Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verges, Rosa

Espainiar zinema zuzendaria (Bartzelona, 1955). Artearen Historiako ikasketak egin zituen, Bartzelonako Unibertsitatean, eta Sorbonan, Parisen. Hogeita hiru urte zituela zinemaren munduan sartu zen eta film askotan hartu du parte harrezkero, zuzendari laguntzaile gisa. Film horietako aipagarrienak: Vicente Arandaren La muchacha de las bragas de oro (Urrezko kuleroez jantzitako neskatxa), eta Bigas Lunaren Lola, La Plaza del Diamante (Diamantearen Plaza) eta Angustia (Estuasuna). Gainera, Europako beste zenbait zuzendari ospetsuren laguntzaile izan da: Salgot, Garlif, Betriu, Bellmunt edo Villarongarena, esate baterako. Zuzendari gisa Boom Boom (1990) da egin zuen lehen filma, Espainiak eta Belgikak elkarrekin egindako lehena. Gauzak korapilatuz doazen komedia horietako bat da, maitasun historia bat, Bartzelonan kokatua. Tituluak bihotzeko taupada hotsei egiten die erreferentzia. Cannesko Jaialdian eskaini zen lehen aldiz, eta Veneziako Jaialdian arrakasta handia izan zuen. 1990ean Begi Kritikoa saria jaso zuen Espainiako Irrati Nazionalaren eskutik.