Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vidor, King

Estatu Batuetako zinemagilea (Galveston, Texas, 1894 - Paso Robles, Kalifornia, 1982). Zineman hainbat lanbidetan jardun ondoren, The Turn in the Road (1919) izan zuen lehen film luzea. Zinema mutuaren garaian bi film bikain egin zituen, ospe handia eman ziotenak: The Big Parade (1925, Segizio handia), Lehen Mundu Gerra salatzen duena, eta The Crowd (1928, Jendetza), langabeziari buruzko film errealista. Zinema ahostuna sortu zenean Hallelujah (1929) egin zuen, beltzek bakarrik antzeztutako film musikala. Geroztik genero asko landu zituen, besteak beste, gizarte zinema, Our Daily Bread (1934, Gure eguneroko ogia); propagandazko filmak, An American Romance (1944) adibidez, Dovjenkoren eta sobietar zinemagileen eragina duena; abenturazko filmak, Bird of Paradise (1932, Paradisuko txoria); melodramak, (Stella Dallas (1937), Beyond the Forest (1949), The Fountainhead (1949, Iturburua), Ruby Gentry (1952); eta,batez ere, western-a, arrakasta handiz landu zuena. Wenstern aipagarrienak Billy The Kid (1930), Northwest Passage (1940), Man Without a Star (1955, Izarrik gabeko gizona) eta Duel in the Sun (1947, Duelua eguzkitan), Vidorren filmik ezagunetako bat, dira. Bere karreraren bukaeran produkzio handiko bi film ikusgarri egin zituen: War and Peace (1959, Gerra eta bakea) eta Solomon and Sheba (1959). 1979an bere karrera osoa saritzen zuen Oscar bat jaso zuen.