Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Victoria, Tomás Luis de

Espainiar musikagilea (Avila, 1548 - Madril, 1611). 1565. urtean Erromara joan zen, eta Santa Maria di Monsenatoko koru maisu eta organo-jotzaile (1569-1571), eta Collegium Romanum-eko (1571-1573), eta Collegium Germanicum-eko (1573-1578) koru maisu izan zen. Filipe Neri, oratorioaren sortzailearekin batera, San Girolamo della Carità elizako kapelau izan zen. 1596. urtean Espainiara itzuli zen eta, 1596-1611. urteetan, Madrilgo Descalzas Reales lekaimeen komentuko organo-jotzaile eta koru maisu izan zen. Palestrinarekin batera, garai hartako kontrapuntu egilerik garrantzizkoena izan zen. Victoriaren lanak zortzi liburukitan argitaratu ziren. Mezak, moteteak eta Magnificat-ak idatzi zituen, besteak beste. Aipagarriak dira: Vexilla regis, O magnum misterium, O quam glorosium, O vos omnes moteteak eta Requiem (1605).