Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Wellman, William Augustus

Estatu Batuetako zinemagilea (Brooklin, Massachussetts, 1896 - Los Angeles, 1975). Lehen Mundu Gerran La Fayette hegazkin taldean borrokatu zen alemanen kontra eta Estatu Batuetara itzulirik, hegazkin akrobaziak eginez atera zuen bizimodua. Horrek guztiak eragina izan zuen haren filmegintzan: Wings (1927, Hegalak) gerrako hegazkin pilotuen bizimodua maisutasunez deskribatzen zuen film mutua; The Story of G.I. Joe (1945), Darby’s Rangers (1957), La Fayette Escadrille (1958). Douglas Fairbanks aktorearekin batera hasi zen zineman antzezle lanetan. Berehala hasi zen filmak egiten, baina film mutuen garaiko lan asko galdu egin dira. Bikain kontatu zuen Estatu Batuek 1930 inguruan izan zuten gainbehera: Heroes for Sale (1933), Lilly Turner (1933), Wild Boy of the Road (1933). Westerna, gangster filmak, ekintzazkoak, komediak eta melodramak egin zituen: The Public Enemy (1931), A Star is Born (1937), Beau Geste (1939), The Ox-Bow Incident (1943), Battleground (1949), Westward the Women (1952), The High and the Mighty (1954) ditu film aipagarrienak. Clark Gable, James Cagney, Gary Cooper, Edward G. Robinson, Wallace Berry, Barbara Stanwick eta lehen mailako beste aktoreekin lan egin zuen. Bi autobiografia idatzi zituen: A Short Time for Insanity (1974) eta Growing Old Disgracefully (1975). Hollywoodeko urrezko aroko zinemagilerik handienetako bat izan zen.