Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yukongo lurraldea

Kanadako ipar-mendebaleko lurralde artikoa, 478.970 km2 eta 25.100 biztanle (1988). Mugak: iparraldean, Ozeano Artikoa; mendebalean, Alaska; ekialdean, Ipar-Mendebaleko lurraldeak; eta hegoaldean, Columbia Britainiarra eta Alaska. Hiriburua: Whitehorse. Lurraldearen ardatz edo gune nagusia Yukon ibaiaren goi ibilgua da, baina iparraldeko eta hego-ekialdeko lurraldeak Mackenzie ibaiaren sistemari dagozkio; goi-ordoki garaiek eta haranek osatua da, oro har, lurraldea. Artikoko klima da nagusi mendialdeetan eta artikopekoa haranetan. Baso ugari daude eta animaliak oso aintzat hartuak dira beren larruagatik. Antzina Ameriketako indiarrak eta eskimoak bizi ziren Yukonen. Gaur egun indiarrek eta eskimoek biztanleen % 14 osatzen dute, eta gainerakoak europarrak edo europar-indiar mestizoak dira, 1870 inguruan bertan urre hobiak aurkiturik, etorkin asko iritsi baitziren urre bila. Hala, biztanle kopurua asko hazi zen 1911 ingurua arte (1890 inguruan 30.000 pertsonatik gora iritsi ziren urre bila). Larruaren salerosketa, turismoa eta mea ustiaketa dira ekonomia jarduera nagusiak.