Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Walesa, Lech

Poloniar sindikalista eta politikaria (Popowo, 1943). Gdansk-eko Lenin ontzioletako elektrikaria zen baina lantegitik kaleratu zuten 1976. urteko grebetan parte hartzeagatik. 1980. urtean sindikatu askeak osatzeko lanetan jardun zuen, eta urte horretako abuztuko grebetan greba batzordeko buru izendatu zuen. 1981ean aurreko urtean sortua zen Solidarnosc sindikatuko lehendakari hautatu zuten. 1981eko abenduan, gerra legea ezarri zenean, atxilo hartu zuten. 1983ko urtarrilean askatu zuten eta urte horretan bertan Bakearen Nobel saria eman zioten. 1986an epai bidean jarri zuten urte horretan egin ziren hauteskundeak salatzeagatik, baina 1988ko abuztuko greba orokorraren ondoren, gobernuak 1989. urtean hauteskundeak deitzea lortu zuen. Hauteskunde horietan Solidarnosc izan zen irabazle. Walesak Tadeusz Mazowieckiren lehendakaritzapeko gobernu berriaren erabaki batzuen aurka egin zuen; ondoko urtean bi buruzagiok elkarren lehian jardun zuten Poloniako lehendakaritza lortzearren. Azkenik, bigarren bozketan, Walesa irten zen garaile. Walesaren eta Mazowieckiren arteko aurkakotasuna eta Walesaren pragmatismoa zirela eta, tirabirak sortu ziren Solidarnoscen barruan eta sindikatuaren eta gobernuaren artean. Bestalde, 1987an Itxaropenerako bidea autobiografia argitaratu zuen Walesak.