Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Walpole, Robert

Ingeles politikaria (Houghton, Norfolk, 1676 - Londres, 1745). Whig alderdiko buruzagi izan zen. 1708an Gerra idazkari izan zen eta 1710ean itsas gudarosteko buru. 1712an tory alderdiak hauteskundeak irabazirik, ustelkeria zela eta egin zizkioten salaketengatik Londresko dorrean sartu zuten. Aske utzi zutenean Hannoverko etxearen alde agertu zen, eta, dinastia haren eta Jurgi I.a erregearen arteko harreman onei esker berriro zenbait kargu eman zizkioten eta gobernuan esku handia izan zuen harrezkero. Ingalaterrako parlamentu sistema ezarri zuen eta lehen gobernuburua izan zen; politika bakezalea egin zuen, zerga apalak ezarri zituen eta ardoaren eta tabakoaren gaineko zergak finkatu zituen. Jurgi II.aren garaian ere eragin handia izan zuen, Karolina erreginaren laguntzari esker, batez ere, baina Karolina hil ondoren (1737) oposizioak egin zizkion kritika ugariei aurre egin ezinik 1742an dimisioa eman zuen.