EAS

Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zer da EAS

Euskaren eremu osoan hizkuntza-egoera sozialaren berri emango duen adierazle-sorta da  Euskararen Adierazle Sistema (EAS). Era planifikatuan eta sistematikoan diseinatua eta modu iraunkorrean eta antolatuan datuz elikatuta eta eguneratuta dago. Euskararen egoera eta bilakaera jasotzeko eta ezagutzera emateko helburua du EASek; gizartearen esparru desberdinetan euskarak une jakin batean duen zabalkundea eta denboran zehar izaten ari den bilakaera zehatz-mehatz azaltzeko balio behar du.

EASen ezaugarriak honakoak dira: titulartasun publikokoa; zerbitzu publiko iraunkorraren bokazioz eraikia; kontsentsu politiko, sozial eta tekniko ahalik eta zabalenean oinarritua; aldiro-aldiro argitaratuko duen informazioa erraz ulertzeko modukoa izango da; batez ere, kuantitatiboa, baina alderdi kualitatiboak ere izan ditzake lekua eta zentzua; euskararen lurraldeak izango ditu jomuga, ahaztu gabe egungo mundu globalizatuak muga geografikoak askotan gainditzen dituela; herri-administrazioaren maila ezberdinak (Gobernu, foru-aldundi, eskualde, udal…) aintzat hartuko ditu, horietako bakoitzak hizkuntza-eremuan dituen eskumen eta interbentzio-arduren arabera.

EAS proiektuaren sustatzaileak dira Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernuko Euskarabidea, Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoa, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.