistikoko enpresak,

e) turismo aktiboko enpresak,

f) biltzarrak antolatzen dituzten enpresa profesionalak,

g) turismo-gidariak,

h) autokarabanak hartzeko eremu berezien titularrak.

2.– Kanpoan geratzen dira agindu honen 3. artikuluan jasotako definizioekin bat ez datorren jarduera ekonomikoren bat gauzatzen duten pertsonak, bai eta sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak ere; kanpoan geratzen dira, orobat, kapitalean edo gobernu-organoetan administrazio publikoen edo haien mendeko erakundeen partaidetza nagusia duten beste batzuk ere.

3.– Artikulu honetako 1. apartatuko a), b) eta h) letretan zerrendatutako tipologietakoren batean inbertsioak egiteko laguntza eskatzen duen pertsonak jardun beharko du titular den eta laguntzaren xede den turismo-establezimenduan edo -negozioan. Establezimendu edo negozio hori, halaber, Euskadiko Turismo Enpresa eta Jardueren Erregistroan inskribatuta egon beharko du, I. eta II. eranskinetan laguntza-lerro bakoitzerako ezarritako epeetan. Era berean, gainerako tipologiei dagokienez, eskatzailea alta-egoeran egon beharko da laguntza eskatzen duen negozioan edo establezimenduan jarduteagatik dagokion ekonomia-jardueren gaineko zergaren epigrafean (aurrerantzean, EJZ), I. eta II. eranskinetan laguntza-lerro bakoitzerako ezarritako epeetan.

Baldintza hori egiaztatzeko, kontsulta egingo zaie EAEko Turismo Enpresen eta Jardueren Erregistroari eta foru-aldundiei.

4.– Ondasun-erkidegoen eta sozietate zibilen kasuan, bertan parte hartzen duten pertsona guztiak, fisiko zein juridiko pribatuak, pertsona onuraduntzat hartuko dira, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari bat izendatu beharko da, zeinak behar adina ahalorde izango baititu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkarteak ezingo dira desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

5.– Aurreko apartatuetan aurreikusitakoez gainera, eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte onuradun izateko:

a) EAEn edukitzea egoitza, edo turismo-negozio edo -establezimendu bat.

b) Egunean edukitzea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Laguntza deialdi hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du eskatzaileak egunean dauzkala zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Zerga-betebeharrak betetzeari dagokion egiaztapen automatikoa berdin egingo da tributuak EAEtik kanpo ordaintzen dituztenekin eta Espainiako Zerga Agentzian edo Nafarroako Ogasunean kudeatzen dituzten enpresekin ere. Hala ere, eskatzaileak egiaztapen horren aurka egin ahal izango du, eta, orduan, eskaturiko egiaztapen horiek aurkeztu beharko ditu.

Dirulaguntza eman eta ordainketa egin aurretik egingo dira egiaztapenok.

c) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

Baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatuko da laguntza eman baino lehen eta ordainketa egin baino lehen.

d) Ez izatea dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dien zehapen penalik edo administrazio-zehapenik, ez egotea horretarako desgaitzen dituen debeku baten pean, sexuagatiko bereizkeriagatik sortutakoak edo emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako araudia ez betetzeagatikoak barne, zehapenak iraun bitartean. Gainera, 50 langiletik gorako enpresa izanez gero, indarrean izan beharko du berdintasun-plan bat eta ezarrita izan beharko ditu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko eskakizunei dagokienez.

6.– Onuradun izaera lortzeko debekurik ez duela justifikatzea, eskabideko inprimakietan txertatutako erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan daude adierazita debeku horiek.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.

1.– Agindu honetan jasotako laguntzak dirulaguntza ez-itzulgarri gisa hartuko dira, eta lerro hauetakoren batean sarturiko jarduketak finantzatzera bideratuko dira:

a) Turismo-negozio berriak sortzea, I. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera.

b) Honako xede hauek bilatzen dituzten turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzea, II. eranskinean zehaztutako ezaugarrien arabera:

– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez.

– Enpresen turismo-eskaintza hobetzea eta optimizatzea.

– Eskaintza turismo segurura, jasangarrira, arduratsura eta irisgarrira egokitzea.

2.– Lerroek elkar baztertzen dute.

3.– Laguntzaren xede diren inbertsioak EAEn kokatu beharko dira.

6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.

1.– Negozio berriak sortzera bideratutako ekintzailetza-proiektuetarako (I. eranskinean daude jasota) gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen gastuaren % 40 izango da, 18.000 eurora arte.

2.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako proiektuetarako (II. eranskinean daude jasota) gehieneko dirulaguntza diruz lagun daitekeen gastuaren % 30 izango da, 15.000 eurora arte.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira I. eta II. eranskinek horri buruz jasotako zehaztapenekin zalantzarik gabe bat datozenak, eta, gainera, 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartean fakturatzen eta ordaintzen direnak.

2.– Inbertsio onargarri gisa inbertsio horren balio garbia zenbatuko da beti, halakotzat hartuz balio erantsiaren gaineko zerga kendu ondoren fakturatutako zenbatekoa.

3.– Ibilgetua leasing bidez eskuratuz gero, diruz laguntzeko tarteari dagozkion kuotak lagundu ahalko dira diruz, 2023ko ekitaldiko interesik eta gasturik gabe, faktura ekitaldi horretakoa bada.

4.– Diruz lagun daitezkeen aktibo fisikoak berriak izan beharko dira, eta dirulaguntza jaso duen enpresan sartu beharko dira. Era berean, aktibo ukigarriak eskatu diren negozioan egon beharko dira fisikoki.

Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, birgaitu eta hobetzen badira, dirulaguntza eman den helbururako bideratu beharko dira ondasunak, gutxienez horiek fakturatu eta hurrengo 5 urteetan –erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan– edo hurrengo 2 urteetan gainerako ondasunen kasuan. Erregistro publiko batean inskribatu beharreko ondasunen kasuan, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 31.4 artikuluan araututako moduan jokatu beharko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako destino-betebeharra ez da urratutzat hartuko honako kasu hauetan:

a) Erregistro publiko batean inskribatu ezin diren ondasunen kasuan, dirulaguntza eman den helbururako berdin balio duten beste ondasun batzuekin ordezten badira, eta horiek erabiltzen badira ezarritako epealdi osoan, betiere administrazio laguntza-emaileak ordezkapena baimendu badu.

b) Erregistro publiko batean inskriba daitezkeen ondasunen kasuan, administrazio laguntza-emaileak baimena ematen badu ondasunon erabilera aldatzeko, besterentzeko edo kargak ezartzeko. Kasu horretan, eskuratzaileak bere gain hartuko du ondasunak gainerako aldian erabiltzeko betebeharra, eta, betetzen ez badu, dirulaguntza itzultzekoa.

5.– Dirulaguntzen xede diren jarduerak azpikontratatu ahal izango dira, diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 50 arte.

Kontratuetan diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa 40.000 euroko zenbateko garbia edo handiagoa bada, obra egiteko kostuen kasuan, edo 15.000 euro baino handiagoa, ekipamenduen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza teknikoaren zerbitzuak ematearen kasuan, eskaintza bana eskatu beharko zaie hiru hornitzaileri, gutxienez, zerbitzua kontratatzeko edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, zerbitzuaren edo ondasunaren ezaugarri bereziak direla eta, haiek egin, eman edo eskaintzen dituzten nahikoa erakunde ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa egiteko, efizientzia-irizpideak eta irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan –justifikazioan edota dirulaguntzaren eskabidean eskaintza guztiak aurkeztu beharko dira–, eta, proposamen merkeena aukeratu ezean, erabakia justifikatu beharko da memoria batean.

8. artikulua.– Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honen babesean lortutako dirulaguntzak bateragarriak izango dira diruz lagundutako gastu berberetarako administrazio publikoek edo erakunde pribatuek emandako dirulaguntza ororekin, betiere lotura organikorik zein funtzionalik ez badute Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Turismo Sailarekin.

2.– Dirulaguntzaren zenbatekoak –Estatuko zein nazioarteko beste administrazio publikoen edo erakunde pribatu edo publikoen laguntzekin edo dirulaguntzekin batera– ezin izango du diruz lagundutako jardueraren kostua gainditu, eta, kasu horretan, agindu honetan emandako laguntza gutxituko da, soberako kopurua kenduta.

3.– Agindu honetan ezarritako laguntzek Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritako de minimis arauak errespetatuko dituzte –Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori, eta 2013ko abenduaren 24ko 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen–.

Europar Batasunak ezarritakoa oinarri hartuta, de minimis erregelamenduaren arabera enpresa batek gehienez 200.000 euro jaso ditzake 3 zerga-ekitalditan, laguntza eskatu den ekitaldia erreferentziatzat hartuta.

Muga hori gaindituz gero, programa honi jarraikiz emandako laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, soberako kopurua kenduta.

9. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetzeko bidea.

1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Ezarritako epetik kanpo aurkeztutako eskabideak ez dira izapidetuko, eta, horretarako ebazpena eman ondoren, ez onartzea erabakiko da.

2.– Eskabide bakarra onartuko da eskatzaile bakoitzeko, eta agindu honen 4.1 artikuluan jasotako jarduera motaren bat duen turismo-negozio edo -establezimendu bakar batena izan beharko da. Beraz, pertsona berak eskaera bat baino gehiago aurkezten baditu, elektronikoki aurkeztutako azkena baino ez da kontuan hartuko, eta automatikoki aurretik erregistratutakoa ezestea ekarriko du, bai eta horren prozedura amaitzea ere. Horretarako, ezespen-ebazpena emango da, legez ezarritako baldintzetan.

Eskabide berean turismo-negozio edo -establezimendu bati baino gehiagori dagozkien jarduerak aurkezten badira, haietako batenak hautatzeko eskatuko da, agindu honetako 11. artikuluan bildutako baldintzei jarraikiz.

3.– Deialdian jasotako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta prozedurazko gainerako izapide eta kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez baino ezingo dira egin.

Eskabide-eredua, eskabideak betetzeari eta izapidetzeari buruzko argibideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektronikoan daude eskuragarri, hemen: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1010211

4.– Eskabidearekin batera, eskatzailea ordezkatzeko legezko gaitasuna duen pertsonaren sinadura, onartuta egon beharko dena EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan, eta eskabideari atxiki beharreko gainerako dokumentazioa, ondorengo artikulu honetan zerrendatzen dena, eta administrazioak eska dezakeena, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoaren arabera. Sinadura elektronikoan ageri den data eta ordua hartuko da aurkezpen-egun gisa.

Beste pertsona bat izendatu ahalko du interesdunak ordezkari gisa, agindu honi dagozkion prozedura guztietan bere izenean bitarteko elektronikoen bidez jardun dezan. Horretarako, ordezkariak EAEko Administrazio Publikoaren ahalordeen erregistro elektronikoan izena eman beharko du, https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/ webgunean, edo, bestela, «borondatezko ordezkaritza egilestea, inprimaki normaldua» behar bezala bete (https://www.euskadi.eus/ordezkaritza-ematea/) eta eskabideari erantsita. Pertsona juridikoek, gainera, ordezkaritza-ahalordearen kopia erantsi beharko dute, edo legezko beste edozein dokumentu, ahalorde-emailea entitate ordezkaritza-emailearen legezko ordezkari gisa legitimatzen duena.

Ordezkari fisiko edo juridikoak EAEren administrazio publikoaren egoitza elektronikoan onetsitako identifikazio-bitarteko elektronikoa izan beharko du (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/web01-sede/eu/ web-orrian dago eskuragarri)

Eskabidea egin ondorengo izapideak, kanal elektronikoaren bidez egingo dira, baita jakinarazpen eta justifikazioak ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire karpeta» gunearen bitartez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

5.– Laguntza jasotzeko eskabidea nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da, eskatutako dokumentazioarekin batera. Ildo horretatik, pertsona edo entitate eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeari jarraikiz.

6.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

10. artikulua.– Eskabidearen eta aurkeztu beharreko bestelako dokumentazioaren edukia.

1.– Eskabidearen inprimaki normalizatuak (ikus V. eranskina) eskatzailearen datu orokorrak bilduko ditu. Bertan, langileen datuak sexuaren arabera bereizita egongo dira, eta proiektuak aztertzeko eta laguntzak kalkulatzeko beharrezkoa den informazioa eta eskabidean aurkeztutako informazioaren egiazkotasunari buruzko eta beste alderdi batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena izango ditu. Hona hemen alderdi horiek:

– Laguntza jaso duen pertsonaren izaerari dagokionez:

• Betetzen dituela deialdiaren oinarrietan ezarritako eskakizunak.

• Pertsona edo enpresa ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aipatzen diren gainerako egoeretan, eragotzi egiten baitute pertsona edo enpresa onuradun izatea.

– Zehapenei dagokienez:

• Ez daukala dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penal edo administratibo irmorik eta ez daukala horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.

• Enpresaren kontra dirua itzultzeko edo zehatzeko prozedurarik dagoen, edo ez, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntza batzuen esparruan. Halakorik badago, adierazi zein d(ir)en.

– Bestelako laguntzei dagokienez:

• Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntzak.

• Azken hiru ekitaldietan enpresak jasotako de minimis laguntzak, laguntza eskatu den azken urtea hartuta azken urteko erreferentziatzat.

• Aurkeztutako proiekturako erakunde publiko zein pribatuetan eskatu dituen bestelako laguntza-eskaera guztien berri emateko konpromisoa.

• Ez dagoela ezein berreskuratze-aginduren mende, Europako Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.

– Emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez:

• Ez daukala zigorrik, dirulaguntza eta laguntza publikoen onuradun izatea debekatzen dionik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarren aldiz aldatu zuen martxoaren 3ko 1/2022 Legearen 21 bis.2 artikuluaren arabera.

• 50 langiletik gorako enpresei dagokienez, indarrean dauka berdintasun-plan bat, eta ezarri ditu sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta borrokatzeko neurriak, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legerian ezarritakoaren arabera.

– Eskabideari dagokionez, honako hau adierazten du bere erantzukizunpean:

• Betetzen dituela indarrean den araudian laguntzaren onuradun izateko zehaztutako baldintzak, horren ziurtagiriak dituela –horiek Administrazioaren esku jarri beharko ditu hark eskatutakoan– eta eskubidea aitortzen zaion aldi guztian zehar aurreko baldintzak betetzen jarraitzea hitzematen duela.

Erantzukizunpeko adierazpen batean edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehaztasunik gabea edo faltsua bada edo aurkeztu ez bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, edo deklaratzen dena betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa, edo komunikazioa, ezinezkoa izango da dena delako eskubidea baliatzen edo jardueran aritzen jarraitzea, egitate horren berri izaten den unetik bertatik aurrera, hargatik eragotzi gabe izan litezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69.4 artikulua).

2.– Dokumentazio osagarria. Eskabide-inprimakiarekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira digitalizatuta:

a) Bi lerroetarako oinarrizko dokumentazioa:

– Laguntza-eskabidearen xede diren jarduketei buruzko azalpen-memoria, IV. eranskinean bildutako edukiarekin; horren eredua eskabideari atxikita dago.

– Pertsona juridikoak: enpresaren eratze-eskriturak.

– Ondasun-erkidegoak edo sozietate zibilak: eratze-kontratua.

– Diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuak, proformako fakturak edo fakturak, hornitzaileenak, dirulaguntzaren xede diren elementuak eta/edo lanak argi eta garbi identifikatuta. Euroa ez den beste moneta bateko zenbatekoek euroan duten balioa adierazi beharko dute eskabidean eta harekin batera doan memorian.

– Hala badagokio, 2023an formalizatutako leasing-kontratua.

b) Ekintzailetzarako laguntza-eskabidek (I. eranskina), gainera, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

– Negozio-plana.

– Lokalaren errentamendu-kontratua, halakorik balego.

– Teknikari eskudunek sinatutako txostena, EAEn indarrean dagoen irisgarritasun-araudia betetzen dela ziurtatzen duena. Agiri hori ez da beharrezkoa izango obrarik ez dakarren ekipamendua eskuratzeko eta/edo ezartzeko kasuetan. Kasu horretan, eskabidearekin batera doan memorian adierazi beharko da.

3.– Agiri osagarriak. Era berean, eskabideak deialdiaren 13. artikuluan eta III. eranskinean ezarritako irizpideen arabera baloratzeko, eskabidearekin batera, hala badagokio, dokumentazio hau aurkeztu beharko da, egiaztatzeko:

– 1. irizpidea (bi laguntza-lerroetakoa):

• «Kotizazio-kontuaren kode batean alta-egoeran dauden langileen txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, eskabidea egin den egunean eguneratua (% 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten pertsonen egiaztagiriak).

– 3. irizpidea (ekintzailetza-lerrorako soilik, I. eranskina):

• Negozio-plana enpresak sortzeko eta garatzeko lankidetzan jarduten duten enpresek (enpresa-haztegiak, enpleguak abiarazteko eta ekintzailetzakoak, enpresa-zentroak eta abar) edo enpresa-aholkularitzek garatu edo tutorizatu dutela egiaztatzea.

• Soldatako enplegua sortzea: «Kotizazio-kontuaren kode batean alta egoeran dauden langileen txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, eskabidea egin den egunean eguneratua.

– 4. irizpidea (enpresen lehiakortasuna hobetzeko lerrorako soilik, II. eranskina):

• «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla-txostena», Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldiari dagokiona.

4.– Laguntza emanez gero, hori ordaintzeko, onuradunak erregistratuta egon beharko du Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan. Eskabidea egitean, eskatzaileak alta eman ahalko du, bai eta lehendik gehitutako informazioa aldatu ere, dagokion moduan, telematikoki, Hirugarrenen Erregistro Telematikoaren bidez, https://www.euskadi.eus/web01-s2oga/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/index.shtml web-orrian jasotako jarraibideen arabera.

Nolanahi ere, aurreko paragrafoan aipatutako ordainketarako Hirugarrenen Erregistroko datuen alta edo aldaketa interesdunak berak egin beharko du bitarteko elektronikoen bidez, edo haren ordezkari batek haren izenean, baldin eta ordezkari hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/) eskuragarri dagoen ahalordeen erregistro elektronikoan alta-egoeran badago.

Jarduketa hori ez da nahitaezkoa izango eskabidea izapidetzeko, eta, izan ere, eskabidea egin eta gero gauzatu ahalko da. Nolanahi ere, ezin izango da eskatu emandako laguntza ordaintzeko baldin eta baldintza hori benetan betetzen ez bada.

5.– Interesduna ez dago behartuta edozein administraziok egindako dokumentuak aurkeztera, baldin eta laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak dokumentu horiek kontsultatzeko edo eskuratzeko baimena eman badu. Ulertuko da interesdunak baimena ematen duela agiri horiek kontsultatzeko edo lortzeko, non eta ez duen aurka egiten modu arrazoituan; kasu horretan, eskaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko du.

Era berean, ez da nahitaezkoa izango interesdunak aurretik edozein administraziori aurkeztutako dokumentuak aurkeztea. Ondorio horietarako, interesdunak adierazi beharko du noiz eta zer administrazio-organoren aurrean aurkeztu zituen dokumentu horiek, eta laguntza-deialdi honen organo kudeatzaileak elektronikoki jaso beharko ditu, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzarako plataformetan edo hartarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuen bidez kontsultatuta. Ulertuko da enpresa interesdunak baimena ematen duela kontsulta hori egiteko, non eta ez duen aurka egiten modu arrazoituan; kasu horretan, eskaturiko dokumentazioa aurkeztu beharko du. Salbuespen gisa, aipatutako dokumentuak ezin badira eskuratu, berriz eskatu ahal izango zaio enpresa interesdunari horiek aurkezteko.

6.– Beste administrazio batzuekin informazioa trukatzeko zerbitzuen bidez, honako hauek egiaztatuko dira:

– Euskadiko Kontsumoko Arbitraje Sistemarekiko atxikipena (1. irizpidea);

– Langile Autonomoen Araubide Berezian alta-egoeran egotea; horretarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari pertsona fisikoen lan-bizitzari buruzko txostena eskatuko zaio, 3. irizpidea (autoenplegua sortzea) eta 4. irizpidea (enpresa batean lan egiten duten autonomoen kopurua) balioesteko.

Bestalde, 6. irizpidea Interneten zuzenean kontsultatuz egiaztatuko da.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideak zuzentzea.

1.– Eskabidea ez bada osorik bete, edo harekin batera ez bada aurkeztu aurreko artikuluan adierazitako nahitaezko dokumentazioa, eskatzaileari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio hori egin ezean ulertuko dela eskabidean atzera egin duela, eta horretarako, dagokion ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Eskabidea aztertuta egiaztatzen bada laguntzaren xedeko proiektua hobeto sartzen dela II. eranskineko beste apartatu batean –eskabidean adierazi ez dena, alegia–, eta horretako laguntzak lortzeko baldintzak betetzen baditu, eskabidea zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari. Horretarako epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean adierazitakoaren arabera baloratuko da inbertsioen egokitasuna. Hala ere, atal beraren barruko egokitzapenak ofizioz egingo dira.

2.– Jakinarazpenak EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

3.– Jakinarazpen-sistemak aukera emango du egiaztatzeko zer egunetan eta zer ordutan jarri zaion eskuragarri jakinarazpena jakinarazten den egintzako interesdunari, eta noiz sartu den haren edukian; une horretatik aurrera, jakinarazpena egintzat joko da. Baldin badakigu jakinarazpena iritsi zaiola baina, hamar egun natural igarota, ez baldin bada edukira sartu, ulertuko dugu jakinarazpena ukatu egin duela. Izapidea egintzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den garbi geratzen, ofizioz edo interesdunak eskaturik, teknikoki ezinezkoa izan zaiola edukira sartzea.

12. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek epean aurkeztutako eskabideak banan-banan aztertu eta ebaluatuko dituzte, eta egiaztatuko dute betetzen direla agindu honetan ezarritako eskakizunak. Halaber, eskatzaileari dokumentazioa edo informazio argigarria eskatu ahal izango diote, eskabidean aurkeztutako dokumentazioa behar bezala ulertu ahal izateko.

2.– Esandako analisiaren emaitzak txosten indibidualizatu batean jasoko dira eskabide bakoitzeko; bertan, eskabide bakoitzari kalkulatutako dirulaguntzaren zenbatekoa ere ipiniko da, eta, beharrezkoa denean, txosten horrekin batera, III. eranskinean ezarritako balioespen-irizpideen behin-behineko haztapena ere ipiniko da.

3.– Ez dira kontuan hartuko agirien bidez egiaztatzen ez diren proiektuen balorazio-elementuak, 10.3 artikuluan dokumentazio osagarri gisa hala adierazten den kasuetan.

4.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa eman daitekeen zenbatekoa baino handiagoa bada, turismo-antolamenduko arduradunak Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari proposatuko dio dirulaguntza ematea agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten eskabide guztiei, eta ukatzea betetzen ez dituztenei. Kasu horretan, eskabideak ez dira baloratuko 13. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.

5.– Programa honi esleitutako zuzkidura ekonomikoa ez bada nahikoa dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzen dituzten eskabide guztiei erantzuteko, Ebaluazio Batzorde bat eratuko da, aurkeztutako eta onartutako eskabideak batera baloratzeko, agindu honen 14. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Finantzatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten laguntza-eskabideak balioztatuko dira ondoren zehazten diren irizpide eta haztapenen arabera, agindu honen III. eranskinean banakatuta:

Agindu honen III. eranskinean daude xehatuta bi lerroetarako irizpideen haztapena eta lerro bakoitzerako irizpide espezifikoena.

1.– Bi lerroetako jardueretarako irizpide komunak.

Gehieneko puntuazioa 20 puntu izango da, honela banatuta:

– 1. irizpidea. Enpresaren gizarte-erantzukizuna eta kontsumitzailearen aurrekoa. Pertsona eta erakundeek arlo hauetan duten konpromisoa sarituko da: berdintasuna, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila duten emakumeen eta gizonen kontratazioa, eta kontsumitzaileen aurreko erantzukizuna, azken hori EAEko Kontsumoko Arbitraje Sistemara atxikitzea dela ulertuta. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

– 2. irizpidea. Aurreko laguntzak. Deialdi honen aurreko lau urteetan turismo-arloko ekintzailetza eta turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko programako dirulaguntzen onuradun izan ez diren pertsona eta erakundeak sarituko dira. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

2.– Ekintzailetza-lerrorako balorazio-irizpide espezifikoa (I. eranskina).

– 3. irizpidea. Enpresa-proiektua. Enpresa-proiektua haren bideragarritasunaren eta izaera berritzailearen arabera balioetsiko da, baita enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzeko gaitasunaren arabera ere. Gehieneko puntuazioa 40 puntu izango da, honela banatuta:

– Proiektuaren bideragarritasuna. Gehienez ere 3 puntu emango dira.

– Autoenplegua sortzea; bereziki, emakumeentzat. Gehienez ere 12 puntu emango dira.

2023ko urtarrilaren 1etik laguntza eskatzen den egunera arte Langile Autonomoen Araubide Berezian alta-egoeran daudela egiaztatzen duten pertsonen kopurua baloratuko da. Inoiz ere ez dira baloratuko aldi horretatik kanpo egindako inskripzioak/altak, ezta laguntzaren xede den tipologiarekin bat ez datozen jarduera ekonomikoetakoak ere. Egiaztapena Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren «lan-bizitzari buruzko txostenaren» bidez egingo da. Ezin izango zaio langile berari punturik eman autoenplegua sortzeagatik eta soldatako enplegua sortzeagatik.

– Soldatako enplegua sortzea, kontratazio mugagabea eta lanaldi osokoa bultzatuz, bai eta emakumeena ere. Gehienez ere 15 puntu emango dira.

«Kotizazio-kontuaren kode batean alta-egoeran dauden langileak» txostenean agertzen diren alta-egoeran dauden langileen datua baloratuko da, laguntzaren bidez sortu nahi den enpresarena, eskabide-datan eguneratua. Txosten hori Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egingo du. Inola ere ez dira baloratuko 2023 baino lehen egindako altak, ez laguntza eskatu ondoren egindakoak, ez eta laguntzaren xede den negozioarekin bat ez datozen jarduera ekonomikoak dituzten enpresenak ere. Ezin izango zaio langile berari punturik eman autoenplegua sortzeagatik eta soldatako enplegua sortzeagatik.

– Negozioaren lehiakortasuna indartzea, hura elektronikoki merkaturatuta eta digitalizatuta. Gehienez ere 10 puntu emango dira.

3.– Turismo-enpresen lehiakortasuna hobetzeko lerrorako irizpide espezifikoak (II. eranskina).

Gehieneko puntuazioa 40 puntu izango da, honela banatuta:

– 4. irizpidea. Enpresaren tamaina. Neurri txikiagoko enpresek aurkeztutako proiektuen alde egingo da. 15 puntu emango dira, gehienez ere.

«Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla-txostenean» agertzen den enplegu-datua hartuko da kontuan, 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko aldiari dagokiona.

Kasu guztietan, «Alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantilla-txosteneko» datuak eta negozioan jardueraren bat garatzen duten eta Langile Autonomoen Araubide Berezian alta-egoeran daudela egiaztatzen dutenen datuak batuko dira.

– 5. irizpidea. Jarduera-tipologiaren arabera. Diruz lagun daitezkeen jarduerak puntuatzeko, turismo-enpresak sektorean lehiakortasuna hobetzeko onartutako neurriak hartuko dira kontuan. Gehieneko puntuazioa 20 puntu izango da, honela banatuta:

– Turismo-enpresen eta -zerbitzuen berrikuntza, soluzio teknologikoen bitartez. Gehienez ere 6 puntu emango dira.

– Enpresen turismo-eskaintza hobetzea eta optimizatzea. Gehienez ere 4 puntu emango dira.

– Turismo-jarduerak ingurunean inpaktu txikiagoa izatea. Gehienez ere 6 puntu emango dira.

– Turismo-eskaintzarako irisgarritasun unibertsala errazteko neurriak sartzea. Gehienez ere 4 puntu emango dira.

– 6. irizpidea. Laguntzaren xede den negozioa online merkaturatzeko estrategia. Laguntzaren xede den negozioaren merkaturatze elektronikoa eta sare sozialetako presentzia baloratuko dira. Gehienez ere 5 puntu emango dira.

14. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.

1.– Laguntzak finantzatzeko aurrekontua eman daitekeen zenbatekoa baino txikiagoa bada, ebaluazio-batzorde bat eratuko da, laguntzak batera baloratzeko, 13. artikuluan zerrendatutako lehentasun-irizpideei jarraikiz eta III. eranskineko mailakatzearen arabera. Horretarako, egindako txosten teknikoak hartuko dira kontuan.

Eskabideen lehentasun-ordena lortutako puntuazioen araberakoa izango da; hau da, puntuazio handiena duenak izango du lehentasuna.

Puntuazio bera lortzen duten eskabideen lehentasun-ordena zehazteko, diruz lagundu daitekeen gastu handiena duenari emango zaio lehentasuna, eta, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa eta puntuazioa berdina bada, lehentasun-ordena eskabideak osorik betetzen diren dataren arabera ezarriko da; hau da, sarrera-erregistroaren eguna kontuan hartuta, lehendabizi egiten diren eskabideek izango dute lehentasuna.

2.– Bigarren artikuluan aurreikusitako lerro bakoitzean, laguntzak 6. artikuluan ezarritako zenbateko maximoetan emango dira, harik eta zuzkidura ekonomikoa agortu arte. Zenbatekoak esleitzeko prozesuan esleitzeke dagoen zuzkidura ez balitz nahikoa hurrengo gehieneko zenbatekoa duenari erantzuteko, soberakina hari emango zaio.

3.– Ebaluazio Batzordeak, ondoriozko lehentasun-hurrenkeraren arabera, honako hauek proposatuko dizkio Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari:

– Lagun daitezkeen jarduketetarako eskatu diren laguntzak ematea, horiek finantzatzera bideratutako kreditua agortu arte.

– Kreditua agortu delako edo agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztelako finantzatu ezin diren laguntzak ukatzea.

4.– Ebaluazio Batzordea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko ordezkariek osatuko dute; horietako bat presidentea izango da, eta beste batek idazkari gisa jardungo du, botoa emateko eskubiderik gabe. Titularrak falta badira, ordezkoak izendatu ahalko dira. Hauek izango dira:

– Presidentea: Lorena Barroso Gonzalez de Arriluzea; ordezkoa: M.ª Felicidad Arzamendi Vargas.

– Idazkaria: Ainhoa Sagredo Castresana; ordezkoa: Jon Zalakain Hernandez.

– Batzordekideak: Gema Etxenike Jauregibeitia; ordezko bokala: Elvira Mendia Rodriguez; Miren Josune Etxebeste Hernandorena; batzordekide ordezkoa: Laura Marcos Echave-Susaeta; Ana Isabel Lekue Gallano; batzordekide ordezkoa: Ziortza Arrieta Alvarez.

Erabakiak hartzerakoan, agindu honetan ezarritako oinarri arautzaileetan eta, oro har, ordenamendu juridikoan ezarritakoa errespetatuko beharko du batzordeak, betiere bozketa-prozeduraren bidez. Ebaluazio Organoaren funtzionamenduari dagokionez, atal honetan aurreikusi gabe dauden kasu guztietan, modu osagarrian aplikatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen atariko tituluko II. kapituluko 3. sekzioa.

Bere eginkizunak betetzeko, osatzen den kide anitzeko organoak, administrazioaren zerbitzu teknikoei laguntzeko, langile adituen laguntza erabili ahal izango du dirulaguntza jaso duten arlo guztietan.

15. artikulua.– Prozeduraren ebazpena, ebazteko eta jakinarazteko epeak eta errekurtsoak.

1.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari egokituko zaio administrazio-ebazpena ematea, eskatutako dirulaguntzak onartu edo ukatzen dituena. Ebazpen horretan, onuradunak, finantzatutako proiektuak eta emandako zenbatekoak zehaztuko dira, baita lortutako puntuazioa ere. Halaber, eskabide ezetsiak identifikatuko ditu; alegia, laguntza-aginduan onuradun izateko eskatzen diren hautagarritasun-baldintzak eta -eskakizunak bete ez dituztenak, edo kasuan kasuko dirulaguntza-lerroari esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortu delako ezetsiak.

Ebazpenean, orobat, onuradunari jakinaraziko zaio laguntzak de minimis izaera duela, eta, ondorioz, Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan ezarritakoa bete beharko duela; erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduaren Tratatuko 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da.

Ondasun-erkidegoen edo sozietate zibilen kasuan, berariaz adierazi behar da elkarteko kide bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa, horiek ere onuradun izaera izango baitute.

2.– Ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-elektronikoa/), agindu hau indarrean jartzen denetik gehienez sei hilabeteko epean, eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak. Horrek guztiak ez du eragotziko argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onuradunen zerrenda eta ebatzitako dirulaguntzen zenbatekoa ebazpena indarrean sartu eta hurrengo hilabetean.

Sei hilabete igarotzen badira ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertu ahal izango du, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra.

3.– Organo kudeatzaileak abisuak helaraziko dizkie interesdunei, EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan jakinarazpen bat eskuragarri ipinitakoan; horretarako, SMSak edo mezu elektronikoak bidaliko dira eskabide inprimakian adierazitako telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo eta Merkataritzako sailburuordeari, hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 122. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gora jotzeko errekurtsoa EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bitartez bakarrik izapidetuko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

5.– Dirulaguntza horiek emateko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Laguntzen onuradunek ondoren ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoa alde batera utzi gabe:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman dela jakinarazita –ebazpena EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez argitaratuta– eta hamar eguneko epean pertsona onuradunak ukoa espresuki adierazten ez badu, ulertuko da dirulaguntza onartu egin duela.

b) Dirulaguntza eman den xederako erabiltzea. Horrez gain, laguntzaren xede diren helburuak eta jarduketak bete dituztela justifikatu beharko dute, agindu honetan eta laguntza emateko ebazpenean xedatutakoari jarraikiz.

c) Helburu berarekin ezein administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako dirulaguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu dituela jakinaraztea dirulaguntza eman duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da komunikazio hori, eta, nolanahi ere, dirulaguntza justifikatzeko agiriekin batera.

d) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektibotan aldaketarik badago, haren berri ematea aldaketa hori egin baino lehen.

e) Aipamena egitea Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eskainitako babesari, proiektua zabaltzeko egiten dituzten dokumentu eta publizitate orotan, Eusko Jaurlaritzaren nortasun korporatiboko eskuliburuan jasotako moduan (https://www.euskadi.eus/erakunde-ikurrak-eta-nortasuna/web01-s1ezaleh/eu/)

f) Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, turismoaren alorreko eskumena duen EAEko Administrazioaren sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dien informazio oro ematea.

g) Jasotako funtsen aplikazioa egiaztatzen duten dokumentuak eta fakturak gordetzea, baita dokumentazio elektronikoa ere, EAEko Administrazio Orokorrak horiek egiaztatzeko eta kontrolatzeko aukera izan dezan, gutxienez, 4 urteko denbora-tartean, diruz lagundutako jarduketaren azken justifikazioa egin eta hurrengo egunetik aurrera.

17. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Justifikaziora sartzea eta hura betetzea egoitza elektronikoaren bidez soilik egin ahalko da, honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/

2.– Pertsona onuradunak frogatu beharko du, baliabide telematikoen bidez, bete dituela ezarritako baldintzak eta lortu duela dirulaguntzaren xede zen helburua.

3.– Laguntza emateko ebazpena berariaz edo modu tazituan onartu ondoren egingo da laguntzaren justifikazioa. Justifikazioa egiteko epea 2023ko abenduaren 15ean amaituko da. Epe hori igaro eta justifikaziorik aurkeztu ez bada, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko lurralde-bulegoetako teknikariek errekerimendua egingo diote pertsona onuradunari, hamabost eguneko epean aurkez dezan (epea luzaezina da). Ezarritako epearen barruan justifikaziorik ez aurkeztea arrazoi izango da ez-betetze gisa hartzeko.

4.– 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 15era arte igorritako eta ordaindutako fakturak onartuko dira. Ondorioz, ez dira kontuan hartuko epe horren aurretik edo ondoren egindako ordainketak, epeka eta/edo geroratuta adostutakoak barnean hartuta.

5.– Justifikazioa egiteko, justifikazio-kontu sinplifikatua erabiliko da. Horrek dokumentazio hau bildu beharko du gutxienez:

– Dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko jarduketen azalpen-memoria; zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu diren adierazi behar da.

– Justifikazio-memoria ekonomikoa, egindako jardueraren kostua frogatzen duena, honakoez osatua:

a) Jardueraren gastuen zerrenda sailkatua, enpresa hartzekodunaren identifikazioarekin (IFZ eta enpresaren izen soziala), faktura emandako data, kontzeptua eta zenbatekoa (BEZik gabe) eta ordainketa-eguna.

b) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuei buruzko erantzukizunpeko adierazpena, zenbatekoa eta jatorria ere aipatzen dituena; adieraziko da, halaber, betetzen dituela oinarrietan eta ebazpenean ezarritako baldintzak, jarduerak egin dituela eta proiektu horren emaitzak lortu dituela –jardueraren azken memoriaren eta justifikazio-kontuaren bidez hala justifikatzen baitu– eta egiazkoak direla datuak eta aurkeztutako dokumentuak.

c) Hala balegokio, agindu honetako 7.5 artikuluan adierazitako kontratuetarako eskatutako hiru eskaintzak, baita hautaketa justifikatzen duen memoria ere, proposamen ekonomikoaren aldeko hautua egiten ez denean.

d) Jarduera profesionalei dagozkien epigrafeetan ekonomia-jardueren gaineko zergan alta emanda dauden pertsona fisikoek, baldin eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZ) buruzko araudiak lanbide-jardueraren lehen ekitaldietan atxikipenetan tasa murriztua aplikatzeko ezartzen dituen baldintzak betetzen badituzte, dagokien eskabidea aurkeztu beharko dute beteta (VI. eranskina)

e) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesari egindako aipamena justifikatzeko aurkeztuko dira proiektua zabaltzeko egiten dituzten dokumentu eta publizitate orotan sailaren logotipoa txertatu izanaren irudiak, Eusko Jaurlaritzaren nortasun korporatiboko eskuliburuan jasotako moduan (https://www.euskadi.eus/nortasun-gidaliburua)

6.– Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko teknikariek aurkeztutako dokumentazioa aztertuta egiaztatuko dute egin direla diruz lagundutako jarduerak. Era berean, ausazko laginketa baten bidez egiaztatuko dituzte egoki iritzitako gastu-egiaztagiri jatorrizkoak, dirulaguntza behar bezala aplikatu dela egiaztatzeko argibide nahikoa eman dezaten, eta, horretarako, aukeratzen dituzten fakturak eta gastu-egiaztagiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dute. Aukeraketa horretarako oinarritzat hartuko da lagina ez izatea egindako egiaztapenen % 20 baino txikiagoa lurralde bakoitzean.

7.– Dokumentazioa egiaztatzean ikusten bada aurkeztutako justifikazioan zuzendu daitezkeen akatsak daudela, horiek zuzentzeko eskatuko da, eta hamar eguneko epea emango da horretarako.

8.– Dirulaguntza likidatzeko, kontuan hartuko dira onuradunak benetan egindako eta justifikatutako diruz lagundutako gastua, baita diruz lagundutako jarduketak finantzatzeko beste entitate batzuek emandako laguntzak ere. Dirulaguntzaren azken zenbatekoa ezin izango da inola ere handiagoa izan dirulaguntza emateko ebazpenean adierazitako dirulaguntzaren zenbatekoa baino. Justifikazioen zenbatekoak, II. eranskinean aurreikusitako jarduketen atal berari dagozkionak, euren artean konpentsatu ahal izango dira.

9.– Justifikaturiko eta likidazioan onartutako kostua onetsitako aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, eta I. eta II. eranskinetan diruz lagundutako jarduerarentzat ezarritako diruz lagun daitekeen gutxieneko gastua baino handiagoa, dirulaguntza berriz kalkulatuko da, dirulaguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuta.

10.– Aipatutako alderdi guztiak egiaztatu dituztenean, izendatutako teknikariek txosten bat emango dute; bertan, justifikatutako eta onartutako gastuaren arabera, dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatuko da. Hala ere, justifikazioaren azterketaren emaitzak emandako dirulaguntza gutxitzea badakar, Turismo eta Ostalaritzako zuzendariari dagokion dirulaguntzaren likidazioa proposatu baino lehen, hamar eguneko entzunaldi-izapidea emango zaio interesdunari, egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan, hala badagokio.

11.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak aginduko du dirulaguntza ordaintzeko.

12.– Dirulaguntzaren ordainketa ezingo da egin, baldin eta erakunde onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, dirulaguntzen itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.

13.– Dirulaguntzen deialdi honen onuradun diren pertsona fisikoei, ekonomia-jardueren gaineko zergaren jarduera profesionalak egiteari dagozkion epigrafeetan alta emanda daudenei, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) zenbatekoak atxikiko zaizkie laguntzaren likidazioan, zergaren araudia aplikatuz legokiekeena.

18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuetatik beste dirulaguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edota, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da, betiere aldaketarekin ustezko ez-betetzeak estaltzen ez badira, Agindu honen 4., 5. eta 7. artikuluetan ezarritako gutxieneko baldintzak eta hautagarritasun-baldintzak betetzen badira, baita I. eta II. eranskinetan jasotako diruz lagun daitezkeen jarduerak ere, eta hirugarrenei kalterik eragiten ez bazaie. Ondore horietarako, aldatzeko ebazpena emango du Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, alderdi interesdunari aurretiaz entzunaldia eskainita, eta emandako dirulaguntzen zenbatekoak doituko dira.

19. oinarria.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak bete-betean onartuko du atzera egite hori ebazpen baten bidez, eta prozedura bukatutzat joko du.

2.– Laguntzaren onuradunak, halaber, uko egin ahal izango dio eman zaion laguntzari. Emandako dirulaguntza onartu ondoren ere uko egin ahal izango zaio. Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak berariaz onartuko du uko-egitea, ebazpen baten bidez, eta prozedura amaitutzat emango du.

20. artikulua.– Ikuskatzea.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak egokitzat jotako ikuskapen eta egiaztapen guztiak egingo ditu, aurkeztutako proiektuen betearazpenari dagokionez; eta onuradunek eskatzen zaien informazio guztia aurkeztu beharko dute, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin dezaketen kontrola alde batera utzi gabe, eta, betiere, jasotako laguntzei dagokienez dituzten eginkizunak betez.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Baldin eta onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo dirulaguntza emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu betetzen proiektuaren zati bat (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo dirulaguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluan aurreikusi egoerak–, laguntza eman zuen organo eskudunak, ez-betetzearen espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen baten bidez, dirulaguntza osoa edo zati bat jasotzeko eskubidea kenduko dio onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dirulaguntzen arloan aplikatzeko diren berandutze-interesak, bat etorriz EAEren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin eta aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin, hargatik eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.

2.– Segidan aipatzen den gorabeheraren bat gertatzen bada, dirulaguntza osorik kobratzeko eskubidea galduko da:

a) Diruz lagundutako jarduerak I. eta II. eranskinetan apartatu bakoitzerako ezarritako diruz lagun daitekeen gutxieneko gastuarekin baino zenbateko txikiagoarekin egitea.

b) Justifikazio-agiriak ezarritako epetik kanpora aurkeztea, delako errekerimendua egin denetik aurrera.

c) Laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak ez betetzea.

d) Inbentarioan jasotzeko moduko ondasunei dagokienez, diruz lagundutako ondasunak ez bideratzea dirulaguntza eman den xederako, Aginduaren 7. artikuluan ezarritako denboran.

3.– Justifikaziorako beharrezkoa den dokumentazioa partzialki ez izateak dirulaguntza murriztea ekarriko du, aurkeztu gabeko dokumentazioaren proportzio bereko zenbatekoan.

4.– Turismo eta Ostalaritzako zuzendariarena da ez-betetzearen espedienteak hasteko eta ebazteko eskumena. Ez-betetzearen espediente hori EAEko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» aplikazioaren bitartez bakarrik izapidetuko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/)

5.– Prozedura administrazioko arau-hauste izan daitezkeen egitateen ondorioz hasten bada, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio, behar den zehapen-prozedurari ekin diezaion.

22. artikulua.– Datu pertsonalak.

Eskatzaileen datu pertsonalak «Turismo-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran tratatu eta sartuko dira. Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

1.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian eta hura garatzen duen erregelamenduan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua) aurreikusitako dirulaguntzen araubide juridikoa aplikatu behar zaio laguntza-programa honi. Horrek ez du galaraziko hauetan xedatutakoa: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko araubide orokorra eta ezartzen baitira kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak; eta prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko martxoaren 28a.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,

JAVIER HURTADO DOMÍNGUEZ.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala