Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vieira, Luandino

(Jaiotza izena, José Vieira Mateus da Graça). Angolar idazlea (1935). Angolaren independentzia defendatzeagatik kartzelan izan zen hamarraldi luze batez. Portugalen jaio zen baina gurasoek Angolara emigratu zuten bera umea zela, eta Luandako auzo afrikarrean jarri ziren bizitzen. Bere obra nagusia kontakizun bilduma bat da, Luanda (1963), goraipamen eta sari ugari jasotakoa, bai Angolan bai Portugalen. Bere obran, obra politikoa ez bada ere, argi geratzen da Portugalgo gobernu koloniala zapaltzailea eta bidegabea zela erabat. A vida verdadeira de Domingos Xavier (1974, Domingos Xavierren benetako bizitza) liburuan ere antzeko gai batez idatzi zuen, angolarren heroismoa eta zurien "zuzentasun" zuzengabea kontrajarriz. Vieirak, Portugalen aurkako angolarrekin bat egiteaz gainera, teknika narratibo tradizionalak, afrikarrak, erabili zituen bere liburuetan, eta bera hazitako auzoko hizkuntzan –kimbunduaren eta portugesaren nahasketa– idatzi zuen.