Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Esparru estrategikoa

25 urte bete dira Osasun Sailak eta Osakidetzak lehen esparru-akordioak sinatu zituztenetik Gipuzkoako (1996), Bizkaiko (1998) eta Arabako (1998) foru-aldundietako gizarte-zerbitzuetako sailekin, lurraldean lurraldeko herritarren behar soziosanitarioei erantzuteko. Akordio aldebiko horiek Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundien eta EUDELen arteko lehen akordio autonomikoaren eta erakundeartekoaren (2013) oinarriak ezarri zituzten, EAEn arreta soziosanitarioa garatzeko. Erakunde kideen eskumen-autonomiarekiko errespetuan oinarrituta, lankidetza-hitzarmen horren bidez erakundearteko lan-esparru partekatu bat sortu zen, arreta soziosanitariorako egungo koordinazio-ereduaren formulazio adostua bultzatu duena. 

Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseiluan erakundeen artean lortutako akordioen ondorioz, dokumentu estrategikoak sortu dira, legealdi bakoitzean EAEn arreta soziosanitarioa garatzeko eta hobetzeko konpromisoak eta helburuak adierazten dituztenak:

Egungo EAEko Arreta Soziosanitarioko Estrategiak (2021-2024), arreta soziosanitarioaren eredua artikulatzen emandako mende laurdenari jarraipena emanez, esku hartzeko mailen, makro (erakundeartekoa), meso (antolamenduzkoa) eta mikro (asistentziala), bat etortze estrategikoa sustatzen du, antolaketa-eremuaren laguntza ezinbestekoarekin eta herritarren eta hirugarren sektorearen parte-hartzearekin, EAE osoan lehen mailako arreta soziosanitario, efiziente eta efikaza hedatzeko.

EAEko Arreta Soziosanitarioko Estrategian (2021-2024) guztiek dugu eragina, guztion arreta soziosanitarioaren ikuspegia eta beharrak kontuan hartuta.

Hala, oinarri arauemaile eta instituzionala eta EAEko arreta soziosanitarioaren ibilbide historikoa dira egungo eta etorkizuneko garapen koordinatu, bidezko, jasangarri eta inklusiboaren oinarria.

Herritarren behar soziosanitarioek izaera dinamikoa dute, eta, neurri handi batean, pertsonen bizi-ingurunearen testuinguru sozial, ekonomiko, demografiko, arauemaile eta politikoari eragiten dioten eraldaketak islatzen dituzte.

Hauek dira osasun-sistemek eta gizarte-zerbitzuetakoek aurre egin beharreko erronketarik batzuk: EAEko biztanleriaren zahartze demografiko progresiboa; herritarrek gero eta laguntza sozial eta sanitario gehiago eskatzea; zainketa-eredu tradizionalaren krisia; familia eta bizikidetza-egituren eraldaketa, familia-ereduen eta rolen dibertsifikazioarekin batera; nahi ez den bakardadearen eta isolamendu sozialaren kasuen gorakada herritarren artean; adin guztietako pertsonengan osasun mentaleko arazoak; babes-aurreikuspenen beharra hiri-inguruak ez direnetan; edo desberdinkeria, pobrezia eta gizarte-bazterkeriako egoerak, COVID-19aren pandemiarekin larriagotu direnak.

EAEn, herritarrentzako arreta soziosanitarioak berekin dakar biztanleriako esparru eta talde batzuetan eta besteetan identifikatzen diren beharrizanei unean-unean erantzutea –bereziki xede-taldeetan–, dela prebentzio-politikak egituratuz, dela pertsonen ongizatearen eta osasunaren gizarte-baldintzatzaileetan zuzenean esku hartuz.

Premia soziosanitarioak identifikatzea, batez ere esku-hartze estrategikoen xede-kolektiboetan (desgaitasuna duten eta/edo mendekotasun-egoeran dauden pertsonak, bazterkeria- eta babesgabetasun-arriskuan dauden pertsonak, premia bereziak dituzten haurrak, buru-nahasmendua duten pertsonak eta beste batzuk –indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeak edo bizi-amaierako egoeran dauden pertsonak eta abar-). Horrek diziplinarteko jardunerako abiapuntuko baldintzak planteatzen ditu, non pertsonak baitira ardatz nagusia gizarte eta osasun-zerbitzuen sistemen erantzunak koordinatzeko, unibertsaltasunaren, elkartasunaren, ekitatearen, kalitatearen eta herritarren parte-hartzearen printzipioetan oinarrituta.

Egungo testuinguru sozioekonomiko eta demografikoko erronkek paradigma soziosanitarioa aldatzea eskatzen dute, bizi-ziklo osoan zainketak emateko eredu berri bati eta sistemen egokitzapen beharrezkoari lotuta, EAEko biztanleen behar soziosanitarioen aurrean modu koordinatuan jarduteko, gaur egun dauden eta sortzen ari diren premien aurrean.

Laburbilduz, 2021-2024 aldirako EAEko Arreta Soziosanitarioko Estrategiak trantsizio-politiken multzo bat proposatzen du, eraldaketa sozioekonomiko eta demografiko egiturazkoei eta COVID-19aren pandemiak sortutako edo areagotutako egoera koiunturalei erantzun sistemiko gisa sortua. Horren xedea da pertsonak bizi-zikloaren etapa guztietan zainduko dituen arreta soziosanitarioa babestea, haien bizi-proiektua errespetatuko duen ikuspegi sistemiko eta jasangarri bat erabiliz.

Zeregina

EAEko Arreta Soziosanitarioko Estrategiaren (2021-2024) xedea da:

«Pertsonak bizi-zikloaren etapa guztietan zainduko dituen arreta soziosanitarioa, haien bizi-proiektua errespetatuko duen ikuspegi sistemiko eta jasangarri bat erabiliz».

Ikuspegia

Zereginarekin bat, estrategia honen ikuspegia honela zehaztu liteke:

«Ahalik eta ongizate handiena lortzea pertsonentzat, arreta-esparru koordinatu eta EAEko herritarrengan sortzen ari diren premiekiko sentikorra, zainketa sozial eta sanitarioen tokiko ekosistemen sare gisa egituratua».

 

Balioak

Arreta soziosanitarioaren eta arreta horretan parte hartzen duten profesionalen eta eragileen esku-hartzeen berezko balio etikoen multzo batean oinarritzen da estrategia honen filosofia. Balio horiek guztion onerako premisan oinarritzen dira, eta hori da jarduera guztien ardatz. Hauek lirateke:

  • Duintasuna
  • Elkartasuna
  • Elkarreragingarritasuna
  • Unibertsaltasuna
  • Erantzukidetasuna
  • Autonomia
  • Prebentzioa
  • Kooperazioa
  • Diziplina-aniztasuna
  • Kohesio soziala
  • Jasangarritasuna
  • Egokitzeko gaitasuna
  • Inklusioa
  • Pragmatismoa

EAEko Arreta Soziosanitarioko Estrategiak (2021-2024) paradigma-aldaketa bat planteatzen du arreta soziosanitarioan, EAEn dauden eta sortzen ari diren beharrei eta erronkei erantzungo dien zainketa sozial eta sanitarioen eredu berri baten alde eginez. 

Horren bidez, osasun-sistemen eta gizarte-zerbitzuen egokitzapen beharrezkoari bultzada ematen zaio, pertsonek ahalik eta ongizate handiena lor dezaten, herritarren premiekiko sentikorra den arreta-esparru koordinatu batean, zainketa sozial eta sanitarioen tokiko ekosistemen sare batean oinarrituta.

Horretarako, EAEko Arreta Soziosanitarioko Estrategiak (2021-2024) 5 jarduera-arlo formulatzen ditu, esku-hartze estrategikoko 15 proiektutan zertzen direnak:

Gobernantza soziosanitarioa da gizarte- eta osasun-zerbitzuen sistemen artean ezartzen den harreman funtzional eta eragilerako esparrua, EAEn arreta soziosanitarioa ematea koordinatzeko.

Hiru proiektuk heltzen diote koordinazio soziosanitarioko ereduaren egituraketari eta bi sistemen arteko harreman funtzionalari:

  • Gobernantza Soziosanitarioari buruzko Dekretuak osasun-sistemetan eta gizarte-zerbitzuetan arreta soziosanitarioa emateko egituren, baliabideen eta tresnen arteko harremanak definitzen dituen ereduaren artikulazio juridiko eta funtzionala sustatzen du.
  • Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza herritarren behar soziosanitarioen arretari ikusgarritasuna emateko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko sortu da, bai eta gobernu-mailako osasun-sistemen eta gizarte-zerbitzuen koordinazioa sustatzeko ere.
  • Finantzaketa soziosanitarioak arreta soziosanitarioan erantzukizunak dituzten erakunde guztiek partekatutako finantzaketa-esparru komun bat definitzea proposatzen du, koordinazio-ereduaren finantza-jasangarritasuna bermatzeko eta baliabideei eta arreta soziosanitarioa emateari eragiten dieten gabetasunei erantzuteko.

Elkarreragingarritasun soziosanitarioa gizarte- eta osasun-zerbitzuetako informazio-sistemek datuak partekatzeko eta informazioa eta ezagutza modu seguruan trukatzeko duten gaitasuna da.

Lau proiektuk elkarreragingarritasunaren arkitektura teknologikoa garatzen dute, datuak deszentralizatuta trukatzeko, erakunde bakoitzaren jabetzako informazio-errepositorio askoren bidez:

  • Historia soziosanitario elektronikoak informazio-sistemen bilakaera artikulatzen du, gizarte- eta osasun-sistemetako profesionalen lan-dinamika koordinatuaren euskarri gisa.
  • Aginte-taula datuetan oinarritutako erabakiak hartzen laguntzeko tresna izango da.
  • Profesionalek lan egiten duten egoitza-zentroetatik historia klinikoan sartzea.
  • Erakundeen artean trukatutako informazio eta ezagutza soziosanitarioaren esparru arautzailea izango da elkarreragingarritasun soziosanitarioa garatzeko dekretua.

Prebentzio soziosanitarioak herritarren behar soziosanitarioak aurreikusten eta prebenitzen laguntzen duten estrategiak, programak eta tresnak biltzen ditu.

Bi proiektu dira premia soziosanitarioko egoerak prebenitzeko politika eraginkorrak artikulatzeko oinarria:

  • Prebentzio soziosanitarioko esparru koordinatua, arreta soziosanitarioko premietarako erantzun biopsikosozialeko testuinguru bat definitzea planteatzen duena, bai eta arrisku soziosanitarioko faktoreak detektatzeko, kontrolatzeko, apaltzeko edo geroratzeko politikak eta jarduerak koordinatzea ere, eta osasuneko desberdintasun sozialak murrizteko esku-hartze sozial eta sanitario egokiak sustatzea.
  • Arrisku soziosanitarioa detektatzeko tresna, arrisku soziosanitarioko faktoreak detektatzeko proposamen gisa, arreta soziosanitarioaren premia-egoerak eragin ditzaketen faktore prediktibo jakin batzuen definiziotik eta mailakatzetik abiatuta.


Arreta soziosanitarioa osasungintzako eta gizarte-arloko profesionalek ematen duten erantzuna da, biztanle talde jakin batzuek dituzten premiei aurre egiteko, lehen mailako arreta soziosanitarioko taldeek egindako diziplina anitzeko esku-hartzeetatik abiatuta (hargatik eragotzi gabe beste eragile eta asistentzia-maila batzuek ere parte hartzea, kasuak hala eskatzen duenean).

Hiru proiektuk sostengatzen dute Lehen Mailako Arreta Soziosanitarioaren hedapena, sistema soziosanitarioan sartzeko ate gisa ulertuta, eta lehen mailako arreta soziosanitarioko taldeak arretaren eta zainketa soziosanitarioen funtsezko eragile gisa hartuta:

  • Lehen Mailako Arreta Soziosanitarioa hedatzea, erakundearteko koordinazioaren mesedetan eta lehen mailako arretako talde soziosanitarioen esku-hartzeak errazteko.
  • Xede-kolektibo soziosanitarioetan jarduerak garatzea, abian diren sektore-estrategiekin koordinatuta.
  • Arreta goiztiarra eta esparru soziosanitario-edukatiboa garatzea, premia soziosanitarioak dituzten haur eta gazteentzako arreta hobetzeko.


I+G+B soziosanitarioa ezagutzarekiko konpromisoaren erakusle da, eta ekosistema soziosanitarioaren eraldaketaren oinarri, sistemen arteko koordinazioa etengabe hobetzeko, asistentzia-alternatiba efizienteak zehazteko eta EAEn sortzen ari diren premiei eta erronka berriei irtenbideak emateko.

Hiru proiektuk bultzatzen dute ezagutza sortzea eta ezagutaraztea ekosistema soziosanitarioan:

  • Arreta Soziosanitarioko Ataria erakunde-espazio erreferente gisa proiektatzen da, ekosistema soziosanitarioari zuzendutako informazio interesgarria partekatzeko.
  • I+G+B soziosanitarioko politika eta egitasmoei buruzko erreferentzia-nodoak I+G+B soziosanitarioko politika eta egitasmo interesgarriei buruzko informazioa biltzen du
  • Berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak sustatzea ekosistema soziosanitarioaren oinarrietatik.

Zerbitzu publikoak guztien onerako kudeatzeari lotuta dago kontuak ematea, alegia, EAEn arreta soziosanitarioaren hedapenaren esparruan sustatuko jarduerari eta lortutako emaitzei buruzko informazioa eta justifikazioa aldian behin, gardentasun, efikazia, efizientzia eta legezkotasuneko printzipioekin bat.

Helburu horrekin, EAEko ekosistema osatzen duten eragile guztiei ematen zaie aditzera egitasmoen eta dokumentu estrategikoen hedapenean lortutako emaitzen ebaluazioari buruzko informazioa:

Azken aldaketako data: