Etxebizitza eta Hiri Agenda Saila

Azken eguneratzea: 2010/05/13
Eusko Jaurlaritza zenbait lege Aldatzeko Lege Aurreproiektu bat tramitatzen ari da, barne merkatuko zerbitzuei buruzko zuzentaraura egokitzeko
Zenbait legeren aldaketa, Zerbitzuei buruzko Europar Zuzentaraura egokitzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen Legea eta Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko Legea
Zuzentarau honen helburua da zerbitzuen merkatu bakarra benetan lortzea Europar Batasunaren alorrean; horrek esan nahi du EBko kide den edozein Estaturen pertsona fisiko eta juridikoak EBko beste Estatu baten lurraldean finkatu ahal direla, eta, halaber, badutela askatasuna zerbitzuak emateko zerbitzu horiek ematen diren EBko Estatuan finkatu behar izan gabe.

Alde horretatik, honako hauek beraren aplikazioaren ondorio logikoak dira:

  1. Justifikaziorik gabeko edo neurrigabeko trabak ezabatzea, EBko Estatuetan finkatzeko eta zerbitzuak emateko askatasuna oztopatu edo mugatzen duten eta proportzionaltasunari eta izaera ez-diskriminatzaileari dagozkion betekizunak betetzen ez dituzten muga legal eta administratiboak ezabatzearen bitartez.

  2. Prozedurak sinplifikatzea, egin beharreko tramiteak bide elektronikotik egitera behartuz eta “leihatila bakarrak” sortuz tramite horiek gauzatzeko; horrek kooperazio administratibo eraginkorra eskatzen du EBko Estatuen artean, bai nazio mailan eta bai erregio eta toki mailan.

  3. EBko Estatuen arteko elkarrenganako konfiantza sustatzea, eta baita zerbitzuak barne merkatuan eskaini eta kontsumitzen dituztenen konfiantza ere; alde horretatik, kontsumitzaileen eskubideak indartu behar dira, zerbitzuen erabiltzaileak diren aldetik, zerbitzuen kalitatea bermatzeaz batera.

Zuzentaraua espainiar ordenamendu juridikora  pasatzeko prozesuaren eragilea den aldetik, Estatuak oinarrizko izaera duen lege bat eman du, hots, azaroaren 23ko 17/2009 Legea, zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzkoa; bertan, Zerbitzuen Zuzentarauaren printzipio nagusiak biltzen dira, eta, horrez gain, irizpide komunak ezartzen dira araudia Autonomia Erkidegoetan egokitzeko prozesua gauzatzeko.

Estatuaren Administraziok bere transposizio-prozesua bukatu du abenduaren 22ko 25/2009 Legearekin; beraren bitartez, zenbait lege aldatu dira zerbitzuen jardueretara askatasunez iristeari eta haien erabilerari buruzko Legera egokitzeko; lege horren bidez, Zerbitzuen Zuzentarauaren xedapenek ukitu dituzten lege estatal batzuk aldatu dira.

Eusko Jaurlaritza tramitatzen ari den Lege Aurreproiektua eragin duen arrazoia da Euskal Autonomia Erkidegoak beharrezkoak diren neurriak hartu behar dituela bere legezko arauak egokitzeko 2006/123/CE Zuzentaraura eta beraren transposiziorako Estatuak ematen duen oinarrizko legedira; legedi hori kontuan hartu beharko da Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusibotik kanpoko jarduera-eremuak ukitzen dituenean. Alde horretatik, 12 Lege aldatzeko proposamen bat du eta beraien artean, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko eskumen arloan dauden ondorengo bi hauek:

 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duena

EAEko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra aldatu nahi da, sailkatutako jarduerei aplikatu beharreko erregimen juridikoaren gaineko arauei dagokienez. Proposatutakoaren arabera, araua 2006/123/EE Zuzentarauaren filosofiari egokitze aldera, administrazio esku-hartzeko eraentza jarduerek ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eraginaren arabera izan behar da, beraz, eragin handia duten jarduerentzat jarduera baimena lortu behar da, baina eragin eskasa duten jarduerak udalari jakinarazi behar zaizkio.

5/2004 Legea, maiatzaren 7koa, Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzekoa

Mahastizaintza eta Ardogintza Antolatzeko maiatzaren 7ko 5/2004 Legea aldatu da, ze 30. artikuluaren idatz-zati batzuk Zerbitzuen gaineko Zuzentarauaren 14. artikuluko 1. eta 8. paragrafoetan azaldutakoaren kontrakoak baitziren. Horrezaz gainera, lege horretara ardogintzaren azpiproduktuak kontrolpean kentzeko aukera batu da erregelamendu bidez ezarritako moduan. Era berean, aldaketaren arabera, ardo kanpainan, euren instalazioetan 25 hektolitro ardo edo muztio baino gutxiago ekoizten duten pertsona fisiko edo juridikoek ez dituzte zertan azpiproduktuak desagerrarazi, eta horren ondorioz, ez betetzearen ondoriozko urraketa eta zehapen eraentza aldatu behar izan da.