Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2021eko martxoaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIO SAILA
1891

AGINDUA, 2021eko martxoaren 24koa, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarena, zeinaren bidez Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala berrikusteko prozedura abiatzen baita.

Araba Erdialdeko eremu funtzionala EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan (aurrerantzean, LAG) definituta dago, eta Arabako honako udalerri hauek biltzen ditu: Alegría-Dulantzi, Añana, Armiñón, Arraia-Maeztu, Arratzua-Ubarrundia, Asparrena, Barrundia, Berantevilla, Bernedo, Kanpezu, Burgelu, Iruña Oka, Iruraiz-Gauna, Kuartango, Lagrán, Lantarón, Legutio, Peñacerrada-Urizaharra, Erriberagoitia, Erriberabeitia, Agurain, Donemiliaga, Urkabustaiz, Gaubea, Harana, Vitoria-Gasteiz, Zalduondo, Zambrana, Zigoitia eta Zuia. Horrez gain, Bizkaiko udalerri hauek biltzen ditu: Otxandio eta Ubide. Halaber, Badaiako mendilerroa eta Entziako Partzuergoa barne hartzen ditu.

Abenduaren 28ko 277/2004 Dekretuaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partziala (aurrerantzean, LPP) onetsi zuen. Lurralde Antolamenduari buruzko Legeari jarraituz (4/1990 Legea, maiatzaren 31koa), otsailaren 11ko 28/1997 Dekretuaren bidez onartutako LAGak garatu eta aplikatzeko, 2004an onartutako Araba Erdialdeko LPP da Araba Erdialdeko Eremu Funtzionalaren egitura definitu duen lurralde-antolamenduko tresna, eta hori bete behar izan dute Eremu Funtzionaleko lurraldean eragina zuten bai hirigintzako planek bai lurralde-plan sektorialek eta jarduerek.

Gainera, urriaren 9ko 145/2018 Dekretuari jarraituz, Araba Erdialdeko LPPren aldaketa behin betiko onartu zen, Iruña Okan eta Vitoria-Gasteizen Jundiz-Billodako terminal logistiko intermodala eraiki ahal izateko.

Bestetik, uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu ziren Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (1997an ezarritakoen berrikuspena). Aipatutako dekretuko lehenengo xedapen iragankorrean honako hau jasotzen da: «Egun indarrean dauden lurralde-plan partzialak eta lurralde-plan sektorialak dekretu honetan xedatutakora moldatuko dira indarrean sartu eta hurrengo zortzi urteetako epean». Moldaketa horren ondorioz, eremu funtzionaleko lurralde-plangintzan LAGek finkatzen dituzten auzi guztiak sartu behar dira. Horietako batzuk berriak dira, adibidez: hiri-hazkundearen perimetroa, azpiegitura berdea eta zeharkako auziak (klima-aldaketa, osasuna eta genero-ikuspegia, kasu).

2013an, Lurralde Plangintzaren eta Hirigintzaren Zuzendaritzak (gaur egungo Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritza) Araba Erdialdeko LPPren Jarraipen Memoria egin zuen, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen (EAELAB) 5/2013 bilkuran aztertu zen. 2019 eta 2020 artean, LPP berrikusteko Aurretiazko Azterlanak eta Diagnostikoa egin ziren. Horren barruan, Arabako Mendialdeko eta Haranetako Hasierako Oinarrizko Azterlanak sartzen dira, baita eremu funtzionaleko Paisaiaren Katalogoa ere. Berrikuspen-prozesuaren abiapuntu gisa erabili behar diren dokumentu horiek guztiak Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzaren webgunean daude: https://www.euskadi.eus/araba-erdialdeko-lurralde-plan-partzialaren-berrikuspena/web01-a2lurral/eu/.

Halaber, 2019an onartutako LAGetan adierazitakoari jarraituz, Araba Erdialdeko LPPren berrikuspen-prozesuan ahalik eta parte-hartze zabalena izatea eskatzen da, une bakoitzean hori egiteko modua emango duten inguruabarrak kontuan hartuta.

Martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuak, zeinak lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen baititu, 3. artikuluan jasotzen duenez, lurralde-antolamenduko edo egiturazko hirigintza-antolamenduko edozein figura formulatu, berrikusi edo aldatzeko hasierako erabakiarekin edo ebazpenarekin batera, parte hartzeko programa bat egin beharko da. Plan horretan, behar adina helburu, estrategia eta mekanismo ezarriko dira, herritarrek eta elkarteek parte hartzeko eskubidea izan dezaten. Herritarrek parte hartzeko programa hori oso-osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo dagokion lurralde historikoko aldizkarian, administrazio publiko sustatzailea zein den; informazio-teknologia berrien bitartez ezagutaraziko da, eta, parte hartzeko mekanismo hauek izango ditu, gutxienez: parte hartzeko gida bat, azalpenak emateko jendaurreko bilkurak eta dibulgazio-materiala (prestatu egin beharko da).

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa) 133.1 artikuluan adierazitakoari jarraituz, zeinetan herritarrek lege-mailako arauak eta erregelamenduak egiteko prozeduran parte hartzea arautzen baita, xedapen hau egin aurretik dagokion kontsulta publikoa egin da.

Araba Erdialdeko LPPren berrikuspen hau Eusko Jaurlaritzak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila) eta Arabako Foru Aldundiak (Ingurumen eta Hirigintza Saila) Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxako lurralde-plan partzialen berrikuspen-dokumentuak egiteko sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker gauzatuko da. Aipatutako hitzarmenak jasotakoaren arabera –2019ko abenduaren 30ean sinatu zen–, Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bitartez (gaur egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila), eta Arabako Foru Aldundiak, Ingurumen eta Hirigintza Sailaren bitartez, elkarrekin eta era paritarioan berrikusiko dituzte Araba Erdialdeko eta Arabako Errioxako lurralde-plan partzialak. Aipatutako hitzarmeneko laugarren klausulan finkatutakoari jarraituz, Arabako Errioxako Lurralde Plan Partziala berrikusteko azterketak eta lanak Arabako Foru Aldundiak kontratatuko ditu, eta Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala berrikustekoak, berriz, Eusko Jaurlaritzak.

Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialaren funtsezko izapidearen prozesua Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen (4/1990 Legea, maiatzaren 31koa) 13. artikuluari jarraituz egin beharko da, baita Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen Dekretuak (46/2020 Dekretua, martxoaren 24koa) 13.1 eta 3.1 artikuluetan adierazitakoari jarraituz ere.

Hortaz, lehen aipatutako aurrekariak ikusita eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen (4/1990 Legea, maiatzaren 31koa) 13. artikuluan jasotako eskumena baliatuta, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala –abenduaren 28ko 277/2004 Dekretuaren bidez onartua– berrikusteko prozedura abiatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen (4/1990 Legea, maiatzaren 31koa) 13. artikuluan eta Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak 2019ko abenduaren 30ean sinatutako hitzarmenean adierazitakoari jarraituz.

Bigarrena.– Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari 2021eko ekainera arteko epea ematea LPPren berrikuspenaren aurrerapena egiteko. Epe hori luzatzeko aukera egongo da, horretarako arrazoirik baldin badago.

Hirugarrena.– Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzari 2022ko ekainera arteko epea ematea LPPren berrikuspenaren hasierako onarpenerako dokumentua egiteko, eta 2023ko ekainera artekoa, berriz, behin-behineko onarpenerako dokumentua egiteko, behin betiko onarpena eman aurretik.

Laugarrena.– Agindu honen eranskin gisa argitaratzea Araba Erdialdeko LPPren berrikuspena dela-eta egingo den herritarren parte-hartze programaren laburpena; halako programei erreferentzia egiten zaie Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen martxoaren 24ko 46/2020 Dekretuaren 3. artikuluan.

Bosgarrena.– Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiko Foru Aldundiak, eremu funtzionalean udalerriak dituzten kuadrillek, eremu funtzionala osatzen duten udalerri guztiek, eremu funtzionaleko kontzejuek eta Estatuko Administrazioak Plana egiteko beharrezkotzat jotzen duten informazio guztia jasotzea, Lurralde Antolamenduari buruzko Legeak (maiatzaren 31ko 4/1990) 13. artikuluko 2. zenbakian adierazitakoari eta Lurralde-antolamenduko planak eta hirigintza-antolamenduko tresnak onartzeko prozedurak arautzen dituen Dekretuak (martxoaren 24ko 46/2020) 13. artikuluko 2. zenbakian adierazitakoari jarraituz. Bi hilabeteko epean emango da informazio hori.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzako sailek Plana egiteko beharrezkotzat jotzen duten informazio orokorra biltzea, baita eragindako eremuari buruzko aurreikuspenekin eta programekin lotutako informazio zehatza ere. Informazio hori gehienez ere bi hilabeteko epean emango da.

Zazpigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Arabako Lurralde Historikoko hedapen handieneko egunkarietatik bitan argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko martxoaren 24a.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

ERANSKINA, LURRALDE PLANGINTZA, ETXEBIZITZA ETA GARRAIOETAKO SAILBURUAK ARABA ERDIALDEKO LURRALDE PLAN PARTZIALAREN BERRIKUSPEN-PROZEDURA ABIATZEKO EMANDAKO AGINDUARENA
HERRITARREK PARTE HARTZEKO PROGRAMA – LABURPENA

1.– Ikuspegi orokorra.

1.1.– Parte hartzearen garrantzia lurralde-mailan.

Lurralde-plangintza eta -kudeaketa eraginkor eta partekatuak posible dira arloko eragile guztien inplikazioari esker; maila ezberdinetan jardun arren, maila berean dira erabakigarriak lurraldearen garapen jasangarria ahalbidetzeko. Plangintza sortzeko orduan herritarrek parte hartzeko beharra eta aukera erabat justifikatuta dago hainbat arrazoirengatik. Arrazoirik garrantzitsuena eskubidea bera da; izan ere, gobernu-sistema demokratikoetan herritarrek eskubidea dute politika publikoari lotutako gaien gainean iritzia emateko, baita, noski, plangintzaren gainean ere.

Gainera, horrek hainbat onura dakartza berekin, plangintzaren bideragarritasun eta kalitateari zuzenean eragiten diotenak:

– Lurralde bateko biztanle guztiak informazio-iturri ordezkaezinak dira, esperientzia zuzena dutelako.

– Plangintzaren sorrera-prozesuan parte hartzeko aukera emateak murriztu egiten du planak onartu ondoren gatazkak sortzeko aukera.

– Herritarrek parte hartzeak,halaber, sendotu egiten du komunitate- eta kide-sentimendua, plangintzari dagokionez.

– Herritarren parte-hartzea garrantzitsua da lurraldeko hirigintza esparrua indartzeko; izan ere, herritarrak beren lurraldean hartzen diren erabakiez informatuta eta horiekin konprometituta egotea da bai legedia bai plangintzako erabakiak egoki aplikatzeko bermerik onena.

1.2.– Helburu orokorrak:

– Herritarrei elkarrekin etorkizun hobe bat irudikatzeko aukera ematea.

– Parte-hartze inklusibo, bereizi eta hezigarria sustatzea: hiritartasun-kultura sortzea.

– Erabakitzeko eta parte hartzeko guneetan ordezkaritzarik izan ohi ez duten profilei ahotsa ematea.

– Sortzen diren ideien kapitala aprobetxatzea.

1.3.– Parte Hartzeko Planaren xedea.

– Komunikatzea: kolektibo ezberdinen interesa piztea, ikusgaitasuna eta eztabaida ahalbidetzea.

– Aktibatzea: parte hartzeari bultzada ematea, mugimendua helburu erkide baterantz aktibatuz.

– Esperimentatzea: parte hartzeko metodologiak eta formatuak.

– Jaso eta dokumentatzea: jardueretatik sortzen diren ideiak.

1.4.– Balioak:

– Inklusibotasuna: parte-hartze ekitatiboa bermatzea, ezberdintasunak errespetatuz eta baloratuz.

– Gardentasuna: prozesua eta informazioa herritarrentzako eskuragarriak, egiazkoak eta ulergarriak izatea.

– Lankidetza: elkarrekin ideia, balio eta proiektu berriak eraikitzeko.

– Berrikuntza: inpaktu indibidual eta kolektiboko ideia berrien balioa azpimarratuz.

2.– Metodologia.

2.1.– Lurraldearen diagnostikoan eta proposamenean parte hartzen jarraitzea (Aurretiko Azterlanak eta LAGak).

LPPren berrikuspenean parte hartzeko prozesuak oinarri hartuko ditu LAGak sortzeko prozesuetan eta diagnostikoa osatzeko aurretiazko azterlanetan egindako kontaktuak eta irekitako kanalak, eta haietan sakonduko du. Era berean, LPP sortzeko aurrekarien artean daude parte hartzeko gomendioak, zeinek bost helburuko metodologia aurkezten baitute, LAGen berrikuspenean parte hartzeko prozesuaren nomenklaturari jarraikiz:

– Hedapena edo Ikusgaitasuna.

– Herritarrak edo Pedagogia.

– Parte-hartzea edo Hitzarmenak.

– Gobernantza edo Erantzukidetasuna.

– Dokumentazioa edo Erregistroa.

2.2.– Parte hartzeko mekanismoak:

2.2.1.– Ekintza motaren arabera:

– Tailer digitalen edo aurrez aurrekoen bidez parte hartzea (saio irekiak): Tailer digitalak edo aurrez aurrekoak publiko guztientzako tresna gisa pentsatuta daude, eta gizarte-talde bakoitzak ekarpenak planteatzea da asmoa. 2020. urtean zehar sortu diren tresna berriak aprobetxatuko dira, baita jendarteko sektore ia guztiek bere egindako ohitura digital berriak ere.

– Onlineko ekitaldien bidez parte hartzea: Parte hartzeko programaren esparruan egindako zenbait ekintzen onlineko emankizuna, prozesuaren etapen gaineko informazioa zabaltzeko.

– Parte-hartzea eta jarraipen digitala: Edukiak eta ondorioak zabaltzeko dibulgazio-materiala diseinatuko da eta Parte Hartzeko Gida bat egingo da. Hori guztia, hiztegi ez-teknikoa erabiliz. Material horiek webgunearen eta sare sozialen bidez zabalduko dira.

2.2.2.– Parte hartzeko rolaren araberako mekanismoak:

– Adituen parte-hartzea: profil tekniko eta profesionalei bereziki zuzenduta dago, hala administrazio-arlokoei nola bestelako erakundeetakoei, baina herritar guztiei irekita.

– Elkarrizketa erdi-egituratuak eragile estrategikoekin.

– Gaikako mahai-inguruak (online edo aurrez aurrekoak).

– Herritarren parte-hartzea: herritar guztiei irekia, baina bereziki tokiko erakundeei, zientziarekin, jakintzarekin eta/edo jarduera ekonomikoekin lotutako erakundeei zuzendua.

– Onlineko inkesta.

– Tailer eta ekitaldiak online edo aurrez aurre.

2.3.– Euskaraz parte hartzeko erraztasunak jartzea.

Euskaraz zein gaztelaniaz parte hartu ahal izateko erraztasunak eskainiko dira. Beraz, pertsona bakoitzak nahi duen hizkuntzatan parte hartu ahal izateari arreta berezia jarriko zaio. Horretarako, bai komunikazioak bai parte hartzeko dinamikak bi hizkuntzetan diseinatuko dira.

3.– Prozesuaren egitura.

– Prestaketa-lanak. Hasierako etapan, prozesua egoki garatzeko oinarriak ezartzera bideratutako ekintzak biltzen dira.

– Herritarren parte-hartzea. Prozesuaren bigarren etapan biltzen dira parte-hartzeari lotutako ekintza guztiak, hala adituei nola gainerako herritarrei bideratuak.

– Ondorioak eta emaitzak. Hirugarren etaparen helburua da prozesua ixtea; horretarako, amaierako dokumentuak sortuko dira, parte-hartzaileei itzultzeko edo/eta eskerrak emateko.

4.– Denbora-eskema.

Honako hau da parte hartzeko prozesuaren etapen eta LPP berrikusteko proiektuaren faseen arteko korrespondentzia.

Prestaketa-lanak – 1. fasea:

– 01. ekintza: dokumentazioa aztertzea. 1. eta 2. asteak. (1. fasea: aurrerapenaren aurrekoa).

– 02. ekintza: Parte Hartzeko Plana idaztea, Parte Hartzeko Gida barne). 2., 3. eta 4. asteak. (1. fasea: aurrerapenaren aurrekoa).

– 03. ekintza: komunikazioa diseinatzea eta koordinatzea. 1. eta 2. asteak. (2. fasea: aurrerapena).

– 04. ekintza: proiektuaren irudi grafikoa diseinatzea. 2. eta 3. asteak (2. fasea: aurrerapena).

– 05. ekintza: proiektuaren webgunea diseinatzea. 1., 2., 3. eta 4. asteak (2. fasea: aurrerapena).

– 06. ekintza: Dibulgazio-materiala. 3. eta 4. asteak (2. fasea: aurrerapena).

– 07. ekintza: parte hartzeko jarraibideak. 3. eta 4. asteak (2. fasea: aurrerapena).

Herritarren parte-hartzea – 2., 3., 4. eta 5. faseak:

– 08. ekintza: elkarrizketak eragile estrategikoekin. 1., 2., 3. eta 4. asteak (3. fasea: parte-hartzea).

– 09. ekintza: webgunea abiatzea, edukiak jasota. 1. astea (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 10. ekintza: parte-hartze digitala. 1., 2., 3. eta 4. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 11. ekintza: parte hartzeko prozesuaren aurkezpena. 1. astea (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 12. ekintza: gaikako mahai-inguruak. 2. eta 3. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 13. ekintza: diagnostiko-tailerren deialdia eta komunikazioa. 2. eta 3. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 14. ekintza: diagnostikorako parte-hartze tailerrak. 3. eta 4. asteak (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 15. ekintza: memoria partziala idaztea (1). 4. astea (3. fasea: parte-hartzea eta aurrerapenaren izapidetzea).

– 16. ekintza: parte-hartze prozesuko informazioaren azterketa. 1. eta 2. asteak (4. fasea: behin betiko dokumentua idaztea).

– 17. ekintza: kontrastatzeko tailerren deialdia eta komunikazioa. 1. eta 2. asteak (5. fasea: parte-hartzea eta behin betiko dokumentua izapidetzea).

– 18. ekintza: kontrastatzeko parte-hartze tailerrak. 2. eta 3. asteak (5. fasea: parte-hartzea eta behin betiko dokumentua izapidetzea).

– 19. ekintza: memoria partziala idaztea (2). 4. astea (5. fasea: parte-hartzea eta behin betiko dokumentua izapidetzea).

Ondorioak eta emaitzak – 6. fasea:

– 20. ekintza: parte-hartzea ixteko jardunaldia. 3. astea (6. fasea: testu bategina eta parte-hartzearen itzulketa).

– 21. ekintza: webgunea eguneratzea, amaierako materialak jasota. 4. astea (6. fasea: testu bategina eta parte-hartzearen itzulketa).

– 22. ekintza: amaierako memoria idaztea. 1., 2., 3. eta 4. asteak (6. fasea: testu bategina eta parte-hartzearen itzulketa).


Azterketa dokumentala