Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zamora

Espainiako ipar-mendebaleko probintzia, Gaztela-Leongo Autonomia Erkidegoaren mendebalean. Mugak: iparraldean Leon, ekialdean Valladolid, hegoaldean Salamanca, eta mendebalean Portugal eta Orense. 10.559 km2 eta 251.934 biztanle. Hiriburua: Zamora. Hiri nagusiak: Benavente, Puebla de Sanabria, Toro eta Villalpando. Iberiar Penintsulako iparraldeko goi-ordokian dago Zamora. Duero ibaiak alderik alde igarotzen du probintzia, ekialdetik mendebalera. Iparraldetik hegoaldera, Duerora isurtzera doan Esla ibaiak bi zati egiten du Zamorako iparraldea: ekialde zelaia batetik, larre zabalak eta labore sailak dituena, eta mendebal menditsua bestetik, Leongo mendien hego-ekialdea hartzen duena eta Galiziako mendiekin muga egiten duena. Lurralde horretan daude Zamorako mendi garaienak: Peña Trevinca (2.021 m) eta Peña Negra (2.124 m). Mendi horien hegoaldean Sanabriako lurraldea, aintzira asko dituena, eta Terako ibarra, abere hazkuntzarako oso egokia dena, daude. Gainerakoa ordokia da. Klima kontinentalekoa da Zamora, oso uda beroak ez baditu ere, negu hotzak dituena. Euri gutxi izaten da, 300 mm inguru urtean. XX. mendean zehar, 1950. urtetik aurrera, batez ere, biztanle kopuruak behera egin du, jende asko joan baitzen garai hartan Bartzelonara, Euskal Herrira eta Europako beste zenbait herritara lan egitera. Ekonomia nekazaritzan oinarritua da: azukre erremolatxa, laboreak eta, Duero ibaiaren arroan, mahastiak dira gehien lantzen diren gaiak. Lihoa ere egiten da Sanabrian, Alisten eta Carvajalesen. Ipar-mendebaleko mendietan basoa ustiatzen da. Duero eta Esla ibaietan zehar zentral hidroelektrikoak daude. Industria, nekazaritzako gaiak eraldatzera bideratua, Zamoran, Toron eta Benventen dago bilduta.