Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yourcenar, Marguerite

(Jaiotza izenaz, Marguerite de Crayencour). Belgikar idazlea (Brusela, 1903 - Northeast Harbor, Estatu Batuak, 1987). Eleberriak, saiakerak eta kontakizun laburrak idatzi zituen. Etxean egin zituen ikasketak, eta bidaia asko egin zituen gaztetan aitarekin. Hura hil ondoren bidaiatzen jarraitu zuen, harik eta Bigarren Mundu Gerraren hasieran Estatu Batuetan finkatu zen arte. Yourcenarren literatura lanetan aipagarriak dira estilo zehatz klasikoa, erudizioa eta zorroztasun psikologikoa; aldi berean giza patuaren, moralaren eta aginpidearen gaineko meditazioak ere ugariak dira. Liburu nagusietan antzinako garaiak eta pertsonaiak landu ditu; hala, haren maisu-lana, Mémoires d’Hadrien (1951, Hadrianoren oroitzapenak, Jose Agustin Arrietak euskaratua), eleberri historikoa da, enperadore hura eta bere garaia agertzen dituena. Eleberri historikoa da orobat L’Oeuvre au noir (1968), XVI. mendeko alkimista baten irudimenezko biografia. Beste lanen artean aipagarriak dira Alexis (1929, Maite Gonzalezek euskaratua) eta Nouvelles Orientales (1938) bildumako kontakizunak. Saiakera ugari idatzi zituen, eta itzulpena ere landu zuen. 1980. urtean Académie Françaiseko kide egin zuten; erakunde horretako lehen emakumea izan zen.