Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yom Kippur

(Eusk. “Barkamen Handiaren eguna”). Juduen festa nagusia, tishri ilargi hileko hamargarren egunean (irailaren bukaeran edo urriaren hasieran) ospatzen dena. Jai honetan sinestunaren eta Jainkoaren arteko adiskidetasuna berrezartzen da. Baraua, lanik ez egitea, sexu harremanik ez izatea, bekatuen aitortza eta otoitza dira jaiaren ezaugarri seinalatuetariko batzuk. v Yom Kippur-eko gerra. Arabiarren eta israeldarren arteko laugarren gerra, 1973ko urriaren 6tik urriaren 23ra iraun zuena. Erasoa jotzerakoan arabiarrek 1967ko gerraz geroztik Israelen mende ziren Egiptoko eta Siriako lurraldeak berreskuratzea zuten helburu. Urriaren 6an Egiptok Suezeko ubidea igaro eta ubidearen eskuineko aldea hartu zuen; bitartean, Siriak Golaneko goi ordokia hartu zuen. Hilaren 10ean eta 11n beste herri arabiar batzuk sartu ziren gerran: Aljeriak laguntza militarra eman zion Egiptori eta Irakek, Jordaniak eta Saudi Arabiak soldaduak bidali zituzten Golaneko mugara. Hilaren 14an, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak elkarrizketak hasi zituzten gerra amaitzearren. Urriaren 16tik aurrera, gerraren nondik norakoa aldatu zen: israeldarrek Golan berreskuratu zuten eta Siriako lurraldean barrena sartu ziren eta, aldi berean, Suezeko ubidearen ezkerraldeko zati bat ere hartu zuten. Hilaren 17an, tankeen arteko gudu handi bat izan zen Sinain. NBEk su-etena ebatzi zuen, aurkariek urriaren 22an onartu zutena. Yom Kippurreko gerraren ondorioetako bat petrolioaren krisia izan zen, Saudi Arabiak eta Kuwaitek Israelen aliatuei presioa egiteko petrolio esportazioak etetea eta prezioa igotzea erabaki baitzuten.