Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wellesley, Richard Colley

Ingeles estatugizona, Wellesley markesa izenaz ezaguna, Wellingtonen anaia (Dangango gaztelua, Irlanda, 1760 - Londres, 1842). 1797-1805 urteetan Indiako gobernari nagusia izan; eta Frantziak lurralde haietan zuen eragina murriztu ondoren, Indian Ingalaterrak zuen nagusitasuna sendotu zuen. 1799. urtean Mysore inbaditu zuen eta britainiar protektoratu egin zituen Audh eta Haidarabad (1801). 1802-1805 urteetan mahratten aurkako kanpaina bat egin zuen arrakasta osoz; haren bitartekaritzari esker onartu zen Ingalaterrak Decanen eta Ganges ibaiaren haranean zuen nagusitasuna. Bere kanpainetako gastu izugarriek dimisioa ematera behartu zuten. 1809. urtean enbaxadore izan zen Espainian eta 1809-1812. urteetan Kanpo Arazoetarako ministro. 1821-1828 eta 1833-1834. urteetan Irlandako Lord egin zuten bertako katolikoen defentsa sutsua egiteagatik, baina horrexegatik kargu politikoak uztera behartu zuten eta 1835. urtean behin betiko erretiratu zen politikatik.