Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Welch, Raquel

(Jaiotza izena, Raquel Tejada) Estatubatuar antzezlea (Chicago, 1940). Bere edertasun oparo eta dotoretasunarengatik zenbait edertasun lehiaketa irabazi zituen gaztetan, eta horri esker berehala zabaldu zitzaizkion ateak telebistan lan egiteko. San Diegoko Arte Dramatikoko Eskola batean ikasketak egin ondoren, aurkezle gisa hasi zen lanean, Kaliforniako telebista kate batean. Gero antzerkian hasi zen lanean, eta 1963an Patrick Curtis zinema enpresaburuak film batean parte hartzeko aukera eskaini zion: Roustabout (Langilea). Ospea, baina, 1996an heldu zitzaion, Jesu Kristo baino milioi bat urte lehenago eta Bidaia liluragarria filmekin. Zinema zuzendariek, baina, ez zuten berarengandik bere gorputzaren edertasuna baizik nahi, eta apaingarri gisa baliatzen zuten gehienbat. Harrezkero film askotan parte hartu zuen: Erregina; Bide lapurra; Sheena, oihaneko erregina; Printzea eta behartsua; Munduko lanbiderik zaharrena, etab. Dena dela, filmengatik baino gehiago, telebistarako egindako komedia edo ikuskizunetako antzezpen musikalengatik nabarmendu da Raquel Welch. Horien artean aipagarriak dira Raquel Welch Show, Parisko telebistarentzat, Urrutira doan emakumearen elezaharra, Estatu Batuetako telebistarentzat, etab. 1981ean Broadwayko antzoki batean lan egiteko aukera suertatu zitzaion, Urteko emakumea obran, Lauren Bacallen lekua hartuz. Obrak izugarrizko arrakasta izan zuen eta music-hall ikuskizunetako dohainak zituela erakutsi zuen. Bestalde, publizitatearen munduan, Urteko emakumea obrari buruzko liburu eta bideo bana argitaratu ditu, eta Raquel Welchen edertasun programa osoa liburua idatzi du.