Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zestoa

Gipuzkoako iparraldeko udalerria (Urola-Kostaldea). Mugak: iparraldean Aizarnazabal, Zumaia eta Deba; ekialdean Aia; mendebalean Deba; hegoaldean Errezil eta Azpeitia. Garaiera, 69 m. 43,5 km2. 1997ko datuen arabera, 3.184 biztanle (zestoarrak). Herrigune hauek osatua da Zestoako udalerria: Aizarna, Arroa, Arroa-geltokia, Iraeta eta Zestoa (herriburua). Urola ibaia igarotzen du. Euskara, gipuzkera. Hizkuntza banaketa 1996an: 3.581 euskaldun, 1.156 ia-euskaldun eta 2.050 erdaldun. Ekonomia jarduera nagusia industria (zurgintza, papergintza, altzairugintza, janari industria) da. Dena dela jende asko Azpeitia, Zarautz edo Zumaiako industrietara joaten da langile. Aipagarriak dira Altzolaras, Bedua, Iriarte, Lasao eta Lili jauretxeak, XVII. mende hasierako udaletxea, bainu-etxeak, Santa Ana eliza gotikoa, XVI-XVIII. mendeetako Arroako San Eztebe Lehen Martiriaren eliza, Aizarnako XVI. mendeko eliza eta Santa Ines eta Ibañarrietako San Joan ermitak.  v  Historia. 1383. urteko dokumentu batean aipatzen da lehen aldiz Zestoako herria, hots, Joan I.a Gaztelako Erregeak Aizarnako herritarrei herri bat sortzeko baimena eman zienean. 1549. urtean eliza eta etxe ugari erre zituen sute bat gertatu zen, eta Konbentzioko Gerraren ondorioak ere jasan zituzten zestoarrek. Aizarnako auzoa betidanik Zestoako herriari lotuta egon bada ere Arroa 1852. urtean jarri zen Zestoako herriaren administraziopean.