Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Zabaleta, Nicanor

Gipuzkoar harpa-jotzailea (Donostia, 1907 - San Juan de Puerto Rico, 1993). Donostiako kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak, eta Madrilen segitu zituen gero. 1923. urtean Parisa joan zen eta M. Tournier-ekin osatu zituen harpa ikasketak. M.S. Rosseau eta E. Cools musikagileekin konposizioa ikasi zuen. 1933. urtean Bilbon jo ondoren, kontzertuak ematen hasi zen Europa eta Amerika osoan. Ospea eta arrakasta handia lortu zuen mundu osoan. Teknika miresgarria zuen, eta harparen baliabideak berritzeko ahalegin handiak egin zituen: berak erabili zuen aurreneko aldiz zortzi pedaletako harpa, zazpikoaren ordez. Musikagile askok idatzi zituzten lanak Zabaletarentzat: J.M. Damase, D. Milhaud, H. Villa-Lobos, J. Rodrigo, eta A. Ginesterrak, besteak beste. Bestalde, ikerketa lan handia egin zuen, eta XVI-XVIII. mendeetako espainiar eta portugaldar musikagileen lanak berreskuratu zituen.