Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vigny, Alfred de

Frantses idazlea (Loches, Indre-et-Loire, 1797 - Paris, 1863). Gazte zela frantses gudarostean sartu eta kapitain izatera heldu zen. Poèmes (1822, Poemak) poesia bilduma argitaratu ondoren arrakasta handia lortu zuen Poèmes antiques et modernes (1826, Poema zahar eta modernoak) eta Cinq-Mars (1826, Martxoaren bosta) literatura lan erromantikoei esker. Urtebete geroago gudarostea utzi eta, Parisen, buru belarri hasi zen idazten. Hurrengo urteetan Stello nobela (1832), Serviture et grandeur militaires (1835, Militartasunaren morrontzak eta handitasunak) kontakizun laburreko bilduma eta Chatterton (1833) drama argitaratu zituen; horietan garbi islatzen zuen giza bizitzari buruz zuen ikuspegi ezkorra. 1845ean Frantziako akademiako kide egin zuten eta harrezkero erretiratua bizi izan zen Maine-Giraudeko landetxean. Hil ondoren argitaratu ziren Les Destinées (1864, Patuak) poema bilduma eta Le Journal d’un poète (1867, Poeta baten egunkaria) autobiografia.