Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila

Laguntzei buruzko web-fitxa berria

Laguntzei buruzko web-fitxa berria

egilea: Alex Lara, Abendua 19, 2012

Herritarren ikuspuntutik gauzak aztertzea barne berringeniaritza egiteko baliagarri izan daiteke

Eusko Jaurlaritzak laguntzei buruzko informazioa web-fitxa berri baten bidez argitaratzeari ekingo dio laster euskadi.net webgunean. Horren xedea dagoeneko endemiko bihurtu den arazoa konpontzea da:

Laguntzei buruzko web-fitxak konplexuak dira; herritarrei kosta egiten zaie horiek ulertzea; eta, batez ere, ez dute izapidetzea errazten, ez baitute horretarako argibide zehatzik ematen.

Laguntza baten gaineko web-fitxa batean informazioa luze-zabal eskaini behar da: helburua, aurrekontu-zuzkidura, prestazioa ekonomikoa edo zerbitzu erakoa den, eskatzaile izan daitezkeenak, betekizunak, izapideak eta izapidetzeko bideak, ebazpena, baliabideak, informazio-puntuak, eta abar luze bat. Hori guztia jakinarazi behar izatea, noski, erronka handia da erabilgarritasunari dagokionez: egin beharrekoari buruzko jarraibide argiak eskaini behar zaizkie herritarrei, izapidearen nondik norakoak zehatz-mehatz ezagutu ditzaten.

Azken batean, web-fitxako informazioaren erabilgarritasuna eta argitasuna hobetzen egindako ahaleginak honako ondorio hauek izango ditu:

  • Zuzenean herritarren arretarako puntuetan kontsulta gutxiago egingo dira.
  • Zuzeneaneko agenteek beraiek informazio erabilgarria bilduko duen gidoia erabiliko dute.

Laburbilduz, euskadi.net guneko laguntzei buruzko web-fitxa berriaren helburua aurkeztu beharreko dokumentazioaren eta izapidetzeko jarraibide zehatzen zerrenda argia eskaintzea da. Eta hori, jakina, ez da kontu erraza; izan ere, eskatzailearen baldintzen arabera, konbinazio kopurua zenbatezina izan daiteke.

Orain arte, euskadi.net-en laguntzei buruzko informazioa argitaratzeko ardura izan duten langileek, atzitze-inprimaki konplexu eta sofistikatua erabili behar izan dute, hainbat desabantaila dituena:

  • Laguntzaren nondik norako guztiak adierazi arren (helburua, zuzkidura, prestazioa, araudia, izapideak, bideak, etab.), inprimakiak EZ du errazten laguntza era egituratuan eta akatsik gabe (kontzeptu bakoitza dagokion esparruan aipatu behar da) ezagutu ahal izatea. Esparru asko biltzen direla aintzat hartuta, kontzeptu bakoitza dagokion esparruan agertzea funtsezkoa da, eta hori, egungo inprimakia dela medio, nahiko zaila da.
  • Laguntza argitaratzeko, apenas dago informazio-oinarri berrerabilgarririk: laguntza bakoitza huts-hutsetik argitaratu behar da, edo, bestela, lehenagoko batean oinarrituta.
  • Informazio-sistema gertuago dago Edukien Kudeaketatik Laguntzen «negoziotik» baino; alegia, teknikatik gertuago laguntzen esparruari buruzko ezagutza funtzionaletik baino. Ondorioz, laguntzaren erantzule funtzionalak nekez parte hartu dezake web-fitxa argitaratzeko prozesuan.

Horrela esanda, pentsa liteke arazoa datuak biltzen diren inprimakian datzala, eta zati batean horrela da, baina azken urteetan argitaratze-inprimakiaren hainbat bertsio osatu dira (eremuak gehitu, beste batzuk berrizendatu, etab.) eta euskadi.net ez da hainbeste hobetu; hau da, arazoaren jatorria beste bat da.

Laguntzei buruzko web-fitxa berriaren proiektua abian jarri zenean, ordura arte erabilitako moldea aldatzea zen xedea -ez baitzuen artean emaitza onik eman-. Horrenbestez, lehendabizi, Herritarren ikuspuntuaren araberako laguntza-eredu logikoa diseinatu zen. Aplikazioaren oinarria da aipatutako eredu hori, sinplea, bai, azalpenik behar ez duena; alabaina, kontzeptualizazioa ez batere erraza izan:

- Abiapuntuan eskatzaile taldeadago.

- Eskatzaile taldeko partaide izan nahi duenak eskakizun sorta bat bete behar du.

- Eskakizun horiek betetzen direla egiaztatzeko, horren froga edo agiriren bat aurkeztu behar da kanal elektronikoa erabilita edo bulegoetara bertaratuta.

- Laguntza bakoitza onuradun talde bati bideratuta dago; hau da, zehaztu egin behar dira laguntzaren eskatzaileak zeintzuk diren. Horrela, laguntzari buruz emandako informazioa are zehatzagoa eta zabalagoa da: eskakizunak, aurkeztu beharreko dokumentazioa, etab.

- Laguntza bakoitzari bere izapideak dagozkio, batez ere, eskaera egiteko garaian.

Eredu hori aintzat hartuta, honako hauek hauteman ziren:

  • Eskatzaile taldeak ez dira zenbatezinak: Eusko Jaurlaritzak jarduera-esparru jakin batzuk ditu eta, ondorioz, bere zerbitzuen erabiltzaile-kopurua mugatua da.

Adibidez: pertsona fisikoak, pertsona juridikoak, fundazioak, enpresa txikiak, etab.

  • Eskakizunak modu librean zehaztu daitezke, baina horiek egiaztatzeko modua mugatua da; hau da, administrazioak eskakizun jakin bat betetzen dela frogatzeko eska ditzakeen froga edo agiriak arautu ditzake, hainbat eskakizun egiaztatzeko modu bakarra dagoelako.

Adibidez: errolda-ziurtagiria, zerga-betekizunak egunean edukitzearen ziurtagiria, etab.

  • Izapideak halaber sailkatu daitezke mota jakin batzuen arabera.

Adibidez: eskaera, gorako errekurtsoa, etab.

Horiek horrela, hiru katalogo zehaztu ziren: ziurtagiriak, eskatzaileak eta izapideak. Jakina, horretarako guztirako lan handia egin behar izan da laguntzak aztertu eta «destilatzen»:

  • zer den eskakizunak egiaztatzeko eskatzen dena, eta ziurtagirien katalogoaren hasierako argitalpen bat egitea;
  • nor den Eusko Jaurlaritzaren laguntzen hartzailea (orain arte, testu libreko esparrua da, edozer ipini daitekeena).

Katalogo horien bidez, fitxa betetzen duenak honako zerrenda hauek topatuko ditu:

  • Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuen hartzaile guztiak (erabiltzaile taldeak).
  • Eusko Jaurlaritzak herritarrei eskatzen dizkien froga, agiri eta inprimaki guztiak.

Laguntza berriren bat sistema berrian argitaratzeko, bere eskakizunak eta izapidetze-prozedura aztertu behar dira, betiere aipatutako eredu logikoa aintzat hartuta. Horretarako, beharrezkoa da laguntzaren erantzule teknikoak prozesu osoan parte hartzea.

Honaino adierazitakoak egun indarrean dena errotik aldatzea dakar. Dena dela, oinarri sendoak izango ditu, honakoetarako baliagarriak izango direnak:

  • Herritarrei argibide labur, zehatz eta, hori nahi genuke, ulerterrazagoak eskaintzea.
  • Laguntzen informazioa argitaratzeko erantzuleei ziurtagiri, eskatzaile edo izapideen gaineko informazio-oinarri osatua eskaintzea.

Laguntzen fitxa berria Zerbitzuen Katalogoa osatzera dator. Hain juxtu, katalogo horretan dihardugu lanean datu-integrazioa lortzeko; izan ere, Zerbitzuen Katalogoa Eusko Jaurlaritzaren edozein zerbitzuri buruz jakin beharreko guztia dakarren gune «nagusia» da. Izaskun Urrestarazuk blog honetan sartu zuen Zerbitzuen Katalogoa

Proiektua gauzatzeari dagokionez, esan behar da lan funtzional eta tekniko handia eskatu duela, baina bikaina dela lortutako emaitza. Ondorioz, eskerrak eman nahi dizkiegu Bilbomática enpresari eta bertako Sonia, Belén, Susana, Asier, Jaime eta Antón langileei egindako lanagatik eta emandako laguntzagatik. Era berean, Eusko Jaurlaritzako eta EJIEko langileen lana goraipatu behar dugu, negozioaren gaineko ezagutza funtzional handia erakutsi baitute. Eta ez ditugu ahaztuko gure langileak, koordinazio, konpromiso eta dedikazio ezin bikainagoa izan baitute.

Horrela bada, hona hemen proiektuaren aurkezpena, gure iritzian, interesgarria dena: