Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Volvo

Suediako industria taldea, herrialde hartako auto fabrikatzaile nagusia, munduko kamioi fabrikatzaile handienetako bat, eta hegazkin motorren fabrikatzailea. Konpainiaren historia 1927an hasi zen, Suediako SKF errodamendu enpresako bi langilek auto bat sortu zutenean enpresaren laguntzarekin. Volvo jarri zioten izena: latinez, "biraka nabil". Aurrerago, Suediako auto eskaria txikia zenez, autoak fabrikatzeko instalazioak kamioiak muntatzeko erabiltzea erabaki zuten. 1928an Volvo-k bere lehen fabrika zabaldu zuen Finlandian. 1937an itxura berriko auto bat aurkeztu zuen, PV 52, eta aurrerago, PV 44, auto amerikarren tankerakoa. Berrogeita hamarreko hamarraldiaren bukaeran beste auto berri bat sortu zuten, Amazon deitua. Hamarraldi haren bukeran, autoetako segurtasun neurriei buruzko lanei hasiera emanez, hiru lotunez finkaturiko segurtasun gerrikoa erabiltzen hasi zen bere auto guztietan, eta harrezkero segurtasun handiko autoak direlako ospea irabazi zuen. Azken urteetan sortutako auto mota aipagarrienak combi kirol autoa, P 1800 Es, 80ko hamarraldiko haren ondorengoa, 480 ES, eta batez ere 850 GLT dira. Volvo autoek oso harrera ona izan dute beti Estatu Batuetan, autoen itxura sendo gotorrarengatik beharbada.