Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Valverde, Antton

Gipuzkoar kantari eta kantagilea (Donostia, 1943). Txikitatik prestakuntza musikal guztiz osatua jaso ondoren, 1969an hasi zen kantagintzan, nahiz eta jendaurrean kantatzen hasi baino lehen hiru disko kaleratu. Jendaurrean abesteari 70eko hamarkadaren hasieran ekin zion, bakarka lehenik eta Oskarbi taldearekin 1972an. Talde horrekin disko luze bat atera zuen, Ezkutari izenekoa, eta Ez dok Amairurekin Euskal Herri osoan zehar ibili zen. Xabier Lete eta Julen Lekuonarekin elkartuta ere emanaldi ugari egin zituen, bertso zaharrak kantatuz. Hiru diskotan gauzatu zen elkarlan hori. 1975ean Lizardiren omenezko diskoa kaleratu zuen eta 1976an, Oskarbirekin berriz ere, bi disko argitaratu zituen. Bete-betean musikari eman ez bazaio ere, ez da inoiz erabat aldendu zeregin horretatik, eta aipagarria da gerra aurreko poeten lanetan oinarrituta –Lizardi eta Lauaxetaren lanak musikaren bidez zabaltzen lan handia egin du, esaterako– Euskal Herri osoan eskaini dituen emanaldiak, horietako asko Xabier Leterkin batera.