Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Verdaguer, Jacint

Kataluniar poeta (Folgarolas, Bartzelona, 1845 - Vallvidriera, Bartzelona, 1902). Katalaneraz idatzitako literatura goratzea helburu zuen Renaixença higikundeko idazle nagusietako bat izan zen. Vich-eko apaizgaitegian egin zituen ikasketak eta 1870ean apaiztu zen. Ordurako sariak irabazia zen Bartzelonako Lore Jokoetan. Osasun arazoengatik Bartzelonara joan zen bizitzera 1874an eta Comillas-ko markesen babesa izan zuen. 1875-1877 bitartean Bartzelona-Habana arteko joan-etorria egiten zuen Guipúzcoa itsasontziko kapilau izan ondoren Comillasko markesen jauregiko kapilau izan zen hamasei urtez. 1877an L’Atlàntida poema epikoarekin Lore Jokoetako sari nagusia irabazi zuen. Ondoren idatzi zituen obretan sorterriari zion maitasuna eta erlijio sineste handia islatu zituen: Idil lis i cants místics (1879, Idilioak eta kantu mistikoak), Montserrat (1880), Canigó (1886) –bere obrarik biribilena askoren ustez–, Oda a Barcelona (1883), Caritat (1885, Karitatea) eta Patria (1888, Aberria). Lur Santuetara egin zuen bidaia batetik itzuli zenean Dietari d’un pelegrí a Terra Santa (1889), Jesús infant (1891) eta Nazaret-Betlem (1892) idatzi zituen, eta gogo krisi sakona izan zuen, karitatea egitera eta behartsuei laguntzera eraman zuena. Bizimodu horrek zor handiak ekarri zizkion eta Vicheko apezpikuak Gleva-ko santutegira joateko agindu zion. Santutegian zegoela Roser de tot l’any, Veus del Bon Pastor (1894), eta San Francesc (1895) idatzi zituen. Bartzelonara itzuli zen 1895ean eta artikuluak idatzi zituen El Noticiero Universal egunkarian –gero En defensa propia (1895) liburuan bildu zirenak–; bere jokabidea azaldu eta Vicheko apezpikuari eta Comillasko markesari eraso egin zien haietan. Artikulu horiek zeresan handia sortu zuten herritarren eta politikarien artean; liberalek Verdaguerren alde egin zuten eta kontserbadoreek berriz aurka. 1896an elizako jarduera a divinis galarazi zioten. Garai horietako gorabeherak Flors del Calvari (1895), Santa Eulária (1899) eta Eucarístiques (1904) poesia mistikoetan adierazi zituen. Meza emateko baimena itzuli ziotenean Bartzelonako Belen elizan izan zen apaiz.