Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wiene, Robert

Alemaniako zinemagilea (Saxe, 1881 - Paris, 1938). Antzerkian ari izan zen aktore eta zuzendari. Film bakar batek egin zuen ospetsu, Das Kabinett des Dr. Caligari (1919, Caligari doktorearen gela), espresionismoa goi mailara eraman zuen filmak. Herman Warm, Walter Röhrig eta Walter Reimann dekoratugileek egin zituzten filmeko dekoratu bitxi eta ikusgarriak, lauak, margotuak eta itxuragabetuak. Film horrek sortu zuen joerari Kaligarismo deitu zitzaion, eta zinemaren historian mugarri izanagatik, askok gogor gaitzetsi zituzten bere gehiegikeriak. Beste filmak tankera berekoak dira. Nazismoari ihesi, Parisen erbesteratu zen. Filmak: Der Pupenmacher von Kiang-Ning (1923), Lebende Buddhas (1924), Orlacs-Hände (1925, Orlacen eskuak), Der Rosenkavalier (1925).