Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Walker, Alice Malsenior

Estatubatuar idazlea (Eatonton, Georgia, 1944). Bere obra gehienetan XX. mendearen hasierako Estatu Batuetako emakume beltz zapaldu eta behartsuen bizitza erretratatzen du. Estatu Batuetako hegoaldeko nekazari herri txiki batean igaro zuen haurtzaroa, eta ongi ezagutzen zuen mundu eta giro hura. Atlantako Unibertsitatean egin zituen ikasketak eta han hasi zen eskubide zibilen aldeko borrokan, gero Meridiam (1976, Meridianoa) obran islatu zuena. Bere lehen liburua poema liburu bat izan zen, Afrikara egindako bidaia baten ondotik idatzia: Behin batean (1968). Handik itzultzean Jacksonera (Mississippi) joan zen bizitzera eta politikari heldu zion ostera. Maitasunaz, giza eskubideez eta Afrikako egoeraz hitz egiten du bere poemetan. Bere obra ezagunenak, Purpura kolorea (1982), Liburuaren Sari Nazionala eta Pulitzer saria jaso zituen. Kritikariek eleberriko gertakizuna eta pertsonaien deskribapena ez ezik erabiltzen duen lagunarteko hizkuntzaren (berak black folk english deitzen duena; hau da, herri ingeles beltza) argitasuna eta musikaltasuna ere goraipatu zuten. Beste sari asko irabazitakoa da, eta giza eskubideen eta berak Ameriketako benetako heroitzat dituen emakume beltzen aldeko ekintzaile nekaezina da.