Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Weinberg, Steven

Estatubatuar fisikaria (New York, 1933). Cornelleko Unibertsitatean egin zituen ikasketak, Fisika Atomiko Teorikoaren Ipar Institutuan izan zen urtebetez Kopenhagen, eta doktoregoa eskuratu zuen Princetoneko Unibertsitatean, 1957an. Berkeleyko Unibertsitatean (Kalifornia), Massachusettseko Teknologia Institutuan eta, 1973. urtetik aurrera, Harvardeko Unibertsitatean eman zituen eskolak. 1967an, Abdus Salam pakistandar fisikarekin batera, zatiki azpiatomikoen arteko interakzio elektromagnetikoari eta ahulari buruzko gertaera ezagunak batzen zituen hipotesia adierazi zuen. Aurrerago, bateratze hipotesia deitua esperimentu bidez frogatu zenean, espero ziren emaitzak lortu ziren, beste hipotesi batzuekin ez bezala. 1979an Fisikako Nobel saria jaso zuten bi fisikariek, Sheldon Lee Glashow estatubatuarrarekin batera, oinarrizko zatikien interakzioak ulertaratzeko egindako ekarpenengatik. Kosmologiaren alorrari dagokionez, Grabitazioa eta kosmologia liburua argitaratu zuen 1972an, gai horri buruz dagoen obra garrantzitsu eta funtsezkoenetakoa.