Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Vandervelde, Emile

Belgikako estatugizona eta idazlea (Ixelles, 1866 - Brusela, 1938). Langileen alderdiko kidea eta abokatua zen eta 1894. urtetik aurrera diputatua. 1900. urteaz gero Nazioarteko Bulego sozialistako lehendakari izan zen. Alemaniako sozialdemokraziaren aldeko izan zen. 1914. urtetik aurrera Estatuko ministro (1914-1916) izan zen. Gerraren alde azaldu zen eta Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak Belgikako inbasioa sala zezan eskatu zuen. Errusiako Iraultzan mentxebikeen alde agertu zen. 1919-1921 Justiziako ministro izan zen eta goitik behera aldatu zituen lege penalak. 1925-1927 urteetan Kanpo Arazoetako ministro izan zen eta 1936-1937 urteetan Osasun Alorrekoa. Ekonomiari buruzko lan teorikoak ere argitaratu zituen: Le Collectivisme et l’évolution industrielle (1900, Kolektibismoa eta industria bilakaera), Le Socialisme contre l’état (1918, Sozialismoa estatuaren aurka) eta Le Parti Ouvrier Belge 1885-1925 (1925, Belgikako Langileen Alderdia,1885-1925).