Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zeelanda Berria

(Izen ofiziala, Zeelanda Berria; Ing., New Zealand). Ozeaniako uharteak eta estatua, Ozeano Bareko hegoaldean, Australiatik 1.600 km hego-ekialdera. 270.534 km2 eta 4.173.460 biztanle (2008, zeelandaberritarrak). Hiriburua: Wellington. Hiri nagusiak: Auckland, Christchurch, Manukau, North Shore. Hizkuntza ofizialak: ingelesa eta maoriera. Etniak: europarrak, % 82,2; maoriak, % 9,2; polinesiarrak, % 2,9; besteak, % 5,7. Erlijioa: anglikanismoa, % 24,3; presbiterianismoa, % 18; katolizismoa, % 15,2; metodismoa, % 4,7; erlijiorik gabeak, % 16,4; besteak, % 21,4. Dirua: Zeelanda Berriko dolarra. Zeelanda Berria estatu burujabea eta Commonwealth erakundeko kidea da. Britainia Handiko erregina da estatu burua.  v  Orografia eta hidrografia. Bi uharte nagusi ditu Zeelanda Berriak, Iparraldeko Uhartea eta Hegoaldeko Uhartea, Cook-en itsasarteak bereiziak. Iparraldeko uharteak (114.592 km2) itsasertza badia eta golko handiek hausten dute, iparraldeko Auckland-eko penintsulan batez ere. Ekialdeko erdiak Hirugarren Aroan sortutako mendikate txikiak ditu: Tararua, Ruahine, Kaimanawa, Huiarau eta Raukumara, baso trinkoek estalita eta lur emankorreko ibarrek bereizita daudenak. Mendi horietatik mendebalera goi-ordokia da, Taupo-ko aintzira eta sumendi handiak daudena: erdialdeko Tongariro, Ngauruhoe eta Ruapehu (2.797 m), eta mendebaleko Egmont; lehenengo biak piztuak daude. Hegoaldeko uhartean (154.465 km2) itsasertza zuzenagoa da, fiordoek hautsia dagoen hego-mendebalean izan ezik. Mendikate handi batek, Zeelanda Berriko Alpeak izenekoak, eratzen du uharteko bizkarrezurra (Cook mendia, 3.764 m). Mendikate hori mendebaleko kostaldetik hurbil dago eta, beraz, mendebaleko mazela ekialdekoa baino askoz laburragoa eta malkarragoa du. Glaziar handiak ditu mendialde horrek, eta horietako batzuk itsasoraino heltzen dira. Canterbury-ko ordeka da uharteko zabaldi nagusia, ekialdeko kostaldean. Bestalde, Zeelanda Berriak beretzat eskatzen du Antartikako zati bat (Ross-eko lurraldea); Cook eta Niue uharteekin elkartua dago, eta Tokelau-ko uharteak administratzen ditu.  v  Zeelanda Berriko ibai gehienak laburrak eta ur emari bizikoak dira. Iparraldeko uharteko ibai nagusiak Waikato (625 km), Rangitikei eta Wangauni dira, eta Hegoaldeko uhartekoak Wairau, Rangitata eta Clutha. Hegoaldeko uhartean glaziarrek sortutako aintzirak daude (Wakatipu, Te Anau, Wanaka), baina aintzira handiena Iparraldeko uharteko Taupo da, sumendi jatorrikoa.  v  Klima eta landaredia. Klima epel hezea dute uharteek. Hozberoak tarte txikia du urte sasoi batetik bestera. Neguak, mendi garaietan izan ezik, samurrak dira eta udak epelak. Haize hezeak mendebaletik jotzen du eta horregatik euri gehiago egiten du mendebaleko isurialdean ekialdekoan baino. Laburbilduz, hauek dira Zeelanda Berriko hiri nagusi batzuetako urteko hilabete hotzeneko eta beroeneko batez besteko tenperaturak eta urteko batez besteko euri kopuruak: Auckland (10,5 eta 19,5 °C; 1.240 mm); Christchurch (6 eta 16,5 °C; 640 mm); Dunedin (6 eta 14,5 °C; 936 mm). Basoek lurraldeko bi heren hartzen zituzten, baina ustiaketaren ondorioz asko murriztu da eremu hori, larreen eta lur sailen faboretan. Galera horri aurre egiteko zuhaizti handiak landatzeko politika bultzatzen ari da gaur egun Zeelanda Berriko gobernua. ■ Biztanleak. Zeelanda Berriko gaur egungo biztanle gehien-gehienak europar jatorrikoak dira, Britainia Handiko etorkinen ondorengoak gehienbat. Gainerakoak uharteko jatorriko biztanleak (maoriak), eta polinesiar, txinatar eta indiarrak dira. Maori asko hil zen XIX. mendean europarren kontrako gerren eta izurriteen ondorioz. Hala eta guztiz ere, XX. mendearen hasieraz geroztik gorantz doa berriz ere maorien kopurua. Etorkin berri gehienak, % 60 inguru, Asiako herrialdeetatik datoz; 1995ean Taiwandik etorriak ziren immigrante gehienak. Jaiotza eta heriotza tasak % 17,8 eta % 7,9 dira hurrenez hurren, eta biztanle ugaltzea % 9,9 da. Zeelandarren batez besteko bizi itxaropena 72 urtekoa da gizonezkoentzat eta 78 urtekoa emakumezkoentzat. Zeelandaberritarren % 11k 65 urtetik gora ditu. Biztanleen % 70 Iparraldeko uhartean bizi da, eta, guztira, seitik bost hirian. Munduko herrialde aurreratuenetakoa da gizarte laguntzako legediari dagokionez. Osasun egoera eta zerbitzuak oso onak dira. Irakaskuntza nahitaezkoa eta doakoa da 6 urtetik 15 urtera bitartekoentzat. 1960az gero erakunde bat dago maorien irakaskuntzaz arduratzen dena. ■ Ekonomia. 1980ko hamarraldian Zeelanda Berriak ahalegin handiak egin behar izan zituen Britainia Handia Europar Batasunean sartzeak ekarri zizkion merkataritza ondorioei aurre egiteko. 1990eko hamarraldiaren hasieran hazkundeari ekin zion berriz ere Zeelanda Berriak, inflazioa jaitsi egin zen (% 2,3 1996an), merkataritza balantza orekatu eta langabezia % 6 jaitsi zen. Nekazaritzak NPGren % 9 hartzen du eta esportazioen % 28; hala ere, munduko prezioen mende dago, batez ere artileari eta haragiari dagokionez. Dena dela, Zeelanda Berrian abeltzaintza da ekonomia jarduera nagusia. Behiak (9 milioi buru 1996an) eta ardiak (49 milioi buru) artilea, haragia eta esnekietarako erabiltzen dira; gai horien esportazioa garrantzi handikoa da Zeelanda Berriko ekonomian. Garia, garagarra eta fruitu arbolak dira gai nagusiak. Mahastizaintzak gero eta garrantzi handiagoa du, eta ardoa ere esportatzen da. Arrantza garapen bidean da, batez ere esportazioetara bideratua; aingira da arrantzatzen den arrain nagusia. Mea baliabide nagusiak ikatza (elektrizitatea sortzeko ekoiztua) eta gas naturala dira. Zeelanda Berriaren energia beharrak zenbait petrolio putzuk eta zentral hidroelektrikok asetzen dute. Industria (elikagaiak, ehungintza) nekazaritzaren gaien eta basoko ekoizpenaren ingurukoa da (esnea, haragia, larruak, artilea, fruituak). Ekoizten den aluminioaren % 90 (313.000 tona 1996an) esportatu egiten da. Glenbrook-eko altzairu lantegiak 750.000 altzairu tona ekoizten ditu, eta horietatik % 60 esportatu egiten da. Zeelanda Berrian garrantzi handia du aisialdiko ontzietarako hornikutzek (yateak, etab.). Liberalizazioaren aldeko politikak eta ekonomia nazionala zabaltzeak Zeelanda Berriko industriaren ekoizpena izugarri haztea ekarri du batetik, eta bestetik, esku lana urritzea. Merkataritza balantza positiboa du (487 milioi dolar 1996an), baina ordainketen balantza defizitarioa da guztiz. Zeelanda Berriak eta Australiak hitzarmen bat izenpetu zuten bien arteko ekonomia harremanak estutzeko; 1990ean truke libreko eremua ezarri zuten salgaien merkataritzarako. ■ Historia. XIV. mendean, Polinesiako herrien arteko guduak zirelarik, maoriak gaur egungo Zeelanda Berriko iparraldeko uhartera iritsi ziren. 1642an Abel Janszoon Tasman holandar itsasgizona «Zeelanda Berria» deitu zien uharteetako mendebaleko kostara iritsi zen, eta 1769-1770 urteetan James Cook britainiar itsasgizon eta esploratzaileak uharte horietako mapak egin zituen. Lurraldean bizitoki finkoa hartu zuten lehen europarrak Australiatik joandako presoak eta marinelak, eta bale arrantzaleak eta salerosleak ziren. Azken hauek lihoa, zura, fruituak, barazkiak eta emakumeak erosten zizkieten maoriei alkoholaren eta su-armen truke. Eramandako su armek maorien arteko gatazketan askoz jende gehiago hiltzea ekarri zuten. Geroago misiolari protestanteak (1814) eta katolikoak (1838) iritsi ziren. Erlijioaren eta mendebelako kulturaren zabalkundeak eta salerosketan oinarritutako ekonomiak maorien ohiko gizarte harremanak hautsi eta haien bizimodua eraldatu zituzten. 1838an Britainia Handiko gobernuak Zeelanda Berriko kolonizazioa hastea erabaki zuen. William Hobson kapitainak uharteen jabetasuna britainiarrei uztea lortu zuen maoriak jabe ziren lurrak salduko ez zirela aginduta (Waitangi-ko hitzarmena, 1840). Hitzarmena ordea ez zen bete, eta E. G. Wakefield zuzendari zuen New Zealand Association konpainiak maorien lurrak salgai jarri eta hamar urtean 20.000 kolono erakarri zituen, maoriak Iparraldeko uharteko lur kaskarragoetara baztertuz. Egindako iruzurrak kolonoen eta maorien arteko gerra piztu zuen 1843-1847 eta 1860-1870 bitarteko urteetan. Gudu horietan maoriak galtzaile atera ziren eta lur hoberenak galdu zituzten. Bien bitartean, Hobson Zeelanda Berriko koloniako gobernari izendatu zuten (1842) eta 1852ko konstituzioak, 1870an osatuak, autonomia handia eman zien uharteei. Bakeak eta 1861ean aurkitu zen urrearen ustiaketak jende asko erakarri zuten, eta ekonomiaren aurrerapena ahalbideratu zuten, abere hazkuntza eta, ondorioz, haragi, artile eta esnekien esportazioa sustatu baitzuten. Hasieran Zeelanda Berriko politika lur jabe handien esanetara egon zen, baina 1889an bozketa unibertsala onartu izanak liberalen garaipena erraztu zuen. Liberalen gobernualdiak (1891-1912) politikaren demokratizazioa eta sindikalismoaren eta gizarte legediaren aurrerapena izan zituen ezaugarritzat; besteak beste emakumeei botoa emateko eskubidea (1893) eta maoriei politikan esku hartzekoa onartu ziren.  v  XX. mendea. XIX. mendearen bukaeraz gero Zeelanda Berriak Ozeano Barean zituen interesak asiar etorkinetatik babesteko politika bideratu zuen. 1907an autonomia handia eman zitzaion eta 1931n burujabe egin zen, Commonwealth erakundearen barruan. Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan Britainia Handiko gudarostean parte hartu zuen Europako eta Ozeano Bareko guduetan. Bien bitartean, 1929an munduko ekonomiak izan zuen krisiak kalte handia egin zion Zeelanda Berrikoari, esportazioak oso urritu baitziren. Bigarren Mundu Gerraren ondoren Ozeano Bareko eta Asiako hego-ekialdeko politikan parte hartu zuen, eta 1951n elkarren babeserako hitzarmena egin zuen Estatu Batuekin eta Australiarekin (ANZUS). Langileen Alderdia aginpidean egon ondoren, 1935ean Alderdi Nazionalak irabazi zituen hauteskundeak eta, 1957-1960 urteetako tartean izan ezik, 1972 arte izan zuen bere esku estatuko gobernua. 1972an gobernua berriro erdietsi zuenean Langileen Alderdia Txina komunistarekin harremanetan hasi zen eta Mururoa-ko atoloian Frantziak egin zituen saio nuklearrak gaitzetsi zituen. Urte horietako krisi ekonomikoaren ondoren, 1975ean Alderdi Nazionalak irabazi zituen hauteskundeak. R. Muldoom Lehen ministroak inflazioaren aurkako neurriak hartu zituen, industria sustatzen eta energiaren defizita galarazten ahalegindu zen, eta Australia, Japonia eta Estatu Batuekiko harremanak sendotzen. 1978 eta 1981 urteetako hauteskundeak ere irabazi zituen, baina boto gutxiagorekin. 1984 eta 1987 urteetako hauteskundeak Langileen Alderdiak irabazi zituen eta David Lange Lehen ministroaren agintaritzapean egon zen Zeelanda Berriko politika 1989. urtea arte. Aipagarria da Lange-ren agintaldia, hark bultzatu zuen ekonomiaren liberalizazioak hasieran lortutako arrakastagatik, eta Polinesiako estatu txikien aldeko eta arma nuklearren aurkako jarrera tinkoagatik. 1986an arma nuklearrak zeramatzaten Estatu Batuetako itsasontziei Zeelanda Berriko portuetan sartzea galarazi zien, eta horren ondorioz bi estatuen arteko harremanek okerrera egin zuten. Nolanahi ere, ekonomiaren liberalizazioak Langileen Alderdian sortu zituen tirabirak zirela eta, Lange-k Geoffrey Palmer-i utzi behar izan zion lehendakaritza 1989an. Aldaketa horren ondoren, 1990eko hauteskundeetan Alderdi Nazionaleko James Bolger izan zen irabazle. Alderdi Nazionalak arma nuklearren aurkako politika eta ekonomiaren liberalizazioa berretsi zituen. Bestalde, 1990ko otsailean Waitangi-ko hitzarmenaren 150. urteurrenaren ospakizunetan maoriek hitzarmen hura bete ez izana salatu zuten. Aldaketak egon baziren ere, Zeelanda Berriko ekonomia ereduak ez zuen aldaketarik izan. Pribatizazioak ugaritu ziren, protekzionismoak indarra galdu zuen eta murrizketa ugari egin ziren osasun eta hezkuntza zerbitzuetan. Horren emaitza nagusia inflazioa jaistea izan zen, baina langabeziak gora egin zuen. Alderdi nazionalistak gero eta ospe txarragoa zuen, baina 1993ko hauteskundeetan ez zen horren eraginik sumatu. Hauteskunde horien ondoren Jil Bolger hautatu zuten berriz ere Lehen ministro. Oposizioko alderdia, ordea, hurbil gelditu zen. 1994an Zeelanda Berriak superabita izan zuen, diruak indar hartu zuen, langabeziak behera egin zuen eta inflazioa egonkortu egin zen, % 2. 1994-1995 urteen bitartean gobernuak Iparraldeko uharteko tainui herriari dirua eta 15.400 lur hektarea eman zien, herri horrek XIX. mendean kolonizatu ziren lurraldeen gaineko eskubidea eskatzen baitzuen beretzat. Elisabet II.a erreginak barkamena eskatu zien uharte haiei kolonizazioaren garaian izan ziren hildakoengatik. Erreginak 1996an kalteak ordaindu zizkion Ngai Tahu maori tribuari. Langabezia tasak beherantz jarraitu zuen, eta 1995ean % 6an gelditu zen. Langabetu gehienak gazteak, maoriak eta beste immigrante batzuk ziren; biztanleriaren % 10ak estatuaren diru laguntza jasotzen zuen. 1996an Bolger Lehen ministroak gogor kritikatu zituen Frantziak Mururoa atoloian egin zituen froga atomikoak. 1988 eta 1996 urteen bitartean funtzionario publikoen kopurua 71.000tik 32.900era jaitsi zen. 1997an Bolgerrek bere kargua utzi zuen eta Jenny Shipley, Garraiobideen ministroa, kontserbadorea, izan zen haren ondorengo. 1991n, Helen Clark, alderdi laboristakoa, hautatu zuten lehendakari eta 2008 arte egon zen agintean, John Key multimilionario kontserbadoreak irabazi baitzituen 2008ko hauteskundeak.
http://newzealand.govt.nz/