Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

York

Ingalaterrako ipar-ekialdeko hiria, York haranean. 101.600 biztanle (1986). Azken urteetan industria asko indartu da: metalurgia eta industria mekanikoak, gai elektrikoak, elikagaiak. Katedrala (York Minster) Ingalaterrako handienetako bat da; 1220tik 1740ra eraiki zen, antzinako gotiko estiloan; beirateak XIV. eta XV. mendekoak dira. XIV. eta XV. mendeko etxe eta eliza asko ditu hiriak; aipagarriak dira baita ere XI. mende bukaerako beneditarren abade-eliza baten aztarnak eta Gilermo Konkistatzaileak eraikitako gaztelua. v Historia. K.o. 71. urteaz geroztik erromatarren egoitza izan zen (Eboracum) eta han izendatu zuten enperadore Konstantino. V. mendean saxoniarrek hiria hartu eta Nortunbriako erresumako hiriburu egin zuten. VII. mendea kultura eta erlijiozko errenazimentu aroa izan zen. IX. mendean daniarrek eskualdea beretu zuten, eta XI. mendean normandiarrek. XII. mendean, eskualdeko nekazaritzak aberastasun handia ekarri zion hiriburuari. Erdi Aroan erresumako bigarren hiri garrantzitsuena izan zen. XVI. mendean erlijio ordenak desagertarazi zituzten eta ekonomiak lur jo zuen. XVII. mendean, erregezaleek indar handia izan zuten Yorken. XIX. mendean nekazaritzaren beheraldiak eragin handia izan zuen hiriaren gainbeheran.