Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Yalta

Ukrainako hiria, Krimeako hegoaldean dagoena, Itsaso Beltzaren ertzean. 84.000 biztanle. Baratze eta mahasti ugari. Janari industria eta bainuetxeak dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Antzina greziarren kolonia izana zen, baina genoarrek XIV. mendean eta turkiarrek XV. mendean menderatua izan ondoren gainbehera etorri zen. XIX. mendean aristokraziaren udatoki bihurtu zen. v Yaltako Batzarra. Roossvelt, Churchill eta Stalinek 1945eko otsailaren 4tik 11ra bitartean izandako bilera. Bigarren Mundu Gerran irabazle izandako “hiru handiek” Europa askatuari buruzko adierazpen garrantzitsua egin zuten bileraren ostean. Hartu zituzten erabaki nagusiak hauek izan ziren: Europa “eragin eremuetan” banatzea, Poloniako mugak zehaztea, Londres eta Lublingo batzordeen arteko koalizio gobernua eratzea eta Alemania bi zatitan bereiztea (gerrako kalteen ordainari buruz, ordea, ez ziren adostu). Aliatuek Europa erdialdean Sobietar Batasunaren aldeko errejimen politikoak eratzen uztea ere erabaki zuten; trukean, sobietarrek eta beren kideek haietan gobernu demokratikoak jarriko zituztela agindu zuten. Eraginguneen banaketa horretan oinarritu behar zuen bake giro hura, dena den, auzitan jarri zuen gero Estatu Batuen eta Sobietar Batasunaren arteko “gerra hotzak”.