Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Tukhatxevski, Mikhail Nikolaievitx

Sobietar mariskala (Pensa, Smoliensk, 1893 - Mosku, 1937). Familia noble bateko semea zen, eta 1914. urtean akademia militarrean graduatu zen. Lehen Mundu Gerran preso hartu eta Alemaniara eraman zuten, baina Errusiara ihes egitea lortu zuen eta Armada Gorrian sartu zen. Trotskik IV. gudarosteko buruzagi egin zuen eta txekiarrak Uraletaraino bidali zituen. Errusia eta Poloniaren arteko gerran (1920) mendebaleko fronteko buruzagia izan zen. 1921. urtean Kronstadt-eko marinelen matxinadari aurre egin zion. 1925-1928 urteetan Leningradoko estatu nagusiko burua izan zen, eta 1931tik aurrera defentsarako komisariaren laguntzailea. 1935. urtean mariskal izendatu zuten. Stalinek abiarazi zituen Moskuko auzietan traizioa leporatu zioten eta heriotza zigorra eman ondoren, 1937. urtean hil zuten.