Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zeeman, Pieter

Holandar fisikaria (Zonnemaire, Zelanda, 1865 - Amsterdan, 1943). Leydengo eta Amsterdamgo unibertsitateetan egin zituen ikasketak. Optika eta astrofisika alorrak landu zituen, batez ere. Zeemanek 1896an bere izena daraman efektua aurkitu zuen; efektu hori da elektroi spin-aren teoriaren oinarrietako bat. Ikerketa batzuk egin zituen Doppler-Fizeau efektuari buruz, eta haien arabera, Einsteinen erlatibitatearen teoria bermatu zuten.  v  1902an, Fisikako Nobel saria jaso zuen J.H. Lorentz-ekin batera.  v  Zeeman efektua.Gai bati aldaketa gabeko eremu magnetiko bat eragiten bazaio, espektru marra batzuk jalkitzen ditu; Zeeman-ek espektru marra horiek zenbait osagaitan banatu zituen. Zeeman efektu normala, hidrogeno atomo baten marra guztietan eta atomo guztien espektru marra bakartuetan ageri da, spin-aren quantum zenbakia zero denean. Efektu horren arabera, behaketaren norabidea eremu eragileari buruz elkarzuta bada, espektru marrak hiru osagaietan banatzen dira. Erdiko osagaia eremuaren eraginik gabe gaiak jalkitzen duen espektru marraren berdina da, eta beste biak desberdinak dira harekiko uhin luzeraren arabera. Behaketaren norabidea eremu eragilearekin paraleloa bada, bi espektru marra ageri dira, eremuaren eraginik gabe gaiak jalkitzen duen espektru marrarri buruz era simetriko batean eratuak, eta hura ez da agertzen. Zeeman efektu eznormala. Efektu hori azaltzeko erregela kuantikoen laguntza behar da (elektroiaren spin-a); horren arabera, espektru marrak hainbat osagaitan banatzen dira, eta haien arteko distantzia ez da aldaketa gabea. Eragiten den eremu magnetikoa oso handia denean, Zeeman efektu normalarekin bat egiten du.