Osasun Saila

Pazientea bere segurtasun klinikoan inplikatzeko kanpaina

Euskal osasun sistemak lehentasunezko lekua eman nahi dio pazienteei ematen dien arretaren segurtasunari, eta arlo hori hobetzeko lanean aritu da ia eratu zen momentu beretik.

Osasun sistemak eskaintzen dizuen arretaren segurtasuna hobetzen zuk eta zure familiartekoek edo zaintzaileek laguntzea funtsezkotzat jotzen da segurtasun klinikoan hobetzen joateko.

Zeure arazoaz duzun ezagutza eta esperientzia bidea eman ahal digu arriskuak identifikatzeko eta segurtasuneko arazoak gelditzeko trabak proposatzeko.

Halaber, garrantzitsua da zuk parte aktiboa hartzea ematen zaizun osasun arretarekin lotutako ekintza bakoitzean gerta daitezkeen segurtasuneko hutsegiteak antzeman eta konpontzeko.

Batik bat, hiru arrisku-eremu hauetan lagundu ahal diguzu:

  • zu argi eta garbi identifikatzen
  • zuri eragiten dizun informazio klinikoa transmititzen
  • zure tratamendu farmakologikoan.

Hiru eremu horien haritik, honako bost aholku hauek proposatzen dizkizugu; errazak, oinarrizkoak eta osagarriak, guk geuk ere, profesionalok, burutzen ditugunak.

Elkarrekin lortuko dugu esku-hartze proaktiboaren zirkulua ixtea, horrela, segurtasuneko gertakariak gutxitzeko.

 

 

1-IDENTIFIKA ZAITEZ:

  • Osakidetzarekin daukazun edozein kontaktutan erakutsi identifikatzeko dokumenturen bat (NAN edo pasaportea) eta Osasun Txartel Sanitarioa (OTI).
  • Osasun sistemarekin harremana duzun bakoitzean behar bezala identifikatuz gero beste traba bat gehiago ipintzen dugu gorabeherak saihesteko, hala nola, paperean edo informazio-sistema elektronikoan izen edo abizen antzekoak dauzkan beste pertsona bati dagokion historia klinikoa irekitzea, edo beste pertsona bati dagokion dokumentazioa entregatzea (txostenak, proben emaitzak…). Gertakari horiek ez dira ohikoak, baina informazio-sistema elektronikoekin lotu dira, eta bere-berezko arrisku bihurtu dira.

2-EZAGUTU ZURE TRATAMENDUA:


  • Jakin behar duzu zein sendagai ari zaren hartzen eta nola, non eta zertarako hartu behar duzun. Eska ezazu zerrenda bat hartzen dituzun medikamentu guztiekin, izena, dosia noiz eta nola hartu behar dituzun eta zenbat denboran. Eraman ezazu beti zerrenda hori zure osasun zentro edo ospitalera. Gogoan izan behar dituzu ere normalean hartzen dituzun errezetarik gabeko medikamentuak, bitaminak, sendabelarrak, etab…zº.
  • Zure osasun-prozesuan baliteke errezetak agindu-egile askok ematea, nola esparru publikoan hala pribatuan, eta horietako bakoitzak tratamendu berriak gehitu ahal dizkio zure tratamendu-planari. Horrez gain, gogoan izan behar duzu noizbehinkako automedikazioa edo automedikazio kronikoa; gertakari horrek, batzuetan, zailtzen du paziente batzuen uneko tratamendu farmakologikoa argitzea.
  • Medikazioa agintzen dizun Osakidetzako profesionalari eskatu ahal diozu orri bat inprimatzea (Tratamendu Aktiboaren Orria), bertan zehazten da Osakidetzan agindu dizuten medikazio guztia eta, orobat, nola eta noiz hartu behar duzun. Eraman orri hori osasun-sistemarekin dituzun harreman guztietan.

3-EGIAZTATU EMATEN DIZUTEN DOKUMENTAZIOA:

  • Txostenak, errezetak, bolanteak edo bestelako dokumentazioa ematen dizutenean, egiaztatu zure izen eta bi abizenak behar bezala identifikatuta daudela.

  • Lehenengo aginduaren osagarri gisa, ematen dizuten dokumentazio guztia (bolanteak, txostenak eta abarrak) benetan zuri dagokizula egiaztatzen baduzu, identifikazioarekin lotutako gertakariei bigarren traba bat jartzen diezu.

4-ALERGIKOA BAZARA, JAKINARAZI BETI:


  • Gogorarazi beti arreta ematen dizutenei zein medikamentu edo produkturi diozun alergia.

  • Asistentzia-prozesuan profesional askok parte hartzen dutenez, zure alergiak ezagutzea eta osasuneko esku-hartze bakoitzean profesional horiei jakinarazteak laguntzen du agindu okerrik ez emateko.


5-EZ GERATU ZALANTZAN:

  • Ezagutu ondo zure osasun-arazoak eta behar duzun tratamendu-plana. Ezagutzeak lagunduko dizu zeure burua egoki zaintzen.

  • Hitz egin zure zalantzei buruz eta eskatu argitzeko informazioa; adierazi ematen dizuten informazioa ondo ulertzen ez duzunean.

  • Labur bilduz, ohartarazi, mesedez, nabaritzen dituzun arriskuez.
Azken aldaketako data:  2015/04/01