Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

74. zk., 2021eko apirilaren 16a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN, JASANGARRITASUN ETA INGURUMEN SAILA
2200

EBAZPENA, 2021eko martxoaren 3koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez ingurumen-baimen integratua ematen baitzaio bizitza baliagarriaren amaieran dauden itsasontziak birziklatzeko Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietatearen instalazioari. Helbidea: Vega de Tapia kalea z.g., 48903 Barakaldo (Bizkaia).

AURREKARIAK

Ingurumen Sailburuordetzaren 2016ko uztailaren 27ko eta 2018ko maiatzaren 7ko ebazpenen bidez, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresari baimena eman zitzaion bizitza baliagarriaren amaieran dauden itsasontziak birziklatzeko instalazioetan (helbidea: Vega de Tapia z.g., 48903 Barakaldo, Bizkaia) hondakin arriskutsuak kudeatzeko. Horrela, bada, EU2/265/18 baimen-zenbakia esleitu zitzaion.

2016ko uztailaren 28an, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak dokumentu bat argitaratu zuen, «Itsasontziak birziklatzeko Espainiako instalazioei baimenak emateko oharrak eta orientabideak», hain zuzen ere Itsasontziak birziklatzeari buruzko 1257/2013 (EB) Erregelamenduak ezartzen duen itsasontziak birziklatzeko instalazioen Europako zerrendan sartu nahi duten Espainiako instalazioei baimentze-prozesua errazteko.

2020ko ekainaren 4an, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak ingurumen-baimen integratua emateko eskatu zion Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoarekin bat, bizitza baliagarriaren amaieran dauden itsasontziak birziklatzeko Barakaldoko udalerrian (Bizkaia) duen instalaziorako.

Era berean, 2019ko azaroaren 29an, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) bere jarduera hirigintzarekin bateragarria dela egiaztatzeko eskaria egin zion Barakaldoko Udalari.

Aurkeztutako agiriak nahikoak zirela egiaztatu ondoren, Ingurumeneko sailburuordeak 2020ko ekainaren 24an emandako Ebazpenaren bidez, jendaurreko informazioaren izapidea egin zuen, eta 30 egun baliodunez jendaurrean egon zen Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ondorioz, proiektua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratu zen, 2020ko uztailaren 21ean.

Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, 2020ko urriaren 2an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Barakaldoko Udalari, Uraren Euskal Agentziari, Ihoberi, Bizkaiko Osasun Sailari eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari; eta 2020ko urriaren 6an, Bilboko Itsas Kapitaintzari. Emaitza espedientean jasotakoa da.

2021eko martxoaren 2an, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan xedatutakoa betez, Desguace Industrial y Naval SLUren (Dina) esku utzi zen espediente osoa.

2021eko martxoaren 2an, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak idazki bat igorri zuen alegaziorik ez dagoela adierazteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Itsasontziak birziklatzeko Espainiako instalazioei baimenak emateko oharretan eta orientabideetan xedatutakoarekin bat etorriz, autonomia-erkidegoetako agintaritza eskudunek 500 GT edo gehiagoko tonajea duten itsasontziak edo Batasuneko Erregelamenduaren aplikazio-eremuan sartzen ez diren itsasontzi baliokideak (Estatuaren ontziak, gerraontziak eta abar) desegiteko eta birziklatzeko instalazioei ematen zaizkien baimenak ingurumen-baimen integratu gisa eman beharko dira. Hala ere, 1257/2013 (EB) Erregelamenduaren 14.1 artikuluarekin bat etorriz, baimen horrek indar handiagoa izan beharko du, eta horretarako, agintariek behar bezala egiaztatu eta ziurtatu beharko dute Itsasontziak birziklatzeari buruzko Erregelamenduaren 13. artikuluko baldintza guztiak eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko 22/2011 Legearen baldintzak betetzen direla. Horrela, itsasontziak birziklatzeko instalazioetarako baimen bakarra osatuko da baimendu beharreko instalazioa Europako Zerrendan sartu nahi denean.

Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak (Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 1. artikuluan ebazten duenaren arabera, lege horren xedea da atmosfera, ura eta lurzorua ez kutsatzea edo, hori ezinezkoa denean, gutxi eta kontrolpean kutsatzea. Horretarako, ingurumen osoak babes-maila handia izatea dela xede, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezarriko da.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean jasota dauden jarduerak garatzen dira instalazioan; horietaz gainera, baimen honek barnean hartzen ditu aipatutako legearen aplikazio-eremuan sartzea ekarri zuten instalazioaren kokapenean garatzen diren jarduera guztiak, baita, eranskin horietan jasota ez egonik, jarduera horrekin lotura teknikoa dutenak eta sor daitezkeen emisioen eta kutsaduraren gainean ondorioak izan ditzaketenak ere.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen dena betez, ingurumen-baimen integratua behar da 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozein garatzen duten instalazioak ustiatzeko. Ildo horretatik, 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, indarrean dagoen araudian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietatearen kasuan, baimen hauek guztiak behar ditu: hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimena, itsas-lehorreko jabari publikora isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-arloko bestelako zehaztapenen artean, hondakinak sortzeari eta lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadura prebenitu eta deskutsatzeari dagozkionak. Espedientean, beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere nahitaezko txostenak eginez parte hartu dutela jasotzen da.

Lehenago aipatu dugun Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoarekin bat, jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek herritarren ekintzen gainean esku hartzeko dituzten administrazio-bitartekoak ordezkatuko ditu ingurumen-baimen integratua emateko prozedurak. Ondore horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintarientzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 39. artikuluak xedatzen duenez, neurri guztiak hartuko dira lizentziak eta baimenak eskuratzera bideratutako administrazio-prozedurak koordinatzeko. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Desguace Industrial y Naval SLUri (Dina) dagokion ingurumen-baimen integratuaren prozedurak otsailaren 27ko 3/1998 Legean aurreikusitako izapide guztiak hartu ditu barne.

Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak kontuan izan dituela, bai instalazioak gehienez igor ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Bereziki kontuan izan da Europako Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakia (EB), zeinaren bidez ezartzen baitziren hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Azaldu dugun guztia aintzat hartuta, espedientean jaso diren txosten guztiak aztertuta, ebazpen-proposamena egin zen, eta bertan jaso ziren Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) sustatutako proiektuari aplikatu beharreko baldintzak.

Azaldutakoarekin bat, goian adierazitako izapideak amaitu dira, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da.

Aintzat hartuta organo honi dagokiola ingurumen-baimen integratu hau emateko eskumena, arau hauek hartu dira kontuan: 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; eta 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena.

Honako hauek ikusi dira: Sailburuordetza honen 2021eko martxoaren 1eko Ebazpen-proposamena; 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurumena babesteari buruzkoa; Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartua; 815/2013 Errege Dekretua, urriaren 18koa, Industriako Emisioen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena; 22/2011 Legea, uztailaren 28koa, hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzkoa; 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa; 209/2019 Dekretua, abenduaren 26koa, zeinaren bidez garatzen baita Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legea; 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak zerrendatu eta lurzoru kutsatuak izendatzeko irizpideak eta estandarrak ezartzen dituena; Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1257/2013 (EB) Erregelamendua, 2013ko azaroaren 20koa, itsasontziak birziklatzeari buruzkoa, eta 1013/2006 (EE) Erregelamendua eta 2009/16/EE Zuzentaraua aldatzen dituena; 1966ko martxoaren 5eko Agindua, portu nazionaletan desegiteko lanak arautzeari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 18/2020 Dekretua, irailaren 6koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako arauak. Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresari (helbidea: Vega de Tapia kalea z.g., 48903 Barakaldo, Bizkaia; eta IFK: B-48467096) bizitza baliagarriaren amaieran dauden ontziak birziklatzeko instalaziorako ingurumen-baimen integratua ematea. Instalazio hori aipatutako helbidean dago kokatuta (NIMA: 4800084979), ebazpen honen bigarren apartatuan zehaztutako baldintzetan.

Jarduera jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko kategoria honetan:

«5.6. 5.5 epigrafean bildu ez diren hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, 5.1, 5.2, 5.5 eta 5.7 epigrafeetan adierazitako tratamenduetako bat aplikatu arte, 50 tonatik gorako edukierarekin, jasotzeko zain dagoen bitartean sortu den lekuan bertan aldi baterako biltegiratzea alde batera utzita».

Instalazioa Barakaldoko (Bizkaia) Vega de Tapia kalean (48903) dago kokatuta eta 4.913 m2 inguru ditu guztira. Horietatik, 145 m2 kaian zehar dagoen hasierako desegite-eremuari dagozkio (A gunea), 145 m2 bigarren mailako desegite-eremuari eta hasierako sailkapen-eremuari (B gunea), 145 m2 hondakin arriskutsuen eta material ez-arriskutsuen bereizketari (C gunea), 400 m2 prozesatutako materialak, hondakinak eta ekipamenduak biltegiratzeari (D gunea), 610 m2 administrazio-eraikinei eta larrialdiei erantzuteko instalazioei (E gunea), 135 m2 hondakinak ezabatzeari (hondakindegiak/hondakinetarako biltegiratze-eremuak, beste deuseztatze-instalazio batzuetara eraman beharrekoak) (F gunea), eta 280 m2 olioak, hidrokarburoak eta produktu kimikoak biltegiratzeko (G gunea).

Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen II. eranskineko R12 kodea dagokio jarduera kudeatzeko eragiketari:

R12. Hondakinak trukatzea, R 1 eta R11 artean zerrendatutako lanetan erabiltzeko. Honen parte dira balorizazioaren aurreko operazioak (aurreko tratamendua egitea, desmuntatzea, sailkatzea, birrintzea, konpaktatzea, trinkotzea, peletizazioa, lehortzea, zatikatzea, prestaketa, berrontziratzea, banatzea, konbinatzea edo nahastea), R1 eta R11 artean zerrendatutako operazioen aurretik egiten badira.

Jarduera honen bidez, erabiltzen ez diren itsasontziak birziklatzen dira, 1013/2006 (EE) Erregelamendua eta 2009/16/EE Zuzentaraua aldatzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 1257/2013 (EB) Erregelamenduaren (itsasontziak birziklatzeari buruzkoaren) aplikazio-eremuaren barnean. Jarduera horren urteko gehieneko edukiera 6.000 tonakoa da (24,29 tona egunean). Aurreikusitako funtzionamendu-erregimena 1.976 ordu/urte da, eta prozesuaren eragiketa teknikoak honako fase hauek hartzen ditu barnean:

– Harrera.

Itsasontziaren egoeraren arabera, bere kabuz joan edo atoian eraman behar da Bilboko portura. Portura iristean, Dinaren instalazioetara eraman behar da, eta bertan, kaian atrakatu eta isurien aurkako hesiak kokatzen dira perimetro osoan.

Atrakatze-kaiaren luzera dela eta, 120 metrora arteko luzera duten itsasontziak har daitezke.

– Hondakinen inbentarioa.

Kokatu ondoren, eta isurien aurkako babes-neurri beharrezkoak hartuta, hondakinen inbentarioa egiaztatu (material arriskutsuak eta ez-arriskutsuak hartzen ditu barne) eta inbentarioa egin behar da, eskuragarri ez badago. Inbentario hori itsasontzi bakoitzerako espezifikoa izango da.

– Desgasifikazioa eta aireztapen-bideak irekitzea.

Dauden tankeak husten dira. Hustu ondoren, desgasifikatu egin behar dira. Horretarako, itsasontzia enpresa egiaztatu batek desgasifikatu izanaren ziurtagiria lortzen da. Lan horietan, beroko lanetarako eta lan-atmosfera seguruetarako protokoloa aplikatzen da.

– Itsasontzian dauden hondakinak kudeatzea.

– Kutsatzaile ez-komunak – amiantoa.

Hauxe da horiek kentzeko prozedura:

– Amiantoa duten elementuak aztertzea, identifikatzea eta zerrendatzea.

– Itsasontziari amiantoa kentzea.

– In situ desamiantatzea: itsasontziaren barruan egiten da, horretarako estankotasun-sistemak, aire-iragazkiak, hermetismoak eta bestelako elementuak erabiliz.

– Lehorrean desamiantatzea: amiantoa duten ekipamenduak eta elementuak kapsulatu egiten dira, modu kontrolatuan lehorreratzeko.

– Amianto-hondakinak kudeatzea, baimendutako enpresa baten bidez (RERA).

– Ur zikinen kudeaketa.

Saiako urak (edo saiako olioz) eta lasta-urak.

Saiako urak makina-gelaren azpian kokatuta daudenak dira, hodi, juntura, ponpa eta abarren jarioetatik eratorri, propultsio-gailuaren ohiko jardunaren ondorioz.

Lasta-urak itsas nabigazioan erabiltzen diren urak dira, ontziaren egonkortasuna segurtatzeko. Sedimentuak izaten dituzte eta, bereziki, animalia eta landare bizidunak, baita birusak, bakterioak eta beste mikroorganismo batzuk ere; horrenbestez, espezie exotikoak eta inbaditzaileak artifizialki sartzea eragin dezakete. Lasta Urak eta Ontzien Jalkinak Kontrolatzeko eta Kudeatzeko Nazioarteko 2004ko Hitzarmenaren arabera kudeatzen dira (2017ko irailetik dago indarrean).

Hitzarmen horren arabera, itsasontziek lasta-urak aldatu behar dituzte kabotajerik gabeko bideetan daudenean; hala ere, erabiltzen ez diren itsasontziek, kabotajerik gabeko bideetatik datozenek, aldatu ez diren lasta-urak izan ditzakete, eta, beraz, behar bezala tratatu behar dira isuri aurretik. Kasu horietan, Desguace Industrial y Naval SLUk honela jardungo du:

– Itsasontziak lasta-urak tratatzeko instalazioa badu, ekipamendu horrekin tratatzen dira isuri aurretik.

– Itsasontziak tratamendu-instalaziorik ez badu, baimendutako kudeatzailearen bidez kudeatzen dira.

2024tik, ontzi guztiek tratamendu-instalazio bat izan behar dute ur horiek tratatzeko; beraz, data horretatik aurrera, Desguace Industrial y Naval SLUk utzi egingo dio kudeatzaile baimendu baten bidez kudeatzeari.

– PCBen kudeaketa:

Ontziaren egituraren gainean kokatutako PCBa ontzitik ateratzen da, egitura kaiaren gainean kokatu ondoren. PCBdun elementuak pieza horiek biltegiratzeko prestatuta dauden edukiontzi espezifikoen gainean jarri behar dira.

– Hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen kudeaketa:

Biltegiratu egiten dira, hala badagokie, gero balorizatu, ezabatu edo berrerabili ahal izateko.

– Ebaketa-prozesua:

Hasteko, egituraren goialdea desegiten da, itsasontziaren gilarantz, eta beharrezkotzat jotzen diren irekidurak egiten dira barrura sartzeko eta barruan dauden materialak, ekipamenduak edo hondakinak ateratzeko lanak errazteko. Gero, horiek kudeatzen dira, itsasontzia atalkatzen eta desegiten den heinean.

Gauzatzen diren eragiketak, hala nola indukzio bidezko desugerketa eta ebaketaren ondorengo desamiantatzea, «burbuilan» egiten dira, horretarako jarritako leku batean; beraz, ez dira aire zabalean egiten.

– Ekipamenduak ateratzea:

Makina-gelaren gainean kokatuta dauden ekipamendu astunak ateratzeko, lehenik eta behin estalkia kendu behar da. Makina-gelaren barruan eta zapatillan egon litezkeen likido arriskutsu, toxiko eta kaltegarri guztiak ezabatu ondoren, bigarren mailako deskontaminazioaren bidez, ekipamenduak kendu eta tailer-eremura eramaten dira, aztertu ahal izateko. Ekipamendu horien artean daude lagungarriak, motor nagusia eta makina-gelan dagoen edozein makineria mota, eta berrerabili daitezkeen aztertzen da. Prozesuak ondorengo zereginak ditu:

– Erauzketa-bidea irekitzea, txaparen gainean beharrezkoak diren ebaketak eginez.

– Terminalak deskonektatzea, hala nola hodiak, kableak eta konexio mekanikoak.

– Ainguraketak kentzea, itsasontziari solidarioki ainguratuta dauden ekipamenduak bereiziz.

– Erauzketa, itsasontzi barruan bereizi eta deslotu diren ekipamenduak kenduta.

– Zapatillaren ebaketa nagusia:

Ontziaren barruan dauden ekipamenduak eta hondakinak atera ondoren, zapatillaren ebaketa nagusia egin behar da. Prozesuak ondorengo zereginak ditu:

– Estalkia, eskotilak eta trakak zatitzea, makinen manpararaino.

– Lekualdatzea eta amarratzea, dikean. Amarratzea itsasaldiaren baldintzen arabera egiten da, eta amarradura gehigarriak jartzen dira zapatillaren egonkortasuna bermatzeko.

– Zigilua, estankotasuna eta nibelazioa. Zapatillaren zati jakin bat atera ondoren, hura zigilatu egiten da.

– Hormigoia ateratzea. Bereizitako hormigoi gordina kendu behar da.

– Ebakitzea, bereiztea eta altxatzea. Hau da txapa moztu eta altzairua kentzeko prozesua.

– Bigarren mailako ebaketa/piezen sailkapena:

Itsasontzitik ateratako zapatillaren zatia ebaketa-eremuaren gainean jarri ondoren, bigarren mailako ebaketa egiten da, makina espezifikoak erabiliz. Zapatillaren pieza zizaila bidez ebakitzeko moduko ataletan banatzen da. Prozesuak ondorengo zereginak ditu:

– Ebaketa nagusia jasotzea, hau da, plantan dagoen ontziaren bolumen gordin bereizia.

– Egitura gordina garbitzea, izan ditzakeen hondakinak kenduta. Hondakinak sailkatzea eta aldi baterako biltegiratzea, garraiorako eta kudeaketarako lote bat osatu arte.

– Zizailatzeko eta bereizteko bigarren mailako ebaketak. Piezak katalogatu egiten dira, eta hondakinik gabe daude.

– Xehatua. Altzairuzko hondakinak pieza txikitan mozten dira, horiek garraiatu eta kudeatzeko.

– Metalen sailkapena. Eragiketa hau txatarra bereiziz egiten da.

– Txatarra egiaztatzea eta ikuskatzea. Piezak egiaztatu egiten dira kudeatzeko.

– Hondakinak, materialak eta ekipamenduak behar bezala identifikatutako eremuetan jartzen dira, sailkapenaren arabera kudeatzeko eta/edo balorizatzeko.

Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresaren energia elektrikoaren kontsumoa 14.800 kWh-koa da urtean, bizitza baliagarriaren bukaeran dauden itsasontzien birziklatze-jarduerarako.

Era berean, aireko gasolio-biltegi bat dago, kontsumo hauetarako: A gasolioan 120 m3/urte, propanoan 420 m3 eta oxigenoan 3.552 m3.

Bestalde, ur-kontsumoa 130 m3/urte da.

Hondakin-uren bi fluxu sortzen dira: hondakin-urak (bulegotik, komunetatik eta aldageletatik datozenak) eta kutsadura izan dezaketen euri-uren jariatze-urak, hots, ur grisak (itsasontziak lehorrean moztu eta desegiten diren eremutik datozenak, eta frakzio metalikoa eta makineria astuna garraiatzen dituzten ibilgailuak igarotzen diren eremutik datozenak).

– Ur beltzak: urtean 49,5 m3 sortzen dira gehienez. Ur horiek hondakin uren araztegi (HUA) batera bideratzen dira; araztegiak dekantagailu-digestore eta iragazki biologiko bana ditu.

– Ur grisak: urtean 2.806 m3 sortzen dira gehienez. Ur horiek tratatzeko, bi hidrokarburo-bereizgailu daude.

Sortutako hondakin arriskutsuak eta arriskugabeak ekipamenduak mantentzeko eta instalazioa zaintzeko jarduera orokorretatik datoz, nagusiki.

Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietateak Bilboko portuan gauzatzen duen jardueraren irismena dela eta, lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioa da.

Desguace Industrial y Naval SLUren (Dina) jardueran, Europako Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakian (EB) jasotzen diren teknika erabilgarri onenak aplikatzen dira, hondakinen tratamendurako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera.

Proiektuak, besteak beste, teknika erabilgarri onenak direla pentsa daitekeen neurri hauek biltzen ditu:

(Ikus .PDF)

Bigarrena.– Itsasontziak bizitza baliagarriaren amaieran birziklatzeko jardueraren ustiapen-baldintza eta -betekizun hauek ezartzea. Jarduera hori Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak sustatzen du, Barakaldoko (Bizkaia) udal-mugartean:

A) Erantzukizun zibileko asegurua.

Gutxienez seiehun mila (600.000) euroko erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.

Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.

B) Fidantza.

Berrogeita bost mila (45.000) euroko fidantza jartzea, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 20. artikuluaren 4.b) apartatuan xedatutakoari jarraikiz. Fidantza horren zenbatekoa zehazten da, hondakinak tratatu eta biltegiratzeko gehieneko gaitasunen arabera.

Fidantza horren zenbatekoa urtero eguneratu ahalko da, aurreko 12 hilabeteetako kontsumoko prezioen indizearen (KPI) arabera igota.

Jarritako fidantza ez da itzuliko, harik eta Ingurumen Sailburuordetzak Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) sustatutako hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera uztea baimendu arte, edo hura ixteko bere garaian ezarri ziren baldintzak betetzen ez badira. Baldintza horiek lurzoruaren kalitatearen adierazpenean ezar daitezkeen betebehar guztiak hartu beharko dituzte barnean.

C) Administrazioarekiko harremanen erantzule.

Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunaren datuetan jazotako aldaketa oro.

D) Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusi bezala burutuko dira, indarrean den araudiaren arabera eta ondorengo apartatuetan ezarritakoari jarraituz:

D.1.– Hondakin arriskutsuak onartu, hartu, manipulatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

D.1.1.– Hondakinak onartu, hartu, maneiatu eta biltegiratzeko baldintzak eta kontrolak.

Instalazioan balorizatzeko onar daitezkeen hondakinak ondorengo apartatuetan daude zehaztuta, behar bezala kudeatzeko zehaztapenekin batera.

D.1.1.1.– Onar daitezkeen hondakinak.

Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak Europako Hondakinen Zerrendako hurrengo EHZ kodea duen hondakina tratatu ahal izango du. Zerrenda hori Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiaren bidez argitaratu zen (Erabaki horren bidez aldatu egin zen 2000/532/EB Erabakia, hondakinen zerrendari buruzkoa, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2008/98/EB Zuzentarauan xedatutakoa betez). Halaber, aipatutako erabakiaren arabera emango zaie hondakinei dagokien kodea eta sailkapena, baita Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoaren arabera ere. Erregelamendu horrek ordezten du Europako Parlamentuaren eta Batzordearen hondakinei buruzko 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina, zuzentarau jakin batzuk indargabetzen zituena. Hortaz, ondoren adierazitako hondakin hau baino ez da onartuko:

(Ikus .PDF)

Instalazioan inola ere ez dira onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edota, hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.

D.1.1.2.– Hondakinen sarrera-kontrola.

Itsasontzi bat birziklatzen hasi aurreko baldintza gisa, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) birziklatu beharreko ontziaren ezaugarriak, dokumentuak eta planoak eskuratu beharko ditu, baita ontziko material arriskutsuen inbentarioa ere, behar bezala deskontaminatzeko eta birziklatzeko.

Era berean, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietateak itsasontziak birziklatzeko plan bat idatzi beharko du. Plan horretan, itsasontziak deskutsatzeko eta desegiteko jarraitu behar den operatiboa zehazten da, betiere ontziak birziklatzeari buruzko IMOren jarraibide eta ebazpenei eta 1257/2013 (EB) Erregelamenduari jarraikiz. Itsasontziari amiantoa kentzeko plan bat hartu beharko du barnean, baita itsasontziaren segurtasun- eta osasun-plan espezifiko bat ere; plan horrek beroan lan egiteko eta lan-atmosfera seguruetan lan egiteko protokolo bat izango du.

Itsasontzia deskontaminatzeko eta birziklatzeko eragiketetan, egindako tratamendu-eragiketen erregistro-fitxa bat bete beharko da, D.1.1.5 apartatuan ezarritakoaren arabera.

Itsasontzi bat 1257/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera birziklatu ondoren, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak amaiera-adierazpen bat bidaliko die Itsas Kapitaintzari eta ingurumen-organoari, eta horren berri eman beharko die beste agintaritza eskudun batzuei. Amaiera-adierazpen horrek sortu diren hondakinen inbentarioa gaineratuko du, egindako kudeaketak zehaztuta, baita giza osasunerako eta/edo ingurumenerako kaltegarriak diren gorabeheren eta istripuen txosten bat ere, halakorik egon bada.

Ezin izango dira onartu baimen honetan adierazitakoez bestelako hondakinak. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da kudeatu beharreko hondakinak zabaltzeko Ingurumen Sailburuordetzaren onarpena lortzea.

Deskontaminazio-eragiketa horien artean, itsasontzian dauden jariakin, osagai eta material arriskutsu eta kutsatzaile guztiak atera eta erretiratu beharko dira modu kontrolatuan, gero, horretarako baimendutako hondakin arriskutsuen kudeatzaileari entregatzeko.

Era berean, deskontaminazioaz gain, berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko tratamendu-eragiketak egingo dira, pieza eta osagai berrerabilgarri eta birziklagarri guztiak modu kontrolatuan desmuntatu eta erretiratzea barne.

Pieza eta osagai berrerabilgarriak helburu horretara zuzendu beharko dira lehentasunez, industria-segurtasuneko araudiaren arabera merkaturatuta.

Pieza eta osagai ez-berrerabilgarriak birziklatu egingo dira, horretarako baimendutako hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile baimenduari entregatuta.

Unean uneko egoeraren ezaugarriei erreparatuta, ingurumen-organoak azalpenak eska ditzake, argitu diezaioten zergatik den ekonomikoki eta teknikoki ezinezkoa baimen honen baitako hondakinak Euskal Autonomia Erkidegoan kudeatzea, eta hori egingo du autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioak aintzat hartuta, eta, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoak betetzeko.

Itsasontziak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko helburuarekin, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietateak horiek onartzeko parametroen egiaztapena ahalbidetuko duten baliabide tekniko eta giza baliabideak eskuragarri izan beharko ditu une oro.

Itsasontzia desegitean sortutako hondakinak kudeatzen hasi aurretik, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) aurreikusitako kudeaketa-bidea adierazi beharko du. Hondakina lehen aldiz atera aurretik, baimendutako kudeatzaileak emandako tratamendu-kontratua aurkeztu beharko du kasuan-kasuan, organo honen aurrean. Proposatutako kudeaketa-bideetan edo hondakinak hartuko dituen kudeatzailearengan izandako aldaketak ingurumen-organo honi jakinarazi behar zaizkio haiek egin aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, tratamendu-kontratu berria igorriko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, hura baliozkotu dezan.

D.1.1.3.– Zamalanak.

a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek zola iragazgaitza izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.

b) Zamalanak egitean, gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak bete beharko dira.

c) Instalazioan egiten diren hondakinen zamalanek eta manipulazioek, baita ekipamenduen estankotasunak ere, emisio lausoak edo kontrolik gabeak saihestu beharko dituzte, edo, saihestu ezin denean, ahalik eta gehien txikitu.

D.1.1.4.– Jasotako hondakinak biltegiratzea.

a) Itsasontzia deskontaminatzean ateratako hondakin arriskutsuen aldi baterako biltegiratzea ez da izango 50 tonatik gorakoa.

b) Itsasontzietatik bereizitako hondakin arriskutsuak biltegiratzeko gehieneko denbora sei hilekoa izango da.

c) Itsasontzietatik bereizitako hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko gehieneko denbora bi urtekoa izango da, hondakinak balorizatu egiten direnean, eta urtebetekoa ezabatu egiten direnean.

d) Hondakin arriskutsuak biltegiratzeak eragin ditzakeen arriskuak murrizte aldera, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) hondakin horiek biltegiratzeko eremu bereizi bat izan beharko du bere instalazioetan. Eremu hori estalita egon beharko da, eta lurzoru iragazgaitzak izango ditu, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko ditu sortutako hondakin mota generiko bakoitzerako.

e) Itsasontzia deskontaminatzean ateratako hondakinak biltegiratzeko, prezipitazio atmosferikoak sartzea eta haizeak hondakinak arrastatzea saihestu beharko da.

f) Hautsezko hondakinak eta soltean jasotakoak izanez gero, horiek estalkipean gorde beharko dira, multzotan edo gelaxketan, harik eta tratatzen diren arte.

g) Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isuriak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, istripuzko isuriak kanpora irten ez daitezen. Bilketa-sistemek independenteak izan behar dute hondakin mota hauetarako: isuriren bat gertatu eta nahastuz gero, arriskugarritasuna handitzea edo kudeaketa zailtzea dakartenetarako.

h) Hondakinak desagertu, galdu edo isurtzen baldin badira, jazoera hori berehala jakinarazi beharko zaie bai Ingurumen Sailburuordetzari bai Barakaldoko Udalari.

i) Hondakinak aldi baterako biltegiratzeko jardueran sortutako efluente oro, ur beltzak izan ezik, bereizita jaso beharko da, eta haren ezaugarrien arabera behar bezala kudeatu, eta ezin izango da sarera isuri.

D.1.1.5.– Kudeatutako hondakinen datuen erregistroa.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) artxibo kronologiko bat izango du, formatu fisikoan edo telematikoan. Bertan, ordena kronologikoan jasoko dira esku hartzen duen eragiketen datuak. Aipatutako fitxategi kronologikoan sartuko da, orobat, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen agiri bidezko egiaztapenean bildutako informazioa, eta bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira:

– Jasotako itsasontzi bakoitzaren identifikazioa, jatorria, pisua eta ezaugarriak, eta, hala badagokio, argazki-erreportajea.

– Itsasontziaren harrera-data, eta itsasontzia deskontaminatzeko eta desegiteko lanen datak.

– Aldi baterako biltegiratutako itsasontzien hondakin arriskutsuak: mota, identifikazio-kodeak, kopuruak eta ontziratze-datak eta instalazioko kokapena.

– Jardueran sortu eta kudeatzaileari entregatu arte aldi baterako biltegiratutako bestelako hondakin arriskutsuak: mota, identifikazio-kodeak, kopuruak eta ontziratze-datak eta instalazioko kokapena.

– Kudeatzaile baimenduari entregatutako hondakin arriskutsuak: mota, identifikazio-kodeak, kopuruak, entrega-datak, kudeatzailearen identifikazio-datuak eta entrega bakoitza egiaztatzen duen identifikazio-dokumentuaren zenbakia.

– Berrerabiltzeko merkaturatutako itsasontzien piezak eta osagai desmuntatuak: motak eta kopuruak pisuaren arabera.

– Hondakin ez-arriskutsuen kudeatzaile baimenduari entregatutako itsasontzien piezak eta osagai desmuntatuak: mota, identifikazio-kodea, kopuruak, entrega-datak, kudeatzailearen identifikazio-datuak eta entrega bakoitza egiaztatzen duen identifikazio-dokumentuaren zenbakia.

Artxibo kronologiko hori hiru urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz, urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da jardueren urteko memoria, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programaren barruan.

Memoria horretan, tratatutako itsasontzien kopurua eta mota jaso beharko dira, baita itsasontziak birziklatzean sortutako hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak ere.

D.1.1.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.

Kudeatu beharreko hondakinak beste estatu batzuetatik badatoz, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da. Dena den, salbuespen gisa hartuko dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko azaroaren 20ko 1257/2013 (EB) Erregelamenduaren aplikazio-eremuan sartuta dauden estatu kide baten bandera duten itsasontziak (2013ko azaroaren 20ko Erregelamendua, itsasontzien birziklatzeari buruzkoa eta 2013/2006/EE eta 2009/16/EE Erregelamenduak aldatzen dituena).

Horrez gain, aurreikusten bada inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destinoko instalazioan –aurreikusitako balorizazio- edo deuseztatze-tratamenduaren ondorioz– sortutako korronte esanguratsuren bat hondakindegian ezabatzea, kontsulta bat egin beharko da organo honen aurrean, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketek bat egiten dutela EAEko Hondakinen Prebentzio eta Kudeaketa 2020 Planean zehazten diren EAEko hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.

D.2.– Instalazioaren funtzionamendurako baldintza orokorrak.

D.2.1.– Itsasontzia desegitean sortu diren hondakinak egokiro kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

D.1.1 apartatuan adierazitako hondakinak onartu, jaso, ikuskatu eta gordetzeko baldintzak eta kontrolak kaltetu gabe, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak honako hauek betetzen direla bermatu beharko du:

a) Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak itsasontziak birziklatzeko instalazioaren ustiapen-plan bat izan beharko du. Plan horretan, honako alderdi hauek deskribatu beharko dira: itsasontzia birziklatzeko ustiapen-prozesuak eta -prozedurak, langileen segurtasuna eta prestakuntza, giza osasunaren eta ingurumenaren babesa, langileen funtzioak eta erantzukizunak, larrialdi-planak eta erantzuteko gaitasuna, eta ikuskatze-, informazio- eta erregistro-sistemak, betiere Nazioarteko Itsas Erakundearen (IMO) jarraibideak eta ebazpenak kontuan hartuta.

b) Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) atrakalekurako egokiak diren ontziak hartzera mugatuko da (120 m-ko luzera). Itsasontzia atrakatu ondoren, haren perimetroan euste-hesiak jarriko dira.

c) Flotazio-ebaketa itsasontziaren gainegituran eta barruan bakarrik egingo da. Flotazio-kroskoan ebaketa-lanak egin behar izanez gero, ura ez kutsatzeko sistemak jarriko dira.

d) Itsasontzia birziklatzetik eratorritako materialak desmuntatzeko, ebakitzeko, zizailatzeko eta pilatzeko eragiketak egiten diren lehorreko eremuak zoladura iragazgaitza izango du, baita isuriak biltzeko instalazioak eta urak biltzeko eta tratatzeko ekipamenduak ere, estali gabeko eremuetatik etor daitezkeen euri-ur zikinak barne, baimen honetan ezarritako baldintzak betetzen direla bermatzeko.

e) Isuriak ur-laminarantz atxikitzen direla ziurtatzeko sistema bat egongo da.

f) Perimetro itxi bat eduki beharko da, itsasontziaren eta haren hondakinen osotasuna bermatuko duen segurtasun-sistema batekin.

g) Barne Itsas Plan bat izan beharko da. Bertan, izan beharreko bitartekoak, antolaketa-neurriak eta jarduketa-prozedurak zehaztu beharko dira.

h) Itsasontziak deskontaminatzeko eta desegiteko prozesuan, itsasontziko hondakinen inbentarioan adierazitako hondakin arriskutsuak kendu beharko dira, onartutako Itsasontziak Birziklatzeko Planean ezarritakoaren arabera. Itsasontzia deskontaminatzeko eta desegiteko, honako eragiketa hauek egin beharko dira gutxienez:

– Lehendik dauden tangak hustea eta desgasifikatzea; hori itsasontziaren desgasifikazio-ziurtagiriaren bidez egiaztatuko du egiaztatutako enpresa batek.

– Itsasontziari amiantoa kentzeko planaren arabera, Amiantoaren Arriskupeko Enpresen Erregistroan (AAEE) inskribatutako enpresa batek itsasontzitik amiantoa eta asbestoa kentzea.

– Itsasontziaren arratoi-garbiketa; enpresa baimendu batek egiaztatuko du, itsasontziaren arratoi-garbiketaren ziurtagiri bidez.

– PCBa eta hori duten elementuak eta gailuak kentzea, horrelako hondakinak daudenean.

– Gas hozgarriak eta/edo ozono-geruza agortzen duten substantziak kentzea, horrelako gasak daudenean. Gas horiek sektoreko araudi aplikagarriaren arabera gaitutako langileek kendu beharko dituzte.

– Itsasontzian dauden gainerako hondakin arriskutsuak kentzea (olioak, saiako urak, fluoreszenteak, gasolioa, fuela, bateriak, pinturak, gailu elektrikoak eta elektronikoak...), itsasontziak birziklatzeari buruzko IMOren jarraibideekin eta itsasontziak birziklatzeari buruzko 1257/2013 (EB) Erregelamenduaren I. eta II. eranskinekin bat etorriz.

i) Itsasontzia barrutik desegitean, zehatz-mehatz bete behar da espazio konfinatuetara sartzeari buruzko araudia; horrez gain, behar bezala kontrolatu behar dira hodietatik jariatutako gasak, deskonposatzen ari den materia organikoa edo gasarekin ebakitzeko ekipamenduetako sopleteak eta mahukak.

D.2.2.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

D.2.2.1.– Baldintza orokorrak.

Atmosfera kutsa dezaketen jardueretarako instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.

Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko emisiorik ez egiteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen.

Foku berri bat instalatzen denean, eta organo horrek foku hori baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahalko zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.

D.2.2.2.– Iturriak identifikatzea. Katalogazioa.

Bizitza baliagarriaren bukaeran dauden itsasontziak birziklatzeko Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresaren instalazioan, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuko katalogoan jasotako jarduera hauek egiten dira:

(Ikus .PDF)

Instalazioak ez du emisio atmosferikoen foku konfinatu finkorik. Emisio guztiak lausoak dira.

D.2.3.– Isuriak egiteko baldintzak.

D.2.3.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isuria sortu duen jarduketa mota nagusia: bizitza baliagarriaren bukaeran dauden itsasontziak desegitea eta birziklatzea.

(Ikus .PDF)

D.2.3.2.– Isuriaren muga-balioak.

Isurketa-parametroak Uraren Euskal Agentziak ezarritakoak izango dira eta jarraian zerrendatzen dira, betiere 2018ko abuztuaren 10ean hondakinen tratamendurako TEOei buruzko ondorioetan argitaratutakoa kontuan hartuta.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Metalen kontzentrazioak elementu horien «guztizko» edukiari dagozkie.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurien muga-balioak lortzeko.

Gainera, ingurune hartzaileari dagozkion arauak eta kalitate-helburuak bete behar dira. Bestela, titularrak tratamendu egokia egin beharko du, isuriaren ondorioz aipatutako arauak eta kalitate-helburuak urratzen ez direla ziurtatzeko.

Baimen honek ez du babesten baldintza honetan berariaz adierazitakoak ez diren beste substantzia batzuk isurtzea.

D.2.3.3.– Arazketa- eta hustuketa-instalazioak.

Ur beltzak tratatzeko araztegiak dekantagailu eta iragazki biologikoko digestore bana ditu; hark 7 biztanle-baliokideko edukiera dauka.

Prozesuak jarraian deskribatzen diren etapak ditu:

– Dekantagailua: bi konpartimentuk osatutako digestorea; bertan egiten da hondakin-uretan dagoen materia organikoaren sedimentazioa eta kudeaketa. Oxigenorik gabeko bakterio anaerobioak materia organikoa metabolizatzeaz arduratzen dira, hura gasifikatuz, hidrolizatuz eta mineralizatuz.

– Iragazki biologikoa: uretan dauden mikroorganismoetatik abiatuta, eta oxigeno-ekarpenari esker, tiro naturalaren bidez, materia organikoaren oxidazioa egiten da. Errendimendu handiko betegarri plastiko bat erabiltzeak eraginkortasun handiagoa ematen dio prozesuari, eta betelan minerala erabiltzetik eratorritako mantentze-arazoak saihesten ditu.

Arazketa-ekipamenduaren errendimendua % 90ekoa da OEB5-entzat, eta % 90ekoa solido esekientzat.

Euri-uren tratamendurako, 2 ekipamendu aurrefabrikatu daude, dekantagailuz eta hidrokarburo-bereizgailuz osatuak (I motakoak, 7 m3-koak). Iragazki koaleszentea daukate, obturazio automatikoduna; lehenengoa (v2) 25,2 m3/h-ko puntako emaria tratatzeko dago diseinatua, eta bigarrena (V3), berriz, 10,8 m3/h-ko emaria tratatzeko.

Isurketa-puntu bakoitzean laginak hartzeko kutxatila bat dago.

Arazketa-sistemetatik eratorritako lohiak kudeatzaile baimendu batek kenduko ditu.

Egiaztatzen bada hartutako zuzenketa-neurriak ez direla nahikoak, erakunde titularrak, arazteko instalazioetan egin beharreko aldaketa guztiak bere gain hartu beharko ditu, bera denez baimena emateko baldintzak betetzearen erantzule, baimendutako ezaugarrien araberakoa izan dadin isuria. Aurretik, hartuko dituen neurriak Uraren Euskal Agentziako Mendebaldeko Kantauriar Arroen Bulegoari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dizkio.

D.2.3.4. Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

– 1. isuria: Ur beltzak.

(Ikus .PDF)

– 2. isuria: «Lehen lerroko kaia» lan-eremua.

(Ikus .PDF)

– 3. isuria: «Bigarren lerroko kaia» lan-eremua.

(Ikus .PDF)

D.2.3.5.– Isuria ebakuatzea. Kontrol-kutxatila.

Kontrol-arketa bat jarriko da hondakin-ur mota baimendu bakoitzerako; arketa horiek isurien lagin esanguratsuak lortzeko eta arazketa-instalazioen errendimendua egiaztatzeko behar diren ezaugarri guztiak izango dituzte. Kutxatilak sarbide zuzena duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ikuskatu ahal izan ditzan.

D.2.3.6.– Kolektorerako lotura.

Jarduera «hiri-lurzoru finkatuan» dagoenez, ur beltzen fluxua saneamendu-sare orokorrera konektatu behar da gehienez ere bost urteko epean.

D.2.3.7.– Isurien kontrol-kanona.

Kosten Legearen (uztailaren 28ko 22/1998 Legea) 85. artikuluak ezartzen duenez, lehorretik itsasora isurtzen diren hondakin-urei kanon bat ezarriko zaie, haien karga kutsatzailearen arabera.

Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legeak, 7. artikuluan, Uraren Euskal Agentziaren esku uzten du uraren arloko indarreko legeriak ezarritako zergak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea, bai eta lehorretik itsasora isuriak egiteko baimena ematea ere.

Lehorretik itsasora egiten diren isuriei buruzko Dekretuak (abenduaren 10eko 459/2013 Dekretua) aipatu berri den kanona arautzen du: itsasotik lehorrerako isuriek eragindako kutsadura minimizatzera eta Estatuko jurisdikziopeko uren baitan euskal itsasertzari dagozkion uretan ingurumen-helburuak lortzera bideratutako jarduerak finantzatzeko izango da osorik. Dekretu horretan, gainera, kanon hori kalkulatzeko prozedura ezartzen da, besteak beste.

Hala, Dekretu horretako 17. eta 18. artikuluetan ezarritakoari jarraiki, isuri baten karga kutsatzailea, kutsadura-unitatetan neurtuta, bider 3.000,00 euro egingo da, prezioa unitateko, isuriak kontrolatzeko kanonaren zenbatekoa kalkulatzeko. Karga kutsatzailea kalkulatzeko, berriz, isurien urteko bolumena biderkatuko da isuriaren kutsadura-mailaren, hartan egon daitezkeen substantzia arriskutsuen nahiz hustuketarako erabilitako eroanbide motaren ezaugarrien arabera ezarritako koefiziente batez.

Aurrekoa oinarri hartuta, Uraren Euskal Agentziak, Lehorretik Itsasora egiten diren isuriei buruzko Dekretuaren (abenduaren 10eko 459/203 Dekretua) 14. artikulua eta hurrengoak aplikatuz, urteko kanonaren kalkulua egin behar da:

Isuriaren kanona = C x Puc.

C = K x V.

K = K1 x K2 x K3.

Non:

C = Karga kutsatzailea, kutsadura-unitatetan neurtuta.

Puc = Kutsadura-unitatearen balioa.

K = Kanonaren koefizientea, 459/2013 Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoaren arabera.

K1 = Karga kutsatzailearekin lotutako koefizientea.

K2 = Eroanbide motak zehazten duen koefizientea.

K3 = Substantzia arriskutsuekin eginiko isuriei aplikatzeko koefizientea.

V = Isuria baimenduaren bolumena (m3/urtean).

– 1. isuria: Ur beltzak.

V = 49,5 m3/urtean.

K1 = (7,75×DQO+7,75×SS+58,11×AG+77,48×HC + 309,91×MEQ) ×10-9;

MEQ = (Fe)/n = (2) /1=2.

K1 = (7,75×160+7,75×80+58,11×10+77,48×5 + 309,91×2) ×10-9 = 0,00000344834.

K2 = 1 (hustubideen gainerako baldintzak).

K3 = 1 (II. eranskineko substantzia kutsatzailerik gabe).

K = 0,00000344834 × 1 ×1 = 0,00000344834.

C = 0,00000344834 × 2090 = 0,007207.

2.– ISURKETA-KANONA = 0,007207 x 3.000 = 21,62 euro/urtean.

– 2. isuria: «Lehen lerroko kaia» lan-eremua.

V = 2.090 m3/urtean

K1 = (7,75×DQO+7,75×SS+58,11×AG+77,48×HC + 309,91×MEQ) ×10-9;

MEQ = (Fe)/n = (2) /1=2.

K1 = (7,75×160+7,75×80+58,11×10+77,48×5 + 309,91×2) ×10-9 = 0,00000344834.

K2 = 1 (hustubideen gainerako baldintzak).

K3 = 1 (II. eranskineko substantzia kutsatzailerik gabe).

K = 0,00000344834 × 1 ×1 = 0,00000344834.

C = 0,00000344834 × 2090 = 0,007207.

2.– ISURKETA-KANONA = 0,007207 x 3.000 = 21,62 euro/urtean.

– 3. isuria: «Bigarren lerroko kaia» lan-eremua.

V = 716 m3/urtean.

K1 = (7,75×DQO+7,75×SS+58,11×AG+77,48×HC+309,92×MEQ) ×10-9;

MEQ = (Fe)/n = (2) /1=2.

K1 = (7,75×160+7,75×80+58,11×10+77,48×5+309,92×2) ×10-9 = 0,00000344834.

K2 = 1 (hustubideen gainerako baldintzak).

K3 = 1 (II. eranskineko substantzia kutsatzailerik gabe).

K = 0,00000344834× 1 ×1 = 0,00000344834.

C = 0,00000344834 × 716 = 0,002469.

3.– ISURKETA-KANONA = 0,002469 x 3.000 = 7,41 euro/urtean.

ISURKETA-KANONA GUZTIRA = 0,48+21,62+7,41 = 29,51 euro/urtean.

Isuriaren titularrak 459/2013 Dekretuko 16. artikuluan araututako Jarraipenerako Aukerako Protokoloari heltzen badio, handik ondorioztatutako K-ren eta V-ren balioak aplikatuko dira isuriaren kanona kalkulatzeko.

Aipatutako dekretuaren 20. artikuluak ezartzen duenaren arabera, isuria baimentzen duen erabakia indarrean sartzen denean sortuko da kanona. Baimenaren indarraldiko ondorengo urteetan, tasaren sortzapena urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean gertatuko da.

Halaber, aipatutako manuaren arabera kanona urte natural osorako likidatuko da, isurketarako baimena, haren aldaketa, etetea edo azkentzea ematen duten ekitaldian izan ezik, edo Jarraipenerako Aukerako Protokoloa onartzen den ekitaldian izan ezik, orduan baimena indarrean egondako egun kopuruaren arabera kalkulatuko baita kanona, urte osoko egunak aintzat hartuta.

Dekretu hori betez, Uraren Euskal Agentziak urte bakoitzeko lehen seihilekoan egingo ditu aurreko urteari dagozkion likidazioak.

D.2.4.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Sortutako hondakin guztiak, instalazioak eta makinak mantentzean nahiz itsasontziak desegitean sortzen direnak, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta horrelakoetan berariaz aplikatu beharreko araudietan ezarritakoen arabera kudeatuko dira, eta behar izanez gero, haien ezaugarriak adierazi beharko dira, zer izaera duten eta nora bidali behar diren zehazteko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin-tipologia desberdinak euren artean edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; beraz, hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketarik ez izateko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Birsortzea-berrerabiltzea lehenetsiko da balorizatzeko beste edozein modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimendurik badago hondakin zehatz batzuk tratatzeko, lehentasunez instalazio haietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera.

Ebazpen honetan jasotako hondakinen tipologia da ohikoena; dena den, espezifikoagoak ere sor daitezke, Desguace Industrial y Naval SLUren instalazioetan itsasontzi ugari desegin daitezkeelako. D.2.4.1 eta D.2.4.2 puntuetan jasotzen ez diren hondakin arriskutsu edo ez-arriskutsu berriak sortzen badira, ingurumen-organo honi jakinarazi beharko zaio, eta hark itsasontziak desmuntatzean sortutako hondakinen zerrenda aldatu beharko du beharrezkotzat joz gero.

Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea, Ebazpen honetan jasotakoa, orientagarria da soilik, kontuan hartuta jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta sortutako hondakinen arteko erlazioa. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatua) ezarritakoa eragotzi gabe, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan baimena egokitzea soilik eskatu beharko da baldin eta sortutako hondakinen kantitatea handitzeak aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar.

Hondakinak biltegiratzeko eremuak edo eremuek lurzoru estankoa izango dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan edo oso bustita egoteagatik, hondakinok isurtzeak edo lixibatuak sor baditzakete, bada, orduan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak izan beharko dira, gerta daitezkeen isurtzeak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.

Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Barakaldoko Udalean.

Hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren lurraldearen barruko hondakinen lekualdaketa arautzen duen 553/2020 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.

Baldin eta hondakinak Estatutik kanpora esportatzen badira, hondakinen lekualdaketak direla-eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan ezarrita dagoena bete beharko da.

D.2.4.1.– Hondakin arriskutsuak.

Honako hauek dira instalazioak eta makinak mantentzetik eta itsasontziak desegitetik eratorritako hondakin arriskutsurik ohikoenak, sustatzaileak adierazitakoaren arabera:

(Ikus .PDF)

a) Hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarriak kontuan hartuta ezartzen da hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa, eta baimena izapidetzean jasotzen da horiei buruzko informazioa. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste batzuk, euren izaera dela eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jardueran zehar. Horiek definitzen dute hondakina zer motatakoa den eta zer osagai arriskutsu dituen. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko, eta bai Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko IV. Ingurumeneko Esparru Programan (2015-2020) ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak balioztatzeko eskatzen bada.

b) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

c) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

d) Hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabetetik gora eduki biltegian. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela bermatzen bada.

e) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartzea. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenbizikoz erretiratu aurretik, eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa bada, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzekotan. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

f) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako agiria bete beharko da. Agiri horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko da jatorritik helmugaraino. Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo agiri ofizial baliokideak.

g) Egiaztatu beharko da baimendutako kudeatzailearen instalazioetara hondakin arriskutsuak eramateko garraioak betetzen dituela halako gaiak garraiatzeari buruzko indarreko legerian eskatutako betebeharrak.

h) Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

i) Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira ekipamendu elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak–. Halaber, pilen eta metagailuen hondakinek bete beharko dute pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa. Kudeatzaile baimenduaren tratamendu-kontratua izateko, garraioaren aurretiko jakinarazpena egiteko eta identifikazio-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, baita toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudeatu ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei egindako entregak justifikatzeko agiriak hiru urtez gorde behar dira gutxienez.

j) Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) PCB eduki ditzaketen gailuak dituenez, kudeaketa egokia izan dadin, nahitaez bete behar ditu poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatzeko eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituen abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretuan zehaztutako baldintzak eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

k) Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 Erregelamenduan (EE), ozono-geruza agortzen duten substantziei buruzkoan, definitutako substantzia erabilirik baldin badu, haiek bildu, eta suntsitu egingo dira alderdiek onartutako bide teknikoak erabiliz edota ingurumenaren ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparailuak aztertu eta mantentze-lanak egin bitartean edo desmuntatu eta suntsitu baino lehen.

l) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

m) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda jasotzen dituen laburpen-memoria aitortu beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari aitorpen-ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

n) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, hondakin horiek ahalik eta gutxien sortzea, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, gutxienez lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legearen (uztailaren 28ko 22/2011) 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatu legearen garapenerako araubideak ez badu Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.

o) Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) bilgarriei eta bilgarrien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxikitako hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) izango da erabilitako ontzi-hondakinaren edo ontziaren ingurumen-kudeaketa egokiaren arduraduna, eta beraz, hondakin horretarako kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko dio.

p) Apartatu honetako e) eta f) apartatuetan (kudeatzaileak EAEn daudenean), l), m) eta n) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektroniko bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

q) Amiantoa duten hondakinak daudela hautemanez gero, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) enpresak 108/1991 Errege Dekretuaren (amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeari buruzkoa) 3. artikuluan ezarrita dauden eskakizunak bete beharko ditu. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera egingo dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

D.2.4.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Honako hauek dira instalazioak eta makinak mantentzetik eta ontziak desegitetik eratorritako hondakin ez-arriskutsurik ohikoenak, sustatzaileak adierazitakoaren arabera:

(Ikus .PDF)

a) Bigarren apartatuaren D.2.4 azpiapartatuan xedatutakoarekin bat, hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro balorizatu egin behar da, eta, hartarako, balorizatzaile baimendu bati entregatu beharko zaizkio. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: horiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada. Justifikazio tekniko hori lortzeko, hondakin hori onartzeko baimenduta dauden hiru kudeatzailek ezetza eman behar diote kasuan kasuko hondakina baloratzeari.

b) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu batera.

c) Hondakin horiek ezabatzeko direnean, ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki; hondakinen azken helburua balorizatzea denean, berriz, 2 urtez gorde ahal izango dira.

d) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa modua ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) gutxienez hiru urtez erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak edo haien agiri ofizial baliokideak, nahitaezkoak badira.

e) Hondakina zabortegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik identifikazio-agiria bete beharko da, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa (dekretu haren bidez arautu zen hondakinak hondakindegian biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea).

f) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.

g) Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) bilgarriei eta bilgarrien hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehen xedapen gehigarriari atxikitako hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritza- edo industria-ontzi baten azken jabea bada, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) izango da erabilitako ontzi-hondakinaren edo ontziaren ingurumen-kudeaketa egokiaren arduraduna, eta beraz, hondakin horretarako kudeatzaile baimendu bati entregatu beharko dio.

h) Hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda jasotzen dituen laburpen-memoria aitortu beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari aitorpen-ekitaldiaren amaieran. Datu horiekin batera, dagokion urteko ingurumena zaintzeko programa ere bidaliko du.

i) Uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluarekin bat etorriz, artxibo kronologiko bat egingo da, eta bertan adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak. Artxibo hori 3 urtez gorde beharko du gutxienez eta urtero bidali beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan.

j) Apartatu honetako d), e) (kudeatzaileak EAEn daudenean), f), h) eta i) apartatuetan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira transakzio elektroniko bidez, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskainitako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz.

D.2.5.– Lurzorua eta lurpeko urak babesteko baldintzak.

D.2.5.1.– Baldintza orokorrak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako betebeharrak betez eta haren gomendioekin bat etorriz, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) lurzorua babesteko behar diren neurriak hartu beharko ditu:

– Produktu kimikoen eta hondakin arriskutsuen biltegiratzeek, hala badagokie, beharrezkoak diren segurtasun-baldintzak beteko dituzte, lurzoruan kalterik ez eragiteko. Horregatik, lehengai, erregai, produktu eta hondakin arriskutsu guztiak isuriak edo ihesak ez gertatzeko moduan biltegiratuko dira, eta atxikipen-kubetak jarriko dira, haien ezaugarriak direla-eta, beharrezkoa den kasuetan.

Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan lurzorua babesteari buruz ezartzen diren betekizunak betetzearren, sustatzaileak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan aipatzen diren instalazioei buruzko dokumentazioa entregatu beharko du. Agindu horren bidez onartu zen Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatzen dena interpretatu eta aplikatzeari buruzko jarraibide teknikoa, lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharrari dagokionez.

Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea lehengoratzen diharduen erakunde ezagun batek egina. Dokumentu horretan jasoko dira: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurpeko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako agiriak aldatu edo agiri berriak eman behar badira, lurzoruen agiri bakar berri bat bidaliko da. 2020ko urtarrilaren 23ko Aginduan ezarritako edukiei, epeei eta entrega-maiztasunei jarraitu beharko zaie une oro, baita dokumentua egiteari buruzkoei ere.

D.2.5.2.– Lur-mugimenduak.

Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, sustatzaileak baldintza hauek bete beharko ditu:

1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea dakarren aldaketa bat aurreikusiz gero:

a) 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 25. artikuluaren 1.c) apartatuan ebazten denarekin bat etorriz, hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, eta abar) karakterizatu egin beharko ditu jardueraren sustatzaileak, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.

b) Jarduketa horretan aurreikusten bada induskatu beharreko materialen bolumena 500 m3-tik gorakoa dela (zolatak barne), edo jarduketa burutu bitartean gainditze hori antzemango balitz, nahitaezkoa izango da lurzoruaren kalitatea ikertzen eta berreskuratzen egiaztatutako erakunde batek egindako indusketa selektiborako plan bat aurkeztea. Indusketa-planak abenduaren 26ko 209/2019 Dekretuaren IV. eranskinean adierazitako edukia jaso beharko du, eta ingurumen-organoak onartu beharko du hura gauzatu aurretik.

c) Induskatu beharreko bolumena 500 m3-tik beherakoa bada, aldaketaren jakinarazpenak honako informazio hau jaso beharko du:

– Jarduketaren pertsona fisiko edo juridiko sustatzailearen eta jarduketa burutuko duen kontratudunaren identifikazioa.

– Jarduketaren xede den lekua non dagoen, baita Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroaren erreferentzia ere.

– Jarduketaren xede den eremuaren mugaketa eta azalera. Jakinarazpenean lurzatia eta jarduketa-eremua zehatz-mehatz non dauden jakitea ahalbidetzen duten planoak erantsiko dira.

– Jarduketaren deskribapen xehatua.

– Induskatuko diren materialen bolumena, baita zolatak ere.

– Ingurumen-jarraipeneko lanen eta azken txostena egitearen arduradunaren identifikazioa; artikulu honetan aipatutako kasuetan erakunde egiaztatua izan beharko du.

– Jarduketa noiz hastea aurreikusten den.

d) Aurreko kasuetako edozeinetan, obra egin ondoren, azken txostena bidali beharko du. Bertan, lurzoruen karakterizazioaren emaitzak eta horien azken helmuga adierazi beharko dira. Horrez gain, hondeatutako materiaren berrerabilera edo kudeaketa egokia egiaztatzeko txosten bat ere bidali beharko da.

e) Arau orokor gisa, Kutsatutako lurzoruetan indusketa selektiboak egiteko gidan jasotzen diren eta jarraian adierazten diren irizpideak beteko dira. Esteka honetan eskura daiteke gida:

https://www.ihobe.eus/Publicaciones/Ficha.aspx?IdMenu=97801056-CD1F-4503-BAFA-F54FA80D9A44&Cod=945C8D73-130B-4E34-AC67-5AB96DFB55AE&Idioma=eu-ES

– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, laginketa gauzatzeko, gidaren 10.2.6 apartatuan (Induskatu behar diren lurzoruetan in situ egindako laginketa) biltzen diren induskatu beharreko materialen karakterizazio-kanpaina diseinatzerakoan kontuan hartu behar diren oinarrizko irizpideei jarraituko zaie.

– Soberako materialak instalazioan bertan berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legeak ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa; horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.

– 4/2015 Legean, ekainaren 25ekoan, xedatutako VIE-A ebaluazioko balio-adierazleak eta TPH-etarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta beraz, onartu egingo dira baimendutako edozein betelanetarako.

– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahalko da. Lurzoru naturalaren parekoa den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.

2.– Instalazioa baimenduta dagoen lursailetik kanpo aldaketaren bat egitea aurreikusten bada (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen I. eranskinean aipatutako jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-arloko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.

Era berean, 4/2015 Legeak, ekainaren 25ekoak, 22. artikuluaren 2. apartatuan dioenaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluaren 1.e apartatuari jarraikiz betiere.

D.2.6.– Zaratari buruzko baldintzak.

a) Ondorengo indize akustikoak gaindi ez daitezen beharrezko neurri guztiak ezarriko dira:

a.1.– Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB(A) gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB(A) ere.

a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB(A) gainditu, 23:00ak eta 07:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB(A) ere.

a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4 m-ko altueran neurtuta (egoera berezietan izan ezik; horietan, apantailamenduak saihesteko beharrezko altuera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan:

(Ikus .PDF)

Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.

Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun modu bat baldin badago, jardun modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.

b) Jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez zaratarentzat ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direnean, hain zuzen ere, zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean garatzen den zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan adierazten direnak, jarduerak beharrezko neurriak hartu beharko ditu helburu horiek gainditu ez daitezen.

c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handituko sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.

E) Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da Ingurumena Zaintzeko Programa:

E.1.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldian egingo dira beti.

c) Kontrolak «erakunde laguntzaile» batek egin eta ziurtatuko ditu, eta baimendutako parametro bakoitzaren gainean egingo dira. Baldintzak betetzen dituztela joko da parametro guztiek Ebazpen honetako bigarren apartatuko D.2.3.2 azpiapartatuan ezarritako kasuan kasuko mugak betetzen dituztela egiaztatzen denean.

d) Kontrolen emaitzak Uraren Euskal Agentziaren Mendebaldeko Kantaurialdeko Arroen Bulegora bidaliko dira formatu elektronikoan (jerrazkin@uragentzia.net), laginak hartzen diren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

e) Aipatutako maiztasunarekin, aldi bakoitzean efluenteak ezaugarri baimenduekiko dituen balizko desbiderapenei, horien kausei eta zuzentzeko hartutako neurriei buruzko gorabeheren adierazpen bat erantsiko da.

f) Parametroen analisia «Standard Methods For the Examination of Water and Wastewater» txostenean (APHA, AWWA, WPCF, azken argitalpena) edo «ASTM Water and Environmental Technology» txostenaren azken argitalpeneko 11. sailean jasotako metodo normalizatuetako baten bidez egingo da. Eredurik egokiena aukeratuko da, parametroaren ohiko kontzentrazioaren arabera. Egun erabiltzen diren azterketa-metodoen bestelakoak ere ezarri ahalko dira, kutsatzaileen kontzentrazioa hobeto zehazteko. Eskatutako analisien parametro bakoitzean erabilitako analisi-metodoa adierazi beharko da.

g) Organo honek, egoki deritzonean, arazketa-instalazioak ikuskatu eta efluentearen emariak eta analisiak aztertuko ditu, isurien emari eta parametroek muga baimenduak gainditzen ez dituztela egiaztatzeko, eta, halaber, tokatzen bada, arazketa-instalazioen errendimendua. Halaber, arazketa-instalazioen ustiapenaren arduradun bat, titulazio egokia duena, izendatzea eskatu ahalko dio titularrari.

E.2.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.

Sustatzaileak ondorengo taulan agertzen diren jardueraren gaineko parametro-adierazleen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta urtean urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera aurkeztuko du.

(Ikus .PDF)

E.3.– Zarataren kontrola.

a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira urtean behin: Ld, Le, Ln, LAeq,Ti eta LAeq,60 segundo. Lehenengo kontrol-urtean lortutako emaitzen arabera, ordutik aurrera neurketak beste maiztasun batekin egitea erabaki ahal izango da.

b) Lkeq, Ti indize akustikoaren ebaluazioa egingo da urtean behin, jarduera egiten den lursailaren kanpoaldean neurketak eginez, zarata kanpoaldera transmititzeko arriskurik handiena dagoen aldean.

c) Neurketa bidezko ebaluazio guztiak akustikaren esparruan laginketa espazial eta tenporala egiteko UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako ziurtagiri bat duen Administrazioko Erakunde Laguntzaile (IEL) batek egin beharko ditu. Nolanahi ere, ingurumen-organoak zainduko du ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela.

d) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta abenduaren 16ko 1513/2005 Errege Dekretuaren (giro-zarataren ebaluazioari eta kudeaketari dagokionez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) II. eranskinean ezarritakora egokituko dira.

e) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena.

E.4.– Lurzoruaren eta lurpeko uren kontrola.

a) Ebazpen honen D.2.5 apartatuan eskatutako dokumentazioaren kaltetan izan gabe, hurrengo datu hauek aurkeztuko dira lurzoruarekiko afekzio berri baten aukera hauteman den kasuan:

– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurrazpiko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.

– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak–, baita larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena ere, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azalerak egoera onean daudela egiaztatzen, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.

– Lurzorua edo lurrazpiko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.

b) Halaber, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2020ko urtarrilaren 23ko AGINDUARI dagokionez jakinarazitako baldintzen analisian zehazten diren kontrolei kalterik egin gabe –Agindu horrek Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa interpretatzeari eta aplikatzeari buruzko Jarraibide Teknikoa onartzen du–, eta lurzoruaren eta lurpeko uren egoera zehazteko oinarrizko txosten bat eskatzeari lotuta, Desguace Industrial y SAk lurzoruaren eta lurpeko ur silikatoen egoera zehazteko oinarrizko txosten bat egin beharko du. Horretarako, gutxienez bi zundaketa egin beharko ditu uren karakterizaziorako, ateratako lurzoru-zutabearen karakterizaziorako eta piezometro bana gaitzeko, eta horiek erabiliko dira lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.

Apartatu honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.

E.5.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:

https://www.euskadi.eus/baimena/ibb-ippc/web01-tramite/eu/

Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura eta/edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, ingurumena zaintzeko programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.

Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien eta prozeduren kontrolerako eta ingurumenaren kalitaterako sistemen funtzionamendua eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako gertakari nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak azalduz; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aurrez aldetik egin ez bada.

E.6.– Ingurumena Zaintzeko Programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu programa horrek: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barnean hartu beharko du.

Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

F) Ezohiko egoeretan, funtzionamendu-baldintzak eta prebentzio-neurriak.

F.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, emisioen eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du sustatzaileak, eta dagokionean, haiek kudeatzeko eta tratatzekoa ere bai.

Instalazioa geldiaraztean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ohiz kanpoko egoeretan sortutako hondakinak kudeatu beharko dira, bigarren apartatuko D.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz (azpiapartatu horren izena: «Instalazioan ekoitzitako hondakinen kudeaketa zuzena bermatzeko baldintzak»), baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.

F.2.– Jarduera etetea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: ekainaren 25eko 4/2005 Legea, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa (38. Hondakinak biltzea, tratatzea eta deuseztatzea; balorizatzea), eta urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituena. Horrenbestez, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietateak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, ekainaren 25eko 4/2015 Legeak 31.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Jarduera bertan behera utzi baino lehen, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, Ebazpen honen bigarren apartatuaren D.2.4 azpiapartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.

F.3.– Jarduera aldi baterako etetea.

Jarduera aldi baterako etetea eskatuz gero, industriako emisioen erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) aldi baterako etetearen eskabidearekin batera, agiri bat bidali beharko du lantegia jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen integratuko kontrolak eta baldintzak nola beteko dituen adierazteko.

Era berean, instalazioa berriz abiarazi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen isuri edo emisio oro saihesteko.

F.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.

Aurkeztutako agirietan egindako proposamenean zehaztuta dauden ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriez eta jardunerako baldintzez gain, ondorengo apartatuetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.

Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta ezarritako segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesik izanez gero, lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.

Aurreko lerrokadan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen ikusizko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

Halaber, atmosferara eta uretara egindako isuriak prebenitu eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipamenduen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.

Urak arazteko prozesuan sortutako soberako hondakin solidoak eta lohiak beharrezko maiztasunez aterako dira, instalazioak behar bezala funtziona dezan. Hondakin horiek ez dira itsasora hustuko aldizkako garbiketa egiten denean; bildu egin beharko dira, kudeatzeko edo zabortegi baimendu batera eramateko. Gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Ez dira inoiz pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz itsas-lehorreko jabari publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.

Baldin eta instalazioetan lokatzen tratamendua badago, horietatik jaregindako ura berriro bideratuko da arazte-instalazioko sarrerara, tratamendua jaso dezan.

Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lineara bidaliko dira edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.

Hondakin-ura ezingo da «bypass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.

Programatutako mantentze-lanetan nahitaez «Bypass»en bidez isurketak egin behar badira, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztuz. «Bypass» horretan aurreikusi gabeko isuri bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (apartatu honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).

b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta antzemandako gorabeherak jasota uzteko.

c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.

d) Erabilitako olioak, hidrokarburoen bereizgailuko hondakinak, besteak beste, eta, orokorrean, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lurzatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

e) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak, ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

f) Hauts-itxurako produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.

h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta norbera babesteko ekipamendu egokiak.

i) Kubeten hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura dokumentatu bat edukiko da. Horri jarraituz, tratamendu-instalazioaren eraginkortasunari eragin diezaioketen produktu-isuriak instalaziora joatea saihestu beharko da.

j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.

Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak, berehala, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari (zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren). Jakinarazpenean alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).

– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.

– Sortutako ondorioak.

– Halakorik badago, epe laburrera aurreikusitako jarduketak.

Gertakari edo arazo larriren bat edo istripuzko isuri edo emisioren bat egonez gero, SOS Deiak eta Barakaldoko Udala, Portu Agintaritza eta Itsas Kapitaintza jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuari buruzko txosten xehatua bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:

– Gorabehera mota.

– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.

– Gorabeheraren iraupena.

– Istripuzko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean antzeman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.

– Mugak gaindituz gero, emisioei buruzko datuak.

– Eragindako kalteen zenbatespena.

Hartutako neurri zuzentzaileak.

– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.

– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.

Baimenaren baldintzak urratzen dituen isuria gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isuri hori eta, horrez gain, gertaeraren berri eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta Babes Zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS Deiak (112) Larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.

k) Aurreko apartatuan ezarritakoaz gain, gerta daitezkeen gorabehera edo arazoei aurre egiteko, jardueraren titularrak lehenbailehen jakinarazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari instalazioan aurrez programatuta egingo diren geldialdiak, etengabeko prozesu bati dagozkionak, aurreikusitako prebentziozko mantentze-lanak barne hartuta.

l) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeria aplikatuko da eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

G) PRTR jakinarazpena.

Urtero, Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) aurreko urtean atmosferara egindako emisioen eta uretara egindako isuriei eta sortutako hondakin mota guztiei buruzko datuen ingurumen-adierazpena igorriko dio Ingurumen Sailburuordetzari, E-PRTR-Euskadi Kutsatzaileen Isurtzeen eta Transferentzia Inbentarioa egiteko eta eguneratuta edukitzeko 508/2007 Errege Dekretuarekin bat etorriz.

Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eskura jarritako kanal, sistema edo aplikazio informatikoak erabiliz bidaliko da.

Datu horietako batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa osatuko dute, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).

Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez, informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, une oro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

H) Instalazioan aldaketak egitea.

Babes-neurriak eta neurri zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta parametroen mugak ere, araudi berriak indarrean jartzeak edo inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitzeko beharrak hala gomendatzen duenean.

Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daitezke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:

http://www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/eu_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc

Organo honen onespena ere beharko da, 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak, abenduaren 16koak, kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 10. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Industriako Igorpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.1 artikuluak ezartzen ditu aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak.

Nolanahi ere, aipatutako 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.

Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c eta 7.2.c artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.

Baldin eta aldaketak lurzoru berria okupatzea aurreikusten badu eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen deklarazioa eduki beharko da, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– 16-I-01-000000000405 erregistro-kodea esleitzea Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) sustatutako bizitza baliagarriaren bukaeran dauden itsasontziak birziklatzeko instalazioari. Helbidea: Vega de Tapia kalea z/g, 48903 Barakaldo (Bizkaia). Kokapena: UTM (ETRS89) 30N, X: 502236,191 eta Y: 4792535.113.

Laugarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da kasu hauetan:

a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.

b) Emisioak nabarmen murritz badaitezke, teknika erabilgarri onenetan aldaketa handiak egiteko gehiegizko kostuak ezarri gabe.

c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.

d) Uraren Euskal Agentziak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko itsas-lehorreko jabari publikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, erakunde horrek, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.

e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.

f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.

g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.

h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahiko ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.

i) Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.

Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.

Bosgarrena.– Ingurumenaren finantza-bermea.

a) Ingurumenaren finantza-bermea.

Desguace Industrial y Naval SLUk (Dina) bere jarduera profesionalaren ingurumen-arriskuen azterketa egin beharko du, abenduaren 22ko 2090/2008 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoaren arabera (26/2007 Legea zati batean garatzen duen Erregelamendua onartzen duena), finantza-bermea eratu behar duen ebaluatzeko, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legearen 24. artikuluaren arabera. Obligazioa izanez gero, 1. eta 2. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea izan beharko dute. Bestalde, 3. lehentasun-mailako operadoreek, ekainaren 22ko ARM/1783/2011 Aginduaren arabera, finantza-bermea eduki beharko dute urriaren 10eko TEC/1023/2019 Aginduaren 2. artikuluan ezarritako epeetan. Hala badagokio, finantza-bermea eratu ondoren, eta betiere adierazitako data baino lehen, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta adierazpen horrek 2090/2008 Errege Dekretuaren IV.1 eranskinean adierazitako informazioa jaso beharko du gutxienez. 26/2007 Legearen 28. artikuluko a) eta b) apartatuetan aurreikusitako salbuespenei jarraikiz, jarduera finantza-bermea eratzetik salbuetsita geratzen bada, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dio agintaritza eskudunari, eta hark IV.2 eranskinean jasotako informazioa jaso beharko du gutxienez. Erantzukizunpeko adierazpen hori Eusko Jaurlaritzak emandako prozedura telematikoaren bidez bakarrik aurkeztu behar da.

Operadoreak ingurumen-arriskuen azterketa eguneratuko du egokitzat jotzen duen guztietan eta, aldiro, jardueran, instalazioan edo funtsezko baimenean funtsezko aldaketak gertatzen direnean. Finantza-bermearen zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPIaren arabera.

Urteko ingurumena zaintzeko planarekin batera finantza-bermea eratu behar izanez gero, indarrean dagoen aseguru-polizaren kopia edo eratutako finantza-berme motaren ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Ingurumen-erantzukizuna.

Jardueraren operadoreak ingurumen-kalteak prebenitzeko, saihesteko eta konpontzeko neurriak hartu eta betearazi behar ditu, eta horien kostuak ordaindu behar ditu, zenbatekoa dena dela, baita dolorik, errurik edo zabarkeriarik egon gabe ere, Ingurumen Erantzukizunari buruzko Legearen 19.1 artikuluan adierazten den bezala.

Seigarrena.– Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietateari eskatzea erantzun bat eman diezaiela, adierazitako epean, honako gai hauei:

Hiru hileko epean:

Justifikatzeko neurketak aurkeztu behar dira, eredu akustiko bat eginez, indarreko araudian ezarritako mugak betetzen direla egiaztatzeko (D.2.6).

– Justifikatu beharko da kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen erabakiaren bidez argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.

– Sortutako hondakin arriskugabeak eta arriskutsuak tratatzeko kontratuak (D.2.4).

Sei hileko epean:

– Lurzoruen dokumentu bakarra, D.2.5 bigarren apartatuaren arabera, eta esteka honetan deskribatzen dena:

https://www.euskadi.eus/web01a2ingkut/es/contenidos/informacion/aai_suelos/es_def/index.shtml

Zazpigarrena.– Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 5.d) artikuluaren arabera, Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietateak Ebazpen honen xede den bizitza baliagarriaren bukaeran dauden itsasontziak birziklatzeko jardueraren inguruan titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko dio, hark onar dezan.

Zortzigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:

– Ebazpen honen seigarren apartatuan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen ez badu epearen barruan, baldin eta interesdunak ez badu behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen.

– Desguace Industrial y Naval SLU (Dina) sozietatearen nortasun juridikoa iraungitzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.

Bederatzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.

Hamargarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Desguace Industrial y Naval SLUri (Dina), Barakaldoko Udalari, ingurumen-baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei, eta gainerako interesdunei.

Hamaikagarrena.– Ingurumen-baimen integratu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

ERREKURTSOAK

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 3a.

Ingurumeneko sailburuordea,

AMAIA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala