Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zamora

Izen bereko probintziako hiriburua, Gaztela-Leongo Autonomia Erkidegoan, Duero ibaiaren ertzean. 49.029 biztanle. Parte zaharrak Erdi Aroko egitura du, kale estu eta plaza txikiekin; haren inguruan eraiki da hiri modernoa, Duero ibaiaren eskuinaldeko ertzean ere zabaldu dena. XX. mendeaz gero biztanle kopurua gehitzen joan da, pixkana-pixkana baina etengabe, probintziako jendea erakarri duelako. Probintziako administrazio eta merkataritza eta garraiabide gune nagusia. Industria nekazaritzako eta abere hazkuntzako gaiak eraldatzera (irina, ardoa, larrua), ehungintzara (Zamorako mantak), buztingintzara eta metalurgiara bideratua dago. Monumentuetan aipagarriak dira harresiko hormak, dorreak eta ateak, XII. mendeko katedral erromanikoa, Magdalena eta San Bizente eliza erromanikoak, San Isidro eliza erromaniko-gotikoa, San Joan eliza (XIII. m.), San Andres eliza, Errenazimentukoa, Urrakaren etxea eta jauregiak.  v  Historia. Aurreneko berriak Ptolomeok ematen ditu vacceo-en Oceludusum izeneko herriaz ari dela. Alfontso I.ak berreskuratu zuen 747. urtean. 879an, Muhammad I.ak birrindu zuen eta hondakinetan geratu zen harik eta Alfontso III.ak berriz eraiki zuen arte (883). Handik hara Duero ibaiaren arroa babesteko gotorleku izan zen, Tororekin batera. Hori dela eta, 988an, Almanzor-ek eraitsi zuen berriz, eta hutsik geratu zen XI. mendea arte. 1061ean, Fernando I.ak jendea eraman zuen eta foruak eman zizkion. XI. mendetik aurrera ehungintzak indarra hartu zuen. Zamoraren historian industria mota horri lotuta egon da hiriaren bilakaera.