Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Walras, Marie Esprit Léon

Frantses ekonomialaria (Evreux, Frantzia, 1834 - Clarens, Suitza, 1910). Meatze ingeniaritza ikasketak hasi zituen, baina aitak bultzaturik, ekonomia ikasteari ekin zion 1858. urtean. 1870. urtean Lausanako Zuzenbide Fakultatean sortu berria zen ekonomia katedra hartu zuen. Bertan aritu zen eskolak ematen 1892. urtea arte; Pareto italiar ekonomialariak hartu zuen orduan Walrassek utzitako katedra. Erabilpen marginalaren teoria bat proposatu zuen; teoria horren arabera salgaien prezioak salerosketan parte hartzen dutenen erabilpen marginal erlatiboaz finkatzen dira. Ekonomiaren oreka orokorrari adierazpen matematikoa eman zion eredua sortu zuen; lan horregatik ekonomia matematikoaren sortzailetzat hartu ohi da. Idatzi zituen obren artean aipagarriak dira, besteak beste: Éléments d’économie politique pure (1874-1877), Études d’économie sociale (1896), Études d’économie politique appliquée (1898).