Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verdi, Giuseppe

Italiar musikagilea (Le Roncole, Busseto, 1813 - Milan, 1901). Busseton hasi zituen ikasketak, A. Barezzi, hango merkatariaren laguntzari esker. Geroago, 1833an, Milanen osatu zituen Lavignarekin. 1835-1838. urteetan Bussetoko Elkarte Filarmonikoko eta musika eskolako zuzendari izan zen. Garai hartan Barezziren alabarekin ezkondu zen, baina 1838-1840. urteetan emaztea eta izandako bi seme-alabak hil zitzaizkion. Nabucco (1842) operarekin lehen arrakasta lortu zuen eta Italiako musikagile gazte nagusietakoa bihurtu zen. Italia austriarren mendetik askatzeko higikundearen alde agertu zen eta haren libretoek zentsura izan zuten zenbaitetan. Londresen eta Parisen bizi ondoren, 1849an Bussetora itzuli zen eta han bizi izan zen bere bigarren emazte Giuseppina Strepponi kantariarekin. 1860. urtean politikan parte hartu zuen eta Italiako lehen legebiltzarreko diputatu izan zen. Garai hartan Verdi izan zen Europako operetan gehien antzezten zen egilea. Verdik garrantzia eman zion ahotsari, baita libretoari ere. Operak sortzen zituen arazoak konpontzen eta dramaren eta musikaren arteko batasuna lortzen ahalegindu zen. 26 bat opera idatzi zituen. Bereziki aipatzekoak ditu: Oberto (1837-1838); Un giorno di regno (1840); Nabucco (1841);I Lombardia alla prima crociata (1842); Ernani (1843); I due Foscari (1844); Giovanna d’Arco (1844); Attila (1845-1846); Macbeth (1846-1847); Il corsaro (1847-1848); Luisa Miller (1849); Rigoletto (1850-1851); Il trovatore (1851); La Traviata (1853); Simon Boccanegra (1856-1857); Un ballo in maschera (1857-1858); La forza del destino (1861); Don Carlos (1866); Aida (1870); Otello (1884), eta Falstaff (1889). Eliza musika ere idatzi zuen: Requiem (1873-1874); Stabat Mater (1895-1897); Te Deum (1895-1897). Kamera musika eta kantuak ere idatzi zituen.