Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Washington (Washington DC)

Estatu Batuetako hiriburu federala, Columbiako Barruti federal osoa hartzen duena, Chesapeakeko badiaren mendebalean. Gobernu federalak zuzenean gobernatzen du. Washingtongo hirialdea barrutiaz harantza hedatzen da; 179 km2 ditu eta Marylandgo estatuaren hego-ekialdera eta Virginiako estatuaren ipar-mendebalera zabaltzen da. Potomac ibaiaren ezkerraldean dago hiriko erdigunea. 606.900 biztanle ditu hiriak eta 3.500.000 biztanle hirialdeak. v Estatu Batuetako independentziaren adierazpenaren ondoren, George Washingtonen proposamena onartuta, Estatu Batuetako gobernuak Columbiako Barrutia hautatu zuen nazio berriko gobernuaren egoitza izateko (1790). Hiria Pierre-Charles L’Enfant frantses ingeniariaren planoen arabera eraiki zen ia berritik. Monumentu aipagarriak dira Capitol, Estatu Batuetako kongresuaren egoitza, Estatu Batuetako lehendakariaren egoitza den Etxe Zuria, G. Washingtonen obeliskoa eta Abraham Lincolnen monumentua. Aipagarriak dira bestalde Arte Galeria Nazionala eta Legebiltzarreko Liburutegia, munduko aberatsenetakoa. Administrazioa eta turismoa dira hiriko ekonomia jarduera nagusiak. Bederatzi unibertsitate daude hirian: Georgetown, Howard eta G. Washington dira nagusiak.